[go: up one dir, main page]

Uruguaiko Aireko Armadaren 571 hegaldia

Uruguaiko Aireko Indarren 571 hegaldiak, 1972ko urriaren 13an Andeetako Miraria izenez ezagutzen den istripua izan zuen. 40 bidaiari eta bost tripulatzaile zihoazen Txilerantz hegazkin militar batean; 40 bidaiariak Uruguaiko Stella Maris eskolako errugbi taldeko kideak ziren eta Andeetan erori ziren[1][2].

Uruguaiko Aireko Armadaren 571 hegaldia
Irudia
Map
Motahegazkin-istripu
Data1972ko urriaren 13a
KokalekuAndeak
HerrialdeaArgentina eta Txile
Survivor (en) Itzuli Roberto Canessa
Survivor (en) Itzuli Fernando Parrado
Survivor (en) Itzuli Carlos Páez Rodríguez
AireontziFairchild F-27 (en) Itzuli
AbiapuntuCarrasco International Airport (en) Itzuli
HelmugaArturo Merino Benítez Nazioarteko Aireportua
Via (en) ItzuliGovernor Francisco Gabrielli International Airport (en) Itzuli
KudeatzaileaUruguayan Air Force (en) Itzuli
Kausacontrolled flight into terrain (en) Itzuli
Pertsona hilak31
Pertsona zaurituak16
Bizirik irten direnen kopurua16

Istripua

aldatu
 
Istripua izan zen lekua

Urriaren 12an, Uruguaiko Aire Indarren hegazkina zen Fairchild Fokker F27 Carrascoko aireportutik abiatu zen Montevideoko Old Christians errugbi taldeak Txileko Santiagoko Old Boysen aurka partida bat jokatu behar zuelako. Momentu horretan, fronte bat garatzen ari zen mendikatearen erdialdean.

Eguraldi txarraren ondorioz, Mendozako (Argentina) Plumerillo aireportuan geratu behar izan zuten eta gaua bertan pasatu. Hurrengo egunean, fronteak oso bortitz jarraitzen zuen, baina presaka zebiltzan eta, behar ziren kontsultak egin ondoren, arratsaldera arte besterik ez zuten itxaron eta, eguraldia zertxobait hobetu bezain pronto, hegaldia martxan jarri zuten.

Hurrengo egunean, urriaren 13an, hegaldiak arratsaldez jarraitu zuen Txileko Santiagoko bidean.

Planchóneko pasabidetik joan behar zuten, Argentinako Malargüe eta Txileko Curicó artean.

Ramon Saul Martinez nabigatzailearen hutsegite larri baten ondorioz, pilotuak Txileko Santiagoko aire kontrolatzaileei Curicón zeudela jakinarazi zien; iparralderago zeuden El Sosneadotik eta San Fernandon dagoen Tinguiririca sumenditik gertu. 100 km-ko hutsegitea zen hori eta erabat zailduko zituen horrek erreskaterako lanak.

Pilotua Julio Cesar Ferradas koronela zen eta kopilotua, berriz, Dante Lagurara teniente koronela. Tripulazioarekin osatzeko, lehen aipatutako nabigatzailea, Ramon Saul Martinez tenientea, Ovidio Ramirez sobrekargua eta Carlos Roque mekanikaria zihoazen.

Hegazkin mota honen berezitasun handiena buztana sudurra baino baxuagoa duela da, antzararen antzera eta 437 km/h-ko abiadura har dezake.

Istripua gertatu zen unean, Fairchilda 6.000 metroko altitudean zihoan. Horrekin, esan dezakegu Andeak zeharkatzen ari zela eta ez hauen gainetik pasatzen.

Hegazkina behe lainoaren erdian hasi zen jaisten. Oraindik mendien artean zegoen, baina pilotuak, nabigatzailearen beste hutsegite baten ondorioz, mendikateak pasatu zituztela pentsatu zuen. Orduan, iparralderantz biratu zuen.

