[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Aldaieta

Koordenatuak: 42°55′N 2°34′W / 42.92°N 2.57°W / 42.92; -2.57
Wikipedia, Entziklopedia askea
Aldaietako nekropolia
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaLangara Ganboa
Koordenatuak42°55′N 2°34′W / 42.92°N 2.57°W / 42.92; -2.57
Map
Historia
GaraiaVI. mendea
UzteaVII. mendea
Indusketa
Indusketa datak1988-egun
ZuzendariakAgustín Azkarate

Aldaieta Ubarrundia haranean, egungo Langara Ganboan, dagoen Antzinaro Berantiarreko nekropolia da.

José Ángel Apellanizek 1987an topatu zuen Uribarri Ganboako urtegiak estalitako eremu batean. Hortik aurrera, indusketa lanek aurrera egin dute.[1]

Aintzirako urek kalte handia egin bazioten ere, ehunetik gora hilobi agertu ziren, tipologiaz antzekoak denak. Zulo soileko hilobiak dira; gorpua egurrezko hilkutxa batean dago sartua, hornia eta ehortz gordailua zeuzkala aldamenean, kalitate nabarmenekoak zenbait kasutan. Multzokatuak zeuden hilobiak, eta espazio libre zabalak zeuden multzoen artean. Zenbaitek hilobi zerrenda luzeak osatzen zituzten. Beste batzuek, berriz, antolamendu guztiz desberdina zuten: bazen lehen maila bat horni aberatsekoa, eta, haren gainean, zenbaitetan, baita hiru hilobi maila desberdin ere.

Oso deigarria gertatzen da, dudarik gabe, bai hilobien orientazioan, bai gorpuen posizioan edo zenbait ehortz gordailuen presentzian dudarik gabe, aztikeriazko esanahia dute, antzematen den ehorzketa errituen ugaritasuna. Emaitzak, zenbait kasutan, ikusgarriak dira: badira bururik gabe lurperaturiko gorpuak, badira hezurdurak postura berariaz bortxazkoetan, zaldien hortzak ageri dira zenbait hilen ondoan, eta abar.

Baina gure gaiari dagokionez, horniduretan ageri den arma kopuru handia da daturik aipagarriena. Arma horiek, batere dudarik gabe, gure aroko VI. eta VIII. mendekoak dira, hau da, hispaniar historiografiak aldi bisigotikoa deritzan garaikoak, eta galiar historiografiak, berriz, aldi frankoa, eta zehatzago, merovingiarra deitzen duenekoak, eta oro har Antzinaro Berantiarra.

Baina, eta lehen begiratuan pentsa daitekeenaren kontra, Aldaietako nekropoliak geografikoki Hispanian dagoen arren, eta Regnum Visigothorumari dagokion eremuan, merovingiar aldiko Regnum Francorumen ehorzketa errituen kultura ezaugarri guztiak ageri ditu, edo ia guztiak. Baina Frankoen ezaugarri horiek Akitaniatik datoz, eta Euskal Herriko eta Kantabriako beste aztarnategitan aurkitu dira, neurri handiagoan edo txikiagoan, hala nola: Buzaga[2] (Elortz, Nafarroa), Axkoeta (Erriberagoitia, Araba), Iruña eta San Pelaio (Dulantzi). Talde kultura honi "franko-akitaniar" izena ematen zaio.

Baskonizazio berantiarra izeneko hipotesiaren aldekoek aurkikuntza hauek bere teoria babesteko erabili dituzte. Genetistek, berriz, aztarnen DNA mitokondriala egungo Kantauri itsasoko ertzeko biztanleriaren antzekoa dela diote, beraz, hildakoak autoktonoak dira[3][4].

Aldaietaren ereduaren hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Merovingiar estiloko aizkorak, Adaietan aurkitutakoen antzekoak. Irudikoak, Nievren, Frantzia iparraldean aurkitu ziren.

XX. mendeko 80ko hamarkadan Aldaieta eta Buzagako nekropoliak aurkitu ziren, Araban eta Nafarroan, eta horri Iruña-Argarai antzinatik ezagutzen ziren materialak gehitu zitzaizkion, baita Dulantziko San Pelaion antzeko testuinguruak ere. Horri esker, ikusi ahal izan zen mendebaldeko Pirinio inguruan, bisigodoen nekropoli klasikoengandik desberdintzen ziren hilerri batzuk zeudela. Azken urteetan, mota bereko beste hilerri batzuen inguruan egindako indusketek aztarnategien zerrenda handitu dute, eta berretsi dute ez dela gertaera anekdotiko edo koiunturala, baizik eta VI. VIII. mendeetan nagusi zen hileta-manifestazioa.

Hasieran, zenbait elementu agertu ziren, hala nola lantza-puntak edo aizkorak, bai eta akitaniar fakturako gerriko mota batzuk ere, eta, ondorioz, horrelako hilerriak interpretatu ziren, inguru horretan kontingente franko egon zitekeelako, baina, azken urteotan, tokiko ikuspegitik egindako irakurketa nagusitu da[5].

Merobingiar, akitaniar edo baskoi-akitaniar ezaugarriak dituzten nekropoli batzuk hauek dira: Aldaieta, San Pelaio (Dulantzi), Buzaga (Elortz), Condestable eta Argarai-Obietagañe (Iruñean), San Miguel (Molinilla), Labarthe-de Neste, Saint-André (Okzitaniako Tolosatik gertu) eta beste asko Nafarroa Garaian, Araban, Bizkaian eta Frantzia mendebaldean[6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Azkarate, A.. Aldaieta. Necrópolis tardoantigua de Aldaieta (Nanclares de Gamboa, Alava). , 33 or. ISBN 84-7821-410-0..
  2. (Gaztelaniaz) Garai-Olaun, A. Azkárate. (1993-12-30). «Francos, Aquitanos y Vascones. Testimonios arqueológicos al Sur de los Pirineos» Archivo Español de Arqueología 66 (167-168): 149–175.  doi:10.3989/aespa.1993.v66.468. ISSN 1988-3110. (Noiz kontsultatua: 2023-02-21).
  3. «Investigadores de la UPV reconstruyen la historia de la necrópolis de Aldaieta» Gara 2008-04-09.
  4. Alzualde A, Izagirre N, Alonso S, Alonso A, Albarrán C, Azkarate A, de la Rúa C.. (2006ko uztaila). «Insights into the "isolation" of the Basques: mtDNA lineages from the historical site of Aldaieta (6th-7th centuries AD)» Am J Phys Anthropol 130 (3): 394-404. PMID 16425179..
  5. (Gaztelaniaz) Cactalán Ramos, Raúl. (20014). «De Cabriana Aldaieta: Armamento y mundo funerario en el valle de Duero y su entorno (Siglos V-VIII)» Investigaciones Arqueológicas en el valle del Duero / coord. por José Honrado Castro, Miguel Ángel Brezmes Escribano, Alicia Tejeiro Pizarro, Óscar Rodríguez Monterrubio, Vol. 2 2014 (Neolítico y Calcolítico en el valle del Duero): 427-439. ISBN 978-84-940699-6-3..
  6. García Camino, Iñaki; Azkarate Garai-Olaun, Agustín. (2013). «Baskonia, bitarteko lurrra = Vasconia, tierra de intermedia» Arkeologi museoaren koadernoak = Los cuadernos del Arkeologi (Bilbo) 5: 14-15..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]