Franco Modigliani
Franco Modigliani (Erroma (Italia), 1918ko ekainaren 18a - New York (AEB), 2003ko irailaren 25a) italiar jatorriko estatubatuar ekonomialaria izan zen. Aurrezkiari eta finantza-merkatuei buruz egin zituen azterketa aitzindariek Ekonomiako Nobel saria irabaztera eraman zuten 1985ean. Erroman jaio bazen ere, jatorri judua zuenez eta ideia antifaxistak medio, Italia utzi beharrean izan zen 1939an.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Franco Modigliani Erroman jaio zen, Italian, 1918ko ekainaren 18an. 13 urte besterik ez zituen Enrico aita, galdu zuenean. Pediatra zen hura eta familia Franco, aita bezala, sendagile egingo zen ustean zegoen. Baina Modigliani gazteak 17 urterekin Visconti Lizeoan ikasketak bukatu zituenean, Zuzenbideko ikasketak egiteari eman zion. Bigarren urtea zuen unibertsitatean ekonomia gai zuen entsegu batek zientzia honetarantz bultzatu zuenean[1].
Ikasle antifaxisten hurbiltasunak Mussoliniren aurka jarri zuen. 1938an, gerora emazte bilakatuko zen Serena Calabiren sendiak gonbidatu zuen Parisera. 1939ko maiatzean ezkonduko zen Serenarekin eta Francok ikasketekin jarraitu zuen Sorbonan.
1939ko ekainean itzuli zen Erromara doktoretza tesia irakurtzeko xedean, baina, urte bereko abuztuan, bikotea AEBra joan zen, II. Mundu Gerraren bezperan New Yorkera iritsi zirelarik. 1946an lortu zuen AEBko hiritartasuna eta, handik aurrera, Modiglianiren karrera osoa itsasoz bestalde garatuko zen.
1962tik aurrera, Columbia, Illinois, Northwestern eta Carnegie Mellon unibertsitateetan izan zen Ekonomia irakasle eta Massachusetts Institute of Technologyko (MIT) Ekonomia Departamenduan egin zuen lan 25 urtez, behintzat.
Era berean, finantza-merkatuak eta inbertitzaileen itxaropenak lotzen zituen eredu bat sortu zuen.
Ekarpen nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresaren balioaren teoria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Merton Millerrekin batera, Modigliani-Miller teorema garatu zuen enpresaren ekonomia finantzarioaren alorrean. Honen arabera, baldintza konkretu batzuk betez gero, enpresari berdin zaio akzio bidez (berezko finantzazioa) ala zorraren bidez (besteren finantzazioa) finantzatzea. Inbertsio erabakiak finantzazio erabakiekiko independenteki hartu behar dira enpresan. Enpresaren proiektu bat baliagarria den ala ez erabakitzeko, etorkizuneko errentagarritasunari nola eragiten dion aurreikusi behar da eta, hobetzera joango balitz, nola finantzatuko den erabaki beharko da.
Beraz, teoria honen arabera, enpresaren dibidenduen politika ez zaio akzionistari inporta, ez baitu bere balio intrintsekoa aldatzen; akzionistari berdin zaio balioa enpresan depositon egotea ala enpresak, periodikoki, parte bat berari transferitzea.
Kontsumitzailearen aurrezkiaren zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomiaren aurrezki maila esplikatzeko zikloaren hipotesia ere asmatu zuen. Modiglianiren ustez, kontsumitzaileak sarrera egonkorrak izateko ahaleginetan egoten dira beti, urtero aurrezkiak pilatuz eta, lanik ez denean egiten, berriz, aurreztutakoa xahutuz.
Oinarrian, Keynesen Teoria Orokorra dago, 1936an, merkatu ekonomia batean, nazio-errenta eta aurrezki orokor baten arteko erlazioak adieraziz.
1957an, Milton Friedmanek etengabeko errenten hipotesia formulatu zuen. Honen arabera, norbanakoaren sarrerak bi multzotan banatuta daude: etengabea bata, beharrezkoa kontsumo eta aurrezkiaren artean erabakitzeko; eta trantsitorioa bestea. Hiru urte lehenago, Modigliani eta bere ikaslea zen Richard Brumbergek bere hipotesia aurkeztu zuten, kontsumitzaile bakoitzaren zikloan txertatua. Ideia hau jarraituz, kontsumitzailearen bizitzan, sarrerek kanpai forma dute: baxuak hasieran, garaiak erdian eta berriro baxuak erretiro garaian. Gazteak izango dira kreditura joko dutenak, helduak gehien aurreztuko dutenak eta agureek, berriz, aurrezkiak xahutuko dituzte.
Hipotesi hauek aplikazio ugari dute ekonomian. Horietako bat da faktore ekonomiko eta faktore demografikoek determinatzen dutela aurrezki osoa. Faktore demografikoen artean, biztanleriaren adinen estruktura eta bizitza-itxaropenak daude.
Defizit publikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]60ko hamarkadan, Modiglianik gastu publikoa finantzatzeko era hoberenaren bila aritu zen: zerga gehiago ala zor fiskala emendatuz. Ondorioen artean, herrialde baten garapen ekonomikoak eragiten duen defizit publikoaren ondorio negatiboaz ohartu zen[2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]