Aparatuak ehunka metro jaitsi zituen bat-batean aireko bidezidorra zeharkatuz. Egoera larria zen, baina txiste kontari ibili ziren hala ere, besoak altxatuz eta jolasean. Jaitsi eta jaitsi, hegazkinak altura galdu zuen laino artean (1.500 m galdu zituen ia-ia).

Halako batean, bidaiarietako batzuk hegoa menditik oso gertu pasatzen ari zela ohartu ziren. Horrela behar ote zuen kezka izan zuten eta batzuk beldurtzen hasi ziren, beste batzuk errezatzen, noiz talka egingo izututa erabat.

Fairchilda oraindik gehiago jaitsi zen eta harkaitzez josita zegoen ingurua. Bat-batean, lainoak ireki ziren eta pilotuek, izuaren izuaz, talka egitera zihoazela ikusi zuten. Alarmak saltatu zuen eta bidaiari eta tripulazioaren beldurra erabatekoa izan zen.

Aireontzia harkaitz altu batekin aurkitu zen aurrez aurre, baina Lagurara komandanteak esfortzu fisiko bikaina egin ondoren, metro pare batez libratu zuen. Baina, zoritxarrez, hegazkinaren buztanak kolpea hartu zuen El Sosneado eta Tinguiririca sumendiaren artean, argentinar alderdian.

Aparatuak bigarren aldiz eman zion itsasoaren mailatik 4.200 m-ra zegoen harkaitzari eta eskuineko hegala galdu zuten. Izugarrizko abiadura hartu zuen pieza hark eta hegazkinaren buztan aldera zuzendu zen ziztu bizian, 10 leihatilatik 8.ean eta beste aldeko 7.ean ebakiz. Buztana libratu zenean, fuselajea irekita geratu zen erabat eta bi eserleku ilarek, behintzat, mendiaren kontra jo zuten. Une horretan, 5 pertsona hil ziren, eta sobrekargua horien artean zegoen.

Hirugarren kolpe bat izan zen, eta ezkerreko hegala galdu zuen, fuselajea bakarrik geratuz, jaurtigaia balitz bezala. Oraindik abiadura zuen eta 4 km egin zituen geratu aurretik eta, azkenean, elurtutako lurrean irristatu zen. Bidaiarietako bi, oraindik eserlekuari lotuta, atzeko zulotik atera ziren hegan.

Hegazkinak muturrean hartu zuen kolpea tamalgarria izan zen kabinako tripulatzaileentzat. Kolpearen indarrak erabat suntsitu zuen kabina, tripulatzaileak aparatuaren panelaren kontra bultzatuz. Lagurararen burua leihotik kanpo geratu zen eta bularra fuselajearen aurka zanpatzen zuela.

Fuselaje barruan geratu ziren bidaiariak bere eserlekuetan estututa geratu ziren aurreko aldean. Askok traumatismo entzefalo-kraniala delakoa izan zuten eta hil egin ziren, baina beste batzuk ezin atera geratu ziren. Gezurra badirudi ere, bidaiari batzuk ez zuten ezer izan. Izan ziren zauri larriak izan zituztenak eta haietako batzuk ondorengo orduetan hil ziren. Marcelo Pérez, errugbiko ekipoaren kapitainak, antolatu zituen indarrak zaurituta edo ezin atera zeudenei laguntzeko eta fuselajea prestatu zuten gauerako. Bat fuselajearen atzeko aldetik atera eta, ezer asko ikusi gabe, hilzorian zegoen pilotuarengana inguratu zen. Lagurarak ura eskatu zion eta laguntzaileak elurra eman zion ahora. Zera esan zion:

  • Apuntatu ezazu. Curicón gaude, apuntatu... - Eta Lagurarak kabinatik bere pistola hartu eta berari tiro egiteko eskatu zion. Baina hori ez zen gertatu.

Julio Ferradas pilotua buruko kolpe baten ondorioz hil zen eta Dante Lagurara kopilotua, berriz, gau osoan hilzorian egon ondoren hil zen, hurrengo goizeko egunsentian.

