Miguel de Cervantes
Miguel de Cervantes (Juan Jauregik margotua) | ||
Datu pertsonalak | ||
---|---|---|
Izen osoa | Miguel de Cervantes Saavedra | |
Jaio | 1547ko irailaren 29a | |
Alcalá de Henares (Espainia) | ||
Hil | 1616ko apirilaren 22a | |
Madril (Espainia) |
Miguel de Cervantes Saavedra (Alcalá de Henares, 1547ko irailaren 29a - Madril, 1616ko apirilaren 22a) espainiar idazlea izan zen, mundu osoko idazlerik garrantzitsuenetarikoa, nagusiki On Kixote Mantxakoa liburu famatuagatik. Espainiako Urrezko Mendearen adibiderik gorena da.
Biografia
Lehenengo urteak
Miguel Alcalá de Henaresen jaio zelakoan gaude, baina ez daukagu egun zehatzik. Ziurrenik 29an izango zela uste da, San Migel egunean, garai hartan jaioteguneko santuaren izena jartzea ohitura baitzen. Alcalá de Henareseko Santa Maria la Mayorreko parrokian bataiatu zuten 1547ko urriaren 9an eta horrela dio une hartan jaso zen aktak:
- Domingo, nueve días del mes de octubre, año del Señor de mill e quinientos e quarenta e siete años, fue baptizado Miguel, hijo de Rodrigo Cervantes e su mujer doña Leonor. Baptizóle el reverendo señor Bartolomé Serrano, cura de Nuestra Señora. Testigos, Baltasar Vázquez, Sacristán, e yo, que le bapticé e firme de mi nombre. Bachiller Serrano.
Aita Rodrigo de Cervantes zen, kordobesa eta arbaso galiziarrak zituena. Zirujaua zen, gaur egungo praktikantea gutxi gorabehera. Ama, berriz, Leonor de Cortinas izan zen eta Arganda del Reyko zen. Senide batzuk ere ezagutzen ditugu: Andrés (1543), Andrea (1544), Luisa (1546), karmeldar mojaetxe bateko priore izango zena; Rodrigo (1550), berarekin batera aljeriar presondegian egongo zen soldadua; Magdalena (1554) eta Juan. Froga garbirik ez badago ere, Américo Castro, Daniel Eisenberg eta beste zenbaitek Cervantesek bi adarretatik jatorri konbertitua duela diote.
1151 inguruan, cervantestarrak Valladolidera joan ziren bizitzera. Zorrez lepo, aita kartzelan egon beharrean izan zen eta ondare guztiak bahitu zizkioten. 1556an, Kordobara joan zen, Juan de Cervantes aitonaren herentzia jaso eta hartzekodunei ihes egiteko xedean.
Miguelen ikasketak ere misterio hutsa dira guretzat, baina ziurrenik ez zen unibertsitatera joango. Litekeena da Valladoliden, Kordoban edo Sevillan ikastea. Baliteke Jesusen Lagundian izatea, El coloquio de los perros eleberrian, bere ikasle bizitza propioa aipatuko balu bezala, ikastetxe jesuita baten deskripzioa egiten baitu.
1566an, Madrilen jarri zen bizitzen eta hantxe sortuko zaio antzerkirako zaletasuna.
Italiarako bidaia eta Lepantoko gudua
Bada 1569ko Filipe II.aren dokumentu bat, Miguel de Cervantes atxilotzeko agindua emanez, Antonio Sigura izeneko pertsona zauritu duelako duelu batean. Ez dakigu gure idazlea den Miguel hori, baina, hala balitz, Italiara alde egiteko arrazoi sinesgarria izango litzateke.
Gauza da urte horretako abenduan Erromara iritsi zela. Hantxe irakurri zituen León Hebreo (Yehuda Abrabanel) judu sefardiren Ludovico Ariosto eta Amodiozko Elkarrizketak eta zaldunen poema haiek eragin handia izango zuten Miguelen amodioa ikusteko eran. Italiako estiloa eta artea barneratuko ditu eta betirako gordeko du oroimen xamurra.
1570ean kardinal egingo duten Giulio Acqurivaren zerbitzura hasiko da lanean (ziurrenik Madrilen ezagutuko zuten elkar). Palermo, Milan, Florentzia, Venezia, Parma eta Ferraran izan zen berarekin eta, azkenean, Diego de Urbina kapitainaren konpainiako soldadu egin zen, Miguel de Montcada tertzioan.
