CTXT
CTXT | |
---|---|
Mota | digital newspaper (en) eta astekari |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | gaztelania |
Argitaratze lekua | Madril |
Argitaletxea | Revista Contexto S.L (en) |
Banaketa | |
Banatze-eremua | ezker politiko |
Historia | |
Ideologia | ezker politiko |
Sortzailea | Roberto Saviano, Soledad Gallego-Díaz, Ignacio Sánchez-Cuenca (en) , Miquel Barceló, Alberto Reguera, José Luis Cuerda, Concita De Gregorio, Giancarlo Santalmassi (en) , Éric Fassin, Hans-Ulrich Obrist, Pedro G. Romero eta Kostas Vaxevanis (en) |
ctxt.es | |
CTXT edo ctxt (edo Revista Contexto) informazio orokorreko hedabide digitala da. 2015an sortua, gaztelaniaz argitaratzen da, eta Madrilen du egoitza. Espainiako eta nazioarteko gaurkotasunari buruzko informazioak lantzen ditu. Hedabidearen izenaren ondoan, honako leloa erabiltzen dute: "Contexto y Acción".
Kazetaritza pausatua eta analitikoa egitea da CTXT-ren ezaugarri nagusia. Euren webguneko “Nor gara”[1] sailean azaltzen dutenez, CTXT-ren helburua zera da: “Albiste garrantzitsuenen testuinguru politikoa eta ekonomikoa eskaintzea, agenda informatiboa markatuko duten auzi nagusiak aurreratzea, kultura eta sorkuntza dinamizatzea, ideien eztabaida sustatzea, eta gertaerak soiltasunez, zintzotasunez, ironiaz (posible denean) eta zentzu kritikoz kontatzea eta aztertzea”. Zentzu honetan, “Interneten nagusi den minutuz minutuko presa horretatik” ihes egin nahi dutela diote, baita “gaurkotasun digitalak behartutako berehalakotasunetik eta albiste kopuru handiegitik” ere. Horregatik, goiburu hau dute: “Azken ordukoetara berandu iristeaz harro”.
Hainbat hedabide konbentzionaletan lan egindako 14 kazetarik sortu zuen CTXT, euren webgunean azaltzen dutenez. Besteak beste, El País, El Mundo eta La Repubblica egunkarietan aritutakoak dira CTXT-ren sortzaileak. “Prentsa independentearen espiritu zaharra berreskuratzeko” helburuz sortu zuten hedabidea, hau da, “zerbitzu publikoa” izateko bokazioz, “testu orbangabeak eta herritarrentzat pentsatuak” idazteko asmoz, beti ere “egia ofizialei eta botereak hedatzen duen propagandari mesfidantzaz begiratuta”.
Ildoa eta edukiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ildo editorial aurrerakoia du CTXT-k. “Nor gara” atalean, “askatasunaren eta pentsamendu kritikoaren sinonimo” izan nahi duela dio, eta “askatasun osoan” egin nahi duela kazetaritza, “interes politiko, editorial edo enpresarialekin menpekotasunik gabe”; gainera, “egia ofizialekiko eta botereak haizatutako propagandarekiko” mesfidantza duela dio.
CTXT "astekari digital" moduan definitzen du bere burua. Atari digitalean etengabe berritzen ditu informazioak, baina eduki berri gehienak asteazkenero argiratzen dituzte eta eduki guztiak asteko zenbakika egituratzen ditu. 2018ko urtarrilaren bukaeran, 154 zenbaki zituen argitaratuta. 2015eko urtarriletik argitaratzen dituen eduki digitalez gain, 2017ko otsailetik papereko hilabetekaria ere argitaratzen du, hilabetean zehar sarean argitaratutako edukien laburpen gisa.
Interpretazio, analisi eta iritzi kutsuko artikuluak dira nagusi CTXT-ren webgunean. Informazio genero guztiak baliatzen dituzte, salbu eta albiste hutsa, ez baitute azken orduko testu informatibo hutsik ematen. Ez du, adibidez, berri agentziako albisterik argitaratzen. Artikulu guztiak (editorialak salbu) sinatuta doaz, egileek pertsonalki landuak diren seinale. Zentzu horretan, “Nor gara” atalean azaltzen dute Contexto-ko erredaktoreek debekatua dutela “agentzietako errefritoak” egitea.
CTXT-ren eduki gehien-gehienak idatzizkoak dira, baina ikus-entzunezko eduki batzuk ere eskaintzen ditu, Multimedia sailean hain zuzen ere. Lau azpiatal ditu Multimedia sailak: “Ikus-entzunezkoak” atalean podcast-ak eta bideoak eskaintzen dituzte, “Ctxtán TV” atalean ere bideoak daude, “Argazkigaleriak” atalean erreportaje grafikoak (batzuk testuz lagunduak, beste batzuk argazki hutsak), eta “Binetak” atalean marrazkilarien lanak (J.R. Mora, Malagón, Pedripol y La Boca del Logo).[2]
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hedabidearen zuzendaritza hiru kidek osatzen dute: Miguel Mora zuzendaria eta Mónica Andrade eta Vanesa Jiménez zuzendariordeak. Sailei eta lurralde ordezkaritzei dagokionez, CTXT-ren webguneak lau arduradunen berri baino ez du ematen: Gerardo Tecé kazetaria Andaluziako informazioaren eta sare sozialen arduraduna da, Guillem Martínez Kataluniako informazioari buruzko arduraduna da, Alberto Fernández edizio grafikoaren arduraduna, eta Ignacio Echevarría eta Gonzalo Torné, El Ministerio sail kulturalaren arduradunak. Gainera, Jaime Fernández gerentea kudeaketa ekonomikoaz arduratzen da. Egitura profesionalaz aparte, CTXT-k kontseilu editoriala du. Kontseilu honetako presidentea Noam Chomsky filosofo eta hizkuntzalari estatubatuarra da.
