[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Bielorrusiako protestak (2020/2021)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bielorrusiako protestak
Irudia
Motaprotesta
manifestazio
Denbora-tarte2020ko maiatzaren 24a - 
Garaia2020-2021 one-year-period (en) Itzuli
KokalekuBielorrusia
HerrialdeaBielorrusia
Partehartzaile kopuru500.000 (2020ko abuztuaren 23a)
Helburudimisio eta election in Belarus (en) Itzuli
Kausa2020 Belarusian presidential election (en) Itzuli
Atxilotu kopurua
7.500
Osatuta

2020 eta 2021. urteen bitartean Bielorrusian gertatutako protestak, “zapatilen iraultza” izenez ere ezagunak [1][2][3], egun Bielorrusiako presidente den Aliaksandr Lukaxenkaren Gobernuaren aurkako kale-protesta batzuk izan ziren [4]. Egindako manifestazioak bielorrusiar mugimendu demokratikoaren parte izan ziren eta 2020ko hauteskunde presidentzialen aurretik, zehar eta ondoren egin ziren, hauteskunde horietan Lukashenkok seigarren kargua bilatzen zuelarik presidente postuan [5][6].

Lukashenko Bielorrusiako estatuburua izan da 1994tik [7] eta aurreko bost hauteskundeetan ez zuen inolako aurkari sendorik izan. Ostera, bost hauteskunde horietatik soilik lehena kontsideratu dute libre eta bidezko nazioarteko behatzaileek [8]. Hala, Europako “azken diktadore” deitu izan zaio, Sobietar Batasunetik eratorritako herrialde batean presidente karguan denbora gehien daraman liderra izanik [9].

Bielorrusia 1991n independizatu ostean, lehen hauteskundeak 1994ko ekainaren 23an izan ziren, bigarren itzulia uztailaren 10ean eginik. Lehen itzulian %79ko parte-hartzea izan zuten hauteskundeek, Lukashenkok botoen %45,8a lortu zuelarik; eta bigarrenean %70,6koa, egungo presidenteak bozken %80,6ko babesa jaso zuelarik. Ordutik aurrera da Bielorrusiako presidente, hautagai independente gisa aurkeztu ostean [10].

1995eko maiatzaren 14an, Lukashenkori parlamentua disolbatzeko eta Errusiarekiko integrazio ekonomikoaren maila handitzeko eskumena onartu zitzaion erreferendum bidez. Gainera, 1996ko azaroaren 24an beste erreferendum bat egin zen, zeinak botere presidentzialak are gehiago areagotzen zituen konstituzio berri bat ahalbidetzen baitzuen [11].

Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen (ESLA) esanetan, Bielorrusiako hauteskundeak ez dira aske eta bidezkotzat onartzen 1995. urtetik [12] eta gobernuak ESLAren monitoreorako iraganeko misioak eragotzi ditu [8].

Protesten hasiera Sergei Tikhanovskyren atxiloketarekin eman zen, 2020ko maiatzaren amaieran. Blogari eta enpresariak labezomorro gisa izendatu zuen Lukashenko, Kornéi Chukovski idazle errusiarraren Labezomorroa poemari erreferentzia eginez [13]. Atxiloketa zela eta, 2020ko ekainean hainbat protesta egikaritu ziren Bielorrusiako kaleetan Lukashenkoren kontra [11] eta hainbat oposizioko hautagai aurkeztu ziren hurrengo abuzturako deituta zeuden hauteskundeetarako, horietako asko ere atxilotuak izanik [13].

Hogei bat egun beranduago, ekainaren 19an, Lukashenkok “estatu-kolpe baten saiakera zapuztu” zuela iragarri zuen, oposizioko arerio handiena zuen Viktor Babariko atxilotuz [14]. Babarikok, ordea, ustelkeria karguak faltsuak zirela eta atxiloketak motibazio politikoa izan zuela azpimarratu zuen, Lukashenkok hauteskundeak irabazteko erabilitako estrategia gisa [15]. Era berean, hainbat oposizioko ekintzaile, kazetari eta blogari ere atxilotuak izan ziren, errepresioaren parte moduan [16]. Babarikoren atxiloketari erantzun gisa, Tikhanovskyren emaztea den Svetlana Tsikhanouskaya hauteskunde presidentzialetarako hautagai gisa erregistratu zen [12]. Bestalde, Lukahsenkok oposizioaren protestak atzerriko konplot baten parte direla adierazi zuen [16], AEB, NATO, Errusia edo Ukraina errudun gisa seinalatuz [9].

