Islamiar arkitektura
Islamiar arkitektura edo arkitektura islamikoa Islamaren kultura duten edo izan dutenen arkitektura da, erlijio honen sorreratik gaur arte, batez ere Al-Andalus eta India arteko eskualdeetan garatu dena. Horrela, arkitektura mota honen eraikinak Espainian, Afrikaren iparraldean, Ekialde Hurbilean, Iranen, Indian eta Txinan aurkitzen dira.
Arkitektura honen eraikin nagusiak meskita, jauregia, hilobia eta gotorlekuak dira, nahiz eta beste hainbat tipo garatu, hala nola, bainutegi publikoak, iturriak eta etxebizitzak.
Arkitektura-kultura honen elementu nagusiak zutabea, arkua eta kupula dira, hiru elementu hauen konbinaziotik lortzen baitu bere originaltasuna. Jatorria persiar arkitekturan, batez ere Partiakoan, duela esan ohi da, nahiz eta inguruko kulturetako eragin ugari izan, adibidez bizantziar arkitekturak eragindakoa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Islamaren zabalkundearen garaiko arteak kristau eta bizantziar estiloak hartu zituen bere baitan -forma helenistikoen eta erromatarren isla-, eta baita Pertsiako tradizio artistikoak ere. Islamaren aurreko Arabiak ez zien ezer berezirik utzi hurrengo belaunaldiei, idazkera apaingarria izan ezik.
Arabiarrak herri nomadak zirenez gero, ez zuten monumenturik eraikitzen. Mahomet profeta hil eta hurrengo mendean, edozein leku izan zitekeen islamiarren otoitz gune, berdin zion eliza kristaua izan, musulmanek otoitzerako hartua, edo lauki formako soro bat, harresi batez mugatua. Baina VII. mende bukaeratik aurrera, islamiar buruzagiek, erabat erroturik zeudelarik beren mendean hartutako lurraldeetan ordurako, meskita eta jauregi handiak eraikitzen hasi ziren, beren boterearen adierazgarri, beren eraikuntza berriak islamaren aurreko eraikuntza guztien gainetik nabarmentzea nahi baitzuten, bai tamainaz bai distiraz.
Esan liteke arkitektura musulmana Sirian sortu zela omeiarren garaian eta joera elkarren oso desberdinak bildu zituen, bizantziarra, pertsiarra eta egiptoarra esaterako. Arkitektura horrek ez zuen simetriarik ia, aurretik proiektu bat egin gabe eraikitzen zirela lanak dirudi. Bestalde, musulmanen eraikuntzek ez zioten berrikuntzarik ekarri arkitekturari, eta eraikuntza horietan apaingarriak dira osagai nagusiak, eraikuntzen barrualdekoak batez ere. Eraikuntzetako beste osagai aipagarrietako bat kupulak dira, ekialdeko musulman arkitekturan erabiliak gehienbat. Ferra arkua, erdi puntuko arkua, arku zorrotza, etab. erabiltzen ziren, baina Al-Andalusen ferra arku bisigodoa erabili zen gehiena.
Meskitak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitektura eraikin nagusiak erlijiozkoak ziren, meskitak, hilobiak eta madrasak, hain zuzen ere. Baina meskita zen eraikuntza guztien artean nagusia.
Seljuktarrak islamiar munduko herri nagusi bihurtu zirenean meskita eredu berri bat osatu zuten ; garai berri horren adibide da Ispahango meskita (XI. mendea). XV. mendean, ordea, Tabrizeko Meskita Urdinarekin, eredu berri bat sortu zen, zabalkunde handia izan zuena. Patiorik gabeko meskitak ziren, erdian areto zabal bat eta estalki gisa kupula handi bat zutenak. Garai hartan minareteak gero eta garaiagoak eraikitzen zituzten: oinarria oktogonala zuten, eta zilindro ikusgarri bat izaten zen dorrea. Otomandar turkiarrek, Konstantinopla mendean hartu ondoren, Hagia Sofia tenplu kristaua meskita bihurtu zuten eta harekin eredu berri bat sortu zuten, bizantziar tenpluaren tankerakoa. Eredu horren adibide dira Istanbuleko Suleiman Handiaren Meskita (XVI. mendea) eta Meskita Urdina (XVII. mende hasiera).
Jerusalemgo Arrokaren Kupularen meskita handia (692an amaitua) izan zen musulmanen lehenengo eraikuntza handia. Deanbulatorioaren gainean du kupula. Hormak eta arkuak mosaikoz apaindurik daude goitik-behera, landare gaiez eta ordu arte ohikoak ez ziren beste zenbait osagaiez ere: bitxiak eta koroak, iraniar jatorrizko teilatu hegalak, zuhaitz handiak.
