[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Orion nebulosa

Koordenatuak: Zeruko mapa 05h 35m 17.3s, −05° 23′ 28″
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau nebulosari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Orion».
Orion nebulosa
Behaketa
Distantzia Lurretik1.345 ly eta 0,5 kpc
Itxurazko magnitudea (V)4
AurkitzaileaNicolas-Claude Fabri de Peiresc (mul) Itzuli
Aurkikuntza-data1610eko azaroaren 26a
KonstelazioaOrion
Abiadura erradiala27,8 km/s
Igoera zuzena83,82208 ° eta 83,81042 °
Deklinazioa−5,39111 ° eta −5,375 °
Izendapenak

Orion nebulosa[1] (baita Messier 42, M42 edo NGC 1976 izendatua ere) Esne Bidean dagoen nebulosa bat da, Orion konstelazioan dagoen Orionen gerrikoaren hegoaldean[oh 1]. Gaueko zeruan begi-hutsez ikus daiteke, nebulosa distiratsuenetako bat da. M42 Lurretik 1.344 ± 20 argi urtera dago[2][3], gertuen dagoen izarren sorrera gunea. Kalkuluen arabera, alderik alde 24 argi-urte ditu. Bere barruko masa Eguzkiarena baino 2.000 aldiz handiagoa da. Testu zaharretan ere agertzen da, askotan "Oriongo Nebula Handia" bezala. 2007ra arte urrunago eta gazteago zela uste zen.[4]

Oriongo Nebulosa gaueko zeruan gehien ikusi eta argazki gehien izan dituen objektuen artean dago, eta ikerketa ugari egiten dira bere inguruan. Nebulosa honi esker izarrak eta sistema planetarioak nola sortzen diren ezagutu ahal izan da, gas eta hautsezko hodeien kondentsazioz. Astronomoek zuzenean ikusi dituzte disko protoplanetarioak, nano marroiak, gasaren turbulentzia masiboak eta inguruko izar handien fotoionizazio prozesuak.

Ezaugarri fisikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orion nebulosa begi hutsez ikus daiteke, baita argi-kutsadura jakin bat duten eremuetatik ere. Oriongo "ezpataren" erdiko "izarra" bezala ikusten da, Orionen gerrikoaren hegoaldean dauden hiru izarrak direnak. "Izarra" lausotuta agertzen da begi zorrotzen behatzaileentzat, eta nebulositatea begi bistakoa da prismatikoen edo teleskopio txiki baten bidez. M42ren erdialdeko eskualdearen azaleraren gehienezko distira 17 Mag/arcsec2 ingurukoa da (14 mili-kandela zentimetro koadroko inguru), eta kanpoko distira urdinxkak 21,3 Mag/arcsec2 (0,27 mili-kandela zentimetro koadroko) distira du gehienez[5].

Orion nebulosaren kokapena eztabaidatzen, izarrak eratzeko eskualdearen barruan ikusten dena, eta izar-arteko haizeek nebulosaren eraketan duten eragina. (Ingelesez)

Orion nebulosak kumulu ireki oso gazte bat du, Trapezioaren Kumulua bezala ezagutzen dena, bere lau izar primarioen asterismoa dela eta, 1,5 argi urteko diametroarekin. Horietako bi sistema bitarretan konpon daitezke ikuspen oneko gauetan, guztira sei izar emanez. Trapezioko Kumuluko izarrak, beste izar askorekin batera, bizitzako lehen urteetan daude oraindik. Trapezioaren Kumulua Orionen Nebulosa askoz handiagoaren osagai bat da, 20 argi-urteko diametroan 2.800 izar inguruko elkarketa bat[6]. Oriongo nebulosa, berriz, askoz handiagoa den Oriongo hodei molekularren multzoak inguratzen du, ehunka argi-urteko diametroa duena eta Orion konstelazio osoa hartzen duena. Duela bi milioi urte, Oriongo Nebulosaren kumulua AE Aurigae, 53 Arietis eta Mu Columbae izar iheslarien etxea izan zitekeen, gaur egun 100 km/s-tik (62 mi/s) gorako abiaduran nebulosatik urruntzen direnak[7].