Azkenik, hauteskunde presidentzialak 2020ko abuztuaren 9an izan ziren, zeinetan poliziak eta armadak Minsk hiriburuko errepide eta sarrera gehienak blokeatu baitzituen goizeko lehen orduetan [17][18]. Eguerdi aldera berdina gertatu zen Internetera sarbidearekin ere.

Hautestontzietara joateko epea amaitzean, gobernuak finantzaturiko telebista-kateak hauteskundeen emaitzak transmititu zituen, zeintzuek Lukashenkoren garaipena adierazten baitzuten botoen %80,23arekin, Tsikhanouskayak soilik %9,9a lortzen zuen bitartean [17]. Lukashenkok lortutako emaitza hain handiak ikustean, gobernuaren aldekoek ere ziurgabetasuna erakutsi zuten, Tsikhanouskayaren aldekoen berehalako erreakzioa eraginez eta Bielorrusiako hiri nagusi guztiak protestalariz betez, beraien ezinegona adierazteko zein bozken birzenbaketa bidezko bat exijitzeko [19]. 2020ko hauteskundeen ondorengo protestetara itzuliz, hauek era baketsuan hasi ziren gauerdian, baina Minsken pertsona batzuen eta autoritateen arteko borroka bilakatu zen [20], sakabanaketaren ondorioz manifestarien kopurua kalkulatzea zailduz [21].

Segurtasun indarrei eta poliziari dagokienez, errepresioaren bidez erantzun zuten; borrak, eskopetekin tiro egindako gomazko balak, berunezko boladun granadak, ur-kanoiak, gas negar-eragileak eta leherketa burrunbatsuak erabiliz [22][23].

Gau hartan, Bielorrusia independizatu zenetik izandako protestarik handienetako bat gertatu zen. Segurtasun indarrek 3.000 pertsona inguru atxilotu zituzten [24] eta manifestari batzuk larri zaurituak izan ziren, gutxienez 50 ospitalera eramanez, batzuk egoera kritikoan eta horietako bat hilez [25].

Bozken kontaketaren harira, ezinbestekoa da adieraztea Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeak (ESLA) ez zituela Bielorrusiako 2020ko hauteskunde presidentzialak gainbegiratu, lehen aldiz 2001etik, ez baitzuen horretarako gonbidapenik jaso [8][26][27]. Era berean, 2020ko abuztuaren 20an, EPAM Systems enpresako goi-exekutiboa eta Golos tresna informatikoaren egileetako bat den Pavel Liber ingeniari bielorrusiarrak bere plataformaren bidez lortutako botoen zenbaketa alternatiboaren azken txostena aurkeztu zuen, hautesleen %30a osatzen duten hauteslekuen maparekin batera. Txostenaren arabera, hauteskunde-kolegioen herenean emaitzak faltsifikatuak izan ziren, Lukashenkok bozken %40 baino gutxiago lortu baitzuen errealitatean [28][29][30][31].

Protesten arrazoiak eta helburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krispazio edo amorru egoera horretara iristeko, zenbait gertakizun edo jarrera gertatu ziren herrialdean. Azpiatal honetan horietako batzuk aipatu eta azaltzen dira.

Lukashenkoren gobernu luzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, 30 urte daramatza Lukashenko presidenteak betetzen duen karguan, 1994tik, hain zuzen ere. 2020ko hauteskundeak egin zirenean, 26 urte zeramatzan. Hala, Europa osoan presidente karguan denbora gehien daramana da, baita Bielorrusiak bere historian izan duen presidente bakarra ere [32].

Berau izan zen SESB disolbatzearen aurka bozkatu zuen antzinako Sobietar Errepublikako Alderdi Komunistako kide bakarra. Komunismoa erori bazen ere, iragan sobietarreko estruktura eta monumentu asko mantentzen ditu. Hala nola, aginte-formak ere mantentzen jarraitzen du, estilo autoritarioz zabaltzen dituelarik. Era horretara, gobernu autokratiko baten buru izateagatik seinalatu dute askok, non giza eskubideen aldeko erakundeek oposizioa tradizionalki erreprimitua izan dela azpimarratu baituten [32].

Ekonomiari helduz, Bielorrusiak ez du sekula kolapso sobietarretik askatzea lortu eta manufaktura-industriaren zati handi bat enpresa estatalen mende egon da. Bestalde, hedabideek gobernuaren kontrolpean jarraitzen dute eta polizia zein armada abusatzeagatik seinalatuak dira hainbatetan [32].

