Pehr Henrik Ling
Pehr Henrik Ling | |||
---|---|---|---|
1835eko ekainaren 27a - 1839ko maiatzaren 3a ← Anders Fredrik Skjöldebrand - Per Daniel Amadeus Atterbom → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Södra Ljunga parish (en) , 1776ko azaroaren 15a | ||
Herrialdea | Suedia | ||
Heriotza | Solna (en) , 1839ko maiatzaren 3a (62 urte) | ||
Hobiratze lekua | Lings grav (en) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia | ||
Familia | |||
Aita | Lars Peter Lingh | ||
Ama | Hedvig Maria Molin | ||
Ezkontidea(k) | Sofia Maria Charlotta Rosenqvist (en) (1809ko urtarrilaren 1a - ezezaguna) Charlotta Catharina Nettelbladt (en) (1818ko abenduaren 21a - ezezaguna) | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Lundeko Unibertsitatea Uppsalako Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | suediera | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | idazlea, medikua, poeta, gymnastics theoretician (en) , eskrima maisua, gimnasta eta irakaslea | ||
Lantokia(k) | Stockholm | ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Suediar Akademia |
Pehr Henrik Ling (Södra Ljunga, Suedia, 1776ko azaroaren 15a - Stockholm, Suedia, 1839ko maiatzaren 3a) suedierazko poeta eta suediar gimnastikaren sortzailea izan zen; gorputz hezkuntza eta fisioterapia diziplinen aitzindaritzat hartzen da.[1]
Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ling Södra Ljunga herrixkan jaio zen, Ljungby udalerrian (Småland), Lars Peter Ling apaiza eta Hedvig Maria ("Hedda") Molin gurasoengandik. Arbasoak nagusiki nekazariak izan ziren, baina elizgizonak ere bai. Amaren aldetik, Pehrren herenaitona Olof Rudbeck (1630–1702) zen, sistema linfatikoa deskubritu zuen zientzialari famatua. Birraitona, berriz, 105 urtera arte bizi izan omen zen; 17 seme eta 2 alaba izan zituen.[2]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lingi gorputz hezkuntzaren eta fisioterapiaren sorrera esleitzen bazaio ere, esan behar da berak baino lehen zenbait autorek terapia fisikoaren ahalmenak esploratu eta argitaratu zituztela: [3]
- Francis Fuller: 1705ean Medicina Gymnastica: or, a treatise concerning the power of exercise with respect to the animal economy and the great necessity of it in cure of several distempers idazlana argitaratu zuen. 9 aldiz berrargitaratu zen, azkenengotz 1777ean (bera hil eta 70 urtera).
- Clément Joseph Tissot: 1780ean Gymnastique medicale et chirurgical, ou essai sur l’utilié du mouvement,ou des différents exercises du corps, et du repos dans la cure des maladies idazlana argitaratu zuen, 1797an suedierara itzulia izan zena.
- Johann Christoph Friedrich GutsMuths-en: 1793an Gymnastik für die Jugend ("Gazteendako Gimnasia") argitaratu zuen.
Era berean, Lingek kung fu tradizio txinatarra ezagutu zuen; elementu horiek oinarri izan zituen Europan gorputz hezkuntza eta terapia fisikoak bultzatzeko.[4]
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1792an, bigarren hezkuntza Växjöko ikastetxean burutu zuen. Gero, Lundeko Unibertsitatean teologia ikasketak hasi zituen, 1799an Uppsalako Unibertsitatean amaitu zituenak.[5] Ondoren, hiru urtez klase partikularrak ematen aritu zen.[6]
1800 urtetik aurrera, Lingek zazpi urte eman zituen herritik kanpo eta bidaiatzen. Kopenhageko Unibertsitatean hizkuntza modernoak ikasi eta irakatsi zituen, eta untzi batean boluntario gisa borrokatu zen.[6] Iturri batzuen arabera, garai honetan, Ming izeneko txinatar bat ezagutu zuen. Honek borroka-arteak eta tui na masajea praktikatzen zituen, eta Ling-i horrekiko interesa piztu zion. Oso lagunak bihurtu ziren, eta Kopenhagen eskriman eta entrenamendu fisikoan elkarrekin aritu ziren. Gero Alemanian eta Frantzian elkarrekin ibili eta banatu egin ziren.[7]
Ostean, Lingek Ingalaterrara jo zuen. 1804an, diru falta eta hezueria zirela eta, Suediara itzultzea erabaki zuen.[2]
Lingek Goethe, Schiller, Eddak eta Europa ipar aldeko mitologia estudiatu zituen; eta garai honetan olerkigintza landu zuen suedieraz, alemanieraz, frantsesez eta danieraz.