Marquesa galeran ontziratu zen eta, 1571ko urriaren 7an, Lepantoko guduan hartu zuen parte, la más alta ocasión que vieron los siglos pasados, los presentes, ni esperan ver los venideros, Joan Austriakoak gidatutako kristau armadaren parte; Joan Austriakoa, hijo del rayo de la guerra Carlos V, de felice memoria, Filipe II.a Espainiakoaren anaiordea zen, eta beraiekin zihoan garaiko marinel ospetsua zen Santa Cruzeko markesa, Mantxan bizi zena. Zortzi urte beranduago jasotako dokumentu legal batek horrela dio:
« | Cuando se reconosció el armada del Turco, en la dicha batalla naval, el dicho Miguel de Cervantes estaba malo y con calentura, y el dicho capitán... y otros muchos amigos suyos le dijeron que, pues estaba enfermo y con calentura, que estuviese quedo abajo en la cámara de la galera; y el dicho Miguel de Cervantes respondió que qué dirían de él, y que no hacía lo que debía, y que más quería morir peleando por Dios y por su rey, que no meterse so cubierta, y que con su salud... Y peleó como valente soldado con los dichos turcos en la dicha batalla en el lugar del esquife, como su capitán lo mandó y le dio orden, con otros soldados. Y acabada la batalla, como el señor don Juan supo y entendió cuán bien lo había hecho y peleado el dicho Miguel de Cervantes, le acrescentó y le dio cuatro ducados más de su paga... De la dicha batalla naval salió herido de dos arcabuzazos en el pecho y en una mano, de que quedó estropeado de la dicha mano. | » |
Hortik datorkio "Lepantoko besomotza" ezizena. Ez zen benetan besomotza, baina elbarri geratu zitzaion berun puska batek nerbioa ebaki zionean. Zauriak ez ziren larriegiak izango, Messinako ospitalean 6 hilabete eman ondoren, 1572an, berriro ari baitzen militar bizitzan. Hainbat itsas espediziotan hartu zuen parte: Navarino (1572), Korfu, Bizerta eta Tunisia (1573); gero, Sizilia, Sardinia, Genova eta Lonbardiako hiri nagusiak ezagutu zituen eta urte pare bat eman zituen Napolin, 1575era arte.
Cervantes Lepantoko guduan borrokatu izanaz harro agertu zen beti. Kixotearen bigarren atalaren hitzaurrean horrelaxe dio, mende guztietako aukera aparta izan zela, aurrekoak eta ondorengoen artean seinalatua.
Aljerreko presondegia
1575eko irailaren 26an, Sol galeran Napolitik Espainiara itzultzean, Arnaut Mamíren agindupean zihoan ontziteria turkiarrak hartu zituen preso, bai Miguel eta baita bere anaia Rodrigo ere. Costa Brava inguruan harrapatu zituzten eta Aljeriara eraman; Miguel Dali Mamíren zerbitzura esleitutako esklabo izan zen eta gainean Joan Austriakoa eta Sessako dukearen errekomendazio gutunak zeramatzanez, itzal handiko gizona izango zela pentsatu zuten eta erreskate on bat jasotzeko aukera ikusi zuten. 500 urrezko eskudo eskatu zuten bere askatasunagatik.
Preso egon zen 5 urteetan, Miguel 4 aldiz, behintzat, saiatu zen alde egiten. Ez zuen bere lagunei zigorrik jartzerik nahi izan eta beti jaso zuen berak erantzukizun osoa. Torturatua ere izan zen. Diego de Haedoren Aljerreko topografia eta historia orokorra lanak (1612) gatibutasun haren berri preziatuak ematen dizkigu eta Cervantes beraren lanean ere ikus dezakegu: Aljerreko tratuak, Aljerreko bainuak edo Kixotearen lehenengo ataleko 39 eta 41. kapitulu artean txertatzen duen gatibuaren istorioa. Hala ere, Haedok aitortu zuen argitaratutako lana hura ez zela berea. Emilio Solaren ustez, egilea Antonio de Sosa izan zen, Miguelekin batera preso egon zen benediktarra. Baina Daniel Eisenberg ez dago ados, Sosa ez baita idazle, eta egilea ezin da Cervantes bera ez den beste inor izan. Hau egia balitz, Haedoren lana ez litzateke kanpoko testigantza izango, Cervantesek berak egiten duen beste idatzi bat baizik.
Ihes egiteko lehen saiakera porrotean geratu zen, Miguel eta bere kideak Oraneraino garraiatu behar zituen musulmanak lehenengo egunean abandonatu zituenean. Iheslariek Aljerrera itzuli beharrean izan ziren eta kateatu eta lehen baino gehiago zaindu zituzten. Bitartean, ama Leonorrek bere bi semeak askatu nahian, dukat pila biltzeko ahalegina egin zuen. 1577an, tratuak gauzatu ziren azkenean, ez nahi orduko, baina dirua ez zen biak askatzeko adina iristen. Miguelek nahiago izan zuen bere anaia libratzea eta horrelaxe iritsi zen Rodrigo Espainiara.
