[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Elur-bola Lurra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alaskako bankisaren ikuspegi bat. Beharbada halakoa zen lurrazal guztia Elur bola lur bezala ezagutzen den izotz aroan.

Elur bola lurra (ingelesez Snowball Earth) glaziazio globala edo superglaziazioa Garai Kriogenikoan mundu mailako glaziazio bat edo gehiago gertatu zela defendatzen duen hipotesi paleoklimatiko bat da, glaziazio horietan kontinente eta ozeano guztiak izotz geruza handi batez estalita geratuko zirelarik, -50 gradu zentigraduko bataz besteko tenperaturara iritsiz. Hortaz, garai horretan, Lurra, espazioan zehar, izotzezko bola zuri bat bezala joango zen, eta hortik bere izen esanguratsu hau.

Hipotesi hau defendatzen dutenek hamar milioi urte gutxienez iraungo zuela diote, gertakari hau Lurrean gertatutako glaziaziorik handiena izateaz gain iraunkorrena ere izango litzatekeelarik. Biosferan izan zuen eragina hain handia izan zen bizitza lurretik desagertzeko zorian egon zela. Duela 750 milioi urte eta duela 580 milioi urte bitartean gertatutako lau glaziazio global proposatu dira, eta, beraz, Elur bola lur izena, batzuetan modu generikoan erabiltzen da ia mundu mailako edozein glaziaziori erreferentzia egiteko, eta ez soilik duela 750 milioi urte gertatu zenari.

Teoria, oraindik, zientzialarien artean eztabaidagai da. Bereziki, berau eragin zuen mekanismoa eta bere benetako hedadurari buruzko adostasun falta dago. Zientzialariren batzuk, erregistro geologikoaren berinterpretazio batean oinarrituta, mundu mailakoa izan zela ukatzen dute, pleistozenoan gertatutako glaziazioen mailara murriztuz.

Teoria honen egungo formulazioa Hoffmani ematen zaion arren, sorkuntza moteleko teoria bat da, bost hamarkadatan zehar zientzialari ugariren lanaren ondorio, denbora horretan zehar ebidentzia gehiago metatzen eta bere planteamenduak fintzen joan direlarik. 1985etik aurrera, argitaratutako artikulu zientifikoen kopurua nabarmen hazi da, ziuraski egungo aldaketa klimatikoak eragindako ezinegonaren handitzearekin lotuta.

Proterozoikoko glaziar metaketen existentzia 1871tik frogatua dago, eskoziar aztarnategiei buruz Thomsonek eginiko ikerketen argitalpenarekin. Ordutik, bata bestearen atzean munduko toki ezberdinetan aztarnategi berriak aurkitu ziren.

Sir Douglas Mawson (1882-1958) geologoa proposatzen da mundu mailako glaziazio batez hitzegin zuen lehen pertsona bezala, ordurako jada hogeitamar artikulu argitaratu ziren aztarnategi berriei buruz. Antartikako esploratzaile honek Australia hegoaldean tilita metaketak aurkitu zituen, hauei, kontinenteen banaketa aldaezin baten sinesmena jarraituz, jatorri ekuatoriala eman zielarik, eta, ondorioz, mundu mailako glaziazio bat proposatu zuen.

1964an W. B. Harlandek Svalbarden eta Groenlandian ia ekuatoreko latitudeetan metatuak izan ziren tiliten existentzia frogatzen zuten datu paleomagnetikoak aurkeztu zituen. Alabaina, 1960ko hamarkadan plaken tektonikaren teoria bera eztabaidagai zen, eta bai kontinenteen berantolaketa zein mundu mailako glazioazioa bera zabalki kritikatuak izan ziren.

Harlanden hipotesiak babes handia jaso zuen Mikhail Budikok, klimatologia kuantitatiboaren sortzaileetako bat bezala hartzen den zientzialari ospetsu bat zena, sumendien hauts igorpenaren eta orbita aldaketen ondorio ziren eguzkiaren erradiazio aldaketek kliman zuten eragina ikertzeko eredu numeriko bat garatu zuenean (Milankovitxen zikloak). Bere ereduaren funtsezko zati bat izotzaren albedoaren berabiarazte mekanismoa zen. Emaitzek ziotenez, izotz geruza 50 gradura iristen zenean planeta guztia izotzez estaltzeko moduko albedoaren berabiarazte kontrolaezin bat sortzen zuela. Eredua laugarren aroan zehar gertatutako klima aldaketak aztertzeko garatu zen arren, mundu mailako glaziazioak gerta zitezkeela frogatzen zuen.