Bizirauteko ahalegina

aldatu

Hegazkinean zihoazen 45 pertsonetatik, 12 istripuan edo zertxobait beranduago hil ziren; beste bost hurrengo goizean hil ziren eta zortzigarren egunean emakume bat, Susana Parrado, izandako zaurien ondorioz. Hilotz ugari, eserlekuetan harrapatuta geratu ziren.

Gelditu ziren 27ek oso egoera gogorrari aurre egin behar izan zioten (-25tik -42 °Cra) izoztutako mendi haietan, elurra bete-betean egiten zuen sasoian baitzeuden. Egun batzuetan zehar abioiaren bila saiatu ziren baina, batzuk gertu ibili ziren arren, ez zuten lortu, altuegi ari baitziren begiratzen.

Bizirik geratu ziren askok zauriak edo ubeldurak zituzten eta ez zuten hotzari aurre egiteko oinetako eta arropa egokirik. Egoera gogor haietan irauteko antolatu ziren.

Baldintza horietan egon arren eta ahuldadea nagusitzen ari zenean, Roberto Canessak egoerari aurre egiteko soluzio bat bestearen atzean proposatu zituen: alanbikeak, eserlekuetako estalkiekin egindako eskularruak, elurretan ez hondoratzeko eserlekuetako kuxinekin egindako botak, eta plastiko tindatuarekin egindako betaurrekoak hotza eta elurra jasan ahal izateko.

Gehiengoak galtza parea, 3 edo 4 jertse eta 3 galtzerdi pare soinean egiten zuen lo. Batzuk burua alkandora batez estalita zeramaten arnasaren beroa kontserbatu ahal izateko. Hipotermia saihesteko, gau hotzenetan, masajeak ematen zizkioten batak besteari zirkulazioa indartzeko eta bata bestearen ondoan jartzen ziren tenperatura gordetzeko.

Zortzigarren egunean, erreskate planak bertan behera geratu ziren. Hamaikagarren egunean jakin zuten hori pilaz zebilen irrati batean eta erabat desanimatuta geratu ziren denak.

Urriaren 29ko gaua, 16. eguna zen erori zirenetik, gau latza izan zen. 23:00etan elur-jausia izan zen eta Fairchild FH-227Dko hondarrak estali zituen. Barruan lotan zeudenak ere elurrean murgilduta geratu ziren, Roy Harley gaztea izan ezik. Desesperatuta, Roy zulatu eta zulatu aritu zen, bere lagunak atera nahian, baina haietako 8 hil egin ziren, Marcelo Pérez, ekipoko kapitaina edo Liliana Navarro de Methol, azken emakumea, tarteko. Hala ere, fuselajea elur azpian geratu zen eta hori ondo etorri zitzaien bizirik iraun zutenei, izozketa ekiditeko.

Azaro erdialdera, zauriek eragindako zornadurak beste bi mutil, Arturo Nogueira eta Numa Turcatti, hil zituen.

Jaki gutxi zuten bizirauteko. Istripuaren ondorengo egunetan janaren errazionamendua egin zuten, baina gutxiegi izan zen edonola ere. Paraje hartan ez zegoen landaretzarik, ezta abererik ere, eta elurra besterik ez zen ikusten inguruan.

Taldeak 72 egun iraun zuen eta gosez ez hiltzeko erabaki latza hartu beharrean izan ziren: antropofagia, hau da, hildako kideen haragia jan beharko zuten. Ez zen erabaki erraza izan eta, hasiera batean, baztertu egin zuten, baina bizirauteko era bakarra zela ikusi zuten. Arau batzuk jarri zituzten, familiako inor ez zuen izan behar, emakumerik ere ez...

