Matt Biondi
Mathew Nicholas Biondi (Moraga, Kalifornia, 1965eko urriak 8) estatubatuar igerilari bat izan zen, Olinpiar Jokoen hiru ediziotan parte hartu zuena eta hamaika domina irabazi zituena, horietatik zortzi urrezkoak.
Hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bost urterekin hasi zen igeri egiten. 18 urterekin 100 metroetan 50.23ko denbora bikaina egin zuen, munduko igerilaririk hoberenen artean jarri zuena. Beka bat lortu zuen Kaliforniako Unibertsitaterako, eta han igeriketa eta waterpoloko taldeetako kidea zen, dexente denboran uztartu zituen kirolak. Waterpoloan, Estatu Batuetako Txapelketa Unibertsitarioa (NCAA) irabazi zuen 1983, 1984 eta 1987an, eta estatubatuar jokalaririk hoberenetakotzat zuten.
19 urterekin, 1984an 1984ko Los Angeleseko Udako Olinpiar Jokoetan parte hartuko zuen 4x100 m estilo libreko estatubatuar olinpiar talderako sailkatu zen, talde honekin urrezko domina irabaziz eta munduko errekor bat ezarriz.
Errekorrak gainditzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985ean banakako bere lehen munduko errekorrak gainditu zituen. Kaliforniako Mission Viejon, 100 metro estilo libreko munduko errekorra bi aldiz gainditu zuen egun berean, lehenik 49.24an eta ondoren 48.95ean utziz. Aurreko errekorra bere herkide zen Rowdy Gainesek zuen 1981etik, 49.36rekin. Urte horretan, Tokioko Pan Pacific Txapelketetan ere nabarmendu zen, non zazpi domina irabazi zituen, horietatik bost urrezkoak.
1986ko Munduko Igeriketa Txapelketan, Madrilen ospatu zena, zazpi domina irabazi zituen, urrezko hiru 100 m. estilo librean, 4x100 m. estilo librean eta 4x100 estilotan, zilarrezko bat 100 m. tximeleta estiloan eta brontzezko hiru 50 m. estilo librean, 200 metro estilo librean eta 4x200 m. estilo librean. Urte honetan bertan, berriz gainditu zuen 100 metro estilo libreko errekorra Floridako Orlando hirian, errekorra 48.74an utziz.
1988ko Seulgo Olinpiar Jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Matt Biondirentzat gertakaririk handiena 1988ko Udako Olinpiar Jokoak izango ziren, Hego Koreako hiriburua den Seulen ospatuko zirenak. Jokoen aurretik berriz gainditu zuen 100 metro estilo libreko bere errekorra Texaseko hiriburu den Austin hirian, 48.42an utziz (errekor hau 1994 arte mantenduko zen. Seulen, munduko zaletu eta komunikabide guztien arreta erakarri zuen Mark Spitzek 1972ko Udako Olinpiar Jokoetan Münichen egin zuena errepikatzeko zuen asmoagatik (7 urrezko domina irabazi). Azkenean, xedea hain anbiziotsua zen ezin izan zuela erabat gauzatu. 200 metro estilo libreko proban Duncan Armstrong australiarrak eta Anders Holmertz suediarrak gainditu zuten, eta 100 metro tximeleta estiloan Anthony Nesty surinamdar igerilari harrigarriak.
Azkenean, Seulen, bost urrezko domina (50 eta 100 metro estilo librean eta 4x100 estilo librean, 4x100 estiloetan eta 4x200 estilo libreko erreleboetan), zilarrezko bat (100 metro tximeleta estiloan) eta brontzezko bat (200 metro estilo librean) lortu zituen, partehartze bikaina izan zelarik, honen ondorioz Jokoetako protagonistetako bat bihurtuz. Seulen, gainera, 50 metro estilo libreko eta 4x100 estilo libreko, 4x100 estiloetako eta 4x200 estilo libreko erreleboko munduko errekorrak gainditu zituen.
Joko hauetatik aurrera, Biondik gauzak patxara gehiagoz hartu zituen, eta, izatez, rankingetako lehen postuetan agertzeari utzi zion, bere denborak lehen baino kaxkarragoak ere bazirelarik. 1991ko Munduko Igeriketa Txapelketan, Perthen ospatua, garaipen bat lortu zuen 4x100 metro estilo libreko erreleboko taldearekin. Urte horretan, Pan Pacific Txapelketan ere nabarmendu zen, Kanadako Edmontonen ospatu zena, 100 metro estilo libre, 100 metro tximeleta estiloa eta 4x100 estilo libre eta 4x100 estiloetako probetan irabaziz. Soilik Tom Jagerrek garaitu zuen 50 metro estilo libreko proban.
1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1992an asko kostatu zitzaion 1992ko Bartzelonako Udako Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Behin Kataluniako hiriburuan, ez zen askorik nabarmendu, igerilari hobe eta gazteagoak agertu baitziren, baina zilarrezko domina bat irabazi zuen 50 metro estilo libreko proban, Alexander Popov izan zelarik proba honen garailea, eta podiumetik gertu geratu zen 100 metro estilo libreko proban 4. geratuz. Dena dela, Bartzelonan bi urrezko domina lortu zituen 4x100 metro estilo libreko errelebo proban eta 4x100 estiloetako errelebo proban. Olinpiar Jokoetako hiru ediziotan parte hartu ondoren, Biondik hamaika domina irabazi zituen, horietatik zortzi urrezkoak.
1992 ondoren, ia lehiaketatik erretiratu zen. Matt Biondi 1980ko hamarkadako igerilaririk hoberena izan zen eta bere karisma eta kiroltasunagatik nabarmendu zen igerileku barnean eta hauetatik kanpo. Gaur egun Hawaiin bizi da eta igerilariak prestatzen aritzen da.
- 1965eko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Kaliforniarrak
- Ameriketako Estatu Batuetako igerilariak
- Gizon igerilariak
- Italo-estatubatuarrak
- 1984ko Udako Olinpiar Jokoetako dominadunak
- 1988ko Udako Olinpiar Jokoetako dominadunak
- 1992ko Udako Olinpiar Jokoetako dominadunak
- Olinpiar Jokoetako dominadunak igeriketan
- Ameriketako Estatu Batuetako brontzezko dominadun olinpikoak
- Ameriketako Estatu Batuetako zilarrezko dominadun olinpikoak
- Ameriketako Estatu Batuetako urrezko dominadun olinpikoak
- 1992ko Udako Olinpiar Jokoetako igerilariak
- 1984ko Udako Olinpiar Jokoetako igerilariak
- 1988ko Udako Olinpiar Jokoetako igerilariak