[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Artetako gatzagak

Koordenatuak: 42°51′01″N 1°52′01″W / 42.85017006°N 1.86688185°W / 42.85017006; -1.86688185
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artetako gatzagak
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaOllaran
Koordenatuak42°51′01″N 1°52′01″W / 42.85017006°N 1.86688185°W / 42.85017006; -1.86688185
Map

Artetako gatzagak antzinako gatz esplotazioak dira, Ollarango Arteta herrian daudenak, Nafarroa Garaian. Gatzaren ustiaketa ekonomikoa, eguzkiaren lurruntze naturalean oinarritua, 20. mendean amaitu ondoren, denbora luzean utzita egon ziren; 21. mendean koadro batzuk berreskuratu dira, bisitatu ahal izateko.[1] Herritik kilometro eta erdi hegoaldera daude.

Ollarango diapiroko gatz depositoak duela 200 milioi urteko itsaso batean du jatorria. Akuiferoko ura kontaktuan dago gatz jalkin horiekin, eta litro bakoitzeko 250-260 gramo gatz-kontzentrazioarekin irteten da iturburutik.[2][1]

Iturburuko gatzuna lurrunketa bidez bihurtzen da gatz. Urak metro gutxi batzuetako bide naturala egiten du, berehala bat egiten baitu Udarbe errekarekin. Gatza ekoitzi ahal izateko, putzu batean biltzen da lehenik ura, eta handik larrainetara bideratzen da. Eguraldi ona bada, hiru-lau egun aski dira larraineko ur xafla mehea lurruntzeko, eta gatza kristaltzeko.[1]

Jatorrian, larrainak egurrezkoak eta buztinezkoak izan ohi ziren, baina XX. mendean porlanezkoak eraiki ziren. Halakoak dira, hondaturik asko, XXI. mendean ikusgai direnak. Aspaldian garrantzi handia izan zuten Ollarango ekonomian, baina 2020an bi familiak besterik ez zituzten erabiltzen. Suntsituta daude, halaber, inguruko etxolak, non ustiatzaileek gatza eta tresnak biltzen zituzten.[2]

Iruñerriko Mankomunitatea, Ollarango udalaren eta jabeen laguntzarekin, gatzagak zaharberritzen ari da, helburu didaktikoekin. Oinak bustitzeko uharka bat ere egin dute, urak propietate terapeutikoak baititu. Artetako kontzejuak ere interesa du gatzagen iraupenean, eta parte hartu izan du zenbait topaketatan.[3][1]

Ikus, halaber

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Artetako gatzagak. Ollarango Udala, ollo.es (Noiz kontsultatua: 2021-7-11).
  2. a b Artetako gatzagak: gatzari buruzko istorio batzuk ezagutzeko inguru natural bitxia. Iruñerriko Mankomunitatea, ecoblog.mcp.es 2020-7-21 (Noiz kontsultatua: 2021-7-11).
  3. Gazia gozotasun bihurtzeko aukera bila - Debagoiena. Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-23).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]