Hasiera batean, irratia erabiltzeko itxaropena izan zuten, laguntza eskatu ahal izateko, baina ez zuen energiarik, hegazkinak bateriak istripuan galdu zituen, isatsean baitzeuden (zeuden lekutik 2km gorago). Batzuk saiatu ziren bateria haiek eskuratzen, baina 2 km gorago zegoen isatsera iritsi zirenean, astunegiak zirela konturatu ziren, 23 kg pisatzen baitzuen bakoitzak. Bateriak garraiatzea ezinezkoa zenez, alderantziz egin zuten eta, kabinako irratia desmuntatu eta hegazkinaren isatsa zegoen lekura eraman zuten. Eserlekuetan lotuta zeuden beste bi bidaiari ere aurkitu zituzten hilda. Baina, baita txokolatea eta likore batzuk ere, eta animatzen hasi ziren. Hala ere, alferrikakoa izan zen dena, zirkuitu-labur batek irratia izorratu baitzuen.

Hotza arerio gaiztoa zuten, baina gauza batzuetarako ondo etorri zitzaien, gorpuak kontserbatzeko, esaterako.

 
Fernando Parrado eta Roberto Canessa, 10 egun oinez ibili ondoren zamazaina aurkitu eta gero

Erreskatea

aldatu

1972ko abendu hasieran, elurra eta izotza urtzen hasi ziren eta fuselajea berriro bistan geratu zen. Bizirik iraun zutenek eguzki izpiak gustura hartu zituzten. Laguntza eske joan beharko zutela gero eta garbiago zuten eta, 1972ko abenduaren 12an, Fernando Parrado, Roberto Canessa eta Antonio Vizintín kanpamentutik atera ziren. Hiru egunetako martxa baten ondoren, Antonio irristatu eta lesionatu egin zen. Geratu zirenengana itzuli beharrean izango zen eta, berari zegokion jakia bere kideei utzi zien, bidea uste baino luzeagoa izan zitekeela-eta.

10 egunetan 55 km inguru egin zituzten, fuselajea zegoen tokitik Los Maitenes ingururaino. Argentinako alderantz abiatu izan balira beste 100 bat kilometro egin behar izango lituzkete, eta horrek heriotza ziurra esan nahi zuen.

Erreka inguru batean ibili ziren egun eta erdi bat eta ezin izan zuten zeharkatu, erabat igota baitzetorren. Canessa gaixotzen hasia zen eta Nandok bi motxilak eraman behar izan zituen. Gero eta epelago egiten zuen eta haragia usteltzen hasi zitzaien. Hurrengo eguneko egunsentian, gizon bat ikusi zuten errekaren beste aldean. Nola edo ahala, idatzitako mezu bat bidaltzea lortu zuten eta istripuaren berri eman zioten. Horrela zioen mezuak:

  • Mendian erori zen hegazkin batetik nator. Uruguaitarra naiz. Orain dela hamar egun hasi ginen ibiltzen. Zauriturik dagoen lagun bat dut goran. Hegazkinean beste hamalau pertsona geratzen dira zauriturik. Bizkor atera beharrean gara hemendik, baina ez dakigu nola. Ez daukagu janaririk. Oso ahul gaude. Noiz etorriko dira gure bila? Mesedez, ezin gara mugitu. Non gaude?

Eta atzealdean, berriz,

  • Noiz etorriko da?

Sergio Catalán mandazainak mezua ulertu zuen eta gainean zeraman ogi apurra bota zien. Puente Negron zeuden Txileko karabineroengana joan zen. Courbis kapitainak zuen agintea eta hurbilena zegoena zen, 10 bat ordu beharko bazituen ere hara iristeko. Aurkitu zuenaren berri eman eta gero, karabineroek berehala prestatu zuten laguntza. FACHek 66 misio eginak zituen bila, dena bertan behera utzi baino lehen. Abenduaren 22an, Carlos Garcia, Jorge Massa eta Mario Avila pilotu txiletarrak DC-6 batean Punta Arenasera hegazkinez joateko antolatzen ari zirenean, ezin sinetsirik entzun zuten bi hilabete lehenago galdutako hegazkineko bidaiari batzuk bizirik agertu zirela.

