Marie-Anne Pierrette Paulze
Marie-Anne Pierrette Paulze | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Montbrison, 1758ko urtarrilaren 20a |
Herrialdea | Bulgaria |
Heriotza | Paris, 1836ko otsailaren 10a (78 urte) |
Hobiratze lekua | Père Lachaise hilerria |
Familia | |
Aita | Jacques Paulze |
Ezkontidea(k) | Antoine Lavoisier Benjamin Thompson (en) (1805 - ezezaguna) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa ingelesa latina italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | kimikaria, ilustratzailea eta itzultzailea |
Marie-Anne Pierrette Paulze edo Marie Lavoisier (Montbrison (Frantzia), 1758ko urtarrilaren 20a - Paris (Frantzia), 1836ko otsailaren 10a) frantziar kimikaria eta noblea izan zen[1]. Kimika modernoaren ama bezala ezagutzen da. Antoine Lavoisier zientzilariaren emazte gisa aurkeztua izan ohi den arren bien lankidetzatik aurkikuntza garrantzitsuak etorri ziren. Lan zientifiko asko itzuli zituen eta metodo zientifikoaren estandarizazioan berebiziko garrantzia izan zuen.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacques Villee Paulze aita Ferme Générale-ko abokatua zen. Claudine Thoynet Paulze 1761 urtean hil zen, Mariek 3 urte zituela eta aitak komentu batean sartu zuen[1]. Hamairu urte zituela Amervalgo kondearen ezkontza proposamena jaso zuen. 50 urteko gizona zen[2]. Aitak ezkontzari uko egin nahi izan zion baina presio handiak jasan zituen, orduan bere lankide bati eskaini zion alaba, Antoine Lavoisier zen lankide hura. 1771ko abenduaren 16an ezkondu ziren, Mariek 13 urte zituen eta Antoinek 28[1].
1775ean Antoine Lavoisierrek Ferme Générale utzi eta Parisko arsenalera joan zen bolbora administrari lana egitera[1]. Kimikarako zaletasuna beti izan zuen baina orduan aukera izan zuen laborategi bat egiteko. Marie ere asko zaletu zen eta senararren laborategian jarduera aktiboa izaten hasi zen. Antoneren lankideak ziren Jean Baptiste Michel Bucquet eta Philippe Gingembrek formakuntza sakona eman zioten. Lavisier bikoteak orduak pasatzen zituen laborategian. Mariek ikerketa zientifikoak itzultzen zizkion senarrari ingelesetik frantsesera. Flogistoaren teoria bizirik zegoen garai hartan Richard Kirwanen Essay on Phlogiston and the Constitution of Acids lana itzuli zuen, bere iritzi kritikoa gehituz eta lanak zituen akats metodologikoak identifikatuz[3].
1789 urtean Lavoisierrek kimikaren munduan giltzarria izan zen Traité Élémentaire de Chimie ("Oinarrizko kimikaren tratatua") argitaratu zuen. Kimika arloaren eremu anitzak bateratzeaz gain materiaren kontserazioaren legea plazaratu zuen, flogistoaren teoria erabat baztertuz. Marieren hamairu marrazki zituen liburuak, laborategiko tresneriaren marrazki zehatzak ziren.
1794 urtean Frantziako Iraultzaren barneko Izu Garaian Marieren aita eta senarra atxilotu zituzten Ferme Générale-n postu nabarmena izan zituztelako. Marie saiatu zen Antoine askatzen, zientzilari handia zela esanez eta Frantziaren onerako aurkikuntza garrantzitsuak egin zitzakeela argudiatuz. Ez zuen lortu ordea eta aita eta senarra egun berean exekutatu zituzten, 1794ko maiatzaren 8an[1]. Frantziako gobernuak ondasun guztiak konfiskatu zituen, bai eta Lavoisierren dokumentu, ikerketa eta laborategiko tresneria guztia ere. Mariek ordea lortu zuen Antoine Lavoisierren memoriak argitaratzea, Mémoires de Chimie, lortutako printzipio kimikoak zabaldu ziren horrela.
1804 urtean Benjamin Thompson fisikari estatubatuarrarekin ezkondu zen. Mariek Lavoisier abizena mantentzeko borrokatu zuen baina ez zitzaion onartu eta bien arteko erlazioa berehala eten zen[3].
1836ko otsailaren 10ean hil zen Parisen, 78 urte zituela[1]. Hil aurretik Antoine Lavoisierri konfiskaturiko dokumentazioaren gehiengoa berreskuratzea lortu zuen.
Kimika ekarpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senarraren laguntzaile lanetan aritu izan zen laborategian, ez bakarrik ikerketa zientifikoak itzultzen, baita lortutako emaitzak jasotzen, diagramak egiten eta marrazki zehatzak egiten.
Marie margolaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1785 eta 1786 artean Jacques-Louis David margolariak formakuntza artistikoa eman zion[3]. 1787an Davidek Marie beraren erretratua egin zuen. Formakuntza hau ezinbestekoa izan zen kimika liburuetako ilustrazio argigarriak egiteko. Aipatzekoa da Mariek Benjamin Franklinen erretratua egin zuela, garaiko zientzilari handienetakoa, eta bere egongelan ezarri zuela koadroa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g Oakes, Elizabeth H.. (2001). Encyclopedia of world scientists. New York, NY: Facts on File., 429–430 or. ISBN 9780816041305..
- ↑ Bell, Madison Smartt. (2005). Lavoisier in the year one : the birth of a new science in an age of revolution. New York: W. W. Norton., 13 or. ISBN 9780393051551..
- ↑ a b c Haines, Catharine M.C.. (2002). International Women in Science a Biographical Dictionary to 1950. Santa Barbara: ABC-CLIO., 167–168 or. ISBN 9781576075593..