[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Iñaki de Juana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iñaki de Juana
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé Ignacio de Juana Chaos
JaiotzaLegazpi1955eko irailaren 21a (69 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolizia, terrorista eta idazlea
Enplegatzailea(k)Ertzaintza
KidetzaFuerza Nueva
Euskadi Ta Askatasuna

Iñaki de Juana Chaos (José Ignacio de Juana Chaos;[1] Legazpi, Gipuzkoa, 1955eko irailaren 21a) ETAko kidea izateagatik hainbat urtez preso egondakoa da. 2010eko martxoaren 1ean, Belfasten (Ipar Irlanda) bizi zela, bertako epaitegiek Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaera onartu eta De Juana espainiaratzea ebatzi zuen.[2]

25 hilketatan parte hartu izanagatik kondenatuta, 3000 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Espetxean 18 urte igaro ondoren, kartzelaldia bukatzear zegoenean, Garan idatzitako bi iritzi artikulutan (Gallizo eta El Escudo izenekoak) 5 espetxe-funtzionario mehatxatzeagatik, 12 urte eta 7 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten. 2006ko azaroaren 6tik 2007ko martxoaren 1era gose-greban egon zen zigor hori kentzeko exijituz. Egun Belfasten bizi da (Ipar Irlanda) eta bere aurkako euroagindu bat dago, bere ongi etorri ekitaldian irakurri zen gutuna dela eta.

Epe labur batean ertzaina zelarik, Ertzaintzaren koartelean komandokide batzuekin pistolak eta hainbeste arma lapurtu ondoren, 1983an klandestinitatean murgildu zen, poliziatik ihesi, ETAko militante bati lehen aipatutako Ertzaintzaren arma batzuk aurkitu ondoren. 1987ko urtarrilean atxilotu zuten, eta atxiloketaren ondoren, tortura gogorrak jasan zituela salatu zuen. Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan, ETAk presoen egoera negoziatzeko bitartekaria izendatu zuen Iñaki de Juana, besteak beste.

Iñaki de Juanaren gose-grebak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxealdia bukatzeko zorian zegoelarik, Espainiako hainbat komunikabidek Iñaki de Juanaren kaleratzearen kontra egin zuten, damuturik ez zegoela eta aipatutako gutunak eragindako sumina jasanezina zela argudiatuz. J. F. López Aguilar Espainiako Justizia Ministroak berak adierazi zuen salaketak "eraiki" behar zirela De Juanak kartzelan jarrai zezan. Horren protestan, 2006ko abuztuaren 7an lehenengo gose grebari ekin zion, zeinak 63 egun iraun baitzuen. Gose greba hau familiak eta lagunek egindako eskaerengatik bukatu zuela adierazi zuen De Juanak berak.

2006ko urriaren 27an, tartean kalera atera gabe eta ETAko su-etena indarrean zegoenean, hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalak aipatutako mehatxuengatiko delituaren epaiketa. Azaroaren 7an, aipatutako 12 urteko eta 7 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Auzitegi Gorenean ebazpen honen kontrako helegite bat aurkeztu dute. Aurreko egunean berriro ekin zion gose grebari, espetxealdia betea zeukanez aska zezaten aldarrikatzeko.

Ondoren, Auzitegi Nazionalaren aginduz, bere borondatearen aurka elikatu zuten De Juana, hiltzeko arriskua zela eta. 2007ko urtarrilaren 25ean, presoaren osasun larria zela medio, Auzitegi Nazionalak De Juanaren zigorraren egoera arintzea eztabaidatu zuen, baina 12 epaileren aurkako botoarekin eta soilik lauren aldekorekin, ez zen zigorra arindu. Auzitegi Nazionalak, AVTren eskaerari jarraituz, idatzitako liburuengatiko egile-eskubideak enbargatu zizkion.

Bi egun geroago De Juanaren ama hil zen, urte bat eta erdiz pairaturiko zuen gaixotasun larria zela eta. Ama bizirik bisitatu ahal izatea izan zen De Juana kaleratzeko emandako argudioetako bat.

Otsailaren 5ean, gose greban 91 egun betetzen zituenean, The Times egunkari ingelesak elkarrizketa bat kaleratu zuen, ospitaleko argazki batzuekin batera. Bertan, Espainiako Gobernuari bake elkarrizketak berrabiatzeko eskaera luzatu zuen. Elkarrizketa honek hedapen handia izan zuen, eta Maria Teresa Fernández de la Vega espainiako gobernuaren bozeramaleak ondorioak izango zituela esan zuen. Hurrengo egunean, otsailaren 6an, The Timesek editoriala idatzi zuen gai honen inguruan.

Otsailaren 8an Audientzia Nazionalak berriro ukatu zion De Juana kalera ateratzea, presoaren abokatuak eginiko errekurtso bati erantzunez. Egun berean Amnesty Internationalek ukatu zion babesa, biolentzia erabiltzen zuela argudiatua. Otsailaren 12an Espainiako Epaitegi Gorenak bere zigorra 3 urtera jaitsi zuen, artikuluetan mehatxuak egiten zituela argudiatuz, baina ez mehatxu terroristak.

Martxoaren 1ean, bere egoera larria zela eta, Espainiako Gobernuak bere Donostiako etxera bueltatzeko baimena eman zion, zaintzape telematikoan zigorra betetzeko. Egun horretan bertan, gose greba utziko zuela publikoki azaldu zuen presoak.

Ekainaren 6an, ETAk su-etena amaitutzat jo eta hurrengo egunera, Iñaki de Juana Donostia Ospitaletik atera eta Madrilgo espetxe batera eraman zuten.

2008ko uztailean, polemika piztu zen berriz ere De Juanaren inguruan Espainiako hedabide batzuetan. Abuztuaren 2an kaleratu behar zutela eta, Donostiako bere etxe inguruan ETAren biktimen familiak bizi zirela zabaldu zuten eta, testuinguru horretan, Espainiako fiskaltzak De Juanaren emaztearen etxea enbargatzeko eskatu zuen. Gauzak horrela, uztailaren 16an De Juanak gose greba mugagabeari ekiten ziola jakinarazi zuen, bere eta bere familiaren aurkako "presioa eta toxikazioa" salatzeko eta, oro har, "Euskal Preso Politikoen Kolektiboak pairatzen duen egoera latza" salatzeko.[3]

Abuztuaren 2an kalera irten ondoren ez zen bere omenez Donostiako Alde Zaharrean eginiko ekitaldira joan eta Euskal Herritik atera zen,[4] Belfastera.[5] Hala ere handik denbora gutxira Espainiako Audientzia Nazionalean ekitaldi horretan irakurri zen gutun baten inguruan deklaratzera deitu zuten. De Juana ez zen epaitegira agertu eta bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak. 2008ko azaroaren 17n Belfasteko auzitegian aurkeztu zen bere aurka zegoen euroaginduari erantzuteko asmoz. Epaileak aske utzi zuen 5.000 libera esterlinako fiantzarekin.[6]

Literatur lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxealdian bi liburu idatzi ditu (liburuon egile eskubideak enbargaturik ditu):

  • Egunak - osorik eskuragarri Susa argitaletxearen eskutik.
  • La Senda del Abismo

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]