Nazioz gaindi begira, presidenteak herrialdea “atzerriko influentzia txarretatik” babesteko ahaleginak egin ditu eta egonkortasuna bilatu nahi izan du. Halere, herritarrak ustelkeriaz, orokortutako txirotasunaz, aukera faltez eta soldata baxuez kexu dira [32].

COVID-19aren gestio eskasa eta horrek sortutako krisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lukashenkok mundu mailako pandemia ukatu ez bazuen ere, vodkaren, saunen eta lan gogorraren bidez aurre egitea proposatu zuen, irtenbide logikorik eman gabe. Gainera, berrogeialdi hertsirik ere ez zen indarrean jarri eta etorkizun hurbilean zetozen ekintza jendetsurik ere ez zen bertan behera geratu, eguneroko bizitzak haririk eten gabe jarraitu zuen bitartean. Horrek herriaren desadostasun ikaragarria eragin zuen [33] eta oposizio publikoa handitu zuen [34][35].

Zifra ofizialei behatuz, ia 70.000 biztanle kutsatu eta 600 baino gehiago hil ziren birusaren ondorioz. Hala ere, oposizioak zifra horiek 10 aldiz handiagoak izan daitezkeela adierazi du [33].

2020ko hauteskunde-kanpaina polemikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oposizioa nabarmen hazi zitzaiolarik, Lukashenko bere aurka egin edo deslegitimatzen saiatzen zen edonor paretik kentzen hasi zen, hauteskundeetara aurkeztea ere ukatuz [36].

Hala, Bielorrusiako Gobernuaren albiste-agentziaren arabera, uztailaren 29an Wagner Taldeko ustezko 33 mertzenario atxilotu zituzten Minsketik gertu dagoen erietxe batean [37]. Era berean, uztailaren 30ean Tsikhanouskaya presidentegaiak baimendutako kontzentrazio bat burutu zen Minskeko Herrien Adiskidetasunaren parkean. Giza eskubideen aldeko ekintzaileen arabera, 6.000 eta 70.000 pertsona bitartean bildu ziren bertan. Ostera, poliziak 18.250 pertsona batu zirela adierazi zuen. Halere, 1991tik izandako elkarretaratzerik garrantzitsuenetakoa izan zen. Ildo berari jarraiki, abuztuaren 6an 5.000 protestalari baketsuk Minskeko kaleak hartu zituzten, oposizioaren bandera zuri-gorriak kulunkatzearen bidez hauteskunde aske eta bidezkoak eskatuz [38]. Azkenik, abuztuaren lehen astean milaka bielorrusiar manifestatu ziren Lukashenkoren aurka, Minsken 66.000 pertsona bilduz Bielorrusia postsobietarreko kale-protestarik jendetsuenari bide emanez [37].

Hauteskundeen emaitzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Publiko egindako zenbaketaren arabera, Lukashenkok bozken %80 inguru lortu zituen, Tsikhanouskaya %10era ere iritsi ez zen bitartean. Segituan zabaldu ziren iruzurraren inguruko zurrumurruak, ordea. Ostera, bozkak egoki kontatu ziren tokietan Tsikhanouskayak %60 eta %70 bitartean lortu zituela ihardetsi zuen oposizioak [39].

Horrek guztiak sekulako protestak eragin zituen Bielorrusiako hiri nagusienetan, poliziaren interbentzioa errepresiozkoa izanik [39].

Tortura-salaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauteskunde osteko protesten inguruan, basakeria polizialaren inguruko salaketak jarri ziren, izan ere, atxilotuak izan ziren protestalari batzuek laguntza medikoa bilatu behar izan baitzuten askatuak izan ostean, eta zituzten zaurien zenbait argazki ere publikatu zituzten sare sozialetan [40].

Gauzak horrela, Lukashenkoren gobernuak protesten baretzea bilatzen bazuen ere poliziaren jazarpenaren bidez, guztiz kontrako efektua lortu zuen, jende gehiago haserretu eta kalera irten baitzen. Hala, torturatuak izan zirela baieztatzen zutenen lagun eta familiakoak atxilotze-zentroen kanpoaldean batu ziren atxilotuei buruzko berriak exijitzeko [40].

Ildo beretik, grebak deitu ziren estatuko enpresa nagusietan, langileak ere protestetara gehituz. Herrialdeko hedabide garrantzitsueneko langileak ere grebara batu ziren eta “egia” kontatzen hasteko ordua zela erabaki zuten. Ilya Shkurin futbolariak ere ez zuela bere herriarentzat jokatuko adierazi zuen, Lukashenko gobernuan zegoen bitartean [40].