Gimnastika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ariketa fisikoak bere osasunari egiten zion onurari erreparatuta,[2] bide horretan sakondu zuen. Gorputz hezkuntzarekiko interesa lehendik zuen, Rousseau irakurrita, Ling Ilustrazio garaiko filantropisten mugimendu pedagogikoaren oinarriekin hezia izan baitzen. Kopenhagen zela GutsMuths-en lana ezagutu zuen, eta Franz Nachtegallen gimnasiora joaten hasi zen. Lan horien, eta agian Txinatik hartutako kontzeptuen[8] eraginez, Suediara itzultzean Lingek gimnasia eskola bat irekitzea zuen buruan.[2]
Behin Suedian, Ling eguneroko ariketa programa bat bere buruarekin hasi zen, eta 1805ean eskrima irakasten hasi zen Lundeko Unibertsitatean. Ariketa fisikoaren onura Europan onartutako zientzia ikuspegitik lantze aldera, medikuntza ikasketak abiatu zituen.
Lingek garatu zuen ariketa metodoa arrazionala zen, eta lau arlo jorratzen zituen: pedagogikoa, medikoa, militarra eta estetikoa. Medikuntzaren anatomia eta fisiologian oinarritu zen, erakunde ofizialen oniritzia jasoz.[2]
Ofizialtasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat saio eta gero, 1813an[9] Lingek Suediako gobernuaren babesa lortu zuen Stockholmen gimnasia irakasleen eskola ofiziala sortzeko: Kungliga Gymnastiska Centralinstitutet (GCI, «Gimnastikako Errege Institutu Zentrala»).[10] Beraien eraginez, 1820tik aurrera gimnasia derrigorrezko ikasgai bihurtu zen Suediako eskoletan.
Lingek zenbait gimnasia aparatu klasiko asmatu zituen (horma-barrak, oreka-habea), baita zaldiaren altuera erregulatzeko kaxa-sistema ere. Kalisteniaren garapenean ere ekarpenak egin zituen.[10]
Lingen eta bere ikasleen metodoek zenbait mediku ortodoxoen kritikak eragin zituzten; halere, 1831ean Suediako Medikuen Elkarteak Ling kide gisa onartu zuen, bere metodoari inplizituki babesa emanez. 1835ean Suediako Akademia ospetsuan ere onartua izan zen.[11]
Masajearen garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leku askotan Pehr Henrik Lingi "suediar masaje" teknikaren asmatzea esleitzen bazaio ere, datu hau ez da zuzena: masajea ez da agertzen ez berak garatutako metodoan, ezta 1813an sortutako Institutuaren ikasketa programan ere. Izan ere, teknika hauek Johann Georg Mezger daniarrak (1838-1909) garatu zituen; "suediar masaje" kontzeptua bera ere okerra da, XIX. mendean izandako nahaste bibliografiko baten ondorioz hedatua ("masaje klasikoa" termino aproposagoa da).[12]
Ling gerora hasi zen masaje teknikak erabiltzen, entrenamendu fisikoarekin eta mugimendu gimnastikoekin elkartuta, eta fisiologia, anatomia eta patologia ezagupenekin uztartuz;[13] metodoa argitaratzen lehena izan zen, hori bai.
