Henri Castro
Henri Castro | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Baiona, 1786ko uztailaren 17a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Monterrey, 1865eko azaroaren 3a (79 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | diplomazialaria eta empresario (en) |
Moïse Henriques de Castro,[1] ezagunagoa Henri Castro bezala (Baiona, 1786ko uztailaren 17a[2] - Monterrey, 1865eko azaroaren 3a) lapurtar konde, diplomazialari eta empresario-a izan zen,[3] Texasko (Ameriketako Estatu Batuak) kolonizazioan parte hartze garrantzitsua izan zuena.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Henriques de Castro familia sefardia zen, 1492tik Espainiatik egotzi ostean Portugalen kokatua.[4] XVIII. mende hasieran Inkisizioaren jazarpenarengatik Portugaldik ere alde egin behar izan zuten,[5] munduko hainbat lekutan kokatuz: Britainia Handia, Herbehereak, India, Alemania, Danimarka, Suedia, Frantzia...[6] Portugaldik herrialde hauetara iritsitako familia sefardi gehienak aberatsak ziren (bidaia ordaindu ahal izan zutenak);[7] horrela ziren Baionara ailegatutako Henriques de Castrotarrak ere,[8] judu asko bezala, Santizpirita auzoan kokatu zirenak.[9]
Frantziar Inperioaren garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1805 inguruan, Landetako departamentuko Administrazioak Henri Castro gaztea Napoleon Bonaparteri harrera egitea enkargatu zioten, haren omenezko festa batean[8] (Santizpirita, artean, Landetako departamenduaren parte baitzen[9]); artean 19 urte zituen.
1806ean, Napoleonek deituriko bilera batean parte hartu zuen, juduen erlijio-kultuari buruz hitz egiteko: Sanedrin Handia, eta Pirinio Apaletako eta Landetako juduen ordezkaritzak bildu ziren; eta azken honen ordezkari bezala joan ziren Henri Castro, Patto gaztea eta Abraham Andrade Santizpiritako errabinoa.
Castro Frantziar Inperioaren armadan sartu zen, 1806an bertan mobilizatu zelarik. Iberiar Penintsulako Gerran Jean de Dieu Soult generalaren aginduetara borrokatuz, Jose I. erregea koroatu zen garaian.[10] 1813an Marie Amelia Mathias alargun aberatsarekin ezkondu zen, zeinak 50.000 liberatako dotea ezarri zuen.[10] 1814ean Pariseko Goardiaren 1. Legioan ofiziala zen, eta Parisko batailan Bon-Adrien Jeannot de Moncey generalaren aginduetara borrokatu zen Clichyko Langan. Bonapartista askok egin bezala, Enperadorearen porrotaren ostean Castrok Ameriketako Estatu Batuetarantz jo zuen.[8]
Diplomazia eta enpresa giroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1820ean joan zen emaztearekin,[2] eta urte batzuetan bere berririk ez dago. Hurrengo albisteak 1827koak dira: urte horretan estatubatuar herritartasuna eskuratu zuen eta Napoliko Erresumaren kontsul-orde lana betetzen zuen Providence hirian, Rhode Island estatuan. Garai honetan, itxuraz, enpresarien giroan murgildua zebilen.[8]
1838an Frantziara itzuli zen, Jacques Laffitte herrikidearen banketxe ospetsuan lanean hasiz, besteak beste Luis Filipe erregearentzat lan egiten zuena. James Hamilton Texasko mandatariak haiengana jo zuen, Texasko Errepublika sortu berriarentzako mailegu bat eskuratu nahian; Castro bitartekari lanean aritu zen, eta maileguarenak aurrera egin ez bazuen ere, bere ahalegina eskertzeko Sam Houston lehendakariak Parisen Texasko kontsul orokor izendatu zuen.[11] Garai horretan Castro Frantziarentzako lurrak kolonizatzearen proiektuetan sartu zen; eta proiektu horien enbaxadore legez joan zen Texasera.[8]
Texasko kolonizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1842an, Houston lehendakariaren eskutik zenbait lur lortu zituen San Antonio hego-mendebaldean, Bexar probintzian, Medina ibaiaren ibarrean: 271000 akre, zeinetatik 38000 berarentzat izango ziren, kolonizazio prozesua gauzatzeko baldintzarekin.[12] Castrorekin batera, beste zenbait empresariok[3] ere (Pirson belgiarra, Fischer alemana, Bourgeois d'Orvanne frantsesa eta William Kennedy ingelesa) tamaina bertsuko lur sailak eskuratu zituzten.