Hain tentsio handi eta agerikoa sortu zen, Lukashenkok laguntza eske deitu baitzion bere aliatu zaharra den Vladimir Putin Errusiako presidenteari, nahiz eta azkenaldian desberdintasunak izan zituzten [40].

Protesta hauen guztien helburu nagusia 1994tik boterean dagoen Lukashenko presidentea kaleratzea eta haren gobernuarekin amaitzea izan zen, haren ‘autoritarismoarekin’ bukatzeko beharrez [41]. Izan ere, Lukashenkok berak onartu izan ohi baitu bere gobernatzeko estiloa autoritarioa dela [42].

Autoritarismo horren inguruan eraikitzen du bere ideologia osoa: oposizioko hautagaiak atxilotu izan ohi ditu, bere aurkako protestetan parte-hartzen duen jendea ‘terrorista’ gisa tratatzen du, homosexuala baino hobe dela diktadorea izan baieztatu du eta bielorrusiarrak emakume bati bozkatzeko prest ez daudela zein konstituzioa ez dagoela emakumeentzat egina azpimarratu du [41].

Ildo beretik, kaleetara protesta egitera atera zirenek hauteskunde-iruzurra gainditu eta elekzio aske eta bidezkoak exijitu zituzten, izan ere, ESLAk ez baititu aske eta bidezkotzat hartzen Bielorrusiako hauteskundeak 1995etik [43].

Mobilizazio masibo hauek abuztuaren 9an, hauteskunde gauean bertan hasi ziren, gobernuak Aleksandr Lukashenkoren garaipena iragarri eta berehala. Hauteskunde-emaitzen ustezko iruzurra, eta herritarren artean zegoen haserrea eta frustrazioa izan ziren erreakzio masibo horren eragile nagusiak. Izan ere, alde batetik Svetlana Tsikhanouskaya oposizioaren buruak esperantza piztu baitzuen, eta esperantza horrek gizarte sektore ezberdinak piztea ahalbidetu zuen [44].

Beraz, 2020ko protestak ezaugarri anitzekoak izan ziren. Sektore sozial desberdinak mobilizatzeaz gain, protestarako metodo desberdinak lotzeko gaitasuna izan zuten antolatzaileek, esate baterako, izaera bakezaleko masa mobilizazio oso-oso jendetsuak edota esfera produktiboan eman ziren bestelako gatazka ekonomikoak, besteak beste [44]. Lehenik eta behin, beraz, borrokarako bide metodologiko hauek aztertuko dira.

Alde batetik, masa mobilizazioei dagokienez, 200.000 pertsona inguruko mobilizazioak egin ziren. Mobilizazio hauek izaera baketsukoak izan ziren, zeinetan aldarri zabal eta metodo baketsuen bitartez jende asko biltzeko gaitasuna izan baitzuten. Protesten aldarriei dagokionez, batez ere oinarrizko eskubide zibil zein politikoen baitakoak izan ziren, hala nola askatasuna edota bakea bezalako kontzeptu zabalen bueltan ardaztuak. Kontrara, Lukashenkok zuzendutako gobernuak errepresio bortitzarekin erantzun zien manifestariei. Honela, bakezaleak/errepresiboak dikotomia zabaldu zen, bai Bielorrusian bai eta nazioartean ere. Zentzu horretan, sistemaren kontrako gatazken markoan kokatu daitezke gatazka hauek [44]. Azken faktore hau legitimitate iturri nagusia izan zen manifestarientzat eta aukera eman zien arrosa zuria edota bandera zuri-gorri ezberdinak erabiltzeko. Horrela, pixka bat Sobietar Batasuna baino lehenagoko sentimendu nazionalista Bielorrusiarrari eman zitzaion bide.

Azkenik, mobilizazio hauen konposizio soziologikoari erreparatzen bazaio, ikusiko da emakumeen papera erabat funtsezkoa izan zela [45]. Hau da, emakumeek mobilizazio gehienetan gidari papera bete zuten, bai antolaketan eta bai mobilizazioan bertan. Adibide bat jartze aldera, mobilizazioetan emakumeek “kate zuriak” izeneko zutabeak osatzen zituzten, zutabetan jarriz eskuan arrosa banarekin.