Orion nebulosa Orion konstelazioan kokatuta (erdialdea bano beheratxuago) middle)

Koloreztapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behatzaileek aspalditik nabaritu dute tindu berdexka bat nebulosan, eta baita gorriz eta urdin-morez betetako eskualdeak ere. Tonu gorria birkonbinazio-linearen erradiazioaren emaitza da, 656,3 nm-ko uhin-luzeran. Kolore urdin-morea O motako izar masiboek nebulosaren nukleoan islatzen duten erradiazioa da.

Tonalitate berdea buruhaustea izan zen astronomoentzat XX. mendearen hasieran, une hartan ezagutzen ziren espektro lerroetako batek ere ezin zuelako azaldu. Lerroak elementu berri batek eragin zitzakeela espekulatu zen, eta nebulium izena sortu zen material misteriotsu horretarako. Hala ere, fisika atomikoa hobeto ezagututa, espektro berdea bi aldiz ionizatutako oxigenoan probabilitate baxuko elektroien trantsizioak, "debekatutako trantsizioa" deiturikoak, eragiten zuela erabaki zen ondoren. Erradiazio hori ezinezkoa zen garai hartan laborategian erreproduzitzea, espazio sakoneko hutsune altuan dagoen inguru geldi eta ia talkarik gabekoaren mende baitzegoen[8].

Maien kulturaren ustezko herri-ipuin bat aipatu da, non Orion konstelazioko zeruaren zati bati buruz hitz egingo litzatekeen, Xibalbá izenez ezagutzen dena[9]. Bere sutegi tradizionalen erdian suak sortutako orban oso lauso bat zegoen, haientzat Oriongo nebulosa irudikatzen zuena. Egia balitz, teleskopioa asmatu baino lehen, maiek zeruan gainazal lauso bat detektatuko zuketen, izarrak bezalako puntu argitsuetan soilik ez zetzana[10]. Tradizio hau, benetan, garai aurrehispanikoetakoa balitz, harrigarria izango litzateke, zeren eta, XII. mendea ondo sartu arte, ez baita bere lainotasunari buruzko lehen erreferentzia astronomikoa egiten, ez Ptolomeo Almagestoan, ez Al Sufiren Izar Finkoen Liburuan ez baitziren horretaz ohartu, beste nebulosa batzuk aipatzen dituzten arren, Andromeda Nebulosa Handia kasu. Bitxia bada ere, Galileok ere ez du ezer aipatzen nebulosa honi buruz, nahiz eta 1610 eta 1617 artean Trapezioaren kumuluaren behaketa teleskopikoak egin zituen[11]. Honen guztiaren ondorioz, nebulosaren distira handitu egin dela espekulatu da, ordutik izar oso argitsuak sortu direlako[12].

Messierren 1771ko marrazkia.
1883ko argazkia, lehenengoa erakusten esposizio luze batekin nebulosen ezaugarri gehiago ikus zitezkeela.

Oriongo nebulosaren aurkikuntza Nicolas-Claude Fabri de Peiresc astronomo frantsesari egozten zaio, 1610eko bere idatziek adierazten duten bezala. Luzernako Johann Baptist Cysat jesuita astronomoa izan zen idatzi horiei buruzko dokumentu bat argitaratu zuen lehena (anbiguo samarra bada ere) kometa distiratsu bati buruzko liburu batean, 1618an[13][14]. Hurrengo urteetan, ospe handiko astronomo batzuek nebulosa modu independentean aurkitu zuten, Christiaan Huygens barne, eta haren zirriborroa argitaratu zen lehena izan zen, zehazki 1659an[15]. Charles Messier 1769ko martxoaren 4an ohartu zen haren existentziaz, eta, bide batez, Trapezioko kumuluko izarretako hiru izar ere ikusi zituen[16], nahiz eta hiru izar horien aurkikuntza Galileori esleitu zitzaion. Charles Messierrek 1774an argitaratu zuen bere objektu astronomikoen katalogoaren lehen edizioa, 1771n amaituta zegoen arren. Oriongo nebulosa katalogo horrek M42 izendatu zuen, aurkitu zen zerrendako 42. objektua zelako. 1865ean, William Hugginsek egindako espektroskopiak nebulosaren gas-izaera berretsi zuen. 1880ko irailaren 30ean Oriongo nebulosaren lehen astroargazkia argitaratu zen, eta pixka bat aurrerago lehenengoa baino argazki hobea, 137 minutuko esposizioarekin, biak Henry Draper astronomoak lortuak[17].

1902an, Vogelek eta Eberhardek nebulosaren barnean abiadura ezberdinak aurkitu zituzten, eta 1914an Marseillako astronomoek interferometroa erabili zuten errotazioa eta mugimendu irregularrak detektatzeko. Campbellek eta Moorek emaitza horiek espektrografoa erabiliz baieztatu zituzten, nebulosaren barruko zurrunbiloa erakutsiz[18].

1931n, Robert J. Trumplerrek Trapeziotik gertu zeuden izarrik ahulenek kumulu bat osatzen zutela ikusi zuen, eta Trapezioaren kumulua deitzen lehena izan zen. Bere magnitude eta espektro motetan oinarrituta, 1.800 argi urteko distantzia kalkulatu zuen. Distantzia hori garai hartan onartu ohi zen distantziaren estimazioa baino hiru aldiz handiagoa zen, baina balio modernotik askoz hurbilago zegoen[19].

1993an, Hubble espazio teleskopioak Oriongo nebulosa ikusi zuen lehen aldiz. Ordutik, nebulosa HSTren azterketen helburu ohikoa izan da. Irudiak nebulosaren hiru dimentsiotako eredu zehatza eraikitzeko erabili dira. Disko protoplanetarioak behatu dira nebulosan sortu berri diren izar gehienen inguruan, eta izar masiboenen energia ultramorearen maila altuen ondorio suntsitzaileak aztertu dira[20].

2005ean, Hubble espazio-teleskopioaren Advanced Camera for Surveys tresnak orain arte hartu den nebulosaren irudi zehatzena harrapatu zuen. Teleskopioaren 104 orbitatan zehar hartu zen irudia, 3.000 izar baino gehiago harrapatuz 23. magnituderaino, nano marroi sortu berriak eta balizko izar bitar marroiak barne[21]. Urtebete geroago, HSTrekin lan egiten duten zientzialariek nano bitar itzaltzaile bikote baten lehen masak iragarri zituzten, 2MASS J05352184-0546085. Bikotea Orionen nebulosan dago eta 0,054 Eguzki masa eta 0,034 Eguzki masa hurrenez hurren, 9,8 eguneko aldi orbitalarekin. Harrigarria bada ere, bietatik masiboena zen argi gutxiena zuena[22].