Rodrigok anaia eta beste hamalau-hamabost lagunak askatzeko plana zeraman berarekin. Miguel kobazulo ezkutu batean gorde zen bere kideekin batera, bila etorriko zitzaien espainiar galera baten zain. Ontzia gerturatu zen pare bat aldiz hondartzara, baina harrapatu egin zuten azkenean. Ezkutuan zeudenak ere erori ziren, traidore bat baitzuten tartean. Miguelek bere buruari bota zion errua eta Azán Bajá beyk, turkiar gobernariak, katez lotu zuen, 5 hilabetez zuloan egon beharrean izan zelarik.
Hirugarren saiakeran, Oranera lurrez iristeko ahaleginak egin zituen. Martin Kordobakoa zen plaza hartako jenerala eta hari bidali zion konfidantzazko musulman bat, plana esplikatu eta gidak eskatzeko. Baina mezularia preso hartu zuten eta gutunak aurkitu zizkioten. Haietan garbi ageri zen Miguel de Cervantes zela erantzukizun osoa zuena eta bi mila makilkada jasotzea kondenatu zuten. Azkenean, ez zen sententzia bete, askok egin zutelako bere alde.
Ihes egiteko azken saiakera Aljerren zegoen merkatari batek eman zion diruarekin egin zuen. Miguelek 60 bat kristau garraiatu ahal izango zituen fragata bat erosi zuen. Dena prest zegoenean, liberatzeko zain zegoen batek, Juan Blanco de Paz dominiko ohiak, dena kontatu zion Azán Bajári. Ordainetan, traidorek ezkutu bat eta gantz txarroa jaso zituen. Azán Baják Cervantes presondegi seguru batera lekualdatu zuen, bere jauregian bertan. Gero, Konstantinopolisera eraman zuen eta han ia-ia ezinezkoa izango zen ihesaldia. Oraingoan ere, Cervantesek bere gain hartu zuen erantzukizun guztia.
1580ko maiatzean, Trinitarioak iritsi ziren Aljerrera (ordena hori gatibuak askatzeko ahaleginetan ibili ohi zen; zenbaitetan, beraiegatik trukatu ere egiten ziren), Antonio de la Bella eta Juan Gil fraideak. Frai Antonio erreskatatu batzuekin joan zen bitartean, Frai Juan Gil Cervantes askatzeko ahaleginetan zebilen, baina 300 ezkutu besterik ez zeuzkan eta 500 ezkutu eskatzen zituzten. Fraideak kristau saltzaileengandik lortu zuen falta zitzaion dirua. Cervantes, erabat kateaturik, Azán Bajá Konstantinopolisera eramango zuen galeran zegoen, jada.
Azkenean, 500 ezkutu haiekin, Cervantes askatu zuten 1580ko irailaren 19an. Urriaren 24an, itzuli zen Espainiara beste gatibu ohi batzuekin. Deniara iritsi zen eta gero Valentziara joan zen. Azaro edo abendu aldera, Madrilera itzuli zen.
Bizitza Espainian
1581eko maiatzean, Cervantes Portugalera joan zen, Filipe II.aren gortera, bere bizitzan zereginen bat aurkitzeko xedean, familiak Aljerretik erreskatatzeko egindakoa ordaintzeko. Misio sekretu bat agindu zioten Oranen, berak asko baitzekien hartaz, eta 50 ezkutu ordaindu zizkioten. Lisboara itzuli zen eta, urte amaieran, Madrilera. 1582ko otsailean, Indietan hutsik zegoen lanpostu bat eskatu zuen, baina ez zioten eman.
Urte hauetan, idazleak amodiozko harremanak izan zituen Ana Villafranca (edo Franca) de Rojasekin, Alonso Rodríguez tabernariaren emaztearekin, alegia. Harreman hartatik, Isabel de Saavedra sortu zen eta Miguelek errekonozitu egin zuen.
1584ko abenduaren 12an, Catalina de Salazar y Palaciosekin ezkondu zen Esquiviasen. Catalina ez zen 20 urtera iristen eta dote txiki bat ekarri zuen ezkontzara. Bikoteak ez zuela funtzionatu uste da. Bi urtera, Miguel Andaluzian zehar zebilen bidaia luzeak eginez. Ez zuten seme-alabarik izan eta ez zen sekula idazlearen testu autobiografikoetan agertu.
