[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Larnaka

Koordenatuak: 34°55′N 33°38′E / 34.92°N 33.63°E / 34.92; 33.63
Wikipedia, Entziklopedia askea
Larnaka
Λάρνακα
Zipreko hiria
Administrazioa
Herrialdea Zipre
BarrutiaLarnaka
Izen ofizialaΛάρνακα
Jatorrizko izenaΛάρνακα
Geografia
Koordenatuak34°55′N 33°38′E / 34.92°N 33.63°E / 34.92; 33.63
Map
Azalera31,73 km²
Altuera26 m
Demografia
Biztanleria59.200 (2016)
0 (2016)
Dentsitatea1.866 bizt/km²
Informazio gehigarria
Ordu eremuaUTC+02:00 eta UTC+03:00
Hiri senidetuakBratislava, Tripoli, Poti, Krasnodar eta Vladimir
Hizkuntza ofizialagreziera
http://www.larnaka.com

Larnaka (grezieraz, Λάρνακα, Lárnaka; turkieraz: Larnaka/İskelel; fenizieraz: כתיון, Kityon) Zipreko hirugarren hiri handiena da, Nikosiaren eta Limasolen ondotik. Uhartearen hego-ekialdean dago eta izen bereko barrutiko hiriburua da.

Hirian dago Zipreko bigarren merkataritza-portu garrantzitsuena, eta Zipreko nazioarteko aireportu garrantzitsuena ere bai. Turismo-gune indartsua da: itsas pasealeku ikusgarria dago, palmondoz inguratuta. Larnaka Marina da Ziprek dituen lau itsas sarbide ofizialetariko bat.

Larnaka izena grezierazko larnax hitzetik dator eta "kutxa" edo "hilkutxa" esan nahi du. Sophocles Hadjisavvas arkeologoaren hitzetan Estatu Batuetako konsulak XIX.mendearen amaieran Larnaka inguruan zeuden 3.000 hilobi aztertu zituen eta hortik omen dator hiriaren izena[1]. Bertako hizkeran Scala ere esaten zaio, batez ere hiriaren alde zaharrari. XVIII. mende arteko mapetan Larnakako Badian dagoen portu txiki bat Scala di Saline izenarekin azaltzen da.

Sakontzeko, irakurri: «Kition»

Feniziarrek K.a. XIII. mendean Kition hiri-estatua sortu zuten[2]. Indusketetan K.a. 1200-1000 urteetako sasoian aurkituriko elementu kultiralek erakusten dute garai hura aldaketa politikoan garaia izan zela, izan ere akaziarrak iritsi baitziren orduan, greziar kolonoak. K.a. 1000 urtearen inguruan feniziarrek hiria berreraiki zuten eta feniziar kulturaren erdiguneetako bat bihurtu zen[3]. Orduko horma ziklopeoak, bost tenpluz osaturiko multzo bat eta gerraontzien itsasportua ikusten dira oraindik.

K.a. lehenengo milurtekoan inguruko inperio handiek konkistatu zuten, Asiriarrek eta Egiptiarrek batez ere. Zipreko gainerako hiriak bezala Kition pertsiarren menpeko hiria izan zen, Akemenestar Inperioaren parte baitzen.

K.o. 76 eta 77 urteetan lurrikara handiak izan ziren eta Kition oso kaltetua izan zen. 322an eta 342an lurrikara handiak izan ziren berriz eta Kition hiria ezezik Salamina eta Pafos ere suntsitu zituzten[4]. Lurrikara guzti hauen ondorioz Kitiongo badia lokatzez bete zen eta portuak erabilgarria izateari utzi zion. Biztanleek kostaldean zehar hegoaldera jo zuten eta hiri berria eraiki zuten. Portu berriaren izena Scala zen, italierazko scala hitzetik dator eta geldiunea esan nahi du. Orduko aztarna gehienak galduta daude, baina harresiaren eta santutegi baten arrastoak badaude, baita hilerriarenak ere. Gaur egungo Larnakaren alde zaharra osatzen du[5].

Larnakako gaztelua.

XII. mendean Bizantziarrek kaiaren alboan gotorleku bat eraiki zuten. XIV. mendearen amaieran Genovarrek Famagusta okupatu eta Larnaka bihurtu zen Zipreko Erresumako itsas-portu nagusia[6]. Honen ondorioz James I.a erregeak gotorleku zaharra gaztelu bihurtu zuen kaia hobeto babesteko[7]. 1747an otomandarrek 9'7 km-ko luzera duen Kamares akueduktua eraiki zuten[8].