Carlos Garciak hiru helikoptero Bell UH-1 eskatu zituen eta ziztu bizian joan ziren Los Maitenes de Curicóra erreskatea antolatzeko. Arazo handi bat zegoen, behe-laino itxia baitzegoen; erreskatea bertan behera uztea komeni zen, baina, egoera hartan, aurrera jarraitzea erabaki zuten.

Los Maitenesera iritsi zirenean, Parrado eta Canessa elkarrizketatu zituzten. 12:00etarako, behe-lainoa altxatu zen eta Parrado izan zen helikopteroen gidari. García buru zen UH-89an igo zen eta SAR (Erreskaterako Aire Zerbitzua) ekipo bat zeraman Massaren UH-91 zetorren atzetik. Hirugarren aparailua erreserban geratu zen zain. Inguru guztia kazetariz betetzen hasi zen.

UH-89 eta UH-91 zailtasunez iritsi ziren korronte beroak zeuden garaierara, baina istripua izan zen lekua bistaratu zuten azkenean. Aurkitu berriek salto egin zuten pozez, baina pilotuek garbi ikusi zuten erreskatea oso zaila izango zela, malkar batean baitzeuden.

Skid bakar batekin hartu zuten lur, elurretan ziurrago geratzeko. Erreskatatzera etorri zirenak jaitsi ziren eta biziraun zutenak helikopteroetara igo ziren. Zama gehiegi zen eta batzuk behean geratu behar izan zuten beste istripu bat ekiditeko. 7 erreskatatu zituzten egun hartan eta beste 7k gau bat gehiago egin behar izan zuten mendian, oraingo honetan, SAReko kideen laguntzarekin.

SAReko kide batek horrela kontatu zuen esperientzia:

  • ...hegazkina erdibitua eta hegalik gabe zegoen... pilotua, oraindik bere postuan eserita zegoen, baina bururik ez zuela, eta bizkarrezurraren muinoia soilik ageri zen leihatilatik kanpora... kanibalismo argiko eszenak zeuden, elurra eta izotza urtzean giza gorpuzkiak erdi-agerian gelditu baitziren inguruan...

Erreskate guztiak egin ondoren, Santiagoraino eraman zituzten. 11 gorpu aurkitu zituzten zatituta eta beste batzuk erreserban zeudela ziruditen.

Hemen dugu Roberto Canessaren kontaketa:

  • Talkaren uneaz zertxobait gogoratzen naiz... Burua kolpatu nuen eta begi bat handituta gelditu zitzaidan, baina talka ez zen izan zitekeena bezain gogorra izan... hegazkina irristatzen hasi zen, eta pixkanaka frenatzen, eta, hala, kolpea arinagoa izan zen... Iturria: Roberto Canessa Jorge Abasolo kazerariari-El Mercurio (2007ko abendua).

Hasierako kezkak baztertuz, biziraun zutenek berehala onartu eta justifikatu zuten kanibalismoa erabili beharrean izan zirela bizirik irauteko. Hasieran ez ziren ausartu, Mendozan erositako txokolateak, kontserbak, gaztak... aipatu zituzten. Baina El Mercurio edo La Tercera de la Hora egunkari txiletarrek argazkiak argitaratu zituzten, eta gorpuak garbi agertzen ziren fuselajearen ondoan[3].

Biziraun zutenak hitzaldi bat eman beharrean izan ziren dena argituz. Eskerrak eman zizkieten hildakoen familiei eta hauek beraien ondoan egon ziren uneoro.

  • Haiek (familiarrek) esan zuten: eskerrak 45 zeudela, 16 seme bueltan izan ahal ditzagun. Haien semeak bagina bezala maite gaituzte. Suposatzen dut ikusten gaituztenean, barrenean, pentsatuko dutela ea zergatik atera ginen bizirik gu, eta ez haien seme-alabak. Sentimendu humano logikoa da.

