Mendebaldeko ur-arratoi
Mendebaldeko ur-arratoi | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Rodentia |
Familia | Cricetidae |
Generoa | Arvicola |
Espeziea | Arvicola sapidus (Miller, 1908)
|
Banaketa mapa | |
Mendebaldeko ur-arratoia (Arvicola sapidus) cricetidae familiako karraskaria da, Frantzian eta Iberiar penintsulan bizi dena[1].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mikrotino handi bat da, eta belarriak ilajetik ozta-ozta irteten zaizkio. Isatsa luzea du, zilindrikoa. Ilea proportzionalki beste mikrotino batzuena baino luzeagoa du. Bizkarraren kolorea, arre iluna dute Kantauri isurialdekoek eta arre-horixka gure Herrialdeko hego muturrekoek. Azpialdeak grisak ditu edo gris-horixkak.
Garezurraren tamaina handiak, helduak badira ia ezinezkoa egiten du beste edozein mikrotinorekin nahastea. Hala ere Mendebaldeko ur arratoi gazteak Europar ur-arratoi helduekin nahas daitezke. Hori ekiditeko, lehenik eta behin atzeko haginei begiratu behar zaie, goikoei zein behakoei, animalia gazteek oraindik guztiz garatu gabe izaten dituzte hortz horiek. Bestalde Mendebaldeko ur-arratoiek beherantz zuzenduta izaten dituzte ebakortzak, Europar ur-arratoiak, berriz, ebakortzak argi eta garbi aurrerantz inklinatuta.[2]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldeko ur-arratoiaren jarduera handi bat egunez izaten da, beraz, pazientzia pixka batekin eta egoki kokatuta espezie hau ere behatu dezakegu zailtasun handirik gabe.
Karraskari honek lurrezko ertzak dituzten ibai eta erreka bazterretan irekitzen ditu bere zuloak. Sarrerak sarritan ur mailaren azpitik egoten dira. Ertz belartsuetan erraza da lurrean pasabide ugari aurkitzea, belar edo lezka artean; beraien tunel handien diametroa 6 cm ingurukoa izaten da. Beste mikrotinoek bezala, gorotz-gordailuak eta elikagai-hondakinen metaketak egin ohi ditu bere galerietako hainbat lekutan.
Elikadura, funtsean, landare berdeek, gramineoek, lekaleek eta ihi edo ezpata-belarrek osatzen dute. Badirudi noizean behin anfibioren bat ere kontsumitzen duela.
Ugalketa apirilean hasten da eta urrira arte irauten du. Tarte horretan hainbat kumaldi erdi ditzake, eta kume kopurua bi eta zortzi bitartekoa izaten da; hiru edo lau izaten dira gehienetan.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldeko ur-arratoia putzuen edo ur geldoen ertzetan bizi da, bere zuloak induskatzeko egitura egokiak dituztenetan eta landaredi trinkoak, belarkarak edo sastraka estalduraz babestuta daudenak
Isurialde atlantikoan padura eremuetan ere aurki daiteke.
Ia Frantzia osoan banatuta dago, ekialdeko eta iparraldeko departamenduetan izan ezik, Iberiar penintsula osoa ere okupatzen du.
Euskal Herrian lurralde osoan hedatuta dago, nahiz eta, isurialde atlantikoan, eremu batzuetan falta den edo oso arraroa den.
Ez egotearen arrazoia izan liteke, ez duelako galeriak eraikitzeko leku egokirik edo kutsadura maila altua, horrek ibai-ertzak arratoi beltzak inbaditzea dakar, ziurrenik hainbat lekutan Mendebaldeko ur-arratoia ordezkatu du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Musser, G. G. eta M. D. Carleton. (2005). Superfamily Muroidea. 894-1531. orr. "Mammal Species of the World a Taxonomic and Geographic Reference". D. E. Wilson eta D. M. Reeder. Johns Hopkins University Press, Baltimore
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 354 or. ISBN 84-7542-639-5..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |