[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Stonewalleko istiluak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Stonewalleko istiluak
Irudia
Map
MotaLGBT+ protest (en) Itzuli
Honen parte daLGBT history (en) Itzuli
Indarraldi1969ko ekainaren 28a - 
Denbora-tarte1969ko ekainaren 28a - 1969ko uztailaren 3a
KokalekuStonewall Inn
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Parte-hartzaileak
KausaStonewall raid (en) Itzuli
Komunikabide

Stonewalleko istiluak (beste itzulpen batzuetan, Stonewalleko altxamendua edo Stonewall matxinada) 1969ko ekainaren 28an poliziak LGBT komunitateko hainbat kideren aurka egindako sarekaden aurrean emandako erantzun espontaneo eta bortitzari ematen zaion izena da. Sarekada New Yorkeko Greenwich Villagen zegoen Stonewall Inn tabernan izan ziren. Ameriketako Estatu Batuetako LGBT eskubideen aldeko borroka modernoaren gertakari garrantzitsuenetzat hartzen da, LGBT askapenaren bidean emandako pauso garrantzitsua.[1][2] Historikoki Stormé DeLarverie lesbiana aipatu izan da estiluen lehenengo txinparta gisa.

AEBko LGBT pertsonek 1950 eta 1960ko hamarkadatan euren aurkako sistema legala zuten aurrez aurre.[oh 1] Homofiliaren aldeko lehenengo AEBko taldeek erakutsi nahi izan zuten homosexualak jendartean normaltasunez bizi zitezkeela, eta homosexual zein heterosexualentzat hezkuntza ez-konfrontazional berdina ematea proposatzen zuten. 1960ko hamarkadako azken urteetan, hala ere, mugimendu sozial handiak izan ziren AEBn, Eskubide Zibilen Mugimendua, 1960ko hamarkadako kontrakultura edo Vietnamgo Gerraren aurkako mugimendua kasu. Mugimendu hauek eta Greenwich Villagen zegoen inguru liberalak Stonewalleko istiluak katalizatzen lagundu zuten.

Oso komertzio gutxik onartzen zituzten euren homosexualitatea modu argian erakusten zuten pertsonak 1950 eta 1960ko hamarkadan zehar. Egiten zutenak, gehienetan, tabernak ziren, baina tabernako jabeak ez ziren LGBT kolektibokoak izaten. Garai hartan Stonewall Innen jabea Amerikar mafia zen[3]. Bezero mota ezberdinetara moldatu zen taberna, eta oso ezaguna zen LGBT komunitateko pobre eta ertzekoen artean: drag queenak, transgeneroak, gizon gazte afeminatuak, butch lesbianak, gizon prostitutoak eta etxegabe gazteen artean. Polizien sarekadak honelako tabernatan ohikoak ziren 1960ko hamarkadan, baina ofizialek azkar galdu zuten kontrola Stonewall Innen. Matxinadarako prest zegoen pertsona talde handi bat erakartzea lortu zuten. New Yorkeko polizien eta Greenwich Villageko LGBT pertsonen arteko tentsioak eztanda egin zuen, protesta areagotuz hurrengo gauean, eta hurrengo gauetan zehar. Asteetan zehar Villageko bizilagunak antolatu ziren talde aktibistetan, helburu argi batekin: gay eta lesbianek euren sexu orientazioa era aske batean bizitzeko lekuak izatea, horregatik atxilotuak izateko beldurrik gabe.

Stonewalleko istiluen ostean, New Yorkeko LGBT pertsonek genero, arraza, klase eta belaunaldi ezberdinetakoak izatearen arazoari aurre egin behar izan zioten komunitate batu bat osatzeko. Hurrengo sei hilabetetan bi gay talde militante sortu ziren New Yorken, taktika konfrontazionaletan kontzentratuak, eta hiru egunkari sortu ziren gay eta lesbianen egunkariak bultzatzeko. Urte batzuen buruan, LGBT eskubideen aldeko taldeak sortu ziren AEBn eta mundu osoan zehar. 1970ko ekainaren 28an lehenengo Harrotasun Eguna ospatu zen New York, Los Angeles, San Frantzisko eta Chicagon. Gaur egun mundu osoan zehar ospatzen dira LGBT Harrotasunaren aldeko martxak ekaina bukaeran, Stonewalleko istiluak gogoan[4]. 2016tik aurrera Stonewalleko Monumentu Nazionala ezarri zen bertan[5].

  1. Illinoisek sodomia 1961an deskriminalizatu zuen, baina Stonewalleko istiluen garaian beste estatu guztiek homosexualen sexu-ekintzak kriminalizatzen zituzten, baita etxe edo eremu pribatuan zeuden eta baimena ematen zuten helduen artean ere. Sexu bereko bi helduen artean baimendutako sexu harremanak izateagatik euren etxeetako pribatutasunean, isun batetik bost, hamar edo hogei urterako gartzela zigorreraino jaso zezaketen, baita bizi osoko zigorra ere. 1971an hogei estatuk "sexu psikopatiaren" aurkako legeak zituzten homosexualak bakarrik homosexual izateagatik atxilotzeko aukera ematen ziena. Pennsylvania eta Kalifornian sexu delito hau zela eta psikiatriko batera eraman zitzaketen bizitza osorako, eta zazpi estatutan zikiratzea aurreikusten zen. 1950 eta 1960ko hamarkadatan, zikiratzea, emetikoak, hipnosia, elektroshock terapia eta lobotomia erabitzen zituzten psikiatrek homosexualak "sendatu" ahal izateko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Office of Relevancy, Diversity and Inclusion (U.S. National Park Service). (Noiz kontsultatua: 2017-06-27).
  2. https://www.washingtonpost.com/politics/obama-invokes-gay-rights-in-inaugural-address
  3. B., Duberman, Martin. (1993). Stonewall. Dutton ISBN 0525936025..
  4. (Ingelesez) Stein, Marc, ed. (2003-12-05). Encyclopedia of Lesbian, Gay, Bisexual and Transgender History in America. (1 edition. argitaraldia) Charles Scribners & Sons ISBN 9780684312613. (Noiz kontsultatua: 2017-06-27).
  5. Nakamura, David. With Stonewall, Obama designates first national monument to gay rights movement. (Noiz kontsultatua: 2017-06-27).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]