Biktimen hilobiak

aldatu
 
Istripuaren omenez geratu zena

Hilabete geroago, lurrez eta airez egindako espedizio bat iritsi zen istripua gertatu zen tokira. Gorpuetatik geratzen zena hantxe bertan sartu zuten, hegazkinetik 800 bat metrora, elur-jausietatik salbu. Hilobiaren gainean burdinazko gurutzea jarri zuten, eta zera zioen: Más cerca, oh Dios, de ti (Zugandik gertuago, oi, Jainkoa).[4]

Fuselajetik geratu zena erre egin zuten, kuriosoen arreta ez erakartzeko. Hala ere, udan ehunka pertsona inguratzen dira hara.

Biziraun zutenak

aldatu

16 izan ziren, tripulanterik ez eta Old Christianseko 5 jokalari bakarrik[5]:

Hildakoak

aldatu

29 izan ziren, 5 tripulanteak barne.

  • Francisco Domingo Abal Guerault, 21 urte.
  • Gaston Costemalle Jardi, 23 urte.
  • Rafael Echavarren Vázquez, 22 urte.
  • Coronel Julio César Ferradás Benítez pilotua, 39 urte.
  • Guido José Magri Gelsi, 23 urte.
  • Jorge Alexis Hounié Sere, 20 urte.
  • Teniente Coronel Dante Hector Lagurara Guiado kopilotua, 41 urte.
  • Felipe Horacio Maquirriain Ibarburu, 22 urte.
  • Graciela Obdulia Augusto Gumila de Mariani, 43 urte.
  • Julio Martínez Lamas, 24 urte.
  • Teniente Ramon Martínez Rezende nabigatzailea, 30 urte.
  • Daniel Agustín Maspons Rosso, 20 urte.
  • Juan Carlos Menéndez Villaseca, 22 urte.
  • Liliana Beatriz Navarro Petraglia de Methol, 34 urte.
  • Esther Horta Pérez de Nicola, 40 urte.
  • Dr. Francisco Nicola Brusco, 40 urte.
  • Gustavo Diego Nicolich Arocena, 20 urte.
  • Arturo Eduardo Nogueira Paullier, 21 urte.
  • Eugenia Dolgay Diedug de Parrado, 50 urte.
  • Susana Elena Alicia Parrado Dolgay, 20 urte.
  • Marcelo Pérez Ferreira, 25 urte.
  • Enrique Platero Riet, 22 urte.
  • Sargento Ovidio Joaquín Ramírez Barreto, hegaldi laguntzailea, 26 urte.
  • Sargento Carlos Roque González mekanikoa, 24 urte.
  • Daniel Gonzalo Shaw Urioste, 24 urte.
  • Diego Storm Cornah, 20 urte.
  • Numa Turcatti Pesquera, 24 urte.
  • Carlos Alberto Valeta Vallendor, 18 urte.
  • Fernando Vásquez Nebel, 20 urte.

Liburuak

aldatu
  • 2008: PABLO VIERCI, La sociedad de la nieve. Editorial Sudamericana
  • 2007: CARLITOS PÁEZ eta MIGUEL ANGEL CAMPODÓNICO, Después del día diez. Alienta Editorial
  • 2006: FERNANDO PARRADO ETA VINCE RAUSE, Milagro en los Andes, 72 días en las montañas y mi largo viaje a casa.
  • 1974: PIERS PAUL READ, Alive: The Story of the Andes Survivors (1993 eta 2005ean berreditatu zuten)

Filmak

aldatu

Gaur egun

aldatu

2007an, telebista txiletarrak Sergio Catalán mandazain txiletarra elkarrizketatu zuen. Aldakan zuen gaitzak baliaezin utziko zuen, baina prentsan argitaratu zenean, Canessa doktoreak eta Andeetan biziraun zutenak laguntzera etorri zitzaizkion, hari zor ziotena handia baitzen oso.

Roberto Canessa kardiologo ezaguna da gaur.

Malkoen Bailaran oraindik aurki daiteke desastre haren arrastoren bat, fuselajearen hondarrak, hego zatiak, gurutzea...

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu