[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Parisko Komuna

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 48°51′25″N 2°21′05″E / 48.85694°N 2.35139°E / 48.85694; 2.35139
Wikipedia, Entziklopedia askea

Parisko Komuna
Barrikada bat Rue Voltairen, Aste Odoltsuan armadak bereganatu ostean
Data1871ko martxoaren 18 - maiatzaren 28
LekuaParis
Koordenatuak48°51′25″N 2°21′05″E / 48.85694°N 2.35139°E / 48.85694; 2.35139
EmaitzaMatxinada ezeztatua
Gudulariak
Frantzia Frantziako Hirugarren Errepublika Communard-ak
Guardia Nazionala
Buruzagiak
Frantzia Patrice de MacMahon Louis Charles Delescluze
Jarosław Dąbrowski
Indarra
170.000[1] Paperaren gainean, 200.000. Errealitatean, 25.000 eta 50.000 artean[2].
Galerak
877 hildako, 6.454 zauritu eta 183 desagertu[3] 6.667 hildako eta lurperatu[4]. Estimazioen arabera 10.000[5] eta 20.000 hildako artean[6].

Parisko Komuna (frantsesez: La Commune de Paris, /la kɔ'myn də pa'ʁi/) 1871ko martxoaren 18tik maiatzaren 28ra arte Parisen agintea izan zuen gobernu iraultzaile eta sozialista erradikala izan zen. Napoleon III.a enperadoreak 1870eko irailean izan zuen porrotaren ostean, Frantziako Bigarren Inperioaren gainbehera etorri zen. Momentu horretan Frantziako Hirugarren Errepublika eratu zen, Prusiarekin gerran zegoena. Prusiak hilabeteko setioa egin zion Parisi. Langile-klasearen gune garrantzitsua zen Frantziako hiriburua momentuan, eta hiriaren defentsa erradikalizatutako Frantziako Guardia Nazionalaren esku zegoen, Frantziako Armadaren esku egon beharrean. 1871n Adolphe Thiers, Frantziako gobernu nazionalaren buru berriak, armistizioa sinatu zuen Prusiarekin: Armada armagabetu zuen, baina ez Guardia Nazionala.

Komunako Guardia Nazionaleko soldaduek Frantziako armadako bi jeneral hil zituzten, eta Komunak Frantziako gobernuaren autoritatea onartzeari uko egin zion. Armadak Komuna deuseztatu zuen "La semaine sanglante"an ("Aste Odoltsua") zehar, 1871ko maiatzaren 21ean hasita[7].

Komunan zehar izandako politiken eztabaidek eta gertakariek garrantzia handia izan zuten garaiko emantzipazioaren aldeko hainbat pentsalari eta eta ekintzailerentzat, besteak beste Louise Michel, Élisée Reclus, Elisabeth Dmitrieff, Prosper-Olivier Lissagaray edo Karl Marx.

Sakontzeko, irakurri: «Frantzia-Prusia Gerra»

Parisko Komunaren genealogia eraikitzean eta aurrekarietan atzera begiratzean, Frantzia-Prusia gerraren emaitzaren eta horrek, bereziki Parisko setioaren ondorioz, sortutako haserre eta baldintza materialen okertzearen ondorio bezala adierazten da Komunaren sorrera. Gertakizunetik atzera eginez baina, 1868tik aurrera Parisen izugarrizko hazkundea izan zuten langileen klub eta bileretan aurkitu daiteke Komuna edukiz beteko zuten ideien ernamuina.[8]

Gerra Frantziaren porrotarekin amaitzean, Parisko joera iraultzaileek bultzaturiko herri-altxamenduaren bidez ahal izan zen Komuna. Prusiaren aurkako gerra, Napoleon III.ak hasia 1870ean, Frantziarentzat erabateko hondamena izan zen. Urte bereko irailean Paris etsaiaren setiopean geratu zen. Azken urteetan aberats eta behartsuen arteko distantzia asko nabarmendu zen hiriburuan, eta goseak, prusiarren bonbardaketarekin batera, haserrea zabaldu zuen herrian. Langileak ideia erradikalagoak hartzen hasi ziren. Eskaera nagusietako bat zen Parisko biztanleek aukeratutako gobernu autonomo bat behar zutela, eta baita ekonomiaren kudeatzean sistema berdinzaleagoa ere (ez nahitaez sozialista).

