[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Sóllerreko burdinbidea

Wikipedia, Entziklopedia askea


Sóllerreko burdinbidea
Kokapena Balearrak
Eraikuntza1912
Luzera27,26 km
Errailen arteko zabalera0,9144 m
JabeaFerrocarril de Sóller SA


Palma-Sóller trenaren ibilbidea
lDAMPF KBHFa jade
Palma
BHF jade
Son Sardina
HST jade
Son Reus
HST jade
Santa Maria
HST jade
Caubet
BHF jade
Bunyola
TUNNEL1 jade
Tunel nagusia (Serra de Tramuntana)
HST jade
Pujol d'en Banya
hSTRae jade
Bost zubien zubibidea (Monreals)
TUNNEL1 jade
Bost zubien tunela
HST jade
Can Tambora
lDAMPF KBHFe jade
Sóller
BRILL ABZg3 jade
Portuko tranbia

Sóllerreko burdinbidea Palma eta Sóller herriak lotzen dituen trenezko garraiobidea da, Mallorcako uhartean.

Trenak 1912ko apirilaren 16an egin zuen bidea lehenengoz. Espainiako estatuko trenbide pribatu bakarretakoa da eta interes turistikoagatik mantentzen da. Sóllerreko trenbidea enpresa pribatu batek kudeatzen du, Ferrocarril de Sóller SA izenekoak. Palman du hastapeneko geltoki nagusia. Han, Plaça d'Espanyako geltoki intermodalarekin lotzen da. Sóllerrera iristen da, herrigunearen erdira.

Palma-Sóller antzinako bidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mallorcako hiriburu den Palmatik Sóllerrerainoko garraiobide bakarra, XIX. mendera bitarte, gurdibide bat izan zen, Palman Porta Pintada[oh 1] izeneko atetik abiatzen zena, Bunyolako Alfàbiaraino iristeko; handik Sóllerreko herriguneraino, zalbide estu eta malkar batetik egin beharra zegoen bidea, mendatea zeharkatzeko. Azken zati horren zailtasunak gainditzeko, gurdientzako bide bat eraiki zuten, lehenik 1837an, eta gero hobekuntzak egin zituzten, 1895ra bitarte.[1]

Trenbidearen proiektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mallorcako lehen burdinbidea, Palma-Inca bidea egiten zuena, 1875ean zabaldu zen. Trenbide sarea berehala joan zen hazten, 1921ean azken bide-adarra eraiki zen arte, Manacor-Artà zatia egiten zuena.[2]

Trenaren onurak begien bistakoak zirela ikusirik, 1893an lehen azterketa teknikoak egin ziren, burdinbide bat eraikitzeko Palmatik Sóllerreraino;[3] gogoan izan behar da bide horrek garrantzi ekonomiko handia zuela, Sóllereko portua baitzen Frantziako hegoaldeko portuekiko garraio lotura nagusia.

Lehen proiektu haren aukera guztien zailtasun teknikoak aztertuta, 1904an Pere Garau ingeniariak burdinbidearen trazaketaren proposamen bat zehaztu zuen.[4] Proiektua finantzatu ahal izateko, Sociedad del Ferrocarril de Palma a Sóller izeneko enpresa sortu zen, 1905eko azaroaren 5ean, konpainiaren sorreran eta garapenean eragin handia ukan zuen Jeroni Estades politikariak.

Burdinbidearen eraikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Trenaren barrualdea (2022).

Trenbidea eraikitzeko lanak 1907ko ekainaren 3an hasi ziren, eta ekainaren 23rako mendatea zeharkatu behar zuen tunel nagusia zulatzeko lanei ekin zieten.[5]

Espainiako erresumak burdinbideen eraikuntzarako onartutako legedia aldatu zelarik 1908an, arazo batzuk saihestu ahal izateko, 1911n konpainia berri bat eratu behar izan zuten, Ferrocarril de Sóller SA izenekoa.[6] Enpresa berria arduratu zen eraikuntza lanak aurreratu eta amaitzeaz.

Ordurako, lanak aski aurreratuak ziren: 1908ko uztailean, eraikuntza lanei ekin eta hamahiru hilabetera, tunel nagusia zulatzeko 400 m eginak ziren Bunyola aldetik, eta 625 m Sóller aldetik.[7]

Burdinbidearen errailak Bilbon erosi zituzten, 1909ko otsailean, eta urte amaieran heldu ziren. Urte hartako apirilaren 15erako, tunel nagusiaren 1681 m zeuden zulatuak; tunel txiki guztiak amaituta eta lurrak berdintzeko eragiketa gehienak burutuak. Hurrengo urtean, 1911ko urtarrilean, tunel nagusiak 2.515 m zeuzkan zulatuta, eta ekainean tunelaren bi muturrak elkartuta eta amaituta zeuden (guztira, 2.856 m). Urtea amaitzerako, bost begiko zubibidea altxatuta zegoen, Monrealsen.[8]

