[go: up one dir, main page]

Zesar Augusto (latinez: Gaius Iulius Caesar Octavianus; K.a. 63ko irailaren 23a - K. o. 14ko abuztuaren 19a) lehendabiziko enperadore erromatarra izan zen, eta askoren ustez baita garrantzitsuena ere. Hala ere, berak princeps titulua (Senatarien lehenak hartu ohi zuen titulu hori) hobesten zuen, Errepublikaren ohiturei eutsi nahi baitzien. 40 urtez Erromako botere osoa izan zuen. Haren agintaldiarekin batera azken mendeko gerra zibilak bukatu ziren. Bakea (Pax Romana) eta oparotasuna ekarri zituen.

Zesar Augusto

Antzinako Erromako senataria

ezezaguna - ezezaguna
moneyer (en) Itzuli

K.a. 43 - K.a. 36
triumvir rei publicae constituendae

K.a. 43 - K.a. 33

Erromako kontsula

K.a. 33 - K.a. 33

1. Erromatar enperadorea

K.a. 27ko urtarrila - 14ko abuztuaren 19a
← baliorik ez - Tiberio
Pontifex maximus

K.a. 13 -
Marko Emilio Lepido
Erromatar zentsore


Tribuno

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakC. Octavius C.f.
JaiotzaErroma, K.a. 63ko irailaren 23a
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaNola14ko abuztuaren 19a (75 urte)
Hobiratze lekuaAugustoren Mausoleoa
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaGaius Octavius, Julio Zesar
AmaAtia
Ezkontidea(k)Livia Drusila  (K.a. 37 -  14ko abuztuaren 19a)
Scribonia (mul) Itzuli  (K.a. 40 -  K.a. 38)
Claudia (mul) Itzuli  (K.a. 42 -  K.a. 40)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
LeinuaJulio-Klaudiar leinu
Julii Caesares (en) Itzuli
Octavii Rufi (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
JarduerakAntzinako Erromako politikaria, Antzinako Erromako militarra eta Erromatar enperadorea
Graduaimperator (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaAntzinako Erromako erlijioa

Find a Grave: 8215554 Edit the value on Wikidata

Lehenbiziko urteak

aldatu

Erroman jaio zen Gaius Octavius Thurinus izenarekin. Haren aita, bera bezala Gaio Oktavio izenekoa, familia errespetagarri batekoa, baina osperik gabekoa zen. Haren ama Atia, halere, Julio Zesarren iloba zen.

Zesarrek Afrikako kanpainarako hartu nahi zuen, baina gazteegia zen. Hurrengo urtean, K.a. 46an, Hispaniako frontera joatea utzi zitzaion. Hara zihoazela, itsasontzia hondoratu zen. Kide batzuekin kostaratu ahal zen, baina etsaien eremuan. Zesarrengana iristea lortzeak harritu zuen Erromako diktadorea. Itzultzerakoan, gurdi berean joan ziren biak. Bitartean, Zesarrek testamentua isilean aldatu zuen.

Boterearen eskuratzea

aldatu

Zesar hil zutenean Oktavio Apolonia hirian (gaurko Albanian) zegoen. Testamentuan Oktavio bere seme eta oinordeko izendatzen zuen Zesarrek. Hori zela eta, Gaio Julio Zesar izena hartu zuen Oktaviok. Oktaviano ere erantsi zuen izenaren bukaeran, haren familia naturala zein zen adierazteko. Izen hori da historialariek erabiltzen dutena. Urte batzuk geroago, Marko Antoniok egotzi zion sexuaren truke lortu izana oinordekoren izendapena Oktavianok. Suetoniok, ordea, ukatzen du akusazio hori.

K.a. 44an, 18 urte baino ez zituen Oktavianok. Hori zela kausa, etsaiek gutxiesten zuten. Laguntza eske, Zesarren beteranoen artean armada bat osatu zuen. Erroman, Marko Antonio eta Lepidorekin, Zesarren lagun nagusiekin, itun bat sinatu zuen: Bigarren Triunbiratua. Bost urte irauntzekoa zen akordio honen bitartez, osatzaileek Erromako botere osoa hartzen zuten bere eskutan.