CTXT-ren enpresa argitaratzaileak Revista Contexto SL du izena. Beraz, sozietate mugatua da, jabetza partaidetzatan banatua duen merkataritza sozietate mota. Revista Contexto SLren kasuan, 107 bazkide ditu enpresak, euren webguneko “Nor Gara” atalean azaltzen dutenez. Revista Contexto SLren kapital soziala 280.000 eurokoa da (2018).
Enpresa argitaratzaileko zuzendaritza organoetako arduradun nagusiak hedabidearen zuzendaritzan dauden berberak dira. Hau da, Administrazio Kontseiluko presidentea, Miguel Mora, hedabidearen zuzendaria da aldi berean, eta kontseilari ordezkaria, Mónica Andrade, hedabidearen zuzendariordeetako bat da. Administrazio Kontseiluak beste zazpi kide ditu.
CTXT-k aliantza editoriala du Publico-rekin, 2016tik. Publico-ren enpresa argitaratzailea beste sozietate mugatu bat da, Display Connectors SL.[3]
Prezio politika eta negozio eredua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldizkari digitalaren eduki guztiak doakoak dira, ez dago ezer ordaindu beharrik bere informazioak irakurtzeko, baina harpidetzeko aukera eskaintzen die bere irakurleei, ordainpeko hainbat produkturekin lotuta, hala nola El Dobladillo papereko hilabetekaria, El Saloncito ataleko premium edukiak eta Contexto argitaletxeak argitaratutako liburuak. Lau harpidetza aukera ezberdin daude, jaso nahi diren produktuen arabera: oinarrizko harpidetza da aukera merkeena, urtean 50 euro, eta “con todo” izenekoa garestiena, urtean 90 euro. El Dobladillo papereko hilabetekariaren ale bakoitzak 7 euroko prezioa du.[4]
Publizitate espazioak ere saltzen ditu Contexto-k, baina publizitate tarifak ez ditu publiko egiten. Publizitateari dagokionez, “Nor gara” sailean zehazten dute patrozinatzaile eta iragarle “gardenak” baino ez dituztela onartzen, “ildo editoriala baldintzatzen ez dutenak”. Gainera, uko egiten diote “kutsu komertzialeko eduki patrozinatuak” argitaratzeari eta ziurtatzen dute nahiago dutela itxi “publizitate ezkutua” onartu baino.
CTXT-ren diru iturri nagusia bere harpidedunak dira, sei milatik gora 2018. urtearen hasieran. 2017. urtean, Revista Contexto SLren diru sarreren %53 harpidedunen kuota eta donazioetatik etorri ziren. Publizitateagatik (patrozinioak barne) diru sarrera guztien %25a lortzen du CTXT-k. Are pisu txikiagoa du El Dobladillo hilabetekariagatik lortzen duten diruak, sarreren %6 baino ez baitu suposatzen.
Bere webguneko informazioaren arabera, 2017ko diru kontuak orekatzea lortu zuen, 380.000 euro inguruko sarrera eta irteerekin, eta urtea batere zorrik gabe bukatu zuten. Sortu osteko hirugarren urtean, lehenengo aldiz lortu dute urteko balantzean galerarik ez izatea, aurreko bi urteotako balantzea negatiboa izan baitzen. Hain zuzen ere, Revista Contexto SLk 91.000 euroko galerarekin bukatu zuen lehen urtea (2015), eta 34.000 euroko galerarekin bigarrena (2016). Gainera, negozio bolumenak modu nabarmenean gora egin du hiru urteotan: 2015. urtean 40.800 euro fakturatzetik 2016an 199.000 euro fakturatzera pasa zen Contexto-ren enpresa, eta 2016an berriro gora egin zuen fakturazioak, 376.000 eurotara.
Hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euren webgunean azaltzen dutenez, Contexto-k 2018ko otsailean 5.600 harpidedun baino gehiago zituen. OJD Interactiva-ren arabera, 600.000 erabiltzaile baino gehiago sartu ohi da hilero Ctxt-ren webgunean. 2018ko urtarrilean, Contexto-k 685.857 erabiltzaile bakar izan zituen, 2017ko batez bestekoa (ia 620.000) baino pixka bat gehiago. 2018ko urtarrilean eguneroko batez bestekoa 33.000 erabiltzailetik gorakoa izan zen, eta bisita bakoitzaren iraupena 11 minututik gorakoa izan zen.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Redacción | ctxt.es» ctxt.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) acción, CTXT. Contexto y. «Multimedia | ctxt.es» ctxt.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) 'Público' y 'CTXT' sellan una alianza editorial. (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¡Suscríbete a CTXT!» Ágora Ctxt (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Medios Digitales « OJDinteractiva Auditoría Medios Online» www.ojdinteractiva.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).