Ian Paisley
Ian Richard Kyle Paisley (Armagh, 1926ko apirilaren 6a - Belfast, 2014ko irailaren 12a) Ipar Irlandako politikaria eta elizgizona izan zen. Eliza presbiteriano baten fundatzailea, DUP alderdiko burua ere izan zen. Erresuma Batuko parlamentuko kidea izan zen 1970z geroztik. Ipar Irlandako Asanbladan ere bazeukan bere eserlekua hauteskundeetan lortuta. Azken urteetan DUP unionisten artean alderdi nagusia bilakatu zen, UUPren lekukoa hartuta. Autore joria izanda, ezagunak dira Errromako Eliza Katolikoren kontrako kritikak, baita homosexualitatearen legeztatzekoaren aurkakoak ere.
Eliza presbiteriarreko ministro zen, baina Eliza horrekin bat ez zetorrela eta, Ipar Irlandako Eliza presbiteriar askea sortu zuen 1951n. Ulster eta Britainia Handiaren arteko batasunaren alde agertu zen hasieratik eta oso prediku bortitzak egin zituen katolikoen aurka. Protestante bortizkeriazaleen buruzagi zela, Belfasteko legebiltzarrerako hautatu zuten 1970ean eta Britainiako legebiltzarrerako handik gutxira. Europako Parlamentuko diputatua izan zen 1979az geroztik. 1981ean protestanteek osaturiko talde paramilitarra antolatu zuen; Liverpoolgo berritzaile protestanteen elizaren aitzindaria izan zen 1982tik aurrera.
Irlandako bake negoziazioak hasi zirenean, Paisley elkarrizketetara gonbidatu zuten (1992); hasieratik izan ziren arazo larriak, ez bakarrik bi komunitateen artean, baina unionisten artean ere. Paisley eta bere taldea unionistetan gogorrenak ziren. Izan ere, bake prozesua erabat ukatzen zuen Paisleyk, Ulsterrari autonomia politiko handia ematea baitzuen oinarrian. 1992ko abenduan Downing Streeteko Deklarazioa, bake akordioaren aurrekoa, kaleratu zenean, Paisleyk britainiar gobernua IRAko hiltzaileekin negoziatu izanaz salatu zuen, eta irlandarren interesei traizioa agiteaz. 1995etik aurrera, bake prozesuak aurrera egin ahala, beti ahalegindu da Paisley prozesu hori oztopatzen eta geldiarazten.
IRAk bere armak suntsitu ondoren gutxinaka prozesuaren alde egin eta denbora batez Sinn Feinekin gobernuan egon zen Ian Paisley, Martin McGuinness lehen ministroaren ondoko zuela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ian Paisley |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.