[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Baratze-satitsu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Baratze-satitsu
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaEulipotyphla
FamiliaSoricidae
GeneroaCrocidura
Espeziea Crocidura suaveolens
(Pallas, 1811)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia28 egun
Habitatlarre-belardi
Eguneko zikloagaueko

Baratze-satitsua (Crocidura suaveolens) ugaztuna da, soricidaeen familiakoa. Europa osoan bizi da[1]. Crocidura shantungensis familiakide asiarra lehen espezie honetan sailkatzen bazuten ere, egun adituek espezie ezberdintzat jotzen dute.

Euskal Herriko ipar isurialdera mugaturik dagoen satitsua da, satitsu arruntaren oso antzekoa, baina hori baino txikixeagoa, normalean. Paleartikoan oso hedaturik dago latitude ertainetan, eta banaketa Ozeano Atlantikotik Pazifikoraino hedatzen da. Askotariko inguruneetan aurki daiteke, baina leku heze xamarrak hobesten ditu.

Tamaina ertaineko satitsua da. Gorputzaren tamaina aldakorra da eremu geografikoaren arabera, baina Euskal Herrian 6-7 cm luze izan ohi da eta 11 gramoren bueltako pisua izaten dute animaliek (Palomo et al. 2007). Buztanaren luzera 4 cm ingurukoa izan ohi da. Kolorazio arre-grisaxka izan ohi du bizkarraldean ilun xamarra, eta sabelaldea argiagoa izan ohi da hori-grisaxka. Buztanean ile luze bereizgarriak izan ohi ditu.

Eskualde paleartikora mugaturiko banaketa zabala du, Ozeano Atlantikotik Ozeano Pazifikoraino hedatzen dena 23º eta 56º latitudeen tartean. Europan iparraldeko muga Frantzia eta Alemania iparraldean du, eta hegoaldekoa Iberiar Penintsulan. Izan ere, Penintsulako etenik gabeko banaketa ipar eta ipar-mendebaldera mugaturik dago, eta gainerako eremu mediterraneoan populazio isolatuak ezagutzen dira, Erdialdeko Sisteman eta Huelvan, esaterako [2].

Euskal Herrian ere eragin ozeaniko handia duen lurraldean bakarrik bizi da, isurialde kantauriarrean eta mendiguneetan. Nafarroa iparraldean Baztanetik kostaldera bitartean aurkitu da, baina hortik ekialdera ez da espeziea aurkitu.

Askotariko habitatetan aurki daitekeen espeziea da, baina ingurune heze xamarrak hobesten ditu. Horrexegatik, erreka eta ibai ertzetan aurkitu ohi da, eta baita landazabal atlantiarretan ere. Ingurune mediterraneoko eremuetan mendigune hezeak eta padurak erabiltzen ditu[3][4].

Baldintza hotzak ez ditu ondo jasaten, eta 1000 metroko altueratik behera bizi ohi da.

Askotariko artropodoez elikatzen da: intsektu helduak, intsektuen larbak, zizareak eta barraskiloak jaten ditu, eta baita landareen zati berdeak eta haziak ere[3].

Ugalketa eta ontogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ernaldiak 28 egun irauten du, eta eme bakoitzak 10-12 kumaldi izan ditzake. Kumaldi horietako bakoitzean 3-7 kume izan ohi dituzte[5].

Talde sozialak eratu ohi dituzte, nahiz eta animalia bakoitzak bere lurraldea izan ohi duen. Arren lurraldeak emeenak eta gazteenak baino handixeagoak izan ohi dira, eta 60 metroko tamaina izatera iritsi daitezke. Gainerako mikrougaztun gehienek bezala, animalia honen populazioen tamainak gora-behera handiak jasaten ditu denbora gutxiak, aste gutxiren buruan satitsuen dentsitatea ehunkoiztu egin baitaiteke[2].

Bizi-luzetasun txikiko espeziea da, nekez iristen baita urtebeteko bizitza izatera. Gatibutzan bi urte pasatxo irautera iritsi daiteke.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaztun, hegazti eta narrasti espezie ugariren harrapakina da baratze-satitsua, nahiz eta ez duen harrapari horietako bakar baten dietan ere eragin handirik. Satitsu gehien ehizatzen dituen ugaztuna etxe-katua da (Felix catus), eta lepahori (Martes martes) zein lepazuriek (Martes foina) ere irensten dituzte. Hegaztien artean harrapari gautarrak nabarmendu behar dira; hala nola, hontz ertaina (Asio otus), urubia (Strix aluco) eta hontz zuria (Tyto alba).

Antzeko espeziea satitsu arrunta (Crocidura russula) du. Hortzeriaren eta kranioaren azterketa morfometrikoa ezinbestekoa da espeziea zehatz-mehatz bereizteko.

Kontserbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontserbazio-egoera onean dagoen espeziea da, eta ez dauka kontserbazio-neurri berezirik. Pestizidek eta herbizidek eragin negatiboa izan dezaketela sumatzen da, baina ez da maila handiko inpakturik detektatu oraino [4].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lesser white-toothed shrew. ARKive.
  2. a b Palomo, JL,; Gisbert, J,; Blanco, C. (2007). Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. Madril: MMA.
  3. a b Niethammer, J,; Krapp, F. (1982). Handbuch der Säugetiere Europas, Band 3: Insectivora, Primates. Wiesbaden: Aula-Verlag.
  4. a b Mitchell-Jones, AJ,; Amori, G,; Bogdanowicz, W,; Kryštufek, B,; Reijnders, PJH,; Spitzenberger, F,; Stubbe, M,; Thissen, JBM, et al.. (1999). The Atlas of European Mammals. Londres: Academic Press.
  5. Qumsiyeh, MB. (1996). Mammals of the Holy Land. Lubbock: Texas Tech University Press.