Emakumeak eta haurrak, bi kanoi Montmartrera eramaten laguntzen.

1871n, Louis-Adolphe Thiersek, gerora Frantziako presidente izan zenak, armistizioa izenpetu zuen prusiarrekin: hor, Parisen okupazioa onartu behar izan zuen, baina paristar gehienek ez zuten erabaki hori gogo onez hartu.

Garai hartan, milaka paristar "Guardia Nazional" izena zuen herritar milizia bateko kide ziren: talde hura hiria defendatzeko asko hazi zen. Auzorik behartsuenetako gudarosteek beraien ofizialak aukeratzen zituzten eta hainbat kanoiren jabe ziren. Guardia Nazionalak, prusiarren aurka hiriaren defentsan gogor egin eta gero, orain ez zuen okupazioa onartzen, eta prusiarren presentzia hiriko eremu txiki batera mugarazi zuen.

Mugimenduak hasi ziren, Guardia Nazionalaren Komite Zentral bat sortzeko. Louis-Adolphe Thiers komite horrek boterea bereganatzeko arriskua zegoela konturatu zen. Gainera, Guardia Nazionalak prusiarrak probokatuko ote zituen beldur zen.

Prusiarrak denbora laburrean egon ziren Parisen, baina hiriak setiatuta segitu zuen gerraren indemnizazioen afera erabakitzen zen bitartean.

Aldi berean, Guardia Nazionalaren Komite Zentrala erradikalizatzen eta herritarren artean aginpidea irabazten ari zen. Gobernuak Guardia Nazionalak Montmartren zituen kanoiak berreskuratzeko agindu zien bere tropei, baina soldaduek Guardia Nazionalarekin eta bertako biztanleekin bat egin zuten. Claude Martin Lecomte jeneralak jendearen aurka tiro egiteko agindu zienean, haren soldaduek zaldiaren gainetik jaitsiarazi eta fusilatu egin zuten, Thomas jeneralarekin batera.

Lecomte eta Clément-Thomas jeneralen fusilamendua, Montmartren: argazkia ez da egiazkoa.

Iraultza berehala zabaldu zen hiritarren eta gainontzeko indar armatuen artean, eta Thiers presidenteak Versaillesera ihes egin behar izan zuen oraindik leial zituen tropekin. Orain, Guardia Nazionalaren Komite Zentrala Parisko gobernu bakarra zen: laster asko, aginteari uko egin eta komuna baterako hauteskundeak deitu zituen.

Komunaren izaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ideia desberdinetako jende askok osatzen zuen arren, Komunak hasiera ona izan zuen, bi milioi biztanleko hiri bateko gutxieneko zerbitzuak mantentzea lortuta. Adostasuna lortu zuten demokrazia sozial eta progresista batera zuzendutako politika jakin batzuen inguruan. Soilik 60 eguneko iraupena izanik, dekretu gutxi egin ziren, besteak beste:

  • hiritarrez osatutako gudaroste bat eratzea,
  • Eliza eta Estatua bereiztea,
  • denentzako hezkuntza bermatzen zuen sistema,
  • errenten barkamena, setioa amaitu arte,
  • okindegietako gaueko lanaren abolizioa,
  • gillotinaren ezeztapena,
  • Guardia Nazionaleko kideen alargunentzako pentsioak,
  • langileei lantegiez jabetzeko baimena, nagusiak abandonatzen bazuen.

Komunak bandera gorria hartu zuen, Frantziako bandera hirukoloredunaren ordez. Komunaren Kontzilioa arlo nagusiez arduratzen zen arren, tokian tokiko batzarrek autonomia handia zuten. Sozialistak, anarkistak, Blanquistak, errepublikar liberalak... denak komunan integratuta zeuden. Gaur arte, mundu osoko anarkista eta sozialistek komuna goraipatu dute, bertako ideia-aniztasuna, langileen botere eta talde iraultzaile ezberdinen arteko kolaborazio maila handiagatik.

Karl Marxen laguntzailerik hurbilen Friedrich Engelsen iritziz, Komuna ez zen estatu bat izan, kontuan harturik tokian tokiko batzarren politika autonomoa, armada profesionalik ez izatea eta beste gabezia batzuk. Estatuaren aboliziora zuzendutako trantsizio era bat izan zen soilik. Trantsizio era hark nolako garapena izan zezakeen, galdera teoriko bat izango da beti: Segituan, Versaillesen eratutako armada berriak eraso egin zion.

Versailleseko gobernuaren indarrek apirilaren 2an eraso zioten komunari eta hiria gupidagabe bonbardatu zuten. Courbevoie segituan erori zen eta Komunaren Versaillesen aurkako erasoak porrot egin zuen. Defentsa eta biziraupena helburu nagusi bihurtu ziren. Parisko emakume langileek paper garrantzitsua jokatuko dute hiriaren defentsan. Guardia Nazionalean parte hartu zuten eta bere bataloia ere osatu zuten. Bataloi horrek geroago Blancheko Jauregia heroikoki defendatuko zuen.

Parisko errefuxiatu eta erbesteratuen komunitate atzerritarra ere laguntza handikoa izan zen: horien artean Jarosław Dąbrowski, Poloniako ofizial ohia, Komunako jeneralik onena bihurtu zen. Komunak internazionalismoaren influentzia nabaria zuen, eta hori dela eta, Vendômeko Zutabea, Napoleon III.aren garaipenak goraipatzen zituena eta Chauvinismoaren sinbolotzat jotzen zena, eraitsia izan zen.

Atzerritik elkartasun mezu ugari heldu arren, ez zen komunarentzat laguntza konkreturik heldu, Parisetik informazio guztia ateratzea eragotzi baitzuen Thiersek. Gainontzeko frantziar lurraldean, Narbona, Limoges eta Marseillan mugimenduak zapalduak izan ziren.

Maiatzaren 21ean, traizio baten ondorioz, Parisko harresietako mendebaldeko ate bat ireki zen, eta Versailleseko tropek hiriaren errekonkistari ekin zioten, lehenik auzorik aberatsenak hartuz: han, begi onez hartuak izan ziren.

Komunaren zentralitate eza, hasieran ezaugarri positibo bat izan zena, borroka egitean desabantaila bihurtu zen, tokian tokiko batzar bakoitzak bere kontura egin baitzuen borroka, estrategia globala hartu beharrean. Horrela, bata bestearen ondoren garaitu zituzten. Versaillesekoek agindu zentral bat eta artilleria modernoa zituzten.

Erasoan zehar, gobernuko tropak hainbat hiritar errugaberen hilketaren erantzule izan ziren: atxilotuen aurka tiro egin zen eta talde-exekuzioak ohiko gauza bihurtu ziren. Gobernuak 900 bat gizon galdu zituen denera. Heriotza horiek hainbat aldiz biderkatuta mendekatu zituzten.

Erresistentziarik gogorrena ekialdeko langileen auzoetan izan zen: zortzi eguneko kale borroka gogorra egon zen (La Semaine sanglante, hots, "Aste odoltsua"). Maiatzaren 28an, Belleville eta Ménilmontanteko azken erresistentzia guneak erori ziren.