Hil ondorena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ling tuberkulosiak jota hil zenean (1839), hiru oinordeko izendatu zituen: Lars Gabriel Branting (1799–1881), August Georgii, eta bere seme Hjalmar Ling (1820–1886). Hiru pertsona hauek eta Thure Brandt (1861etik aurrera emakumeei zuzendutako gimnasian espezializatu zena) izan ziren "gimnastika suediarra" izenarekin ezagutu zenaren bultzatzaile nagusiak.
Esan bezala, Lingek ez zuen terapia fisikoa "asmatu" (ikusi dugunez, aurretik beste autore batzuek gaia landua zuten), ezta garai horretan bakarra; hala ere, berari sistematizatu izanaren, eta ofizialki bultzatu izanaren meritua dagokio.[3]
Lingen metodoak beste zenbait sistemengan eragina izan zuen. Hala nola:
- 1822an, Nils Åkerman-ek The Gymnastic Orthopedic Institute (Stockholm) sortu zuen.
- 1865ean, Gustav Zander-rek gimnastika sistema mediko-mekanikoan oinarritutako Zander Institute sortu zuen (Stockholm).
- 1893an, Ameriketako Estatu Batuetan, Dedham Eskola Publikoan (Massachusetts) Lingen sistema irakasten hasi zen.
- Henrik Kellgrenek (1837-1916) ariketa terapeutikoan sakondu zuen, eta bere metodoa Edgar F. Cyriax-ek deskribatu zuen The Elements of Kellgren's Manual Treatment (1903) idazlanean.
- 1899an, Anders Wide-k Handbook of Medical Gymnastics (1899) argitaratu zuen, Lingen teoria orijinalari fidel mantenduz.
- 1917-19an GCI-an ikasitako Signe Brunnströmek bere metodo propioa garatu zuen, eskolan ikasitako teknikak iktusa izandako hemiplegia pazienteei aplikatuz.
- Mark Singleton yoga irakaslearen arabera, Lingen gimnastikak yogaren aldaera europarraren garapenean eragin handia izan du.[14]
1939an eta 1949an, Suedian Lingen omenezko gimnastika jardunaldi garrantzitsuak ospatu zituen, Lingiaden izenekoak.[15]
Beste korronteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ling (eta batez ere bere jarraitzaileak) gorputz hezkuntzaren eta terapia fisikoaren gaineko nolabaiteko monopolioa eskuratzen saiatu ziren. Halere, garai bertsuan, beraien eskolatik aparte aritu zen jende gehiago izan zen:[3]
- Moritz Schreber mediku alemaniarrak terapia fisikoa ("kinesiatria") erabili zuen haurren garapen egokia bultzatzeko, GCI-ekoek erabiltzen zuten oso antzerako moduan
- 1821ean, Charles Londek Gymnastique médical: ou l’exercise appliqué aux organes de l’homme, d’après les lois de la physiologie,de l’hygièn et la thérapeutique argitaratu zuen.
- Branting zuzendariaren garaian, CGI-k Alemaniako turnkunst (=gimnastika) defendatzen zuten osagile, zientzialari eta gorputz hezitzaileen erasoa jasan zuten; azken finean, gimnasiaren gaineko kontrola jokoan baitzegoen.
- Johann Georg Mezger (1839-1909) daniarrak terapia fisikoaren barneko teknika batean (masajea) sakondu zuen, haren praktika sistematizatuz. Horregatik, Lingen jarraitzaileen aldetik plagio salaketak jaso zituen.
- Isador Zabludowski (1851–1906), Just Lucas-Champonnière (1843–1913), Gustaf Norström (1840–1917/1919), Harvey Kellogg (1852–1943), Douglas Graham (1848–?) eta Albert Hoffa (1858–1925) ekarpen garrantzitsuak egin zituzten beste osagileak izan ziren.
Lingen argitalpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gylfe. 1810. Olerki epikoa.
- Agne (sorgspel). 1812.
- Eylif den göthiske (sorgspel). Estocolmo 1814.
- Asarne (sånger). 1816.