Azken urteak
1587an, Andaluziara bidaiatu zuen Itsas Armada Garaiezinaren hornikuntzaren komisario lana egiteko. Urte haietan zehar, askotan egin zuen Madril eta Andaluzia arteko bidea, Toledo eta Mantxatik pasatuz.
Sevillan jarri zen bizitzen, errege-galeren hornitzaile hasieran eta, 1594 ondoren, zerga bilketan. Bi lanbideek arazo eta haserre ugari ekarriko zizkioten eta, 1597an, preso hartu zuten, jasotako dirua gordetzen zueneko bankuak kiebra egin zuelako. Hitzaurrean dioenez, kartzelan hasi omen zen On Kixote Mantxakoa idazten edo, behintzat, han bururatu zitzaion ideia.
Kixotearen bi atalen artean, 1613an, Novelas ejemplares agertu zen, 12 istorio laburren bilduma.
Kritika literarioa konstante bat izan zen bere lanean, La Galatean, Kixotean edo Parnasorako bidaian (1614). 1615ean, Zortzi komedia eta zortzi entremes argitaratu zuen. La Numancia, berriz, ez zuten XVIII. mendera arte aterako.
Hil eta urtebetera, Persiles eta Sigismundaren lanak atera zuten. Pedro Fernández de Castro y Andraderenganako, Lemoseko VII. kondearentzako, eskaintza samurra txertatu zion. Mezenas honi dedikatu zion era berean Kixotearen bigarren atala eta Novelas ejemplares eta hil baino 2 egun lehenago sinatuko zituen:
- Señor; aquellas coplas antiguas que fueron en su tiempo celebradas, que comienzan: «Puesto ya el pie en el estribo», quisiera yo no vinieran tan a pelo en esta mi epístola, porque casi con las mismas palabras las puedo comenzar diciendo:
- Puesto ya el pie en el estribo,
- con las ansias de la muerte,
- gran señor, ésta te escribo.
- Ayer me dieron la extremaunción, y hoy escribo ésta. El tiempo es breve, las ansias crecen, las esperanzas menguan, y, con todo esto, llevo la vida sobre el deseo que tengo de vivir y quisiera yo ponerle coto hasta besar los pies de V. E., que podría ser fuese tanto el contento de ver a V. E. bueno en España, que me volviese a dar la vida. Pero, si está decretado que la haya de perder, cúmplase la voluntad de los cielos y, por lo menos, sepa V. E. este mi deseo y sepa que tuvo en mí un tan aficionado criado de servirle, que quiso pasar aún más allá de la muerte mostrando su intención. Con todo esto, como en profecía, me alegro de la llegada de V. E.; regocíjome de verle señalar con el dedo y realégrome de que salieron verdaderas mis esperanzas dilatadas en la fama de las bondades de V. E. Todavía me quedan en el alma ciertas reliquias y asomos de las Semanas del Jardín y del famoso Bernardo. Si a dicha, por buena ventura mía (que ya no sería sino milagro), me diere el cielo vida, las verá, y, con ellas, el fin de la Galatea, de quien sé está aficionado V. E., y con estas obras continuado mi deseo; guarde Dios a V. E. como puede, Miguel de Cervantes.
Persiles eleberri bizantinoa da eta, autorearen ustez, Heliodororen eredu klasikoan koka zitekeen. Arrakasta izan zuen eta behin baino gehiagotan editatu zuten, baina Kixotearen ospeak alboratu zuen.
Cervantesek literatura unibertsalaren gainean izan zuen eragina uka ezina da. Zaldunen liburuak parodiatu nahian, genero berria sortu zuen, eleberri polifonikoa izena eman zaiona eta izan zuen arrakasta mundu osoan zabaldu zen.
1616ko apirilaren 22an hil zen Madrilen eta 23an ehortzi zuten. Azken data hau da popularizatu dena.
Obra
Eleberriak
Miguel de Cervantesek XVI. bigarren erdiko ohiko genero narratiboak landu zituen: eleberri bizantinoa, artzain eleberria, pikareska, moriskoa, satira... Novella italiarra berritu zuen, ordura arte kontadizo laburra zena, erretorikarik edo garrantzi handirik gabea.