Komunako presoak Versaillesera bidean

Garaileek errepresioari gogor ekin zioten. Komunari edozein modutara lagundu izana krimentzat harturik, milaka lagun akusatu zituzten. Hainbat «communard» fusilatu zituzten, gaur mur des Fédérés ("Federatuen horma") izenaz ezagutzen den lekuan, eta beste asko Versaillesera eraman zituzten epaituak izateko. Egun askotan zehar, milaka gizon, emakume eta haur eraman ziren Versailleseko kaleetara, kartzela inprobisatu bihurtuak. Batzuek fusilaturik bukatzen zuten, askok bortxazko lanetara zigortuak, eta beste asko erbestera bidali zituzten Pazifikoko uharte bakartuetara. Inoiz ez da jakin zenbat lagun hil ziren Aste odoltsuan zehar, baina kalkulurik leunenek 30.000 hildakotik gora jotzen dute zifra, zauritu gehiagorekin eta 50.000 bat exekutatu edota presorekin; 7.000 pertsona Kaledonia Berrira erbesteratuak izan ziren. Gainontzeko presoentzat amnistia bat eman zen 1889an.

Paris salbuespen egoeran egon zen bost urtean.

Komunaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Plaka bat komunaren hildakoen omenez (Père Lachaise hilerria)

Parisko klase agintariak eta garaiko historialari burges gehienek Komunan «jendailaren agintearen» adibide garbia ikusi zuten, burugabe bezain azalpenik gabea. Egungo historialari gehienek, ordea, eskuinekoek barne, Komunaren hainbat erreformaren balioa onartu dute eta hura zapaltzeko era basatia gaitzetsi.

Autore ezkertiar askok Komuna moderatuegia izan zela pentsatzen dute, zegoen egoera larrian egonda. Karl Marxek larritzat jo zuen Komunak «momentu baliotsuak galtzea» hauteskunde demokratikoak antolatzen, Versaillesen aurka erasoa jo beharrean. Komunak ez zituen ikutu ere egin Frantziako banketxe nazionalean gordeta zeuden milioika liberako diru-erreserbak eta diruaren trafiko librea utzi zuen, hain zuzen, diru huraxe bera erabili zenean Versailles finantzatzeko. Marxek argi utzi zuen Komunaren garrantzia praktikoa hainbat idatzitan, bere ustez hura baitzen proletarioen diktaduraren adibide bat[9].

Komunista, anarkista eta ezkertiar askok demokrazia parte-hartzailean oinarritutako sistema politiko baten jabe den gizarte liberal baten eredutzat hartu dute Parisko komuna. Marx, Engels, Bakunin, Lenin, Trotskik eta beste autore askok ikasgai teorikoak atera nahi izan zituzten Komunaren esperientziatik.

Parisko Komuna hainbat buruzagi komunistaren ahotan egon da. Maok askotan egiten zion erreferentzia. Leninek, Marxek bezala, Komuna proletalgoaren diktaduraren adibidetzat ematen zuen. Hil zenean, Komunatik gordetako bandera gorri batekin hilobiratu zuten. Voskhod 1 espazio-ontziak Parisko Komunaren garaikur bat zeraman. Boltxebikeek Sevastopol gerraontzia Parizhskaya Kommuna izenarekin berrizendatu zuten, Komunaren omenez.

Sacré-Cœur basilikaren eraikuntza Montmartren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montmartreko Sacré-Coeur basilikaren eraikuntza, hasiera batean, 1870eko porrotaren ondorioak sendatzeko pentsatu zen. 1870eko irailaren 4an, Hirugarren Errepublika aldarrikatu zen egunean, Nantesko bere apezpikutzako parrokoei zuzendutako gutun batean, Mons. Felix Fournierrek Frantziaren porrota 1870eko gerra franko-prusiarrean, 1789ko iraultzatik mende bateko gainbehera moralaren ondoren, jainkoaren zigor bati egotzi zion[10].

Gutun horrek, beharbada, urte bereko abenduan Alexandre Legentil filantropoak bere konfesorearen aurrean, Gustave Argand aitaren aurrean, Poitierseko Collège Saint-Joseph kaperan egindako boto bat inspiratu zuen, azken hau bertako errektorea zelarik, eta 1871ko urtarrilean idatzia. Ondoren, 1873ko uztailaren 24ko legeak beste justifikazio bat asmatu zuen: "Federatuen delituak ordainaraztea"[11]. Eraikuntza 1875ean hasi zen.