Damaskoko Meskita Handia 706-715 urteetan eraiki zen gutxi gora-behera, omeiarren garaian alegia. Meskita hori ereduzko meskita gisa har daiteke. Antzinako erromatar santutegi baten gainean eraiki zen. Hauek dira meskita horren atal nagusiak : arkupez inguratutako patioa (sala), erdian iturri bat duena, otoitz aretora (harani) sartu aurretik fededunak garbi daitezen ; santutegia (mihrab) otoitz aretoan dago, kanpoko harresira erantsia ; eta dorrea edo minaretea, patioko harresian, Mekarantz begira. Hormak Bizantzioko mosaiko beiratu ederrez daude apainduak. Gaur egun arte iritsi diren mosaiko horietako zatiak paisaia eta arkitektura ikuspegiak dira, inguruan apaindura ugariak dituztenak urrearen gainean eginak.
Samarrako Meskita Handia da lehenengo kalifen arkitektura lan aipagarrietako bat (848-852), munduko meskita handienetako bat tamainaz ; 38.000 m²-ko eremua du. Eremu horren ia erdia 464 zutabek eutsitako zurezko teilatu batek estaltzen zuen. Teilatua eta antzina hormak apaintzen zituzten mosaikoak desagertu egin dira ia erabat. Minaretea da eraikuntza horren ezaugarri nagusia. Eskailera kiribil batek inguratzen du minarete, eta horretatik igotzen da tontorreko plataformara ; egitura horrek antzinako Mesopotamiako ziguratak ekartzen ditu gogora.
Kordobako Meskita hartu behar da eredutzat Samarrako Meskita Handia nolakoa zen irudikatzeko (786an eraikitzen hasia). Kordobako meskitak, 1236an hiria konkistatu ondoren gurtza kristaura egokitu bazen ere, egitura islamiarra du oinarri-oinarrian. Jatorrizko oina Samarrakoaren antzekoa zuen. Eraiki eta berrogeita hamar urtera handitu egin zuten meskita, eta arkuak erantsi zitzaizkion ; 961-965 bitartean arkupea zabaldu zen berriz ere, eta zortzi habearte erantsi zitzaizkion handik hogei urtera. Eranskin ugari horien bidez, ikus daiteke argi eta garbi antzinako meskitak zenbateraino ziren malguak, eraikuntza laukoiztu baitzitekeen oinarrizko eredutik baztertu gabe. Sarreran zutabe sail bat ikusten da ; arku behereenak ferra arkuak dira, zutabe apal eta mehetatik sortuak. Zutabe horiek arkuez gainera harrizko habeak eusten dituzte, eta horiek bigarren arku ilara bati eusten diote.
Madrasak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Madrasak ikasteko guneak ziren (Korana ikasteko guneak, batez ere) eta meskitari erantsita egoten ziren ; liburutegiak, irakurketa aretoak, gelak eta zenbaitetan ikasleentzat logelak ere izaten zituzten. Lehenengo madrasak XI. mendean eraiki ziren, eta meskitako patioaren ondo-ondoan egoten ziren. Madrasa nagusietako bat Hasan sultanaren Kairokoa da, seljuktarren garaikoa.
Jauregiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jauregiak kalifen edo emirren bizilekua ziren, eta ez zegoen jauregi eredu jakinik.
Oro har, lorategi eta iturri ugari izaten zituzten. Aipatzekoa da Granadako Alhambra Jauregia, estilo guztiz moriskoan eraikia. Hura izan zen Behe Erdi Aroan Iberiar Penintsulan eraiki zen azken gotorleku musulmana. Jauregiko alderdi aberatsena, Lehoien Patioa eta haren inguruko pabiloiak, 1354-1391 bitartean eraiki ziren. Zutabeak fin-finak dira eta oso forma berezietako arku goratuak eusten dituzte ; hain dira bereziak arkuetako formak, eta hain daude era berezian elkarri loturik, ezen amaraun bat osatzen dutela esan daitekeen. Jauregiaren barrualdeko geletan ere apaindura edenak eta landuak daude igeltsuaren gainean, simetria eta erritmo handikoak.
Hilobiak, bainutegiak eta beste
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilobiak Ekialdean eraiki ziren batez ere. Askotan, meskitekin batera eraikitzen ziren ; lauki formakoak izaten ziren, kupula batez amaituak. Era horretakoa da Samarkandako Tamerlanen Hilobia (XV. mende hasiera).
Bestalde, bainutegiak eraikuntza publikoak ziren ; Bagdaden esate baterako, bi nola bat bainutegi zeuden, eta Kordoban bostehun inguru.
Hirietan ohikoak ziren, bestalde, ostatuak, karabanetan batetik bestera joan-etorrian ibiltzen zirenentzat eraikiak. Oina lauki-zuzena zuten, eta patio baten inguruan eraikiak egoten ziren ; beheko solairuan gordelekua zuten, eta goiko solairuetan logelak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.