[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Okil txiki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Okil txiki
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPiciformes
FamiliaPicidae
GeneroaDryobates
Espeziea Dryobates minor
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera26 cm

Okil txikia (Dendrocopos minor) pizidoen familiako hegaztia da, Eurasiako basoetan bizi dena[1].

Euskal Herriko eta Europako okilen artean txikiena da. Gainerako generokideen antzekotasun morfologiko handia duen arren, haiek guztiak baino nabarmen txikiagoa da. Euskal Herriko baso-ingurune ia guztietan aurki daiteke, baso hosto-erorkorretan eta ibai ertzeko basoetan batez ere, baina ez da oso ugaria. Interes bereziko espeziea da EAEn eta Nafarroan.

Tamaina txikiko okila da, 25-30 cm bitarteko hego-zabalera eta 13-14 cm inguruko gorputz-luzera duena. 20-30 g inguruan pisatu ohi du. Bizkarraldea eta hegoen goialdea beltzak dira, marra horizontalak eratzen dituzten orban zuridunak. Sabelaldea eta hegoen azpialdea, aldiz, zuriak dira eta kolore arreko orbanak izan ohi dituzte. Burua zuria da, baina mokoaren ertzetik lepoaldera hedatzen den orban beltza eta kaxko beltza nabarmentzen dira. Kopeta zuria da. Arrek kolore gorriko pileoa izaten dute eta zuria izan ohi da emeen kasuan. Hankak eta mokoa grisak dira.

Okil txikiaren banaketa, Hego Euskal Herrian eta Espainiako Erresuman.

Eurasia osoan hedaturiko espezia da, Atlantikoko kostaldetik Ozeano Pazifikoko kostalderaino aurki baitaiteke. Espezie nagusiki kontinentala izanik, populazio ugarienak Eurasiako kostaldeko barnealdean daude. Iparraldeko muga Eskandinaviako iparraldeko kostaldeak ezartzen du, eta hegoaldekoa, berriz, Mediterraneo itsasoak.

Iberiar Penintsulako populazio nagusiak Euskal Herrian, Katalunia ipar-ekialdean eta Erdialdeko Sistemaren mendebaldean ezagutzen dira, nahiz eta beste leku batzuetan han-hemenka ere aurkitu izan den.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eremu guztian aurki daiteke, eta Nafarroa Garaian iparraldean eta Ebro ibaiaren ertzetan da ugariena. Pirinioetan ez da horren ugaria.

Baso hostoerorkorrei, hariztiei batez ere, eta ibai-ertzeko basoei loturiko espeziea da. Okil handiaren (Dendrocopos major) antzeko habitatetan bizi da.

Egurreko intsektuez elikatzen da batez ere, baina ez da egurra zulatzen maiz ibiltzen[2]. Udan egurraren, orbelaren eta hostoen gaineko intsektuez elikatzen da, landare zorriez eta bestelako intsektuez[3]. Neguan, berriz, egurraz elikatzen diren intsektu-larbak bilatzen ditu adar txikiak eta makiltxoak zulatuz[4].

Hildako edo egur usteldudun zuhaitzetan egiten du habia[5]. 3-5 cm-ko diametroa izaten du.

Okil txikiaren populazio gehienak egoiliarrak dira, baina bizi-eremuak sarri alda ditzakete[2].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gerard GORMAN (2004): Woodpeckers of Europe: A Study of the European Picidae. Bruce Coleman. ISBN 1-872842-05-4
  2. a b Stanley CRAMP (1985): The Birds of the Western Palearctic. Oxford University Press. Oxford
  3. U. WIKTANDER, S.G. NILSSON, O. OLSSON, A. STAGEN(1994): Breeding success of a lesser spotted woodpecker Dendrocopos minor population. Ibis, 136: 318–322
  4. Ola OLSSON (1998): Through the eyes of a woodpecker: understanding habitat selection, territory quality and reproductive decisions from individual behaviour. Lund University. Lund
  5. U. WIKTANDER, O. OLSSON, S.G. NILSSON (1991): Annual and seasonal reproductive trends in the lesser spotted woodpecker Dendrocopos minor. Ibis, 143: 72–82

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]