Wikipedia, Entziklopedia askea
Edward Witten (Baltimore, Maryland, 1951ko abuztuaren 26a) estatubatuar matematikaria da. Ikasketak Brandis Unibertsitatean eta Princetonen egin zituen. Doktoregoa amaitu ondoren, Harvardera joan zen 1980ra arte. Urte horretan, fisikako irakasle hautatu zuten Princetonen. MacArthur beka irabazi ondoren, Princetonen aritu zen lanean, 1987an Ikerketa Aurreratuetako Institutuan irakasle izendatu zuten arte. Fisikari matematikoa dela esan liteke funtsean, argitalpen gehienek fisikarekin baitute zerikusia. Kiotoko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (1990), Fields domina jaso zuen. Sari hori irabazteko ekarpenik garrantzitsuena masa positiboaren aieruaren froga errazago bat da (lehenengoa Yauk egin zuen). 1984an, Supersymmetry and Morse (Supersimetria eta Morseren teoria) izeneko artikulua argitaratu zuen Journal of differential geometry aldizkarian. Artikulu horrek eragin handia izan zuen geometria diferentzialaren arloan. 2011n, hirurehun eta berrogei argitalpen baino gehiago zituen plazaratuta kuantuen eta soken teoriei buruz.