- Riksdagen 1527 (historisk Skadespel). 1817.
- Den heliga Birgitta (sorgspel). 1818.
- Eddornas sinnebildslära för olärde (framställd). 1819.
- Blot-Sven (sorgspel). 1824.
- Styrbjörn Starke (historiskt skådespel 1). 1824.
- Ingiald Illråda och Ivar Widfamne (historiskt skådespel 2). 1824.
- Reglemente för gymnastik. 1836.
- Om läkares gymnastikbildning ("Medikuentzako Gimnastika hezkuntzari buruz"), 1836.[3]
- Reglemente för bajonett fäktning. 1838.
- Gymnastikens allmänna grunder ("Gimnastikaren oinarri orokorrak"). 1840. Bere ikasleek osatua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Agud, María Fortún; López, M. Orosia Lucha; Uribarren, Andoni Carrasco; Polo, Santos Caudevilla; Ottosson, Anders. (2013). «Orígenes de la Fisioterapia como profesión moderna» Cuestiones de fisioterapia: revista universitaria de información e investigación en Fisioterapia 42 (0): 159–165. ISSN 1135-8599. (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ a b c d e Diem, Carl. (1939). Per Henrik LingOn the Occasion of the One Hundredth Anniversary of His Death. .
- ↑ a b c d Ottosson, Anders. (2011). [https://www.researchgate.net/publication/225429089_The_Manipulated_History_of_Manipulations_of_Spines_and_Joints_Rethinking_Orthopaedic_Medicine_Through_the_19th_Century_Discourse_of_European_Mechanical_Medicine The Manipulated History of Manipulations of Spines and Joints? Rethinking Orthopaedic Medicine Through the 19th Century Discourse of European Mechanical Medicine. ] Medicine Studies, 3:83–116 or..
- ↑ (Frantsesez) Dally, N. (1795-1862) Auteur du texte. (1857). Cinésiologie, ou Science du mouvement dans ses rapports avec l'éducation, l'hygiène et la thérapie, études historiques, théoriques et pratiques, par N. Dally,.... (Noiz kontsultatua: 2021-06-25).
- ↑ Georgii, Augustus. (1854). A Biographical Sketch of the Swedish Poet and Gymnasiarch, Peter Henry Ling.. Oxford University.
- ↑ a b (Ingelesez) «Massage Today» Massage Today (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ Ling/Ming bikotearen nondik norakoen kontu hau frantsesezko wikipediatik kopiatua da; ez dut balio gehiagoko erreferentziarik aurkitu.
- ↑ Singleton, Mark. Preface to the 2016 Serbian edition of _Yoga Body, The Origins of Modern Posture Practice_. (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ Leonard, Fred Eugene. (1904-12). «Per Henrik Ling, and His Successors at the Stockholm Normal School of Gymnastics» American Physical Education Review 9 (4): 227–243. doi: . ISSN 2326-7224. (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ a b (Ingelesez) «Per Henrik Ling | Swedish physical educator» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ Brodin, Harald. (2008). «[Per Henrik Ling and his impact on gymnastics»] Svensk Medicinhistorisk Tidskrift 12 (1): 61–68. ISSN 1402-9871. PMID 19848036. (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ (Ingelesez) «Pages From History: Swedish Massage» MASSAGE Magazine 2014-04-24 (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ Ottosson, Anders. (2010-08-01). «The First Historical Movements of Kinesiology: Scientification in the Borderline between Physical Culture and Medicine around 1850» The International Journal of the History of Sport 27 (11): 1892–1919. doi: . ISSN 0952-3367. PMID 20653114. (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ 1976-, Singleton, Mark,. (2010). Yoga body : the origins of modern posture practice. Oxford University Press ISBN 978-0-19-539535-8. PMC 1205314351. (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
- ↑ Smithells, Philip A.. (1949-02). «Going to the Lingiad?» Journal of the American Association for Health, Physical Education, and Recreation 20 (2): 94–94. doi: . ISSN 2326-7232. (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).