1974. urtean turkoek ingurua inbaditu zutenean, Nazio Batuen Erakundeak Nikosiako aireportua zaintzea erabaki zuen; handik gutxira egin zuten Larnakako aireportua, turismoak galerarik izan ez zezan. Horregatik joan da hazten Larnakako hiria besteak baino azkarrago.

Larnakako aintzira gazia neguan urez betetzen da eta flamenko saldo handiak egoten dira bertan azarotik martxorarte. Udan lehortu egiten da[5]. Antzina gatz ugari ateratzen zen bertatik, hortik Scala di Saline izena, baina gaur egun giza kontsumorako desegokia kontsideratzen da.

    Datu klimatikoak (Larnaka)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 16.8 16.8 19.1 22.5 26.5 30.3 32.4 32.7 30.9 28.1 22.6 18.3 24.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 12.1 11.8 13.9 17.1 21.2 25.0 27.3 27.6 25.4 22.6 17.5 13.7 19.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 7.5 6.9 8.7 11.7 16.0 19.8 22.2 22.6 19.9 17.1 12.5 9.2 14.5
Pilatutako prezipitazioa (mm) 77.6 40.9 34.4 17.7 8.80 2.70 0.60 0.40 7.10 13.8 53.1 94.5 351.5
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 7.9 5.7 4.5 3.1 0.7 0.3 0.1 0.1 0.5 2.1 4.7 8.0 37.6
Eguzki orduak 195.3 208.8 238.7 267.0 331.7 378.0 387.5 365.8 312.0 275.9 216.0 179.8 3356.5
Iturria: [9]
Larnakako nazioarteko aireportua.

Famagustako itsas-portuak Zipreko karga mugimenduen %80a hartzen zuten eta 1974an turkiarrek okupatu zutenean Nikosiako eta Larnakako aireportuek garrantzia handia hartu zuten[10].

Hiriaren iparraldean zegoen petrolio-findegia 2008. urtean saldu zutenetik, biltegitzat erabiltzen dute bakarrik. Gaur egun Larnakako jarduera ekonomiko nagusia zerbitzuen sektorean oinarritzen da, turismoan bereziki.

Hiriko jaialdi nagusiak Foinikoudes etorbidean ospatzen dira. Ezagunena Kataklysmos jaialdia da, uholdearen jaialdia hain zuzen ere. Zipreko eliza ortodoxoaren arabera Noe-ren salbazioa omentzen du jaialdi honek. Astebete irauten bazuen ere gaur egun hiru astetako jaialdia da[11].

Larnakako museo nagusiak arkeologia museoa eta Pierides museoa dira. Antzokia eta arte galeria ere baditu eta 2007an Stass Paraskos artista zipretarrak Cornaro Institutua sortu zuen.

Zipreko kirol nagusia futbola da. Larnakako talde arrakastatsuena AEK Larnaka FC da, 1994an hiriko bi talde historikoak elkartzerakoan sortua, EPA Larnaka eta Pezoporikos Larnaka. Turkiarrek Famagusta okupatu zutenean hiri hartako Anorthosis Larnakara aldatu zen.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hala Sultan Tekke meskita, aintzira gaziaren ertzean.

Senidetutako hiriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «The Shelby White & Leon Levy Program: Hadjisavvas» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).
  2. Yon, Marguerite; Childs, William A. P.. (1997). «Kition in the Tenth to Fourth Centuries B. C.» Bulletin of the American Schools of Oriental Research (308): 9–17.  doi:10.2307/1357405. ISSN 0003-097X. (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).
  3. «Ruinas de Kition, Area 1 Pampoula, Area 2 Kathari» www.chipreturismo.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).
  4. (Ingelesez) «Archaeological site - KITION-KATHARI ARCHAEOLOGICAL SITE - Larnaka» www.petitfute.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).
  5. a b (Ingelesez) «Larnaca – lively port city in Cyprus | FinnsAway travel blog» www.finnsaway.com 2018-04-23 (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).
  6. «Larnaka Medieval Castle - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).
  7. «Larnaka Medieval Castle - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  8. «Kamares: The Old Aqueduct of Larnaka - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).
  9. https://web.archive.org/web/20181225162305/http://www.moa.gov.cy/moa/MS/MS.nsf/DMLclimet_reports_en/DMLclimet_reports_en?OpenDocument&Start=1&Count=1000&Expand=1%0A Zipreko Meteorologia Zerbitzua
  10. «Larnaca Airport - Car Hire, Parking & Flight Information» web.archive.org 2016-10-28 (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  11. «The Flood Festival (Kataklysmos) in Larnaka 2019» www.visitcyprus.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]