[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Grekobudismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Grekobudismoa greziar kulturaren eta budismoaren arteko sinkretismo kulturalari deitzen zaio. 800 urtean zehar garatu zen Hegoaldeko Asian, gaur egungo Afganistanen eta Pakistanen, K.a IV. mendetik K.o. V. mendera artean, Alexandro Handiak Indiatik hurbileko lurrak konkistatu ostean.

Alexandro Handiaren hil eta urte gutxira, ekialderen zeuden Inperio seleuzidaren alderdiak Maurya Inperioaren aurkako gerran galdu ziren. Horren ondoren, Asokaren ediktuetan agertzen denaren arabera, Asoka enperadore maurya budismora igaro eta bere agintepeko lurretan erlijio-filosofia hori zabaldu zuen. Hori Greko-Baktriar Erresumara hedatu eta greziarren estatuekiko zaletasunak eratu zituen Budaren lehenengo estatuak eta horrek ekarri zuen tradizio modernoa.

Grekobudismoak budismoaren mahayana adarraren garapen artistikoan eragin zuen (eta baliteke baita alderdi kontzeptualean ere), K.o. I. mendean Asia iparrekialdera esportutatu eta Tibetera, Txinara, Koreara, Japoniara eta Indonesiara iritsi baino lehen.

Grezia helenistikoaren eta budismoaren arteko harremana Alexandro Handiak Asia Txikia eta Erdialdeko Asia konkistatu zituenean hasi zen, K.a. 327. urtean, Indus eta Jhelum ibaiak zeharkatu eta Beas ibaira iritsi zenean. Orduan hasi zen Greziaren eta budismoaren sorleku izan zen Indiaren arteko hartu-emana.

Alexandro Handiak hainbat hiri sortu zituen konkistatu zituen lurretan, batez ere Amu Daria ibaiaren eta Baktriana eskualdearen inguruan eta asentamendu greziarrak Khyber atakara, Gandharara eta Punjabera hedatu ziren. Eskualde hauek Himalaiaren eta Hindu Kushen arteko pasabidea dira. Hortik egin ziren Indiaren eta Erdialdeko Asiaren arteko harreman gehienak eta horrek kultura eta merkataritza truke sendoa sortu zuen.

Alexandro Handiaren heriotzaren ondoren, K.a. 323. urteko ekainaren 10ean diadokoek, Alexandro Handiaren jeneralek, haien erreinuak sortu zituzten Asia Txikian eta Erdialdeko Asian. Seleuco I.a Nicator jeneralak Indiaraino iristen zen Seleukotar Inperioa sortu zuen. Geroago, inperioaren ekialdea banatu eta Greko-baktriar Erresuma sortu zen K.a. III. eta K.a. II. mendeen artean. K.a. II. eta I. mendeen artean Indo-greziar Erresuma bilakatu zen eta K.o. I. eta III. mendeen artean Kusan Inperio bihurtu zen.

Greziar kulturaren eta kultura budistaren arteko harremana mendeetan zehar gauzatu zen, k.o. V. mendera arte. Hunoen, mongolen eta islamari heldu zioten zenbait zibilizazioren hedapenarekin (arabiarrak eta turkiarrak) bukatu zen.

Erlijio-eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristautasuna eta budismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta budismoaren eta kristautasunaren sistema filosofikoak desberdin garatu ziren, Asokaren ediktuen ostetik budismoan txertatu ziren arau edo agindu moralek eta kristauek bi mende geroago garatu zituzten arau moralek zenbait antzekotasun dituzte: bizitzarekiko errespetua, hilenganako errespetua, biolentziari uko egitea, "bekatarienganako" barkamena eta tolerantzia.

Teoria baten arabera, antzekotasun horiek ideia budistak mendebaldean hedatzearen ondorio dira eta greziarrak izan ziren bitartekari eta erlijio sinkretista. Esaterako, uren gainean ibiltzearen "miraria" Itun Berrian Jesusi egozten zaio eta literatura budistan ere azaltzen da, pali kanonean zehazki: Digha Nikaya 11, Kevatta sutran[1]. Hori ez da agertzen beste inon Itun Berria 500 urte geroago idatzi arte.

«Adituek sarritan aipatu dute budismoak kristautasunaren garapenean eragin duela. Arreta berezia jarri diote Budaren eta Jesusen jaiotzei, bizitzei, doktrinei eta heriotzei». [2]

Budaren jaiotzaren historia ezaguna zen mendebaldean eta baliteke Jesusen jaiotzaren historian eragina izan izana. San Jeronimok (K.o. IV. mendea) Budaren jaiotza aipatzen du «birjina baten albotik [side] jaio zela»[3] dio. Kristautasunaren hasieran eragin nabarmena izan zuen Klemente Alexandriakoak (215. urtean hila) Buda (Βούττα) aipatzen du Stromatan (I. liburua, XV. kapitulua). Baktriar budistek (shramanasek) eta gimnosofista hinduek greziar pentsaeran eragin zutela aipatu zuen. Arkelaoren pasarte batean Harrango apezpikuak (278. urtea) Budaren amaren birjintasuna aipatzen du.

III. eta IV mendeetako idazle kristauek, Hipolito Erromakoak eta Epifaniok, esaterako, K.o. 50. urtearen inguruan India bisitatu eta handik "bi printzipioen doktrina" ekarri zuen Scythianus zelakoaren inguruan idatzi zuten. Idazle horien arabera, Scythianusen Terebinthus[4] izeneko dizipulu batek Buda gisa aurkezten zuen bere burua («Buda deitzen zion bere buruari» Zirilo Jerusalemgoa). Terebinthus Palestinara eta Judeara joan eta apostoluak ezagutu zituen. Ondoren, Babiloniara mugitu eta Maniri irakatsi zion. Horrela sortu zen budismo sinkretiko pertsa: manikeismoa. Mendebaldeko Elizaren pentsalari handienetakoa izan zen Agustin Hiponakoa hasieran manikeista izan zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Theravada, Bosque. (2017-08-27). «DN 11 Kevaddha (Kevatta) Sutta – Discurso con Kevaddha» Bosque Theravada - Tipitaka (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  2. Bentley, Jerry H.. (1993). Old world encounters : cross-cultural contacts and exchanges in pre-modern times. Oxford University Press ISBN 0-19-507639-7. PMC 25914023. (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  3. McEvilley, Thomas. (2012). The Shape of Ancient Thought : Comparative Studies in Greek and Indian Philosophies.. Constable & Robinson ISBN 978-1-58115-933-2. PMC 817904449. (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).
  4. «CHURCH FATHERS: Catechetical Lecture 6 (Cyril of Jerusalem)» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]