Triunbiroek Zesarren hiltzaile eta haien laguntzaileen kontrako proskripzioak hasi zituzten. 300 senatarik lurrak eta ondare guztiak galdu zituzten. Ihes egin ez zutenek, bizitza ere bai. Hasieran justizia zentzuak bultzatzen zuena, bukaeran dirua eskuratzeko era erraza eta azkarra bihurtu zen.

Marko Antonio eta Oktavianok Bruto eta Kasioren kontra jo zuten orduan. K.a. 42an, Filipo batailan garaituta, Marko Brutok eta Kasiok haien buruaz beste egin zuten. Oktavio Erromara bueltatu zen. Marko Antonio, ordea, Egiptora. Hor Kleopatra azken faraoiarekin bizi hasi zen, Oktavianoren arrebarekin ofizialki ezkonduta bazen ere.

Marko Antonio ekialdeko mugan borroketan aritu zen bitartean, Oktavianok haren boterea bermatzen zuen Erroman. Marko Antonioren kontrako propaganda sakabanatzeari ekin zion Oktavianok: egiptoar bihurtzen ari zela leporatzen zion. Azkenean, K.a. 32an, Marko Antoniok gerra piztu zuen. Azkar erabaki zen: Aktiumgo kostan,[1] Greziako mendebaldean, Oktavianoren itsas-armadak aurkariak erabat suntsitu zituen. Egiptora ihes eginda eta beste porrot baten ondoren, Marko Antonio eta Kleopatrak bere burua hil zuten.[2] Oktaviano Erromako buru bakarra bilakatu zen.

Oktaviano princeps bihurtzea

aldatu
 
Augusto magistratuz jantzita

Inperioaren mendebaldeak Aktiumgo bataila baino lehen zin egin zion fidelitatea Oktavianori. Aktio eta gero, ekialdeak bide bereari ekin zion. Barruko borrokek Erromako mundua ia-ia bururik gabe utzi zuen. Orain ez zegoen prest norbaitek botere osoa edukitzeko. Oktavianok, beraz, agintea mantendu ahal izateko, zuhur jokatu behar zuen.

Bere armada pertsonalak deseginda, Oktavianok kontsul postua eskuratu zuen. Honela legalki Erromaren buruan, armadarenean ere, segi zezakeen.

Lehen urratsa

aldatu

K.a. 27an, ofizialki Senatuari boterea bueltatu zion eta Egipto ere emateko prest agertu zen. Hori jakinda, plebeioak matxinatu ziren. Akordio batera iritsi ziren senatariak eta Oktavianoren sustatzaileak: Oktavianok mendebaldeko erdian eta Sirian prokontsul baten boterea izango luke. Probintzia horietan, %70 legioak zeuden. Senatuak Augustus eta Princeps tituluak ere eman zizkion. Augustus titulu erlijiosoa zen. Garaikideentzat, gizakide osoaren gaineko boterea adierazten zuen. Honela, halaber, Oktavianoren gerra garaia eta Augustoren bake garaia bereizten ziren. Princeps tituluak lehen hiritarra esan nahi du. Errepublikan, Estatuaren alde ongi lan egiten zutenek jasotzen zuten.

Berrikuntza arriskutsuena ereinotzezko eta harizko koroa eramateko eskubidea izan zen. Koroa hori jeneral garaile baten gainean jartzen zen, garaipen horren jaia ospatzen zen bitartean. Koroa eusten zionak zera esan behar zion etengabe: "Gogoratu, hilkorra zara eta." Titulu horiek zein koroak ez zioten Augustori aparteko botererik. Ofizialki, Augusto ohore handiko hiritarra baino ez zen eta bere aginte bakarra kontsulatua zen.

Senatariak beti horren zelatan zeuden. Hala ere, Marko Antoniok eta Oktaviok senatari asko proskripzio zerrendetan jarri zituzten, eta haien aldeko pertsonaiez bete zuten. Ondorioz, Senatuak ez zuen Augustoren asmoa oztopatu.