Beraz empresario bihurtzeaz gain.[8] Castro armadore bihurtu zen, etorkinez betetako itsasontziak fletatuz: lehenengoa 1843an (Ebro ontzia, Le Havretik); 1847ra arte beste 6 ontzi fletatu zituen. Guztira gutxienez 2134 kolono europar ekarri zituen:[2] 485 familia eta 457 gizon ezkongabe.[8] Haiekin Castroville (1844), Quihi (1845), Vandenburg (1846, gaur egun abandonatua[13]) eta D'Hanis (1847) herriak sortu zituen.
Kolonoei zenbait aurre-baldintza eskatzen zitzaizkien: besteak beste, ez zuten aurrekari kriminalik izan behar eta "karakter ona" izan behar zuten. Hortaz gain, 32 dolar ordaindu behar izaten zuten itsasontzi bidaiarengatik, eta beraien erremintak ekarri behar zituzten. Debekatuta zuten indigenei pattarra, bolbora eta su-armak saltzea. Castroren aldetik, lehorreko bidaia ordaintzen zien, eta familia bakoitzari 640 akretako lur saila ematen zien Medina ibaiaren ondoan (gizon ezkongabeei, 320 akre[14]). Etxe bat eraikitzeko adinako materiala ere ematen zien (Castroville izango zenaren etxeak eraiki ziren artean, kolonoentzat aterpe amankomun bat prestatu zuen[14]), eta lehen uzta jaso ahal izan arteko janaria bermatzen zien. Baldintza horiek bete ezkero, kolonoek lurraren zati baten jabe bihurtzeko aukera zuten.[12] Empresarioek Administrazioarekin eginiko kontratuaren arabera, kolonizazio prozesua ez bazen gauzatzen, lurrak Texasko Estatura itzuli behar zitzaizkion; kolonizazioa ongi joan ezkero, berriz, empresarioek ordain bezala kolonoek landutako lurraren erdia jasotzeko eskubidea zuten.[15]
Prozesu honetan Castrok arazoak izan zituen: Frantziaren lehentasuna Aljeriako kolonizazio prozesua zen;[16] bestalde, Mexiko eta AEBen artean piztutako gerrak kolonoen etorrera oztopatu zuen; honek Castrori Administrazioarekin arazoak ekarri zizkion, kolonizazio kontratua bete ezinik. Gainera, indigenen erasoak jasan zituzten; baita plagak eta kolera-izurria ere.[17] Bestalde, handik urteetara, kolono batzuek ez zioten zegozkien lurrak itzuli nahi izan.[8] Gainera, azkenean, kolonoentzat izan behar ziren lurretatik asko espekulatzaileen esku erori ziren.[15]
Kolonizazio jardueran Castro Texasko bigarren empresario garrantzitsuena izan zen, Stephen F. Austinen ondotik; gainera, honen aldean, Castrok kolonoekiko ardura gehiago erakusten zuen ("seme-alabak bezala" hartzen zituen, eta kontratuan adostutakoa baino lur gehiago eman ohi zien[18]), bere ondasun pertsonalak kolonizazio prozesua errazteko erabiltzeraino. Honek, lehengo arazoei gehituta, bere enpresa porrot ekonomikora eraman zuen 1845ean; orduan kolonizazio esleipena eskualdatu zuen, belgiar enpresa baten mesedetan.[12]
Henrik eta Mariek adopzioan hartutako lau haur ekarri zituzten Frantziatik;[18] hasieran Castroville herrian bizi izan ziren; 1860rako familia San Antoniora aldatu zen. Gero Henri eta Lorenzo semea Eagle Passera joan ziren familiaren merkataritza negozioan lan egitera. Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilean, jatorri europarreko beste texar asko bezala, Castrok Mexikora ihes egin zuen. 1865ean Monterreyn hil zen.[15]
Kolonoen jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontratua eskuratu zuenean, Castrok errekrutatu zituen lehen kolonoak Meuse, Doubs, Saona Garaia eta Paris ingurukoak ziren. Baina kolonoak ezin izan ziren esleitutako lurretaraino ailegatu, urte horietan mexikarrak Rio Grande igarota texarrekin borroka gogorretan aritu zirelako zona horretan. Honek Castro texar-frantziar Administrazioetako arduradunen aurrean gaizki utzi zuen, plana ezin beteta; Castrok urtebeteko luzapena eskatu zion Texasko Jaurlaritzari. Orduan, kolonoak errazago errekrutatzeko, Frantzia ekialdeko probintzietara jo zuen, tradizionalki Ameriketara emigratu izan zutenak. Ordutik aurrera, Castrok propaganda batez ere Renania inguruan (Alsazia) egin zuen, eta hango kolonoak nagusitu ziren. Castroren bidez etorritako kolonoen ondorengo askok alsaziar ohiturak, folklorea, arkitektura[19] eta hizkuntza mantendu dute.[20]
Omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1876an, Texasko Panhandleko Castro Konderria bere omenez izendatu zuen.[11]
Bestelako jakingarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerran Mexikora joan zenean, Castrovillen familiak izan zuen lehen etxea Lorenzo semearen esku geratu zen; honek 1872an saldu zuen, eta gaur egunean bed & breakfast motako ostatua da.[14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ The Jews and the expansion of Europe to the west, 1450 to 1800. 2001 ISBN 1-78238-976-8. PMC 922700444. (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «HENRI CASTRO» Sfarad.es 2019-07-17 (Noiz kontsultatua: 2022-04-17).
- ↑ a b Izen honekin, Administrazioak (lehenik mexikarrak, gero texarrak) lurraldea populatzeko ardura hartzen zuten ekintzaileak izendatzen zituen: Estatuak lurrak esleitzen zizkien, bertan kolonoak sartzearen truke.
- ↑ Ben Brith, Joseph. (2001). Die Odyssee der Henrique-Familie. Lang ISBN 3-631-37953-6. PMC 48478905. (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ «CASTRO, DE, FAMILY - JewishEncyclopedia.com» www.jewishencyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-20).
- ↑ Steinhardt, Inacio. The Henriques de Castro Saga. (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ 1911-1978., Szajkowski, Zosa,. (1970). Jews and the French Revolutions of 1789, 1830 and 1848.. Ktav Pub. House ISBN 0-87068-000-5. PMC 58591. (Noiz kontsultatua: 2022-04-20).
- ↑ a b c d e f g h (Frantsesez) Fouché, Nicole. (1992). Emigration alsacienne aux Etats-Unis, 1815-1870. Publications de la Sorbonne ISBN 978-2-85944-217-0. (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
- ↑ a b Zink, Anne. (2004). «L'émergence de Saint-Esprit-lès-Bayonne» Archives Juives 37 (1): 9. doi: . ISSN 0003-9837. (Noiz kontsultatua: 2022-04-20).
- ↑ a b «Henri Castro | AmericansAll» americansall.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ a b (Ingelesez) «Henri Castro Historical Marker» www.hmdb.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-17).
- ↑ a b c (Ingelesez) Kownslar, Allan O.; Antonio, University of Texas Institute of Texan Cultures at San. (2004). The European Texans. Texas A&M University Press ISBN 978-1-58544-352-9. (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
- ↑ «Vandenberg - Texas Ghost Town» www.ghosttowns.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-20).
- ↑ a b c (Ingelesez) Henri Castro – Castroville Texas Chamber of Commerce. (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ a b c (Ingelesez) Morgenthaler, Jefferson. (2009-07-13). Promised Land: Solms, Castro, and Sam Houston's Colonization Contracts. Texas A&M University Press ISBN 978-1-60344-119-3. (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
- ↑ (Thailandieraz) hmong.wiki. «Henri Castro Vida tempranayConcesiones de tierras de la República de Texas» hmong.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ (Ingelesez) McLoone, Juli. (2014-11-03). «Castroville: An Alsatian Settlement on the Texas Frontier» The Top Shelf (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ a b (Ingelesez) «Site of the Homestead of Henri Castro» TEXAS HISTORICAL MARKERS (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ (Frantsesez) «Castroville» Lost in the USA (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
- ↑ (Frantsesez) «Castroville, ville d’Alsaciens au Texas, a perdu une partie de son âme avec le décès de Justin Jungman, cow-boy originaire du Haut-Rhin» France 3 Grand Est (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).