Basilika Montmartreko muinoan eraikitzeko hautua oso sinbolikoa izan zen eskuin garailearentzat, matxinada martxoaren 18an hasi baitzen, Adolphe Thiersen tropak Parisera iritsi zirenean han zeuden kanoiak kentzeko. Paristarrek kanoiok Prusiaren aurkako gerran harpidetza bidez ordaindu zituztenez, euren jabetzakoak zirela uste zuten. Lehen harria jartzeko zeremoniaren ondoren, Hubert Rohault de Fleuryk honakoa azaldu zuen:

« Bai, han hasi zen Komuna, Clément Thomas eta Lecomte jeneralak hil zituzten tokian, Jesusen Bihotza eliza altxatuko den tokian! Hala eta guztiz ere, pentsamendu horrek ezin gintuen zeremonian abandonatu, haren xehetasunak irakurri berri baititugu. Gogoan dugu muino hori, kanoiek indartuta, mozkor eroez zeharkatua, erlijio-ideia guztien etsai zirudien eta batez ere Elizaren gorrotoak akuilatua zirudien populazioa bizi zuena. »


Aurreko gurtza toki bat, Saint Marcel de la Maison-Blanche eliza, antzeko inguruabarretan eraiki zen: Bréa kapera ezizena jaso zuen, Jean Baptiste Fidèle Bréa jeneralaren omenez, ekaineko jardunaldietan hila izan zena. Asanblada Nazionalak bozkatutako legearen testuan ez da arrazoi hori aipatzen, baina bere garaian ezkerreko oposizioak salatu zuen.

Gainera, Frantziako hiri askok bide publiko bati Adolphe Thiers izena eman zioten, Hirugarren Errepublikaren sortzailetzat hartuz, eta ez Komunaren errepresioaren erantzuletzat.

Beste komunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko Komunarekin batera, beste hainbat matxinada ere izan zen Lyon, Marseille, Grenoble, Saint-Étienne, Narbonne, Besançon eta beste hiri batzuetan, eta denek, Pariskoak bezala, bizitza laburra izan zuten.

Komuna artean eta kultura herrikoiean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Les aspects militaires de la Commune par le colonel Rol-Tanguy» www.commune1871.org (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  2. ...), Milza, Pierre, (1932-. (impr. 2009). "L'année terrible". [2, La Commune. ] Perrin ISBN 9782262030735. PMC 495366340..
  3. «HUGO : la commune - Sénat» www.senat.fr (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  4. TOMBS, ROBERT. (2012). «HOW BLOODY WAS LA SEMAINE SANGLANTE OF 1871? A REVISION» The Historical Journal 55 (3): 679–704. (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  5. Jacques., Rougerie,. (2013). La Commune de 1871. (5e éd. mise à jour. argitaraldia) Presses universitaires de France ISBN 9782130620785. PMC 869793104..
  6. Lissagaray, Prosper-Olivier (1838-1901) Auteur du texte. (1896). Histoire de la commune de 1871 / par Lissagaray. E. Dentu (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  7. Robert., Tombs,. (1981). The war against Paris, 1871. Cambridge University Press ISBN 9780521287845. PMC 8107329..
  8. Ross, Kristin. (2017). Lujo comunal : el imaginario político de la Comuna de París. Akal, 20-27 or. ISBN 978-84-460-4358-4. PMC 1119016184. (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  9. (Ingelesez) Luxemburg, Rosa. «Rosa Luxemburg: The Russian Revolution (Chap.8)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2018-03-18).
  10. Varley, Karine. (2008). Under the shadow of defeat : the war of 1870-71 in French memory. Palgrave Macmillan ISBN 978-0-230-00519-8. PMC 148904669. (Noiz kontsultatua: 2021-10-13).
  11. «N° 1262 - Rapport d'information de M. Bernard Accoyer fait au nom de la mission d'information sur les questions mémorielles» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]