Bigarren urratsa

aldatu

K.a. 23an, Augustok kontsulatuari uko egin zion. Hala ere, kontsulen imperium-a gorde zuen. Bigarren hitzarmen bat egin zuten orduan Augustok eta Senatuak. Tribuno eta zentsoreen botereak, baina ez tituluak, eman zizkioten Augustori. Horretaz gain, moral publikoa ikuskatzeko, legeak interes publikoaren aldekoak zirela erabakitzeko, eta senatariak izendatzeko ahalmenak eskuratu zuen Augustok. Erroma hiriaren gaineko imperium bakarra ere Augustoren esketan zegoen. Horrek esan nahi du hiriko indar armatu guztiek men egin behar zioten. Imperium proconsulate maius, hau da, probintzietan edozein lege aldatzeko eskubidea, ere eman zioten.

K.a. 22an, Augustok ezin izan zuen kontsul postua erdietsi. K.a. 22an, 21ean eta 20an jendea matxinatu zen, eta kontsul bakar baten izendapena baino ez zuen ahalbidetu, Augusto, "herriaren defendatzailea" senatari aristokratek boteretik at utzi zutelako. Azkenean, K.a. 19an Senatuak kontsulen ikurrak janztea baimendu zion. Honela, kontsula izanda ala ez izanda, herriaren begietarako kontsul bezala agertzen zen.

Nolanahi ere, Augustok ez zuen bere burua erregetzat aurkeztu. Jendeak zuzentzen zitzaionean, princeps titulua baino ez zuen onartzen. Ohiz kanpoko boterea zeukan, baina ofizialki Senatuak eta Herriak emana, eta, beraz, ofizialki, haien agintepean zegoen. Lepido hil zenean (K.a. 13an), Pontifex Maximus kargua ere hartu zuen Augustok.

Hurrengo erromatar enperadoreek Augustori eskainitako tituluak baino ez zuten hartzen. Inperioak aurrera egin ahala, ordea, titulu eta ohore guztiak bereganatu zituzten, Senatuak emandakoak ziren ala ez kontuan hartu gabe. Koroa zibikoa, kontsulen ikurrak eta jeneral garaileen toga morea enperadoreen ikurrak bihurtu ziren, eta Bizantziar Inperioan zein Mendebaldea inbaditu zuten errege germanikoek erabiliak ziren.

Agintaldia

aldatu

Agintea pixkanaka pixkanaka legitimatuta, Augustok zuhur gobernatu zuen. Botere horren truke, 40 urteko bakea eta oparotasuna eman zuen, Pax Romana alegia. Erromako lehen armada iraunkorra sortu zuen, eta mugetan kokatu zuen, politikan parte-hartzea ekiditeko. Unitate berezi batek, Pretoriar Guardiak, Hiria eta Enperadorea babesten zuen.

Erromak mederatzen zituen lurrak hazi ziren Augustoren agintaldian. K.a. 26tik k.a. 19 arte, Kantabriar Gerrak burutu zituen, eta Hispania osoa nagusitu ahal izan zuen. Iparraldean, Alpeetan sortzen ziren matxinadak kontrolatuta, muga Danubio ibaira arte eraman zuen. Germaniarrak menderatzen saiatu zen, baina Teutoburgoko oihaneko guduan izandako porrotaren ondoren (k.a. 9an), Augustok eta hurrengo enperadoreek muga Rhin ibaian kokatu zuten. Ekialdean Armenia mendean edukita, Partiako Inperioa ez zuen eraso, eta elkarrekiko hartu-emanak adeitsuak izan ziren.

Inperio osoko aberastasuna armada eta Erromako hiritarrak pozik mantentzeko erabili zuen. Soldaduei soldata oparoa ematen zien, eta Hirian izugarrizko jokoak ospatzeaz gain, monumentuz bete zuen. Adreiluzko hiria marmolezkoa bihurtu zuen. Etxe berri bat, Curia izenekoa, Senatuarentzat; eta Apolori eta Julio Zesarri tenpluak eraikin zizkion. Inperio osoan zehar bide sarea sustatu zuen Garraio Ministerioa sortzearekin. Munduko lehen suhiltzaile taldea ere osatu zuen.

Ekonomiaren aldetik, enperadore guztiek bezala, Augustok zergez bete zuen nekazaritza armadak, tenpluak eta jokoak ordaindu ahal izateko. Gerra beteranoei lurrak ematen zizkien, laborantza berpizteko nahian, baina Egiptotik zetorren gariaren menpe zegoen Erroma. Inperioren hazkundea bukatutakoan, gerrak ekartzen zuen aberastasuna ere amaitu zen eta ekonomiak behera egin zuen.

Erromako jainkoen gurtza biziki sustatu zuen, bereziki Apolorena. Egiptoren gaineko garaipena jainko erromatarren garaipen (egiptoarren gainean) bihurtu nahi zuen. Virgiliori Eneida idaztea eskatu zion jatorrizko Erroma goraipatzeko. Moral publikoa ere zaindu zuen, familia, ezkontzak eta umeen jaiotzak bultzatuz. Aldi berean, prostituzioa, homosexualitatea eta adulterio arbuiatu zituen. Horretan ez zuen arrakastarik lortu. Hori zela eta, ahizpa bera erbesteratu zuen.

Artea ere sustatu zuen. Literaturaren aldetik, haren babespean Horazio, Tito Livio, Ovidio eta Virgilio agertu ziren. Horren truke, Augustoren gustuei eutsi eta goraipatu behar izan zuten. Ovidio erbesteratu zuen kode moralak hausteagatik.

Baten batek Errepublikaren alde jotzen zuen sekretuan. Jokoak erabili zituen Augustok bera eta bere familia goraipatzeko, eta ia-ia Erroma osoko onespena lortu zuen. Hil zenerako, Errepublikako sistemara itzultzea irudiezina zen. Galdera bakarra oinordekoren izena zen.

Ondorengotza

aldatu

Augustoren boterea hain zen handia non oinordeko izendatu ahal izan zuen, Errepublika sortu zenetik ohitura ahaztua. Hasiera batean, ematen zuen haren iloba Martzelo izango zela. Hala ere, Martzelo pozoiturik hil zen K.a. 23an. Pozoiketa hau (eta beste batzuk) Livia Drusila Augustoren emazteari leporatzeak ez dauka oinarri sendo nahikorik.

Martzeloren alaba Agriparekin, bere eskuineko eskuarekin, ezkondu zuen Augustok orduan. Bost seme-alaba zituzten: Gaio Zesar, Luzio Zesar, Vipsania Julia, Agripina, eta Postumo Agripa. Augustok lehenengo biak oinordekoak egin nahian semetzat hartu zituen. Haren semeordearen alde ere, (Livia Drusilaren lehen ezkontzako semeak, Druso eta Tiberio) jokatu zuen Augustok, biek Germaniako zati handiak menderatu ostean.

Agripa K.a. 12an hil zenean, Tiberio bere emazteaz dibortziatu zen eta Agriparen alargunarekin ezkondu zen. Augustorekin tribunoren botereak partekatu zituen, baina erretiroa hartu zuen. Agriparen bi seme zaharren (K. o. 2 eta 4an) eta bere anaia Drusoren (K.a. 9an) hilotzaren ondoren, Tiberio Erromara bueltatu zen, eta Augustok semetzat hartu zuen.

K. o. 14ko abuztuaren 19an, Augusto hil zenerako, Postumo Agripa eta Tiberio ziren oinordekoak. Dena den, handik berehala Postumo hil zen. Ez da jakiten hilketa hori nork agindu zuen. Kontua da Tiberiok ez zuela inolako arazorik bere ugazaitaren botere berberak eskuratzeko.

Erreferentziak

aldatu
  1. Cosme, Pierre. Auguste, maître du Monde – Actium, 2 septembre -31 av J.C.. , 27-28 or..
  2. Lindsay, Jack. (1972). Cleopatra. New York: Coward-McCann OCLC .671705946.