Gorago aipatu moduan, greba orokorrak eta langile mugimendu antolatuaren beste zenbait borroka ere giltzarri izan ziren gobernuari presio ekonomikoa eragin eta langileria protesta hauetara batzeko [46]. Langileak oposizioaren protestetara batzea oso harrigarria izan zen, langile industrialak historikoki gobernuari loturiko sektore bat izan baitira. Bielorrusiako ekonomiaren motor historikoa industria izan da, eta horregatik Lukashenko beti saiatu izan da langile sektore hauentzat eskubide ekonomiko-politiko egokiak bermatzen. Hala ere, esan bezala, gobernuak erabilitako errepresioarekin eta ustezko hauteskunde iruzurrarekin haserreturik, oposizioaren protestetara batu ziren.

Greba hauek oso garrantzitsuak izan ziren bi arrazoi nagusirengatik; bata sektore estrategiko guztietara zabaldu zelako, eta bestea, gainerako protesta sozialei batzeko gaitasuna izan zutelako [46]. Esan den moduan, grebak babes zabala izan zuen zenbait sektore estrategikoetan, hala nola industria astunean, sektore industrialetan edota garraio bideei loturiko sektoreetan. Bestetik, mobilizazio hauek determinanteak izan ziren gaitasuna izan zutelako hirigunean (Minsken) burutzen ari ziren protestekin lotzeko. Hau da, esan daiteke gaitasuna egon zela bi espazioen -lanpostua eta kalea- arteko zubigintza egin eta gatazka anplifikatzeko.

Alabaina, protesta hauek oso erantzun bortitza eduki zuten Lukashenkoren gobernuaren eskutik. Gobernuak oso modu zorrotzean kolpatu zituen norbanakoen eskubide zibil nahiz politikoak. Batetik, poliziak oso modu gogorrean erasotu zituen mobilizazioan parte hartzen ari zirenak [47]. Horrez gain, gobernuak OMON bezalako indar bereziak erabili zituen protesta ahalik eta modu eraginkorrenean galarazteko. Gainera, mobilizazio hauetan atxilotu asko egon ziren, gerora polizia komisaldegietan tortura jasan zutela salatu zutelarik.

Hori gutxi balitz, Lukashenkoren gobernuak Interneterako sarbidea ukatu zien Bielorrusiarrei [48]; horrela, zer gertatzen zen nahiz bestelako herrialdeetan zer iritzi zeuden jakin ez zezaten. Modu horretan, herritarrek informazio iturri ofiziala bakarrik zuten, honek nabarmen eragin zuelarik herritarrek gobernuaz pentsatzen zutenean. Azkenik, zenbait kazetari independentek ere gobernuek egindako presioak salatu zituzten.

Giza eskubideen urraketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko Bielorrusiako protesten errepresioarekin batera, poliziaren muturreko indarkeria eta giza eskubideen urraketa sistematikoak eman ziren atxiloketa prozesuaren etapa guztietan [49].

Agintariek tortura eta pertsonen aurkako beste tratu txar batzuk sistematikoki erabili zituzten  protestetan, manifestariekiko, kazetariekiko eta kaleko jendearekiko; adingabeak eta emakumeak barne, hauek,  modu basatian kolpatuak izan, sexu-indarkeria eta umiliazioa jasan, eta, elikagaiak, edateko ura eta arreta medikoa eskuratzeko aukerarik gabe utzi zituzten atxiloaldi luzeetan zehar [50].

Gainera, atxilotutako pertsonei ere ukatu egin zitzaien senideei non zeuden jakinarazteko eskubidea, baita, haien abokatuekin kontaktatzea. Gauzak horrela, Bielorrusiako agintariek 900 salaketa inguru jaso zituzten protestekin lotuta, baina, urtea amaitzean, ez zitzaion ikerketa kriminal bakar bati ere hasierarik eman, eta, legea betearazteko ardura zuten agenterik ez zen akusatu gisa eseri eskubideen urraketa horiek egiteagatik eta jarduteagatik [50].

2020ko abuztuaren 14an, Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak (OMCT)  Bielorrusiako ehunka manifestariren atxiloketa arbitrarioa eta tortura gaitzesteko adierazpen bat egin zuen. Komunikatuaren arabera, ekintza horiek gizateriaren aurkako krimenak iradokitzen zituzten. Adierazpenak, Bielorrusiako protesta baketsuen "zapalkuntza sistematiko eta oso bortitzari" buruzko mundu mailako ikerketa inpartziala ere eskatuz [51].

