Cash and carry (Bigarren Mundu Gerra)
Cash and Carry (Dirua eta eramatea) izenarekin Estatu Batuetako lege bat ezagutu zen. Franklin D. Roosevelt presidenteak sinatua 1939ko azaroaren 4an —Bigarren Mundu Gerra hasi eta bi hilabetera—, nolabait neutraltasun-legeak partzialki aldatzen zituena. Izan ere, aldaketa horrek aukera ematen zuen gerra batean sartuta zeuden estatuei era guztietako produktuak saltzeko, baldin eta horiek eskudirutan ordaintzen bazuten (cash) eta haiek arduratzen baziren beren herrialdera garraiatzeaz (carry).[1]
Lege horri esker, Frantziak eta Britainia Handiak Estatu Batuetan erosi ahal izan zituzten Alemania naziri aurre egiteko behar zituzten armak eta beste ondasun batzuk; nazien erasoaldia hurrengo urteko udaberrian izango zen. Estatu Batuek isolazionismoaren hausturan eman zuten lehen urratsa izan zen hau, eta 1941eko martxoko Mailegu eta Errentamendu Legearen aurrekaria.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1938ko iraileko Municheko akordioak baino lehen, Franklin D. Roosevelt presidenteak Alemania nazia irudikatzen zuen mehatxua onartu zuen, eta berrarmatzeko programa bat jarri zuen abian, urtean hamabost mila hegazkin egitea, nahiz eta ez zuen erabaki Estatu Batuetako Armada txikiaren tamaina handitzea, orduan 200.000 bat gizon baino ez baitzituen, Wehrmachtek bi milioi baino gehiago zituen bitartean. Presidentearen beldur okerrenak 1939ko irailean Europan gerra piztu eta Alemania Poloniaren jabe egin zenean baieztatu ziren.
Orduan, presidenteak Londresen eta Parisen zituen enbaxaden txostenak jaso zituen Britainia Handiak eta Frantziak alemaniaren erasoari aurre egiteko zituzten armen eta beste ondasun batzuen beharrizanei buruz. Rooseveltek bazekien bi demokrazien porrotak eragin negatiboa izango zuela estatubatuarren interesetan, eta mehatxu bat izango zela haien bizimoduarentzat. Handik gutxira, Rooseveltek 750.000 gizoneko armada bat eratzea baimendu zuen, ordura arte zegoena baino lau aldiz handiagoa, nahiz eta oraindik Europako herrialde gerrazaleetako armaden tamainatik oso urrun egon. Halaber, 300 miliako segurtasun-eremu bat ezarri zuen Amerikako kostaldearen aurrean, eta, eremu horren barruan, herrialde aliatuetako ontziek Estatu Batuetako Itsas Armadaren babesa izango zuten.
Hala ere, Rooseveltek ezin zien bi potentzia demokratikoei laguntza materialik eman, urte batzuk lehenago Kongresuak onartutako neutraltasun-legeek eragozten ziotelako. Izan ere, Estatu Batuak Europan gerra batean sartzearen aurkako jarrera, Lehen Mundu Gerran gertatu zen bezala, nagusi zen iritzi publikoaren eta Estatu Batuetako politikarien artean.[3]
Alemaniak 1939ko irailean, Poloniaren aurka lortutako garaipen azkarrak, presidenteari neutraltasun legeetan lehen arrakala bat irekitzea ahalbidetu zion lege honen bitartez. Sei asteko eztabaida biziaren ondoren, Kongresuak berak proposatuta, Cash and carry sistemaren bidez armak eta beste ondasun batzuk saltzea ahalbidetzen zuen lege bat onartu zuen.[4] Rooseveltek nahiago zukeen gerran zeuden herrialdeei arma-salmentaren enbargoa inolako murrizketarik gabe altxatzea eta herrialde horiei kreditua ematea, baina Cash and carry onartu behar izan zuen isolatzaileek legea onartzea eragotz ez zezaten.
Txina, 1937az geroztik japoniarren inbasioari aurre egiten ari zena, lege horretatik kanpo geratu zen, urre eta dibisarik ez zuelako.
Estatu Batuetako ekonomian eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britainiar historialari batzuek, Antony Beevor edo Ian Kershaw kasu, uste dute Britainia Handiak 1939 eta 1940 bitartean arma-eskaerengatik ordaindu zituen 5.000 milioi dolar inguru izan zirela Estatu Batuak 1929ko krakaz geroztik Ipar Amerikako ekonomia bizi zuen Depresio Handitik atera zituztenak eta ordutik aurrera izan zuen gorakada ekonomiko handia ahalbidetu zutenak.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.economiasimple.net/glosario/cash-and-carry
- ↑ Brinkley, Alan (2012). American history : connecting with the past (14. ed.). Boston: McGraw-Hill Higher Education. 719.or. ISBN 9780073406954. OCLC 707486718.
- ↑ Kershaw, Ian (2007). Fateful Choices. Ten Decisions that Changed the World, 1940-1941. Londres: Allen Lane. ISBN 978-0-713-99712-5. 196.or.
- ↑ « Adoption du texte définitif », Le Temps, 1939ko azaroaren 5a. [https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k264112b/f1.image
- ↑ Beevor, Antony (2014) [2012]. La Segunda Guerra Mundial. Lehen edizioa poltsikoan. Bartzelona: Pasado & Presente. ISBN 978-84-942890-5-7. 259.or.