[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Iruña-Veleia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 42°50′32″N 2°47′15″W / 42.8422°N 2.7875°W / 42.8422; -2.7875
Artikulu hau erdi-babestua dago. Erabiltzaile anonimoek ezin dute aldatu.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Iruña-Veleia
Kultura ondasuna
Veleiako eraikin erromatar baten hondakin zaharberrituak. Zisterna edo castellum aquae batenak izan daitezke.
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaIruña Oka
Koordenatuak42°50′32″N 2°47′15″W / 42.8422°N 2.7875°W / 42.8422; -2.7875
Map
Historia
GaraiaBurdin Aroa, Antzinaroa, Erdi Aroa eta Brontze Aroa
Garaia(k)Brontze Aroa-Erdi Aroa
KulturaKaristiar, erromatar
Indusketa
Indusketa datakXIX. mendea-egun
ZuzendariakFlorencio Janer, Jaime Berastegi, Gratiniano Nieto, Juan Carlos Elorza, Eliseo Gil

Iruña-Veleia Arabako Iruña Oka udalerrian kokatutako aztarnategi historikoa da, lurralde historikoan dagoen garrantzitsuena, Erromatar Inperioaren garaikoa. Zadorra ibaiak sortzen duen bihurgune baten erdiko muinoan kokatzen da, ingurunearen baliabide topografikoak baliatuz, Arkitz ezproi gainean[1], Arkitz deituriko herrixka indigenaren gainean, Tresponde eta Biloda herrien artean, Gasteiztik 11 kilometrora.

2006an aurkikuntza epigrafiko harrigarri batzuk egin ziren, aitzineuskarari, hasierako kristautasunaren sinboloei eta egiptoar hieroglifoei buruz zientzialariek ordu arte ezarritakoa irauliko luketenak, antza. Polemika bizia piztu zen. Ofizialki eratutako aditu taldearen ebazpenak aurkikuntzok faltsutzat hartu zituen, eta aitzineuskarako aditu guztiak bat etorri dira ebazpen horrekin; baina beste arlo batzuetako aditu batzuek eta zenbait herritarrek babestu egin dute Iruña-Veleiako aurkikuntza horien egiazkotasuna.

Italian erromatar garaiko beste Veleia bat dago gaur egungo Emilia-Romagna eskualdean, Augusto enperadorearen garaian Regio VIII Aemilia zena.[2]

Aztarnategia

Iruña-Veleiako aztarnategiak 1.500 urteko historia biltzen du.

Brontze eta Burdin Aroak (K. a. I. milurtekoa)

Iruña guneko lehen finkamendua Brontze Arokoa omen da, K. a. I. milurteko osoan hedatu zena. Topatutako etxeak laukizuzen eta zirkulu erakoak dira, gertuko Atxako herrixkan aurkitutakoen antzerakoak. Erromatarren garai aurreko Zaldizkoaren estela aurkikuntza nabarmentzekoa da.

Erromatar garaia (K. o. I-V. mendeak)

Iruña-Veleiako aztarnategiaren XIX. mendeko planoa, Lorenzo Prestamerok egina. «Mendoza» jartzen duen tokian, Tresponde dago egiaz; eta «TresPuentes» dioen lekuan, berriz, Billoda.

Iruña-Veleiak kokapen garrantzitsua izan zuen Ab Asturica Burdigalam erromatar bidean. Horixe uste izan da, gutxienez, hiria Antoninoren Ibilbideko Veleia zelakoan, horren froga irmorik topatu ez bada ere. Zirku erromatarra ere bazuen hiriak.

Erromatar oppiduma IV. mendekoak omen diren harresiez gotortuta dago. 1.200 metroko luzerako harresiek antzinako hiriaren zati bat ixten zuten, 11 hektareako azalerakoa. Harresiak eraikitzeko lehenagoko beste eraikin batzuen osagaiak probestu ziren (zutabe-zatiak, esaterako). Aipatzekoak dira arrosa-leihodun mosaikoaren domusa eta Pompeya Valentinaren domusa.

Erdi Aroa

Arkeologia frogek aditzera ematen dutenez, hiribilduak Goi Erdi Aroaren hasieran bigarren loraldia izan zuen, eta gero abandonatu zuten. Zenbait historialariren iritziz, Iruña Veleia Leovigildo errege godoak sortutako Victoriacum izan liteke (batzuetan, egungo Gasteiz dela pentsatu izan da).[3] Artean, izan ere, hiribilduaren zati handi baten indusketak egitea falta da.

Alfontso errege asturiarrak 743 aldera Ebro inguruan egindako kanpainan Velegia bat baino gehiago aipatzen da. Hurrengo hamarkadetan, halaber, Velegia Alabense oppidum bat aipatzen da Kordobako armadak egindako sarraldi batean.