Era berean, abuztuaren 19an, Human Rights Foundation (HRF) erakundeak gizateriaren aurkako krimentzat jo zituen gertakari horiek. Komunikatuaren arabera, HRFk Bielorrusiako Estatuko aparatuko hamabost pertsona identifikatu zituen, milaka manifestari baketsuren atxiloketa arbitrarioa, jipoiak eta torturak egotziz. [4]

Era berean, irailaren 1ean, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoak dei egin zien Bielorrusiako agintariei protestetan atxilotutakoei aplikatzen zaizkien torturei amaiera eman diezaieten, eta protesta horien ardura duten poliziak justiziaren ekintzaren mende jar ditzaten. Sinatzaileen arabera, manifestazio baketsuetan atxilotutako 6.700 lagunetatik gutxienez 450 torturaren, tratu iraingarriaren eta indarkeriaren biktima izan dira, sexu-indarkeria barne [52].

Honekin batera, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak argitaratutako eta egindako txostenak azpimarratzen duenez, 2020ko manifestarien errepresio bortitza "Gobernuko maila gorenean onartu zen, errepresioa bera koordinatu eta modu irekian bultzatu baitzuen", gutxienez bost hildako eraginez  indarraren neurriz kanpoko erabilerak. Baina "benetako kopurua askoz handiagoa izan liteke". Testuak atxilotuen aurkako sexu eta genero indarkeriako ehun kasu baino gehiago biltzen ditu, eta kopuru hori benetakoa baino txikiagoa izan daiteke. Txostenak aitortzen duenez, biktimek estigma eta errepresaliak jasateko duten beldurragatik, ez dituzte abusuen aurkako salaketarik aurkezten [53].

Protestek iraun zuten bitartean, hainbat izan ziren atxilotu zituzten kazetari independente Minsk, Brest eta Babruisken. Era berean,  Bielorrusiako Kazetarien Elkarteak egindako adierazpen baten arabera, estatuko barne tropek eta gobernuko beste indar polizial batzuek gomazko balak jaurti zituzten nahita kazetari independenteen aurka, ikuspen handiko jaka bereziak zeramatzatela eta identifikazio pertsonala bistan zutela. Gainera, tokiko kazetariek  arazoak izan zituztela komunikazio plataforma nagusiekin eta oposizioaren aldeko webguneekin jakinarazi zuten, baita, polizia agenteek eta gobernuko beste agente batzuek indarrez kendu zizkiotela kazetari askoren dispositiboen memoria txartelak [54].

Honekin batera, ekainaren 18an, Minsk-eko aireportura iristen ari ziren hainbat herrialdetako kazetariak pasaporteen kontroletik atera, galdekatu eta giltzapetu zituztela, sarrera ukatu eta beste herrialde batera hegazkin-txartel bat erosteko esan aurretik [55].

Zentsura saihestea lortu zuen komunikazio-sistema bakarrenetako bat Varsovian egoitza duen Telegrameko NEXTA kanal independentea izan zen. Kanalaren jarraitzaileak 100.000 izanik hauteskunde gauean, eta milioi bat baino gehiago egun baten ostean [56].

Prentsa askatasunaren aurka egiteko lege esparruko babesari dagokionez, Bielorrusiako agintariek legeak aldatu zituzten, prentsa-askatasunaren aurkako atentatuei legezko berniza emateko. Botere judizialak, gobernuaren mendekoa, kazetari independenteen lana "estremismoarekin" parekatuz, honek zazpi urteko kartzela-zigorra suposatuz [57].

Lege aldaketa hauei esker, herrialdeko digitalik ospetsuena, Tut.by, ixtea lortu zuten, komunikabide estatusa kenduz, eta ekintza penalekin zentsuratuz,  "estremista" gisa jotzeagatik, hedabide independente gehienek bezala. BTRC irrati-telebista publikoak bakarrik jarraitu zuen normaltasunez funtzionatzen eta erregimenaren propaganda hedatzen [58].

Kazetari batzuek herrialdea utzi behar izan zuten. Belarusian Association of Journalists (BAJ) erakundearen arabera, 400 kazetari inguruk erbestera jo zuten 2020ko abuztutik, gehienak inguruko herrialdeetara. Baldintza horietan, ezinezkoa izanik Bielorrusian lekuan bertan gertatzen dena zuzenean estaltzea. Ondorioz, Bielorrusiako lurraldean lankideekin lankidetza estuan lan egin behar izaten dute; baita argazkiak, bideoak eta informazioa bidaltzen dizkieten irakurleen laguntza ere. Horrela, errepresioak eta zentsurak kazetaritza-herrikoi  kolaboratiboaren gorakada bultzatu du, tresna nagusia Telegram mezularitza eta informazio enkriptatuaren plataforma izanik [58].

