Stanley Bruce
Stanley Melbourne Bruce, Bruce of Melbourne I. bizkondea (Melbourne, 1883lo apirilaren 15a - Londres, 1967ko abuztuaren 25a) australiar politikaria izan zen. Australiako 8. lehen ministroa izan zen 1923tik 1929ra.
Melbourneko familia aberats batean jaio zen. Cambridgeko Unibertsitatean ikasi zuen eta bere familiaren inportazio- eta esportazio-negozioaz arduratu zen. Gallipoliko guduan borrokatu zuen Lehen Mundu Gerran eta 1917an Australiara zaurituta itzuli zen.
Billy Hughes lehen ministroak ibilbide politikoari ekitera deia egin zion. Bruce Alderdi Nazionalistarekin elkartu zen eta diputatu hautatu zuten 1918an. 1921ean Finantza ministro bihurtu zen eta 1923an koalizio gobernu bateko lehen ministro. Bere agintaldian Australiako hiriburua Canberrara lekualdatu zen. Bere erreformek Australiako Mankomunitatearen boterea indartu zuten. Australiako biztanleria eta bere ahalmen ekonomikoa handitu nahi izan zuen, gobernuaren inbertsio masiboen eta Erresuma Batuarekin eta Britainiar Inperioarekin lotura sendoagoak izatearen bidez.
1929an hauteskundeetan garaitua izan zen eta ez zuten diputatu aukeratu. 1931n legebiltzarrera itzuli zen eta Joseph Lyonsen gobernuko kide izan zen. 1933an enbaxadore izendatu zuten Erresuma Batuan. Nazioen Ligan parte hartu zuen, arazo sozial eta ekonomikoetan nazioarteko lankidetza bultzatuz eta FAO sortzearen arduradunetako bat izan zen.
Bizkonde izendatu zuten eta Britainiar Lorden Ganberako lehen kide australiarra izan zen. Australiako Unibertsitate Nazionaleko lehen kantzilerra ere izan zen.