Errebote
- Artikulu hau pilota-jokoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Errebote (saskibaloia)».
Errebotea[1] egun jokatzen diren pilota jokoen artean zaharrenetakoa da. Luzeko pilota jokoa da; hau da, luzean jokatzen da, plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita eta pilota alde batetik bestera jaurtiz. Pilota xisteraz jo ohi da, eta geratu eskularruz ere bai; sakea baino ez da egiten esku hutsez. Luzeko pilota jokoetatik gaur egun indar handiena duena da, segur aski, errebotea.
Pilota joko modu hau oso ikusgarria da eta zaletasun handia zuen Euskal Herriko leku askotan. Hori bai, plaza handi eta luzeak behar ditu jokatzeko, eta horietako gutxi geratzen dira, batez ere Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian herri askotan dago zaletasuna eta jolas taldea, baina Hego Euskal Herrian urte askoan Donostiako Zubietan eta Billabonan soilik izan dira, eta gerora Oiartzun gehitu zaie. Plaza luzeak, aldiz, badira Hegoaldeko beste zenbait herritan ere, hala nola Andoainen eta Erronkarin. Azken hori Julian Gaiarrek bere jaioterriari egindako oparia da. Bilboko Otxarkoaga auzoan bada errebote-plaza bat baina ez da erabiltzen.
Arauak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldeak bost lagunekoak dira gaur egun; antzina, laukoak izaten ziren. Pilotak alde batetik bestera botatzeko eskularruak eta zumitzezko xisterak erabiltzen dira. Aintzinean, guante luzeaz ere aritzen ziren, Gaintxiki Senperetarrak xistera arinagoa asmatu artean. Saskiarekin ez da atxikirik onartzen, naiz eta guantearekin konparatuta, txirrist egiten delarik, xisteraz atxiki ttipia egiten onartzen den; pilota hartu eta bota praktikoki une berean egin behar da. Teknika zaila eta ikusgarria da. Eskularrua erabiltzen duten jokalarien lana gehiago da aurkariaren pilota geratzea, kantxaren beste aldera jaurtitzea baino. Pilotak 125-150 gramo artekoak izaten dira.
Luzeko pilota joko guztietan bezala, kintzeka eta jokoka kontatzen da: 15, 30, 40 eta jokoa. Kontatzeko modua tenisaren berbera da, baina tenisa sortu baino askoz lehenago kontatzen zen Euskal Herrian kintzeka luzeko jokoetan. 13 joko lortzean irabazten da partida. 40na berdinduz gero, "ados jaunak ados" esaten du "xaxariak" eta jarraian bi kintzeko aldea irabazi behar du taldeetako batek jokoa lortzeko, beraz lortu arte iraun dezake jokoak denbora mugarik gabe.
Jokalekuak 80-100 metro luze eta 16-20 metro zabalekoak dira gehienetan. Gutxienez pareta nagusi bat izaten dute, sarritan bi, eta pareta horietan errebote egin dezake pilotak pilotariak jo baino lehen: hortik datorkio izena modalitateari. Botarria, sakarria edo botiloa errebote-pareta nagusitik 32 metrora ipintzen da, bi eremuak zatitzen dituen pasamarran. Eremu bat bestea baino luzeagoa gertatzen da, beraz.
Sakea eskuz egiten da: pilotari botarrian botea eraginda, pareta nagusira bidaltzen da. Pilotak botea 5 metrotako laukian sartuta egin behar du, pareta ukituz edo lurra ukituz, eta han xisteradunen batek, pilotak pareta ukitu ondoren, ez lehenago plazaren beste alderatz jotzen du, helburua pilota beste taldearen eremuan bukatzea delarik, lehen botean. Kintzea beste taldekoek pilota kanpora botatzean edo sakea duen taldearen eremuan bi bote baino gehiagoren ondoren jotzean lortzen da. Errestoa duen taldearen eremuan, pilotak bi bote egiten baditu, pilotak pareta heldu baino lehen gelditzen bada arraia lortu daiteke, eta pareta ukitzen badu kintzea. Taldeek joko eremua aldatu beharko dute, arraia batekin talde bat 40 era heldu bada edo bi arraia lortzen badira bidez. Arraiak 32 metroko eremuan bakarrik lortu daitezke, eta sakea duen taldearen helburuetako bat izango da, horrela lortu bait dezake, errestoko eremuan jokatzea.
Txapelketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enrique Abril errebote txapelketa[2] da modalitate honetako hegoaldeko txapelketa garrantzitsuena. Iparraldean Euskal Herriko txapelketa eta Frantziakoa jokatzen dira. Iparraldean jokoak gainbeehra izan zuenean guerra medio, hegoaldean Teodoro Ernandorena mediku eta errebote afizionatu sutsuak 1932 euskeraz errebote araua idatzi zuen eta 1930 Hazparne Villabona norgeiagoka sustatu zuen, oraindik jokatzen dena Uztailaren 31 guztietan Amasa Villabonako errebote plazan. Torneo Internacional de Rebote sortu eta sustatzea proposatu eta gero 1963 tik Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen du. Uda eta udazkenaren mugan jokatu ohi da, irailean eta urrian.
Enrique Abril pilotari eta dibulgatzailearen omenez, haren izenarekin jokatzen da 1975etik, errebotearen aldeko lan ugari egin baitzuen: adibidez, Dos siglos de Pelota Vasca. En defensa del juego de "Rebote" liburua idatzi zuen 1971n.
Gipuzkoan errebotearen modalitatea gorde den plazetan jokatu ohi da txapelketa: hasieran, Donostiako Zubietan eta Villabonan soilik jokatu izan zen urte luzez; gerora, haietaz gainera, Oiartzungo plazan ere jokatzen dira txapelketako partida batzuk. Errebote eta luzeko plaza asko izan dira euskal herrian, hegoaldean asko desagertu edo eraldatu dira, blean aritzeko pilotalekuen eraikuntzen eraginez.
Jean Haritxelhar pilotari eta pilotazalea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jean Haritxelhar euskaltzainburua pilotazale amorratua zen. Erreboteko txapelduna izan zen Frantzian Baigorriko taldearekin.[3]
1968az geroz ordea Pilotako Federazioan ere sartua baitzen, 1970ean berriz Pilota aldizkaria sortua baitzuen. Hainbat artikulu argitaratu zituen, gehienak euskal pilotaz orokorrean baina erreboteaz eta laxoaz batez ere.
- Le rabot et la longue. Contribution à l’histoire de la pelote au XIXe siècle. (1994) Bulletin du Musée Basque, 1-24 or..[6]
Iparraldeko Pilotarien Biltzarra elkarteko lehendakaria izan zen 28 urtez 1980tik. Hegoaldeko Pilotarien Batzarra geroago sortu zen eta Haritxelharri omenaldia egin zion 1986an Markinan. [3]
Egundainotik pilota maite zuen eta 1943an Zaharrer Segitaldeak luzeko xapelgoa irabazi zuela, Errekalde, Olçomendy anaiak, Petrikorena eta Haritschelharrekin. “Ikasleak” erreboteko taldean ere jokatu zuen besteak beste hauekin: Doyharzabal, Piztia, eskuin I. Larrea, Paul eta Jean Fagoaga eta Jimmy Etcheberry.[8]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Errebotearen arautegia "Joko zuzenen arauak" kapituluan ikus 3. atala. Euskal Herriko Pilota Konfederazioaren webgunean
- ↑ Enrique Abril txapelketa Gipuzkoako Federazioaren web ofizialeko orria
- ↑ a b Arraztoa, Tiburcio, 1952-. (D.L. 2010). Laxoa la pelota en la plaza. Cénlit ISBN 978-84-96634-60-2. PMC 776278561. (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
- ↑ (Frantsesez) Haritschelhar, Jean. (1964). «Le "lachua" aux Aldudes» kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
- ↑ «Le "lachua" aux Aldudes. - Euskal kultura prentsan - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
- ↑ (Frantsesez) Haritxelhar, Jean. (1994). Le rabot et la longue. Contribution à l’histoire de la pelote au XIXe siècle. Bulletin du Musée Basque, 1-24 or..
- ↑ Haritschelhar, Jean. (2002). Laxotik errabotera. ASJU.
- ↑ Jean Haritschelhar Manuel Lekuona Saria. Eusko Ikaskuntza.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) ABRIL, Enrique (1971): Dos siglos de Pelota Vasca. En defensa del juego de "Rebote". Donostia: Aurrezki Kutxa Munizipala.
- (Gaztelaniaz) Implantación del juego de pelota en los centros históricos. Grados de implantación del juego en la arquitectura. (D. Carballo, 2017, doktorego-tesia)