Dena dela, informazioa ematea edo kontsultatzea ez dago arriskutik salbuetsita. Bielorrusiako irakurleek zazpi urteko kartzela-zigorra izango ahal  baitute botereak "estremistatzat" jotzen duen edozein hedabideren Telegrameko kanalera sartzea edota jarraitzaile izateagatik, hau da, gaur egun,  ia hedabide independente guztietan [58].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Bielorrusia, una revolución de color patrocinada por EE.UU. está en marcha – Rebelion. 2024-11-19 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  2. (Ingelesez) «Belarus: Could slippers topple a president who has been in power for 26 years?» Sky News (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  3. (Ingelesez) «'Slipper Revolution' Shakes Belarus» Voice of America 2020-06-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  4. (Ingelesez) Shkliarov, Vitali. (2024-11-26). «Belarus Is Having an Anti-‘Cockroach’ Revolution» Foreign Policy (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  5. (Ingelesez) Service, RFE/RL's Belarus. «Belarusians Protest Against Lukashenka's Run For Sixth Term As President» RadioFreeEurope/RadioLiberty (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  6. Shotter, James. (2020-12-02). «Violent crackdown fails to silence Belarus protesters» Financial Times (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  7. (Ingelesez) «A diminished Lukashenko faces polls in Belarus – DW – 08/06/2020» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  8. a b c (Ingelesez) Wesolowsky, Tony. (2020-08-06). «Five Factors That Ensure Lukashenka Wins Every Election In Belarus» Radio Free Europe/Radio Liberty (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  9. a b (Ingelesez) Nechepurenko, Ivan. (2020ko abuztuak 7). «Europe’s ‘last dictator’, fracing re-election, is increasingly in Peril» The New York Times (The New York Times).
  10. (Gaztelaniaz) Elecciones presidenciales de Bielorrusia de 1994. 2024-09-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  11. a b (Gaztelaniaz) Bielorrusia. 2024-11-08 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  12. a b (Ingelesez) Vasilyeva, Nataliya. (2020-07-14). «Authorities in Belarus to charge anti-government protesters with rioting for clashing with police» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  13. a b (Ingelesez) «'Slipper Revolution' Shakes Belarus» Voice of America 2020-06-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  14. (Ingelesez) AFP, Tatiana Kalinovskaya for. (2020-06-19). «Belarus Leader's Election Rival Detained as Crackdown Intensifies» The Moscow Times (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  15. (Ingelesez) Ilyushina, Mary. (2020-06-21). «Belarus strongman faces mass protests after jailing of his main rivals» CNN (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  16. a b (Ingelesez) Belarus opposition protests end in arrests. 2020-06-19 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  17. a b (Ingelesez) France-Presse, Agence. (2020-06-19). «Belarus arrests journalists and protesters as president says he has foiled 'foreign plot'» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  18. (Ingelesez) Roth, Andrew; Auseyushkin, Yan. (2020-08-10). «Belarus election: Lukashenko's claim of landslide victory sparks mass protests» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  19. (Ingelesez) «Belarus election: Protests break out after disputed presidential vote» euronews 2020-08-09 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  20. «Belarus elections - crackdown on press freedom | Free Press Unlimited» web.archive.org 2020-08-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  21. (Ingelesez) «Belarus protesters use vehicles to block police from demonstrations over 'rigged election'» The Observers - France 24 2020-08-11 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  22. (Ingelesez) «Police Crack Down On Protests In Belarus After Results Show Lukashenka Winning In Landslide» Radio Free Europe/Radio Liberty 2020-08-10 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  23. (Ingelesez) Limited, Bangkok Post Public Company. «Hundreds detained, firearms used in third night of Belarus unrest» Bangkok Post (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  24. (Ingelesez) «As shots and explosions shake Minsk, people call for help from Lithuania» lrt.lt 2020-08-11 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  25. (Ingelesez) Mackinnon, Amy. (2024-11-26). «Meltdown in Minsk» Foreign Policy (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  26. (Ingelesez) «One dead as Belarus police battle protesters – DW – 08/10/2020» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  27. (Ingelesez) «ODIHR will not deploy election observation mission to Belarus due to lack of invitation» www.osce.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  28. (Gaztelaniaz) Bonet, Pilar. (2020-09-01). «Informáticos bielorrusos lanzan una herramienta para revelar fraudes electorales» El País (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  29. (Errusieraz) «show #solidaritywithbelarus now!» partizan-results.