- Galatea (La Galatea, 1585)
- On Kixote Mantxakoa (1605)
- Novelas ejemplares (1613)
- On Kixote Mantxakoaren bigarren atala (1615)
- Persiles eta Sigismundaren lanak (Los trabajos de Persiles y Sigismunda, 1617)
Galatea
Galatea 6 liburutan banatu zuen eta istorio nagusi bat eta bigarren mailako beste lau daude. Egunsentian hasten dire eta iluntzean amaitu, ohiko eglogatan gertatu ohi den lez, baina Virgilioren poema bukolikoetan bezala, artzain bakoitza egiazko pertsonaia ordezkatzen duen maskara bat da
On Kixote Mantxakoa
Gaztelerazko literaturaren gailurra kontsideratzen da. 1605ean agertu zen lehen atala eta oso harrera ona egin zion jendeak. Europako hizkuntza ezberdinetara itzultzen joan ziren eta gaur egun munduan itzulpen gehien dituen lanetariko bat da.
Hasiera batean, Cervantesek zaldunen liburuei kontra egin nahi izan zien eta Mantxako hidalgoa zela ustez erotu zen zalduna satira bat zen. Idazlearentzat, zaldunen eleberriak oso txarrak ziren eta istorioek ez zuten ez hanka eta ez bururik, baina, hasierako barregarri uzteko asmo hura gainditu eta garaiko gizartearen ispilu izatea lortu zuen.
Novelas ejemplares
1590 eta 1612 artean egin zuen lan hau Cervantesek. Eleberri motz batzuk idatzi zituen eta 1612an bilduma egin zuen haiekin.
- La gitanilla
- El amante liberal
- Rinconete y Cortadillo
- La española inglesa
- El licenciado Vidriera
- La fuerza de la sangre
- El celoso extremeño
- La ilustre fregona
- Las dos doncellas
- La señora Cornelia
- El casamiento engañoso
- El coloquio de los perros
Persiles eta Sigismundaren lanak
Cervantesen azken lana da eta nobela bizantziarra da. 1616ko apirilaren 19an, hiltzeko 4 egun geratzen zitzaizkionean, Pedro Fernández de Castro y Andraderi eskaintzen dio, Lemoseko VII. kondeari; horrela dio:
- Puesto ya el pie en el estribo,
- con ansias de la muerte,
- gran señor, esta te escribo.
Autoreak garbi ikusten du bere bizitzaren amaiera eta lagunak agurtzen ditu. Ez du desagertu nahi eta bere bukatu gabeko lanak amaitu nahiko luke. Titulua jarrita utziko ditu: Bernardo Ospetsua, Galatearen bigarren atala...
Olerkia
Bere gaitasuna dudan jarri bazuen ere, Cervantes poeta izaten saiatu zen. Horrela esan zuen hil baino lehentxeago Parnasorako bidaian:
- Yo que siempre trabajo y me desvelo
- por parecer que tengo de poeta
- la gracia que no quiso darme el cielo
Eleberri edo antzezlanetan ez dauden bertso gehienak galduta daude, baina erromantze ugari idatzi duela esaten du.
Isabel Valoisekoaren hiletei eskaini zizkion lehen 4 konposizioak eta ondoren etorri ziren beste batzuk: Pedro Padillari, Fernando de Herreraren heriotzari...
Hala ere, arlo komiko eta satirikoa nabarmentzen da bere poesian: Un valentón de espátula y greguesco eta Al túmulo del rey Felipe II; horrelaxe dio azken honetan:
- Caló el chapeo, requirió la espada,
- miró al soslayo, fuese, y no hubo nada.
Viaje del Parnaso (1614)
Poema narratibo luze bakarra dugu eta, bertan, autoreak beste poeta espainiar batzuen kritika egiten du, batzuen alde eta beste batzuen kontra. Miguelek berak argitzen duen bezala, Cesare Caporali di Perugiaren Viaggio di Parnasoren (1578) antzera egin zuen. Zortzi kapituluen zehar, Parnaso mendirako bidaia kontzatzen digu era autobiografikoan.
Antzezlanak
Cervantesen bokazio handia izan zen antzerkia. Gaztetatik gustatu zitzaizkion komedianteak eta Lope de Ruedaren emanaldietan egon zen. Arrakasta lortu bazuen ere, ez zen Lope de Vegaren parekoa izan. Cervantesek helburu morala zuen eta pertsonaia alegorikoak zituen, beti ekintzaren 3 neurri aristotelikoen barruan. Lopek, ordea, neurriarekin hautsi eta moralaren aurka egiten zuen, bertso ederra eskainiz gainera. Loperen antzerkiak sortzen zion ezin eramana Kixotearen lehen atalean agertzen du Cervantesek.
- Ocho comedias y ocho entremeses nunca representados
- El cerco de Numancia
- La conquista de Jerusalén
Ikus, gainera
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Miguel de Cervantes |
- Autoreari buruzko informazio zabala hiru.com webgunean
- (Gaztelaniaz) Autoreari buruzko webgune zabala
- (Ingelesez) Cervantes Society of America
Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura