Audre Lorde
Audre Geraldine Lorde (New York, 1934ko otsailaren 18a - Saint Croix, Birjina Uharte Estatubatuarrak, 1992ko azaroaren 17a) idazle, feminista, lesbiana eta eskubide zibilen aldeko ekintzaile afroamerikarra izan zen. Poesiari dagokionez, ezaguna da, batez ere, teknika oso ondo menderatzen zuelako eta emozioak aise adierazten zituelako, bereziki bere azalean bizi izan zituen bidegabekeria zibil zein sozialekiko haserre bizia.[1] Poesian zein prosan, nagusiki eskubide zibilak, feminismoa eta emakume beltzen nortasuna jorratu zituen.[2] Bere lanik ezagunena "Sister Outsider"[3] saiakera-liburua da, non arrazakeriaren, matxismoaren eta zapalkuntza heteronormatiboaren aurkako borroketan eragin handia izan duten testuak biltzen diren, hala nola "There is no hierarchy of oppression" eta "The Master's Tools Will Never Dismantle the Master's House".
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Audre Lorde New Yorkeko Harlem auzoan hazi zen. Gurasoak Gertrude Belmar eta Frederick Lord zituen, Grenada irlako etorkin afrokaribearrak. Jaio zenean Audrey Geraldine Lorde izena jarri zioten; baina, artean ume zela, lehenengo izenaren 'y' letra kentzea erabaki zuen, lehen izena eta abizena ondoz ondoan jarrita sortzen zen azken letren arteko simetria artistikoa laket zuelako, "Zami: A New Spelling of My Name" liburuan azaltzen duenez. Hiru alabetan gazteena, amak Mendebaldeko Indiei buruz kontatzen zizkien istorioak entzunez hasi zen, Phyllis eta Helen ahizpekin batera. Amaren laguntzaz, aldi berean ikasi zuen hitz egiten eta idazten, eta aurreneko poema lehen hezkuntzan zegoela idatzi zuen. 1951n Literatura eta Filosofiako ikasketak amaitu zituen Hunter Institutuan, eta 1954-1959 bitartean Hunter Unibertsitatera joan zen. [4]
Gaztetan maitasun-harreman lesbikoak izan zituen, eta 1950eko hamarkadan homofobia pairatu zuen, Harlemn Writers Guild idazle-elkartearekin bat egiten saiatu zenean. Ez zuen amore eman, eta Greenwich Village-ko kultura-talde gayetan parte hartu zuen. 1980an, The Kitchen Table-Women of Color Press (Sukaldeko Mahaia-Emakume Beltzen Argitaletxea) sortu zuen, beste kide batzuekin batera, eta Chrysalis egunkari lesbikoaren zuzendarikidea izan zen.[5]
1954a Mexiko Hirian eta Cuernavacan (Morelos estatuko hiriburua) igaro zuen. Egonaldi hartan, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomora joan zen eta Cuernavacako erbesteratu iparramerikarren taldean parte hartu zuen. Lorderentzat, baieztapenaren eta eraberritzearen garaia izan zen, eta bere burua lesbiana eta poeta gisa berresteko aukera izan zuen, maila pertsonal zein artistikoan.[6]
1961ean, Bibliotekologia Masterra egin zuen Columbiako Unibertsitatean, eta hainbat urtez bibliotekari lanean jardun zuen. 1962an, Edward Rollins abokatuarekin ezkondu zen, eta bi alaba izan zituzten; gerora dibortziatu egin ziren, 1970ean.
1968an, Tougaloo Institutuko poeta egoiliar gisa kontratatu zuten. Han zegoela, Frances Louise Clayton ezagutu zuen, hemeretzi urtez bere bikotekidea izango zena.
1968an, lehenengo poesia-liburua argitaratu zuen, "The Frist Cities". 1978an, ingeles-eskolak ematen hasi zen, lehenengo New Yorkeko John Jay College of Criminal Justice ikastetxean eta gero Hunter College-n.
1984 eta 1992 bitartean, egonaldi luzeak egin zituen Berlinen. 1984an, Berlineko Freie Unibertsitateko Iparramerikako Ikerketetarako F. Kennedy Institutuko irakasle gonbidatua izan zen. Garai hartan, ospe handia lortu zuen Europan, batez ere Alemanian.