Ozeano erdiko dortsaletako fumarola beltzak Lurreko bizitzarentzako "azken babeslekua" izan zitezkeen glaziazio globalen garaian.

1977an ozeano dortsaletan fumarola beltzak aurkitu izanak, eta hauekin lotutako bizidun extremofilo talde garrantzitsuen existentziak, garapenerako eguzkirik behar ez dutenak, teoriaren beste oztopo bat bota zuen. Halako ekosistemetan bizitzak halako glaziazio bati biziraun ahal izango zion.

Ekarpen guzti hauen laburpen bezala, 1992an J. L. Kirschivinkek lehen aldiz "elur bola lur" izena proposatu zuen. Liburu atal labur baten formalki adierazten zuen teoria, balizko glaziazio mekanismo bat eta iheseko beste bat proposatuz eta kontraste hipotetikoa emanez. Bere aburuz, neoproterozoikoan kontinenteak nagusiki ekuatorean zehar banatuta egoteak lurraren albedoa handitu zuen hain zuzen ere planetan erradiazio gehien jaso eta hodei gutxien zituen tokietan. Eragin hau bizitua izan zitekeen erreflexio handiko azaleko itsasoak ere existitu baziren. Albedoaren handitze hau, zioenez, glaziazio ekuatorial bat abiarazteko nahikoa izan zitekeen. Garai glazial honetatik irteera bere jatorria sumendietan zuen karbono dioxido metaketak eragindako negutegi efektu batengatik gerta zitekeen, eta ozeanoen eta lurraren berau xurgatzeko gaitasunaren gelditzeagatik erraztua, biak ala biak izotzaren bidez atmosferatik bananduak. Irteera honetarako beharrezko baldintza bat poloetako tenperatura -80 gradu zentigradotara ez iristea zen, orduan, karbono dioxido guztia izotz lehor bezala eroriko baitzen, Marteren poloetan gertatzen den bezala, atmosfera negutegi efektuko gasik gabe utziz. Mekanismo honek egiaztatuak izan litezkeen zenbait eragin izango lituzke:

1: Garaiko glaziar metaketa guztien sinkronia handi bat beharko litzateke. 2: Hauek antzekotasun estratigrafiko handia izango lukete. 3: Oxigenorik gabeko itsaso baten beroxigenatzearen ondorio izango liratekeen argilita laminatuzko geruza garrantzitsuak agertu beharko lirateke.

1998an, Paul Hoffmanek eta bere taldeak bultzada berri eta behin betiko bat eman zioten teoria honi, antzinako Kongoko kratoiari zegozkion Namibiako eraketa geologiko garrantzitsuen azterketa estratigrafiko eta isotopikoarekin. Zabaltasuna, iraupena eta biosferan izan zuen eraginari buruzko datu berriak eman zituen. Euren ikerketen alderik harrigarriena, maila geologikoan, glaziazio fasetik tenperatura altuzko negutegi fase baterako bapateko trantsizio baten ebidentziak izan ziren. Hoffmanek hori, ordurarte aire azpiko geruzetan metatutako jatorri bolkanikozko karbono dioxidoaren askapen atmosferikoaren ondorio zela uste izan zuen. Bapateko trantsizio honek tiliten gainean karbonatatutako metaketen eraketa eta zerrendatutako burdinezko buztinen eraketa azaltzen zituen. Uste denez, karbono dioxidoaren kontzentrazioa oso kopuru urritik gaur egungoa baino 350 aldiz handiagoa zen kontzentraziora pasa zen. Karbonatoen azterketa isotopikoak glaziar estratuetako karbonoa 13Cn oso baxua zela adierazi zuen, itsasoko bizi aktibitatea ia hutsa zela adierazten zuena. Isotopo honen fluktuazioek, gainera, garai hartan, zenbait glaziazio eta desizozte ziklo egon zirela ere adierazten zuten.

NASAren simulazioaren emaitzak.

Azkenik, frantziar CNRSan lan egiten duen Yannick Donnadieu klimatologoak zuzendutako DTM (Deep Time Modelling) frantziar-estatubatuar taldeak, GEOCLIM ereduaren simulazio informatikoen laguntzarekin, glaziazio hau eragin zuten arrazoiei buruzko eztabaida berritu du. Euren simulazioen arabera, Rodinia superkontinentearen zatitzeak isurketaren handitzea erraztu zuen, eta, ondorioz, baita silikatuen meteorizazioaren bidez, karbono dioxido atmosferikoaren kontsumo handiagoa ere. Emaitza bezala, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa glaziazioa abiaraztea ahalbidetuko luketen beharrezko baloreetaraino jeistea eragingo zuen.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]