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  30. (Ingelesez) «Belarus' Lukashenko outlaws protests, arrests opponents – DW – 06/01/2020» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  31. «Facebook» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  32. a b c d (Gaztelaniaz) «Protestas en Bielorrusia: 5 claves para entender las históricas manifestaciones, las mayores en el país desde la caída de la Unión Soviética» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  33. a b (Gaztelaniaz) «Protestas en Bielorrusia: 5 claves para entender las históricas manifestaciones, las mayores en el país desde la caída de la Unión Soviética» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  34. (Ingelesez) Nechepurenko, Ivan. (2020ko abuztuak 7). «Europe’s ‘last dictator’, fracing re-election, is increasingly in Peril» The New York Times (The New York Times).
  35. (Ingelesez) «Belarus' Lukashenko outlaws protests, arrests opponents – DW – 06/01/2020» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  36. (Gaztelaniaz) «Protestas en Bielorrusia: 5 claves para entender las históricas manifestaciones, las mayores en el país desde la caída de la Unión Soviética» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  37. a b (Ingelesez) «Belarus: The three women on a 'mission' to take on Europe's last dictator» Sky News (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  38. (Ingelesez) «'We want to be free': Thousands protest in Belarus for fair election» euronews 2020-08-06 (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  39. a b (Gaztelaniaz) «Protestas en Bielorrusia: 5 claves para entender las históricas manifestaciones, las mayores en el país desde la caída de la Unión Soviética» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  40. a b c d (Gaztelaniaz) «Protestas en Bielorrusia: 5 claves para entender las históricas manifestaciones, las mayores en el país desde la caída de la Unión Soviética» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  41. a b (Gaztelaniaz) «Alexander Lukashenko, el líder que no esconde su "estilo autoritario" y cuya reelección en Bielorrusia desató unas inéditas protestas» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  42. (Gaztelaniaz) «Protestas en Bielorrusia: 5 claves para entender las históricas manifestaciones, las mayores en el país desde la caída de la Unión Soviética» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  43. (Ingelesez) Vasilyeva, Nataliya. (2020-07-14). «Authorities in Belarus to charge anti-government protesters with rioting for clashing with police» The Telegraph ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2024-11-19).
  44. a b c (Gaztelaniaz) «Lo que hay que saber sobre las protestas en Bielorrusia» Real Instituto Elcano (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  45. (Ingelesez) Moloney, Anastasia. (2020ko abuztuak 26). «'Keep on fighting', veteran female leader tells young Belarusians» Reuters.
  46. a b (Ingelesez) «Minsk faces bleak economic winter – DW – 11/17/2020» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  47. «Over 200 protesters detained in Minsk on Sunday - police» TASS (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  48. (Ingelesez) «Minsk border guards watched journalists like they were prisoners» Estonian news 2020-08-21 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  49. (Ingelesez) Makhovsky, Andrei. (2020ko abuztuak 11). «Bloody clashes in Belarus as West condemns crackdown after election» Reuters.
  50. a b Txantiloi:Español Informe 2020/2021 Amnistía Internacional: La situación de los derechos humanos en el mundo. Amnistía Internacional.
  51. «Belarus:  Widespread torture  of protesters suggests crimes against humanity / August 14, 2020 / Statements / OMCT» web.archive.org 2020-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  52. (Ingelesez) «UN human rights experts: Belarus must stop torturing protesters and prevent enforced disappearances» United Nations. Human Rights. Office of the high commissioner..
  53. (Gaztelaniaz) AGENCIAS, RTVE es /. (2023-03-17). «Un nuevo informe de la ONU acusa a Bielorrusia de crímenes de lesa humanidad» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  54. (Ingelesez) Roth, Andrew; Auseyushkin, Yan. (2020-08-10). «Belarus election: Lukashenko's claim of landslide victory sparks mass protests» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  55. (Ingelesez) «Minsk border guards watched journalists like they were prisoners» Estonian news 2020-08-21 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  56. (Ingelesez) Belarus election: How Nexta channel bypassed news blackout. 2020-08-12 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  57. (Gaztelaniaz) «Bielorrusia | RSF» rsf.org 2024-09-12 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).
  58. a b c (Gaztelaniaz) «Dos años de represión en Bielorrusia: los periodistas en peligro se adaptan para sobrevivir | RSF» rsf.org 2022-06-09 (Noiz kontsultatua: 2024-11-20).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]