1978an, bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta mastektomia bat egin zioten. Sei urte geroago, gibeleko minbizia izan zuen. 1981ean, gaixotasunarekin izandako esperientziaren berri eman zuen The Cancer Journals liburuan. 1992ko azaroaren 17an hil zen, Saint Croixen, non bere bikotekide Gloriarekin bizi baitzen. Hil aurretik, bataio-zeremonia afrikar batean parte hartu zuen, bere burua Gamba Adisa berrizendatzeko; izen horrek "Gerlaria: bere burua ulertarazten duena" esan nahi du.
Pentsamendu lesbofeminista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lordek bere burua gerlari, emakume, beltz, ama, lesbiana eta poetatzat zeukan. Bere izaera nortasun horietako bakarrera ez mugatzeko borrokatzen zen, nortasun horiek guztiak indar-iturri gisa berresteko. Arrazakeria, klasismoa, sexismoa eta homofobia zuztar beretik sortutako lau itsumen mota direla adierazi zuen, alegia, desberdintasunaren kontzeptua pertsonen indar dinamiko gisa onartzeko ezintasuna. Lordek poesia eta aktibismoa baliatu zituen desberdinarekiko fobia horiek eragindako injustiziak borrokatzeko eta ikusarazteko.
Berba hauek "The Master's Tools Will Never Dismantle the Master's House" hitzaldikoak dira:
"Emakumeen arteko ezberdintasunekiko tolerantzia soilik bultzatzea erreformismo baldarrenean erortzea da. Desberdintasunek gure bizitzetan jokatzen duten sormen-funtzioari goitik behera uko egitea dakar berekin. Desberdintasunak ez dira begietsi behar tolerantziarekin bakarrik; aitzitik, prozesu dialektiko baten bidez gure sormenaren txinparta piz dadin ezinbestekoak diren polaritateen erreserba gisa ulertu behar dira. Hori da interdependentziaren beharrak mehatxuzko izateari uzteko bide bakarra. Askotariko indarren interdependentzia-egoera batean bakarrik, eta indar horiei guztiei berdintasun-maila bera aitorturik, sor daitezke munduan izateko modu berriak bilatzeko ahalmena eta oraindik konkistatzeke dagoen lurralde batean jarduteko beharrezkoak diren kemena eta babesa".[7]
Bibliografia hautatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]• The First Cities (1968)
• Cables to Rage (1970)
• From a Land Where Other People Live (1973)
• New York Head Shop and Museum (1974)
• Coal (1976)
• Between Our Selves (1976)
• The Black Unicorn (1978)
• Chosen Poems: Old and New (1982)
• Zami: A New Spelling of My Name (1983)
• Sister Outsider: Essays and Speeches (1984)
• Our Dead Behind Us (1986)
• The Marvelous Arithmetics of Distance (1993)
Dokumentalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]• A Litany For Survival: the Life and Work of Audre Lorde. Zuz.: Ada Gay Griffin eta Michelle Parkerson. (1995)
• Audre Lorde - The Berlin Years 1984 to 1992. Zuz.: Dagmar Schultz.
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Munduko Poesia Kaierak: Audre Lorde (Susa, 2016; itzultzailea: Danele Sarriugarte Mochales). Poemen antologia bat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ .
- ↑ Lorde, Audre (1 de enero de 2007).
- ↑ Lorde, Audre (2003).
- ↑ Lorde, Audre (2009).
- ↑ Audre Lorde, una amazona guerrera - Revista MíraLES. (Noiz kontsultatua: 2016-6-3).
- ↑ De Veaux, Alexis (2004).
- ↑ Lorde, Audre. (2003). Horas y Horas ISBN 84-87715-93-1..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Munduko Poesia Kaierak: Audre Lorde (bildumaren zuzendari Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin)
- 1934ko jaiotzak
- 1992ko heriotzak
- Afro-amerikarrak
- Ingelesezko idazleak
- Ameriketako Estatu Batuetako feministak
- New Yorkeko estatuko jendea
- Ameriketako Estatu Batuetako poetak
- XX. mendeko emakume idazleak
- Emakume poetak
- Gibeleko minbiziaren ondorioz hildakoak
- Ameriketako Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko ekintzaileak
- Lesbiana feministak
- LGBT idazleak
- Ameriketako Estatu Batuetako LGBT eskubideen aktibistak