[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Orio

Koordenatuak: 43°16′34″N 2°07′38″W / 43.276°N 2.1273°W / 43.276; -2.1273
Wikipedia, Entziklopedia askea
Orio
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Orioko portua eta herrigunea.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaUrola Kosta
Izen ofizialaOrio
AlkateaAnuska Esnal Oliden
Posta kodea20810
INE kodea20061
Herritarraoriotar
Ezizenaijitok
Kokapena
Koordenatuak43°16′34″N 2°07′38″W / 43.276°N 2.1273°W / 43.276; -2.1273
Map
Azalera9,81 km²
Garaiera1 m
Distantzia17 km Donostiara
Demografia
Biztanleria6.125 (2023)
63 (2022)
alt_left 3.002 (%49) (%49,3) 3.020 alt_right
Dentsitatea6,24 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 19,96
Zahartze tasa[1]% 18,52
Ugalkortasun tasa[1]‰ 60,58
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 78,37 (2011)
Genero desoreka[1]% 3,29 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 8,71 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 76,7 (2010)
Etxeko erabilera[2]% 66.07 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1379ko uztailaren 12an
Webguneahttps://www.orio.eus

Orio Gipuzkoako iparraldearen erdialdean dagoen kostaldeko udalerri bat da, gaur egun Urola Kosta eskualdean dago, historikoki Beterri eskualdean. 6.062 biztanle zituen 2022. urtean.

Orioko erdigunea eta portuaren ikuspegia.

Baliteke Orio herriaren izena bertan amaiera duen Oria ibaiaren izenaren moldaketa izatea. Herria Erdi Aroan sortu zen, Noble y Leal Villarreal de San Nicolás de Bari de Orio izenarekin, baina izen luze hura galduz joan zen, eta herria Orio izatera pasatu zen. Bertako ahozko euskaran, halere, /orijo/ deritzo, i eta o bokalen artean hurbilkari sabaikari ahostun bat tartekatuz. Bertako idazkeran, berriz, horren ondorioz sortutako hiatoa i greko baten bidez adierazten da: Oriyo.[3]

Ibaiaren izenaren etimologia ez da batere argia. Latineko aurea (urrezkoa, urrekara) hitzetik edo euskararen hori (kolorea) hitzetik datorrela uste da. Uste horren ondorioz, herriko kale izenen xaflak horiz daude jarrita, herriko denda eta jatetxe askoren errotuluak horiak dira, toldo hori ugari dago herrian zehar... Orobat, horia da arraunketarako zaletasun handia duen herri horretako traineruaren eta arraunlarien kolorea.

Orioko biztanleei oriotar deitzen zaie.

Orio Gipuzkoako kostan dago, Urola Kosta izeneko eskualdean. Herria Oria ibaiaren azken meandroaren ondoan dago kokatuta, horren bokalearen (ibai ahoaren) aurretik, Kantauri itsasoan.

Orioko udalerriko lurraldeak 9,81 km² ditu. Oria ibaiak xedatzen ditu Orioren eta Aiaren arteko hegoaldeko eta mendebaldeko mugak, Orio ibaiaren eskuinetara eta Aia, berriz, ezkerretara kokatuz. Bitxikeria da Oria ibaiaren bi ertzak Orioren jurisdikzioaren pean daudela, nahiz eta ibaiak bi udalerrien arteko mugak ezarri, tradizioz Oriok kontrolatu baitu ibaia.

Iparraldetik Kantauri itsasoak ezartzen du muga, Orioren kosta zati gehiena itsaslabarrez osatuta dagoela. Hain zuzen ere, eremuaren kosta apal bakarra, ibaiaren eskuineko ertzean dago, Antilla hondartzan. Udalerriaren ipar-ekialdea Talaimendi mendiak osatzen du, Kukuarri (362 m) gailur duela.

Orio, Oriaren itsasadarra eta Orioko zubiaren ikuspegi panoramikoa.

Ingurune naturala eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrian balio handiko ekosistemak eta inguruak daude oraindik, bereziki Oriaren itsasadarra, izan ere, dituen padurak eta ibarrak Gipuzkoakoen artean baliotsuenetarikoak dira oraindik ere. Inguru hori Natura 2000 sarean dago. Herriaren gainean, bestetik, Kukuarri (362 m) menditxoa dago; horren alde interesgarrienak itsaso aldera ematen du.

Inguruko herri guztien antzera, Oriok klima epel eta euritsua du, ia urte osoan.

Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orio eta Donostiaren (probintziako hiriburua) arteko distantzia 17 kilometrokoa da. Zarautz 5 kilometrora dago. Herrira joateko bide nagusia N-634 errepidea da, herria Usurbilekin eta Aiarekin lotzen duena. A-8 (Bilbo-Donostia) autobideak udalerria zeharkatzen du eta sarrera-irteerak Donostia aldera ditu.

Donostiak eta Usurbilek mugatzen dute Orio ekialdetik, Aiak hegoaldetik eta mendebaldetik eta Bizkaiko golkoak iparraldetik.

Portua oso baliagarria izan zitekeela aintzat hartuta, Joan II.a Gaztelakoak Orioko lurraldea Donostiatik banandu eta hiribildu berriari izen hanpurus hau eman zion: Villa Real de San Nicolás de Orio.

1379an ekin zion Orioko udalerriak, gorde antzean, adin‑nagusitasunaren ibilbideari. Mende bat geroago, Errege-erregina Katolikoengandik honako eskubidea jaso zuten: bidaiariak, zaldiak eta salerosgaiak itsasadarraren ertz batetik bestera eramateko monopolioa. Zerbitzu horien truke, tarifa hauek jarri zituzten: pertsona bakoitzeko marabedi bat, zamarik gabeko abere bakoitzeko bi marabedi, eta abere zamadun bakoitzeko hiru marabedi. Zubirik ez zegoenez, ez dago esan beharrik diru‑iturri finko hori garrantzi handikoa zela udalaren diru‑kutxa betetzeko.

Orioko historia betiere Oria itsasadarrari estu‑estu lotuta ageri da. Izan ere, naturarekin etengabeko auzitan ibili da, Orio, hondar‑barra arazotsua dela eta. 1533an Gipuzkoako Batzar Nagusiak Oriori laguntza itsasorako irteera hobetzeko laguntza ematea erabaki zuen. Serapio Mujikak Gipuzkoako monografian Oriok errege‑erreginei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari hondar‑barra eta moilak zaintzeko zenbat aldiz eskatu zien aipatzen du.

Orioko Pilliku plaza.

Garai honetan oriotarren jarduna epikoa izan zen, Belle Isle itsasartean eta Kanadako Labrador penintsula aldean baleak harrapatzen aritu zirenean. 1577ko Juan Martinez Larrume marinel oriotarraren testamentua, Kanadan idatzitako testamenturik antzinakoena da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako La Industria pesquera de Guipúzcoa a finales del siglo XVI (1944) liburua irakurtzean, Gipuz­koa izeneko eremu zoragarri hartan arrantzak zuen garrantzia ondorioztatzen da. 1599ko errege‑agindu batek —errege‑idaz­kari Kristobal Ipiñarrieta urretxuar ospetsuak sinatuak— korrejidoreari agintzen zion arrantza‑industriaren egoerari buruz­ko txostena egitea. Orioko arrantzaleen izenean, Josepo Etxaniz eta Lazaro Segura mintzatu ziren, eta adierazi zuten Orioko itsasadarrean mihi‑arrainak, lupiak, kolakak, izokinak, korrokoiak eta beste arrain txiki batzuk harrapatzen zituztela. Oria ibaian gora joanez gero, berriz, amuarrainek, barboek, aingirek eta izokinek heltzen omen zioten amuari. Izokinak oholesitan edo nasetan harrapatzen zituzten, eta nasa horiek itsasadarrean eraikitzeak 150 dukat balio zuen. Lau gizon aritzen ziren haien zainketa‑lanetan. Nasa horien errentaren ordainetan 1.045 kobrez­ko erreal hartu zituen Orioko udalak 1594an, eta handik lau urtera %10 gehiago.

1609an beste albiste batek oriotarren poza eragin zuen, izan ere, erregeak diru‑kopuru galanta eman zuen lehenengo arrantza‑kaiaren zimenduak jartzeko: 14.000 dukat, hain zuzen. Gabriel Hoa oriotarrak — Filipe III.a Espainiakoaren estatu‑idaz­kariak— diru‑laguntza emateko erabakian eragin zuela irizten diotenak ez dira, ez, oso oker ibiliko.

