Efesoarrei Gutuna
Epistola efesoarrei Bibliako Itun Berriko liburu bat da. Asia Txikiko Efesoko hiriko biztanleei idatzitako gutun bat da, eta egilea, eliz tradizioaren arabera, Paulo Tartsokoa izan zen. Dena den, aditu gehienek uste dute Paulo Tartsokoaren ikasleren batek idatzi zuela. Epistola hau, filipostarrei, kolosarrei eta Filemoni idatzitako epistolekin batera, «Presoaldiko Gutunak» deiturikoen sortan sartzen da, haietan Paulok preso dagoela aipatzen baitu.
Testuinguru historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asia izeneko erromatar probintziako hiriburua zen Efeso K.a. 133az gero; Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko komunikazioaren gune garrantzitsua zen. Efeso oso ezaguna zen: filosofia eta kultura-mugimenduak, artea eta zenbait erlijioren kultuak bertan biltzen ziren.
Bere bigarren apostolu-ibilaldian (K.o. 50 eta 52 urte bitartean) egonaldi laburra egin zuen Paulok Efeson (Eg 18,19-21). Hirugarren ibilaldian, berriz (K.o. 53 eta 58 urte bitartean), ia hiru urtez gelditu zen bertan (Eg 19,1–20,1.31). Egonaldi hori oso emankorra izan zen, haren predikuak juduen eta jentilen artean zenbait istilu sorrarazi bazuen ere.
Zenbait ikertzaileren ustetan, ezin da ziur esan epistola hau Paulok berak idatzia den ala ez, ezta Efesoko elkartearentzat bakarrik idatzia den ere. Izan ere, idazkiak berak ez du adierazten igorleak eta hartzaileak elkar ezagutzen zutenik, ezta, Paulorengan ohiko den arren, elkarteari buruz inolako berri zehatzik aipatzen ere.
Bestalde, Efeso izena ez da eskuizkriburik zaharrenetan ageri. Gutunaren gaia orokorra da. Uste izan da epistola hau ez dela eliz elkarte jakin bati zuzendua, Asia probintziako eliz elkarte guztiei baizik. Nabariak dira, bestalde, kolosarrei idatzitako epistolarekin dituen erlazioak, bai gaiari, bai hizkerari dagokienez. Askok uste dute, kolosarrei idatzitako epistolan oinarriturik, Pauloren ikasleren bat, hura hil eta gero, haren izenaz baliatu zela bere mezuari indarra eta aginpidea emateko. Beste zenbaiten iritziz, ordea, ez dago arrazoi erabakigarririk iritzi tradizionala ukatzeko, Paulok epistola hau K.o. 62an edo 63an Erroman preso zegoelarik idatzi zuela ukatzeko, alegia. Elkarte hartzaileak beren gizartean zuten lasaikeriak edota zabaltzen ziren filosofiek liluraturik zeuden, nonbait. Epistola honen egileak, Kristoren misterioa argi ikusten eta leial bizitzen lagundu nahi izan zien, egiazko fedean iraun zezaten.
Gutunaren hari nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristoren gorputza den Elizaren batasunaz idazleak egiten duen gogoeta da epistolaren irakaspen nagusia. Aipatua zegoen lehendik ere ideia hori kolosarrei idatzitako lehenengo epistolan (12,12-30); efesoarrei idatzitakoan, ordea, idazleak ideia hori jaso eta indartu egiten du, Jainkoak betidanik duen asmoa gizadi osoa Kristoren baitan eta Kristoren bitartez batasunean biltzea dela azpimarratuz. Eliza da kosmos osora hedatzen den xede hori gauzatzeko bitartekoa. Agur labur baten ondoren (1,1-2), Jainkoaren betidaniko salbamen-asmoari eskainitako gorazarrea dator (1,3-14). Salbamen-asmo hori Kristorengan bete da; horregatik da Kristo zeru-lurretako indarren nagusi eta Elizaren buru. Eta Kristoren bitartez, gizaki guztiei eskaintzen die Jainkoak salbamena, oinordekotza.
Dirudienez, bazen aldi haietako kristauen artean Kristok salbamen-egintzan izan zuen protagonismoa zalantzan jartzen zuenik. Gutunaren egileak Kristoren nagusigoa eta protagonismo bakarra azpimarratzen ditu: Kristok adiskidetu ditu Jainkoarekin eta elkarrekin bi herriak –erdainduak eta erdaingabeak–, biak bat eginez eta baketuz (1,15–2,22).
Jainkoak Paulori eman zion eginkizuna aipatzen du, ondoren, gutunak: judu ez direnak ere, jentilak alegia, betiko salbamenean oinordekide eta parte ere badirela aldarrikatzen du (3,1-13). Idazleak otoitz egiten dio Jainkoari Kristoren maitasunak sinestedunen barrua argi dezan eta Espirituaren indarrez biziberri dezan (3,14-21).
Sinestedunek beren izate berriari dagokionez bizi behar dute. Batasuna erdiesten eta sendotzen saiatu behar dute, Jauna bakarra, Aita ere bakarra, sinesmena ere bakarra dituztenez. Horretarako nork bere dohainak ditu (4,1-16). Sinesgabe zireneko jokaera zaharrak baztertu eta giza izate berriaren arabera jokatzera dei egiten die idazleak elkartekideei. Biziera berri horrek eskakizun zehatzak ditu, denak bat eginik bizi eta munduan argiaren lekuko izateko (4,17–5,20). Kristorengan dugun bizi berri honek kristau-elkarteko harreman guztiak behar ditu eratu: senar-emazteen eta guraso eta seme-alaben artekoak, esklaboen eta nagusien artekoak (5,21–6,9).
Jainkoaren hitza, sinesmena, zintzotasuna, egia eta salbamena armatzat harturik, gaizkiaren indarren aurka borrokatzeko dei egin ondoren, agur egiten die idazleak elkartekideei (6,10-20).
Eskema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Agurra (1,1-2).
- Kristoren eta Elizaren misterioa (1,3–3,21).
- Kristauen jokabide berria (4,1–6,20).
- Azken agurra (6,21-24).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- [1] Biblia euskaraz