Ajuriaeneko Ituna
Euskadi Normaltzeko eta Pakeratzeko Hitzarmena —Ajuriaeneko Ituna izenaz ezagunagoa— Ajuriaenean 1988ko urtarrilaren 12an sinaturiko hitzarmen politikoa izan zen. Sinatzaileak Alianza Popular (AP: Julen Guimón), Zentro Demokratiko eta Soziala (CDS: Alfredo Marco Tabar), Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ: Xabier Arzallus), Euskadiko Ezkerra (EE: Kepa Aulestia), Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE: Jose Mª Benegas) eta Eusko Alkartasuna (EA: Inazio Oliveri) alderdiak izan ziren, baita Jose Antonio Ardanza lehendakaria ere. 1987ko Terrorismoaren Aurkako Madrilgo Itunetan hasitako bideari jarraituz, 18 puntutan alderdi guztiek oinarrizko helburu batzuk adostu zituzten indarkeriaren aurka egiteko.
Ajuriaeneko Itunaren aipamenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzarmena izenpetu zuten alderdiek, oro har, ETAren jarduera gaitzesten zuten, eta Gernikako Autonomia Estatutuak finkatzen zuen markoa onesten zuten euskal auziari konponbidea emateko. Bide beretik, Estatutuaren bete gabeko atalak bete zitezen eskatzen zuen Hitzarmenak; Estatutuaren erabateko garapena, alegia. Aipatzen zuen, halaber, hala erabakiz gero Estatutuan bertan eta Konstituzioan ohartemandako jardunbideez, hura aldatzea eta osabideratzea erabaki behar duena, eta herri hori bera, Konstituzioko Lehenengo Erabaki Gehigarriaren eta Estatutuko Bakarraren arabera, legokiokeen edozein eskubide eskatzeko beti-beti eskubidearen jabe dela. Nafarroako auziari dagokionez, hau azpimarratzen zuen: nafarrei soilik dagokiela beren etorkizunari buruzko erabakia, eta ezin dela Nafarroa euskal autonomia-jaurpideetako zati bilakatu nafarren euren eta horien erakundearen nahiaren aurka.
Itunak Eusko Jaularitza hartzen zuen bakea lortu ahal izateko, indarkeriaren aurka era guztietako politika eta gizarte-mailako ekintzetan; aitzindaritzat. Eta honela jarraitzen zuenː
« | Indarkeriaren erasoen aurka egin beharrekoa den Legezko Erresumaren aldezpena legeei eta oro har giza-eskubideei begirunerik hertsiena izanezkoa izan dadineko ardura izateko hitza ematen dugu, era guztietako indarkeria gaitzesten dugun sendotasun beraz, sortarau horiek zapaldu daitezkeeneko jazoerak ere salatzeko eskubidearen jabetzat bait dauzkagu geure buruak; ere bazioen Hitzarmenak, eta baita hau ere: indarkeriari elkarrizketa-bidez azkena emateko, horrekikoak egiteko benetako gogoan eta hori sinistarazteko moduko zalantzapiderik gabeko jarreratan oinarrituz, behar bezalako aukerarik izaten bada, Erresumako horretarako gai diren agintarien eta izuekintza bazter uztea erabakitzen dutenen arteko harreman-bideen alde gaude, betiere politika-mailako gorabeherak herritarren nahiaren ordezkotza dutenen bidez soilik konponbideratu behar direlako utzi ezineko demokraziazko sortarauari begirune izanez, noski. | » |
Ajuriaeneko Itunaren zatia, 1987 |
Aipatutako guztiek sinatutako testuari ohar berezi bat egin zion Eusko Alkartasunak, Hitzarmenari erreserba moduan erantsia, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentzia polizialak konpetentzia esklusibo erabili ahal izateari buruzkoa, hain zuzen ere.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal gatazkan esanguratsua den itun bat da. Izan ere gatazka ENAM eta Espainiako Gobernuen artean ezezik euskaldunen arteko gatazka bat zegoela ikusarazi baitzuen. Aldi berean Herri Batasuna denbora mugatu batean eta neurri batean behintzat politikoki gainerako euskal alderdietatik isolatuta geratu zen.
Ajuria Eneako Itunaren 10. puntua
[aldatu | aldatu iturburu kodea](1988-1-12)
Indarkeria elkarrizketaren bidez amaitzeko baldintza egokiak sortzen badira, indarkeriari amaiera emateko borondatea garbia bada eta borondate hori erakusten duten zeinuak erabatekoak badira, Estatuaren botere eskudunen eta indarkeriaren erabilerari uko egitea erabakitzen dutenen arteko elkarrizketa-prozesuak bultzatuko ditugu, jakinik une oro errespetatuko dela auzi politikoak soilik herritarrek hautatutako ordezkari legitimoen bidez konpondu behar direla dioen printzipio demokratiko utziezina.
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.