Iruñako aurkikuntzak XVI. mendean jada hasi ziren, 1585ean Arkaia doktoreak «hantxe aurkitutako estatuak» aipatu baitzituen. Urte hartan aurkitu zuen aztarnategia Diego Salvatierrak.

2006ko aurkikuntzak

Sakontzeko, irakurri: «Veleia afera»

2006an, Pompeia Valentina etxean, I. mendean eraikia eta V. mende arte etengabe erabilia, multzo epigrafiko bat aurkitu omen zen, gela hertsi batean. Oihartzun handia izan zuen hedabideetan: «munduan parekorik ez duena», «erromatar garaiko garrantzitsuenetakoa» zela zioten. Hasierako une haietan ere, zenbait arkeologo eta euskaltzain mesfidati agertu ziren.[4] Ondorengo hauek aurkitu omen ziren, besteak beste:

  • 270 idazkun eta marrazki, ostraka zeramika zatietan eginak. Batzuek Egiptoko historiaren hainbat pasarte adierazten zuten, horietako zenbait idazkera hieroglifikoan. Ikertzaileen arabera, hieroglifiko horiek ere «anakronikoak» eta «faltsukeria» dira.[5]
  • Egiazkoa izan balitz, mundu osoan aurkitutako kalbarioaren (Jesusen gurutziltzatzea) lehen irudikapen izango litzatekeena, hori ere faltsua adituen esanetan.[6]

Multzo epigrafiko horren garrantzia Ponpeia, Erroma edo Vindolanda (Ingalaterra) aztarnategietan egindakoekin alderatu zuten ikerlari batzuek, hainbat espezialistak faltsutzat jo baino lehen. Hala ere, auzia bizirik dago, eta zenbait adituk laidotzat jo dute aurkeztutako ustezko 400 froga arkeologikoen koherentzia estratigrafikoa zalantzan jarri izana, eta sinestezintzat jo dute «faltsugileek» horrelako ustezko faltsuketa kopuruak egin ahal izatea.[7]

Herrian ere, ezinegona sortu du auziaren egungo egoerak, eragile instituzionalek auzia orain arte ondo ebatzi ez dutelakoan, eta 2018ko ekainean babes zabala lortu zuen Euskal Herrian auzia argitzearen aldeko manifestuak.[8]

2024ko aurkikuntza: Zirku erromatarra

2024an, aztarnategiaren gainazalaren analisi zehatz bat egin zen, 251 hektareako azalera batean, eta lur azpian kronologia erromatarreko eraikin eta azpiegiturak zeudela ikusi zen. Aurkitutakoen artean, kaleak (batzuetan arkupedunak), espazio publikoak, etxebizitza auzoak, ustez gurtza kolektiborako ziren eraikinak, eta ur hornidurarekin edo hiri bilbearen saneamenduarekin lotutako azpiegiturak bazeuden, eta aurkikuntza handiena gisa aurkeztu zena, zirku erromatarra. Hala ere, indusketak egin bitartean, eraikinen aztarnak agertuko diren edo bakarrik lurrean utzitako arrastoa, hori ezin dela argitu eta zuhurtzia eskatu zuren aztarnategiko lanen arduradunek.[9]

Erreferentziak

  1. Iruña Veleiako arkeologi gunea. .
  2. (Italieraz) «Veleia» Complesso Monumentale della Pilotta (Noiz kontsultatua: 2020-05-03).
  3. «VICTORIACUM - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
  4. «Erromatar garaiko aztarnarik garrantzitsuenetakoak aurkitu dituzte Veleian», Argia, 2006-06-09.
  5. «Veleia: disparateen zerrenda», Sustatu, 2008-11-20.
  6. «Iruña-Veleiako aurkikuntzak faltsuak direla baieztatu dute zientzialariek»[Betiko hautsitako esteka], EITB.com, 2008-11-20.
  7. (Ingelesez) Berria.eus. «Ezinezkoa da Iruña-Veleiako 400 grafitoak faltsifikatzea» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-31).
  8. «Babes zabala lortu du Veleia auzia argitzearen aldeko manifestuak» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-03-31).
  9. Arabako Foru Aldundia, Prentsa. (2024-07-17). «Ikerketa baten ondorioz Arabako hiri erromatar baten zirku eta hiri eremu ezezagunak aurkitu dira» prentsa.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).

Ikus, gainera

Kanpo estekak


Artikuluak

Liburuak

  • BARANDIARAN AMILLANO, Alberto: Veleia afera. Elkar. 2010. (Kazetaritza. Kronika).