Izokin fresko hori merkatariek eta mandazainek erosten zuten, eta haien abere‑taldeekin beste eskualde batzuetara eramaten zuten. Arrain gutiziatu horren libra bakoitza bi errealen truke saltzen zuten, eta amuarrainak erreal baten truke. Oria ibaian berebiziko izokin‑mordoa zegoen: XVI. mendean Tolosako Santa Maria eliza eraikitzen jardun zuten harginek idatziz­ko protesta aurkeztu zuten, ia egunero izokina ateratzen zietelako baz­kaltzeko. Antxoa gazitua eta gozatua, hiru hilabeteko kontserbazio‑bermea zuena, frantsesek erosten zuten barra‑barra. Geroago nazioartean ospe handia hartu zuten Aginagako angulak, Oria itsasadarrean harrapatuak, Oriotik goraxeago.

Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea (Orio, 1901).

1901eko maiatzaren 14an Orion arrantzatu zuten Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea. Orioko arrantzaleek arpoia gabe dinamita erabili zuten animalia hiltzeko, galdu egin baitzituzten ohitura eta teknikak.[4] Gertaeraren oroigarri, Orioko baleari bertsoak jarri zizkion bertsolari anonimo batek, eta Benito Lertxundi oriotar kantariak Balearen bertsoak izenburuarekin famatu zituen.[5]

1903an, itsasadarra bideratzeko ez­ponda berreraikitzea eta Arribiribilla esaten zioten harkaitz arriskutsua leherraraztea erabaki zuten. Aurrekontua 22.000 pezetakoa zen, Aldundiak erdia jarri zuen, eta beste erdia Udalak eta Orioko arrantzaleen kofradiak. Geroago, itsasadarra zabaltzeko eta dragatzeko zenbait obra egin zituzten, guztiak ere premiaz­koak. Izan ere, hondar‑barra 6 oineko sakoneran geratzen zen itsasbeheran, eta 22 oineko sakoneran itsasgoran; horrexegatik, itsasontziek nahiago zuten itsasgora, zailtasun eta arrisku txikiagoz lehorreratzeko edo itsasoratzeko.

Gaur egungo egoera oso bestelakoa da: hobekuntza handiak egin dituzte eta Orioko kirol-portua eraiki dute.

  • Zaragueta Herri Eskola[6]
  • Orioko Herri Ikastola[7]
  • Ludoteka[8]
  • Gaztelekua[8]
  • Danbolin musika eskola[9]
  • Karela kiroldegia[11]
  • Arraunetxe
  • Mendibeltz futbol zelaia

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: Lehen sektorea BEGaren %7,8. Bigarren sektorea %3,8. Hirugarren sektorea %75,9. Eta eraikuntza %12,6.[12]

Orioko kale nagusia.
Orioko udaletxea (atzean).

Arrantzari lotutako herria izan da aspaldiko mendeotan Orio. Orain hamar urte baino bapore gutxiago dago, gaur egun, herrian. Gogorra da arrantzaleen bizitza, eta behera egin du, nabarmen, arrantzaren presentziak. Oraindik, hala ere, herri arrantzalea da Orio. Herriko plazaren parean lotuta, han egoten dira baporeak, portuari kolorea emanez eta herria dotore jantziz. Ederra da itsaso zabalean ibiltzen diren bapore horiek Oria ibaian atseden hartzen ikustea.

Otsaila aldean hasten dute denboraldia arrantzaleek; hasieran, antxoatan jarduten dute nagusiki, baina berdela, txitxarroa eta abar ere harrapatzen dituzte batzuetan. Otsaila eta ekaina bitartean, astelehenetik ostiralera ibiltzen dira itsasoan. Pozgarria izaten da ostiralean baporeak herrira sartzen ikustea. Giro berezia sortzen dute herrian arrantzale lehorreratu berriek: kresalaren usaina ekartzen dute, beren arrantzale zirak jantzita itsas-zaporea banatzen dute herri osora, eta han ibiltzen dira, gora eta behera, beren gurdi, sare eta abarrekin.

Uztaila hasieran, Orioko San Pedro festak izan eta gero, kanaberak hartu, eta atuna harrapatzeari ekiten diote arrantzaleek. Urrutira joan behar izaten da atunetara, eta aste beteko irteera ez da nahikoa izaten. Horregatik egin behar izaten dituzte hogei bat eguneko irteerak. Gogorra da arrantzalearen bizitza, udaberri eta udara aldean.