  1. Ipar hemisferioaren latitude ertainetan nebulosa gerrikoaren azpian ikusten da. Hego hemisferioan, bere gainetik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 173. araua. Euskaltzaindia.
  2. (Ingelesez) Hirota, Tomoya; Bushimata, Takeshi; Choi, Yoon Kyung; Honma, Mareki; Imai, Hiroshi; Iwadate, Kenzaburo; Jike, Takaaki; Kameno, Seiji et al.. (2007-10-25). «Distance to Orion KL Measured with VERA» Publications of the Astronomical Society of Japan 59 (5): 897–903.  doi:10.1093/pasj/59.5.897. ISSN 0004-6264. (Noiz kontsultatua: 2018-10-22).
  3. (Ingelesez) Reid, M. J.; Menten, K. M.; Zheng, X. W.; Brunthaler, A.; Moscadelli, L.; Xu, Y.; Zhang, B.; Sato, M. et al.. (2009-06-30). «TRIGONOMETRIC PARALLAXES OF MASSIVE STAR-FORMING REGIONS. VI. GALACTIC STRUCTURE, FUNDAMENTAL PARAMETERS, AND NONCIRCULAR MOTIONS» The Astrophysical Journal 700 (1): 137–148.  doi:10.1088/0004-637X/700/1/137. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2018-10-22).
  4. Oihane, Lakar Iraizoz. (2007-10-15). «Orion nebulosa, hurbilago eta zaharragoa» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  5. «Clarkvision.com Surface Brightness of Deep-Sky Objects» clarkvision.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  6. (Ingelesez) Hillenbrand, Lynne A.; Hartmann, Lee W.. (1998-01-10). «A Preliminary Study of the Orion Nebula Cluster Structure and Dynamics» The Astrophysical Journal 492 (2): 540.  doi:10.1086/305076. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  7. (Ingelesez) Blaauw, A.; Morgan, W. W.. (1954-05). «The Space Motions of AE Aurigae and μ Columbae with Respect to the Orion Nebula.» The Astrophysical Journal 119: 625.  doi:10.1086/145866. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  8. (Ingelesez) Bowen, I. S.. (1927-10). «The Origin of the Nebulium Spectrum» Nature 120 (3022): 473–473.  doi:10.1038/120473a0. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  9. «Seed: Transcending Death» web.archive.org 2007-09-29 (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  10. The Oxford encyclopedia of Mesoamerican cultures : the civilizations of Mexico and Central America. Oxford University Press 2001 ISBN 0-19-510815-9. PMC 44019111. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  11. «archive.ph» archive.ph (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  12. Herczeg, Tibor. (1998-01-01). «The Orion Nebula: A chapter of early nebular studies» Acta Historica Astronomiae 3: 246–258. ISSN 0003-2670. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  13. (Ingelesez) Scientific American. Munn & Company 1916 (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  14. Lynn, W. T.. (1887-06-01). «First discovery of the great nebula in Orion» The Observatory 10: 232–233. ISSN 0029-7704. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  15. Lachièze-Rey, Marc. (2001). Celestial treasury : from the music of the spheres to the conquest of space. Cambridge University Press ISBN 0-521-80040-4. PMC 45991394. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  16. Harrison, T. G.. (1984-03-01). «The Orion Nebula - where in History is it?» Quarterly Journal of the Royal Astronomical Society 25: 65–79. ISSN 0035-8738. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  17. Hearnshaw, J. B.. (1996). The measurement of starlight : two centuries of astronomical photometry. Cambridge University Press ISBN 0-521-40393-6. PMC 32855489. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  18. Campbell, W. W.; Moore, J. H.. (1917-06-01). «On the Radial Velocities of the Orion Nebula» Publications of the Astronomical Society of the Pacific 29: 143.  doi:10.1086/122612. ISSN 0004-6280. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  19. Trumpler, R. J.. (1931-08-01). «The Distance of the Orion Nebula» Publications of the Astronomical Society of the Pacific 43: 255.  doi:10.1086/124134. ISSN 0004-6280. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  20. «Exploring News & Features - Latest investigations of Orion Nebula reduce odds of planet formation» web.archive.org 2006-05-27 (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  21. Robberto, M.; O'Dell, R. C.; Hillenbrand, L. A.; Simon, M.; Soderblom, D.; Feigelson, E.; Krist, J.; McCullough, P. et al.. (2005-12-01). An overview of the HST Treasury Program on the Orion Nebula. , 146.01 or. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  22. (Ingelesez) Stassun, Keivan G.; Mathieu, Robert D.; Valenti, Jeff A.. (2006-03). «Discovery of two young brown dwarfs in an eclipsing binary system» Nature 440 (7082): 311–314.  doi:10.1038/nature04570. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]