Errailak 1911ko apiril eta irail bitartean ezarriak izan ziren, material higigarria (lokomotorrak eta bagoiak) Palmako portura iristen ziren bitartean eta geltoki nagusietako (Palma, Bunyola eta Sóller) eraikuntzak amaitzen ziren bitartean. Horrela, trenbideak lehen bidaia 1912ko apirilaren 16an egin zuen ofizialki.[9][oh 2]

Sóllerreko portura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palma eta Sóller lotu zituen burdinbideak azken adar bat ukan zuen, Sóllerreko herrigunetik porturaino iristeko tranbiarena, hain zuzen. Sóllerreko tranbiaren proiektua 1909an egin zuen, Pere Garau ingeniariak berak;, lanak 1911n hasi eta trenbidearen azken adarra 1913ko urriaren 4an zabaldu zen.[9]

Datu teknikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Trena Sóllerrera iristen.

Burdinbideak 27,26 km ditu, Palmako eta Sóllerreko bi geltoki nagusien artean, eta beste 4,87 km Sóllereko herrigunetik porturaino. Bi zatietan, trenbideak zabalera bera dauka, ingeles yarda bat (0,9144 m). Zabalera hori hobetsi zen, alde batetik, makinaria berarekin trenbidearen bi zatiak egin ahal izateko; eta, bestetik, Marllorcako gainerako trenbide sarearen zabalera bera izateko, ordurako 122,5 km baitzituen eraikiak.

Palma-Sóller arteko bidean, 13 tunel eta bi zubibide ditu burdinbideak.

Sóllererko herrigunetik porturaino doan tranbiak beti bidaiariak soilik garraiatu dituen bezala, Plama-Sóller bitarteko zatia mistoa izan zen —bidaiarien eta salgaien garraioa— 1970ko hamarkadara bitartean. Geroztik, bidaiariek bakarrik erabil dezakete trena, eta esan daiteke turismoari esker bizi dela, orobat.[10]

Trenaren txartela (2022).

Palmako geltoki nagusitik abiatuta, burdinbidea arbendol sailetan barneratzen da, Mallorcako lautada zeharkatuz. Bi geltoki nagusi ditu, Son Sardinan eta Bunyolan, eta hiru geraleku (Son reus, Santa Maria eta Caubet), Bunyola bitartean, eta beste geraleku bat (Can Tambor), Sóllerrera heldu aurretik.

  • Pere Brunet Estarelles (1999) Ruta del tren. Bartzelona, Rey Sol SA (Grupo El Mundo del Siglo Veintiuno). ISBN 978-8495299031.
  • Miquel Dolç i Dolç (koord.) Gran enciclopèdia de Mallorca. 5. liburukia, 289-291 or. Palma, Promomallorca SA. ISBN 978-8486617028.
  • Nicolau Canyelles i Serrano (2001) El ferrocarril a Mallorca, la via del progrés. Palma, Documenta Balear. ISBN 978-8495694174.
  • Nicolau Canyelles i Serrano (2012) «La prehistòria del tren de Sóller» in VII Jornades d'estudis locals de Sóller i Fornalutx. Sóller, ajuntaments de Sóller i Fornalutx. ISBN 978-8493729257. 13-25. or.
  1. Palmako Porta Pintada, edo Konkistakoa, edo Santa Margalidakoa, Erdi Aroko harresien ipar-ekialdeko ate bat zen, XI. mendean eraikitakoa. JakueI.a Aragoikoak uhartea mendean hartu zuenean, ate horretatik sartu ziren konkistatzaileak. Ikus Ahmad Abd Allah Ibn 'Amīra (2008) kitab ta’rih Mayurqa. Crònica àrab de la conquesta de Mallorca. Palma, Universitat Illes Balears. ISBN 978-8483840693.
  2. Trenbidea ofizialki 1912ko apirilaren 16an hasi baldin bazen ere, sei bat hilabete lehenago, errailak ezartzen amaitu orduko, konboi txiki batek orduko Espainiako presidente Antonio Maura eraman zuen Palmatik Sóllerreraino. Ikus Ikus Nicolau Canyelles (2012),, 21. or.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ikus Pere Brunet (1999), 5-6 or.
  2. Ikus Pere Brunet (1999), 4. or.
  3. Ikus Nicolau Canyelles (2012), 15. or.
  4. Ikus Nicolau Canyelles (2012), 13-16. or.
  5. Ikus Nicolau Canyelles (2012), 16. or.
  6. Ikus Pere Brunet (1999), 9. or.
  7. Ikus Nicolau Canyelles (2012), 17. or.
  8. Ikus Nicolau Canyelles (2012), 19. or.
  9. a b Ikus Nicolau Canyelles (2012), 21. or.
  10. Ikus Pere Brunet (1999), 9-10. or.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]