Hogei bat eguneko mareak egiten dituzte itsasoan, lehorrera bueltatu, eta egun bat baino ez dute izaten lagun eta senitartekoekin egoteko, hurrengo egunean, berriz itsasoratzen baitira, atunaren bila.

Abendura arte ibiltzen dira atunetan. Abenduaren 6a Orioko San Nikolas patroiaren eguna izanik, herriko festak izaten dira, eta ordurako etxean egon nahi izaten dute arrantzale guztiek. Abendutik otsailera arte lehorrean izaten dira lasai, bai oporretan, bai baporea hurrengo denboraldirako margotzen eta prestatzen.

Baxurako baporeez gainera, baporetxo txiki asko dago Orion. Ibaian barrena barreiatuta, motor asko dago herrian. Oria ibaiaren itsasadarra atzean utzi, eta txipiroitara joaten dira asko; beste asko arrain txikitara ateratzen dira (panekak, dontzeilak, itsas-kabrak... harrapatzera), eta ibaian bertan geratzen dira beste batzuk, neguko gau hotzetan, angula preziatuak harrapatzeko asmoz.

Oria ibaian gora eginez, herritik oso gertu, Aginaga dago, angulei estu-estu lotuta bizi den herria. Han saltzen dituzte Orioko anguleroek Orian harrapatutako angulak; gero, handik, mundu osoko herrialde askotara banatzen dira angulak. Txinatarrak dira angula erosle nagusiak. Arrozaren zomorro txiki guztiak jaten dituzte angulek, eta horretarako erabiltzen dituzte txinatarrek, arroz garbi-garbia lortzeko. Gero, gainera, balio handia hartzen dute angulek, han oso preziatuak baitira aingirak. Gurean, ordea, aingirari baino askoz balio handiagoa ematen zaio angulari.

Jaki oso preziatua da angula. Ezin da nonahi harrapatu, eta oso garestia izaten da. Pribilegiatuak dira asko Orion, inoiz erosi gabe, urtero jaten baitituzte angulak.

Lehorreko arrantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehorretik arrantzan jende asko jarduten da Orion. Gehienak hondartza inguruan aritzen dira, Oria ibaiaren itsasadarra leku ezin hobea baita lupiak-eta harrapatzeko. Hala ere, ibai osoan zehar, bi aldeetako edozeinetan topa daiteke noiznahi jendea arrantzan.

Gaur egun, zaila da Orioko barrara joan, eta kanaberarik ez ikustea. Behin ere jende gehiegi egoten ez bada ere, arrantzaleren bat beti izaten da barran edo hondartzaren bestaldean, harrobian. Gutxitan uzten dute hutsik hondartza ingurua. Pieza ederrak ateratzen dituzte tarteka, eta itxaropen horrekin hurbiltzen dira hara. Hala ere, arrantzan egitea bera izaten dute gozagarri: itsasoaren isiltasunarekin bakarka egotea, kresala barneratzea, ingurua gozatzea... Toki ederra da Orio, horretarako.

Orioko kirol-portua.

2021an herriak 6.096 biztanle zituen. Horietatik %16,66k 65 urte edo gehiago zuen, eta atzerrian jaiotakoak %9,82 ziren.[12]

Orioko biztanleria

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko Beñat Solaberrieta hautatu zuten alkate. Boto gehien bildu zuen alderdia EAJ izan zen arren, Solaberrietak bere alderdiaren eta Orain plataformaren botoak eskuratu zituen.[13]

2015eko udal hauteskundeetan Bilduren ondorengoa zen Euskal Herria Bildu koalizioak zinegotzi bat galdu zuen, eta PSE-EE alderdiak bat lortu zuen. Orioko Aukera Independentea herri plataformak eta EAJ alderdiak zinegotziak mantendu zituzten. Emaitza horiekin, EAJ alderdiko Jose Angel Zaldua hautatu zuten alkate, bere alderdiaren eta PSE-EE alderdiaren botoekin.[14]

2019ko udal hauteskundeetan, historian lehenengo aldiz, Euskal Herria Bildu koalizioak, 6 zinegotzi lortuta, EAJ/PNV alderdiari boto eta zinegotzi kopuruan gailentzea lortu zuen. PSE-EE eta ORAIN Orioko Aukera Independentea herri plataformak eserleku bana lortu zuten. 2019ko ekainaren 15ean, PSE-EEren eta ORAINen abstentzioekin, Anuska Esnal Oliden hautatu zen alkate.[15]

Hauteskundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alderdiak 2019 2015 2011 2007
Botoak Zinegotziak Botoak Zinegotziak Botoak Zinegotziak Botoak Zinegotziak
EH Bildu ORIO (EH Bildu) 1.257 6 890 4 1.038 5 - -
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) 1.151 5 1.133 6 1.268 6 857 4
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE-PSOE) 312 1 236 1 113 - 177 1
Orain: Orioko aukera 277 1 433 2 395 2 - -
Alderdi Popularra (PP) 38 - 60 -
Aralar 37 - 486 (EB-Brekin) 2
Eusko Abertzale Ekintza (EAE) - - 689 3
Eusko Alkartasuna (EA) - - 202 1

Hauek izan dira Orioko azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[16]
Jose Maria Lizaso Manterola[16] 1979 1983 Euzko Alderdi Jeltzalea
1983 1987 Euzko Alderdi Jeltzalea
1987 1991 Eusko Alkartasuna
1991 1995 Euzko Alderdi Jeltzalea
1995 1999 Euzko Alderdi Jeltzalea
1999 2001 a Euzko Alderdi Jeltzalea
2001 2003 Euzko Alderdi Jeltzalea
Mirari Arruabarrena 2003 2005 b Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna
Ramon Etxeberria 2005 2007 Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna
Jon Redondo 2007 2011 Euzko Alderdi Jeltzalea
Beñat Solaberrieta 2011 2015 Bildu
Jose Angel Zaldua[16] 2015 2019 Euzko Alderdi Jeltzalea
Anuska Esnal Oliden[16] 2019 Jardunean Euskal Herria Bildu

a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

b Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

Artikulu nagusia: «Orioko Alde Zaharra»
Orioko Karmele Esnalen[17] testigantza, Orioko euskaren egoeraren inguruan. Euskal Herriko Ahotsak[18] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Orioko euskara[19] gipuzkeraren aldaera bat da, Urolaldekoa. Goierriko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia[20] osatzen du Urolaldekoak[21], baina hizkera horretan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Eremu lauagoa delako eta, batez ere, Eibar-Elgoibar aldeko industriak eraginda, estuagoa eta sarriagoa izan da hartu-emana. Lexikoan azaltzen da argien lotura, baina lexikoan ez ezik, hizkuntzaren beste sail batzuetan ere ageri da mendebaleko euskararen eragina Urolaldean. 2016an herritarren % 76,68 euskalduna zen.[12]

Orioko trainerua.

Arraunketa Orioko kirol nagusia da. Orio Arraun Elkartea talde historikoa herriko ikurra da, palmares zabala baitu.

Horretaz gain, beste hainbat kirol talde ere badaude, Orioko Futbol Taldea eta Orioko Bate Bizkorrak softball taldea, esate baterako.

Herrian bi festa ospatzen dira nagusiki: sanpedroak ekainean, eta sanikolasak abenduan. Nahiko giro desberdineko festak izaten dira. San Pedro jaiak Euskal Herriko toki askotan ospatzen dira eta inguruko hainbat herritan ere bai. Hori dela eta, kanpoko jende gutxiago izan ohi da Orioko sanpedroetan, eta bertakoek egiten dute festa nagusiki. San Nikolas jaietan, berriz, kanpoko jende ugari izaten da, bi arrazoi hauengatik: batetik, beste inon ez da garai horretan festarik izaten; eta, bestetik, abenduaren 6a eta 8a jai egunak direnez, inguruko festazale guztiak Oriora bertaratzen dira.

  • Orioko udako jaia sanpedroak dira, eta egun handia ekainaren 29an ospatzen da. Arrantzaleek santuak hegaluzearen arrantzan babestuko dituela ospatzen zuten garai batean eta egun, hegaluze garaia hasi aurreko azken egunak aprobetxatzen dituzte jai giroan. Normalean, lau festa egun izaten dira: San Pedro bezpera (ekainak 28), San Pedro eguna (ekainak 29), San Pedro bigarrena (ekainak 30) eta San Pedro hirugarrena (uztailak 1).
  • Abenduaren hasierako zubian, sanikolasak ospatzen dira, herriko patroiaren festak. Normalean 5ean hasten dira eta 8an amaitu. Herria kanpotarrez betetzen da. Festa horietan euskal jai eguna ere ospatzen da.
  • Gazte festak irailaren azken aste-bukaeran egiten dira. Festa autogestionatuak dira, udalaren diru-laguntzarik gabe egiten direnak eta herriko koadrilen artean antolatuak. Arrakasta itzela dute herriko gazteen artean eta benetako herritar giroa sumatzen da.
  • San Martin auzoko festak. Azaroaren 11ren inguruan ospatzen dira, normalean, asteburuak aprobetxatuz. Herriko baserritarren festa izaten da eta tradizio handikoa da.
  • Beste jai ezagun bat Bisiguaren eguna da, azken urteotan indarra hartzen ari den ospakizuna. Hasieran, ekaineko hirugarren igandean izaten zen eta herriko sukaldarien arteko lehiaketa bat antolatzen zen. Egun, festa elitistagoa bihurtu da, herriko plazan 55 euroren truke menu berezi bat eskaintzen baitute. Festa hori uztailaren erdialdean egiten da, ahalik eta kanpotar gehien herrira biltzeko asmoz. OE edo Orio estilora markaren azpian EAJ alderdiak Orion duen izaera elitistaren azpian beste hainbat ekitaldi ere egiten dituzte, hala nola Orion Jai! edota Txuletaren Festa. Egun horietan, herriko plazan Euskal Herriko produktuen azoka izaten da.
  • Modu berean, Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) garaipen bakoitzari ospakizun txiki bat egiten zaio; herri guztia udaletxearen aurrean elkartzen da arraunlariei ongietorria emateko.
Orioko San Nikolas eliza eta kale nagusia.

Orioko kaleetatik ibiliz berehala ikusten da gastronomiak duen garrantzia. Han-hemenka, hainbat txokotan, bertako jatetxeen parrilletan ikatzarekin prestatzen dira arrainak eta haragiak.

Bisigua parrillan jaki nagusia da, baina ezin ditugu ahaztu Oria ibaian harrapatutako angulak, haragiak, antxoak edo atuna, hori guztia herrialdeko txakolin, sagardo edo ardoaz lagunduta. 2008ko Bisiguaren Egunerako, Orioko okindegi nagusiek "Bisigoxo" izeneko postrea diseinatu zuten.

Duela hamabost urte sortu zen Harribil, Orioko dantza taldea, itsas bazterreko harkaitz biribil bati izenean oinarrituta. Sortzaileen asmoa herritarrak dantzara biltzea zen. Hori bai, hamabost urte horretan, herrian dantzatzeaz gain, kanpora ere joan dira beren dantzak erakustera: Donostiako Musika Hamabostaldian, Frantziako Saint-Ciers-sur-Gironden eta Italiako Orio-Canavessen izan dira, Euskal Herriko hamaika herritan bezala. Duela zortzi urte, gazteenek erreleboa hartu zuten eta egun 30 bat gazte dabiltza hot, dantzak ikasten eta plazaratzen. Euskal dantza tradizionalak lantzetik taldean sortutako koreografiak erakustera igaro dira.

Oriotar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Orioko hondartza.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. User, Super. «3. Orioko hizkera» Orioko Udala (Noiz kontsultatua: 2021-12-15).
  4. «Gure baleak ziren» Zientzia Kaiera 2018-04-03 (Noiz kontsultatua: 2021-04-02).
  5. Benito Lertxundi: Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977) Elkar
  6. IPI Zaragueta Herri Eskola | IPI Zaragueta Herri Eskola. (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  7. «Orioko Herri Ikastola | Herri Onurako Kooperatiba» www.oriokoikastola.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  8. a b User, Super. «Ludoteka eta Gaztelekua» Orioko Udala (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  9. User, Super. «Danbolin Musika Eskola» Orioko Udala (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  10. User, Super. «Kultur Etxea» Orioko Udala (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  11. User, Super. «Karela Kiroldegia» Orioko Udala (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  12. a b c «Web Eustat. Orioko datu estatistikoak» www.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  13. Beñat Solaberrietak hartu du Orioko alkate makila Urolakostako Hitzaren webgunean[Betiko hautsitako esteka] 2011/07/15ean kontsultatua
  14. «Eskualdeko alkate berriek hartu dute kargua - Zarautz» Zarauzkohitza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  15. «Anuska Esnal Olidenek hartu du alkate makila - Orio» Karkara.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-03).
  16. a b c d «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  17. «Esnal Zulaika, Karmele - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  18. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  19. «Orio - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  20. «Sartaldekoa (G) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).
  21. «Urolaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa