[go: up one dir, main page]

Stendhal, benetako izen-deiturez Henry Beyle (Grenoble, 1783ko urtarrilaren 23aParis, 1842ko martxoaren 23a), XIX. mendeko frantziar idazlea izan zen.

Stendhal

Consul of France (en) Itzuli

1831ko apirilaren 17a - 1841eko urriaren 22a
auditor at the Conseil d'État (en) Itzuli

1810 - 1814
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMarie-Henri Beyle
JaiotzaGrenoble1783ko urtarrilaren 23a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1842ko martxoaren 23a (59 urte)
Hobiratze lekuaMontmartreko hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
AitaChérubin Beyle
AmaHenriette Gagnon
Ezkontidea(k)ezkongabea
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, autobiografialaria, eguneroko-idazlea, biografoa, eleberrigilea, diplomazialaria eta arte-historialaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Mugimenduaerrealismoa
erromantizismoa
Izengoitia(k)Stendhal, Henri Stendhal, Stendalis, Louis Alexandre Bombet, Anastase de Serpière, Don Flegme, William Crocodile eta Dominique
Genero artistikoaeleberri psikologikoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa

IMDB: nm0826543 Allocine: 36912
Musicbrainz: 417c25a7-3ec4-4ccc-9cda-6258240a8b9e Discogs: 325146 Find a Grave: 3455 Edit the value on Wikidata

Errealismo deituriko estiloaren aitzindari eta ikurretako bat izan zen. Haren lan garrantzitsuenak Gorria eta Beltza (1830) eta Parmako Kartusia (1839) dira.

Goitizena

aldatu

Stendhal goitizena erabiltzearen gainean arrazoibide bat baino gehiago proposatu da: litekeena da, George Perec-en aburuz, Le Rouge et le Noir (Gorria eta Beltza) eleberrian agerturiko erreferentzia batzuei loturik egotea eta "Shetland" berbaren anagrama izatea; baliteke, beste batzuen iritzian, izengoitiak Alemaniako Stendhal hiriarekin zerikusia izatea; bertakoa zen Johann Joachim Winckelmann (1717-1768), artearen historia eta arkeologia diziplina jaioberrien pentsalari eta ikertzailea.

Bizitza

aldatu

Italiazale baten gorabeherak

aldatu

Stendhal Grenoblen jaio zen (Frantzia) 1783ko urtarrilaren 23an, landa-giroko familia aberats batean, Henri Beyle benetako izen-deiturez. Zazpi urterekin ama hil zitzaion. Stendhalek bere bizitza osoan gaitzetsi zuen aita, eta ez zen inoiz gustura sentitu bere senideen artean. 1796tik 1799ra ikasketak egin zituen Grenobleko eskola nagusian.

1799an Parisera joan zen eskola politeknikoan sartzeko asmoz, bere jaioterriko giro itogarritik ihesi. Han, lehengusu Pierre Daruk lanpostu bat lortu zion Gerrako ministerioan, eta harekin eraman zuen 1800ean Italiako gerra-ekinaldira; harrezkero, Italiaz liluratu zen, harreman estua izan zuen herrialde harekin, geroztik han bizi, maitemindu eta lan egin baitzuen luzaroan, eta bere hainbat liburutako gertalekutzat aukeratu baitzuen.

Parisa itzulirik, giro intelektualarekin harremanetan izan zen. Garai hartakoak ditu, halaber, psikologiarako zaletasuna eta antzerkian idazteko ahaleginak, baina antzerki-lan haiek ez zuten batere arrakastarik izan.

1806tik 1813ra kargu ofizialetan jardun zuen, Napoleonen gerra-ekinaldietan parte hartu zuen eta, hala, Europako leku asko ezagutu zituen. 1814an Napoleonen hondamenaz geroztik borbondarrek berriz aginpidea hartu zutenean, Stendhalek Milanen hartu zuen bizilekua. Han idatzi zuen bere lehen liburua: Vies de Haydn, Mozart et Métastase. Angela Pietragua bere aspaldiko adiskidearekin harreman korapilatsu bat izan ondoren, Matilde Dembrowskirekin maitemindu zen; harreman horien ondorioz idatzi zuen De l'amour (1822, "Maitasunaz") saiakera. Stendhal, etsita, Parisera itzuli zen.

Itzulera gogorra izan zuen Parisen: aita hilik zuen, eta haren oinordekotza xahututa zegoen; goibel eta ezagunik gabe ia, Stendhalek lortu zuen, hala ere, aurrera egitea. Lagunarte handia izan zuen geroztik, eta maiz izaten zen jende ospetsu askoren bilkuretan. Garai hartan Merimée idazlearen adiskide egin zen, eta hark beti maisutzat izan zuen. Idazkeraren aldetik oso aldi oparoa izan zen hura harentzat: hainbat liburu idatzi zituen, musikari eta pinturari buruzko kronika argitaratzen zuen Journal de Paris egunkarian, eta, aldi berean, ezkutuan, ingeles kazeta batzuetan ere idazten zuen.

1830eko uztaileko monarkiaren berrezarpenarekin batera, kontsul izendatu zuten Italian, aurrena Triesten eta gero, Civitavecchian, Trieste austriarren esku zegoenez, austriarrek ez baitzioten han bizitzeko baimenik eman. Orduan, goibelaldi batean murgildu zen.

Erromara, Florentziara eta Sienara ihes egiten zuen –Giulia maitalea Sienan baitzeukan– Civitavecchiako giro itogarri hartatik atera nahian. Garai hartakoa du sekula bukatu gabeko liburu mordo bat, autobiografikoak batzuk eta eleberriak besteak.

1836an Parisa itzuli zen, hasieran hiru asterako, eta azkenean, hiru urterako. Aldi ezin oparoagoa eta bizipozez beteagoa izan zuen hura. Ikusitakoak kaier batzuetan idatzi zituen, eta horiek ziren baliatu, autorea zendu eta gero, Le journal de voyage de Bordeaux à Valence bilduma osatzeko. Bertan agertzen dira idazleak Baiona eta Donibane Lohizuneko hirietan ikusitakoak.[1] 1839ko abuztuan, kontsulatura itzuli behar izan zuen. 1841eko martxoaren 15ean apoplexiak jo zuen. Parisa itzuli zen sendatzera, baina 1842ko martxoaren 22an, kalean barrena zihoala, eritasunak bat-batean jo zuen, eta gau hartan bertan hil zen.

Stendhalen goranahiak

aldatu

Maitasuna eta anbizioa dira haren bizitzaren bi ardatz nagusiak. Stendhalen egunkaria eta gutunak irakurri besterik ez dago ohartzeko bizitzaren alor guztietan (izaeran, ibilbide diplomatikoan, emakumeekin, literaturan) arrakastara iritsi nahia izan zuela helburu nagusi. Helvetius, Condillac, Cabanis, Destutt, Tracy-ren lanek eragin handia izan zuten harengan, haiengandik atera baitzuen, besteak beste, mekanismo psikologikoen ezagutza, baita logikaren arauak barne-bizitzara eta bizitza profesional eta sozialera aplikatzeko modua ere, haren eleberrietako pertsonaietan argiro ikusten denez. Haren anbizio handi hark, ordea, huts egin zuen ia alor guztietan: Vie de Henri Brulard autobiografian hauxe aitortu zuen maite izan zituen emakumeez ari zela: «izaki xarmant horietako gehienek ez naute behin ere beren ontasunez ohoratu». Eta beste liburu batean orobat aitortzen du: «inork maite zaitzan bainoago inor maitatzeak dakar zoriona». Zirrarari eta sentipenei Stendhalek ematen zien garrantzia bere bizitzako arlo guztietan nabaritzen da, bere liburugintzan, batez ere, hark esana baita: «Nire asmoa ez da gauzak zer diren esatea, gauzek egiten didaten zirrara kontatzea baizik».

Saiakerak eta biografiak

aldatu

Eleberrigintzan hasi aurretik, Stendhalek saio ugari idatzi zituen, hiru multzotan banatuak: arteari buruzkoak, bidaietakoak edo turistikoak, eta literaturari buruzkoak. Vies de Haydn, de Mozart et de Metastase (1814, Haydn, Mozart eta Metastasioren bizitza), Histoire de la peinture en Italie (1817, Italiako pinturaren historia), Vie de Rossini (1823, Rossiniren bizitza) dira arteari eskaini zizkion saiakerak. Stendhal ez zen berez artean aditua, artezalea bai ordea, eta obra horiek idazteko aldez aurretik idatzitako lan asko baliatu zituen kontsulta gisa, eta batetik eta bestetik atera zituen datu eta pasarte asko; eta hala eta guztiz ere, argi antzematen zaie Stendhalen beraren kutsua, pentsaera eta estiloa.

Saiakera turistikoen edo bidaietakoen artean aipagarriak dira: Rome, Naples et Florence (1817, 1827), liburu hartan erabili zuen lehendabizikoz Stendhal ezizena; Promenades dans Rome (1829, Ibiliak Erroman barrena) eta Mémoires d'un touriste (1838, Turista baten oroitzapenak) bai bere oroitzapenetan eta bai Frantzian, Alemanian, eta Holandan barrena egin zituen bidaietan oinarritua.

Liburu horietan Stendhalek paisaien deskribapenak, lurralde bakoitzaren bizimoduari buruzko gogoetak, historiari eta politikari buruzko zertzeladak eta bere sentipenak nahasi zituen. Literaturaz Racine et Shakespeare saiakera idatzi zuen, erromantizismoaren manifestutzat hartu izan dena.

Baditu saiakera pertsonalagoak ere, eta batzuk autobiografikoak: De l'amour (1822), Vie de Henri Brulard (1835-1836, Henri Brularden bizitza,), Souvenirs d'égotisme (1832, Egotismozko oroitzapenak), Correspondance (Gutunak). Liburu horietan, Stendhal bere buruaren eleberrigile gisa ari izan zen nolabait.

Eleberriak eta kontakizunak

aldatu

Le Rouge et le Noir (1931, "Gorria eta Beltza"), La Chartreuse de Parme (1838, "Parmako Kartusia") eta Lucien Leuwen (1834-1835, bukatugabea) haren hiru eleberri nagusiak dira; horietaz gainera idatzi zituen Armance (1827), Le Rose et Le Vert ("Arrosa eta Berdea") eleberri bukatugabea; L'Abbesse de Castro ("De Castro abadesa") eleberri laburra edo ipuina eta Vittoria Accoramboni, Les Cenci, La Duchesse de Palliano kontakizunekin batera Stendhal hilez geroztik liburu batean bildu zituztenak: Italiako kronikak. Beste kontakizun batzuk: Suora Scolastica, Trop de faveur tue, Le Chevalier de Saint-Ismier, Feder, Lamiel, horiek denak bukatugabeak.

Haren ustez, eleberria bide luze batean barrena dabilen ispilu bat zen. Irudi guztien artean, ordea, bere garaiko giroa leialen ispilatzen zutenak aukeratu zituen. Adituen ustez, hari zor zaio eleberri errealistaren sorkuntza[2]. Stendhalen eleberriek, Balzacenek bezala, garai jakin baten lekukotasuna ematen dute, beraz: Berrezarkuntzako eta uztaileko monarkiaren erlijio- eta politika-gorabehera guztien aipua dakarte haren eleberri guztiek. Bere eleberrietako giro politiko estu eta mugatu horretan, Stendhalen pertsonaien aurreneko ezaugarria aginpidea iritsi nahia da. Aldiz, pertsonaia nagusientzat –Julien Sorel (Le Rouge et le Noir), Fabrizio del Dongo (La Chartreuse de Parme)– aginpidea eskuratzeko ahalegin hori nork bere nortasuna eratzeko bidearen aldi bat besterik ez da, itxurakeriarena eta hipokrisiarena, alegia.

Haien ustetan, azkenean, benetako bizitza ez da nork bere bidea aurkitzea eta benetako maitasunaren lilura baizik, maitasunean aurkituko baitiote zentzua bizitzari.

Gizartearen bi alderdi elkarren kontrako ere nahiko garbi irudikatzen ditu Stendhalek: batetik, aristokratak, bere gainbeherari aurre egin edo gizarte modernora egokitu aukeratu beharrean daudenak; bestetik, gazte xumea, bizkorra, justizia- eta aginpide-goseak dagoena, lehenik gizartearen akusatzailea eta azkenik akusatua izango dena: Julien Sorel, adibidez. Zerbaitengatik dute, izan ere, duten garrantzia auziek eta espetxeek Stendhalen obran. Garrantzi handia dute apaizek ere; batetik, apaizgoa lanbide soiltzat duten apaizak: makiabelikoak, zuriak eta lausengariak, botere-gose beti; bestetik, apaiz zintzo, prestu eta gizatasunez beteak. Gizonezkoen ondoan, emakumezkoen pertsonaiek indar handia dute Stendhalen obran, eta bi talde nagusitan banatzen dira: emakume seduzitzaile eta oldar handikoak, eta, haien aurrez aurre, emakume goxo eta amatiarrak. Izan ere, Stendhalen heroiak nortasun handiko gizakiak dira, psikologiaren aldetik bene-benetako izatea dutenak, askotan fikziozko pertsonaiak direla ere ahaztarazten diotenak irakurleari.

Teknikaren aldetik, Stendhalek irakurlea liluratzeko eta bere kontakizunera erakartzeko ahalmen handia du. Sentimenduen, maitasun-grinen eta azpijokoen tirabirak kontatuz, pertsonaien barne-bilakaera da haren narrazioen ardatz nagusia, kontakizunaren lasterrean isurtzen baititu bizi-bizi bere pertsonaien pentsamenduak, asmoak, sentimenduak eta grinak, erromantizismoari bete-betean dagokion eran. Hirugarren pertsonan idatziak badira ere, irakurlea protagonistarekin batera dabil haren kanpoko eta barneko munduan barrena; beren egintzen eta erreakzioen bidez, pertsonaia horiek beren burua ezagutzen dute azkenik, azterketaren bidez beren barne-kontzientziaren erabidean daramatela irakurlea bera. Stendhalen idazkerari berezkotasuna dario, berak aholkatua zion beste norbaiti nork bere buruari hitz egiten dion bezala behar zela idatzi. Azken finean, Stendhalek nonahi eta noiznahi gizateriak izan dituen eta dituen nahiak eta kezkak kontatzen ditu: nork bere nortasunaren bilaketa, zoriona iritsi nahia eta, ustekabean, maitasunaren bidez zoriona aurkitzea.

Stendhalen eragina

aldatu

Stendhal bera bizi zela, haren eleberri nagusiek ez zuten harrera txarra izan, baina ez egileak nahi bezalakoa; nolanahi ere, Stendhal ondo jabetuta zegoen bera hil ondoren izango zuela bere obrak ustez merezi zuen arrakasta handia, eta hala esan ere zuen 1880 arte ez zirela irakurleak eta kritikariak beraren obra ederresteko gauza izango. Nolanahi ere, Balzacek artikulu bikain bat argitaratu zuen 1840an La Chartreuse de Parmeri buruz; Victor Hugok, ordea, Stendhalen idazkera kritikatu zuen. Taine-k «XIX. mendeko psikologorik handiena» izendatu zuen Stendhal; 1881ean, Zolak Stendhalen estiloaren hainbat alderdi aztertu zituen.

1882an Paul Bourget-ek goraipamenezko artikulu ospetsu bat eskaini zion Stendhali, eta harrezkero ugaritu egin ziren haren liburuen argitalpenak eta hari buruzko saioak eta kritikak. Idazle asko izan dira Stendhalen miresle: Radiguet, Giono, T. di Lampedusa, Louis Aragon, Roger Vaillard, Andre Gide... Stendhal Club bat ere sortu izan da geroztik, hari eskainitako aldizkari bat argitaratzen duena: Revue des Études Stendhaliennes. XIX. mendearen ispilu izanagatik, haren obrak ez du gaurkotasunik galdu, eta hizkuntza askotara itzulita ari dira haren liburuak etengabe argitaratzen, gutxi izan baitira hark bezala irudimenezko mundu baten bidez eta fikzioaren indarraz irakurlea liluratzea lortu dutenak.

 
Stendhalen hilobia Montmartreko hilerrian, Paris

1842an hil zen, eta Montmartren lurperatu zuten. Hilarriak testu hau dakar: «Arrigo Beyle, milanese. Scrisse, amò, visse Ann. LIX M. II. Morì il XXIII marzo MDCCCXLII» («Arrigo Beyle, milandarra. Idatzi egin zuen, maitatu egin zuen, 59 urte eta bi hilabetez bizi izan zen. 1842ko martxoaren 23an hil zen»).

Saiakera eta oroitidazki asko idatzi zuen. Hona zenbait: Haydn, Mozart eta Metastasioren bizitzak (1815), Italiako pinturaren historia (1817), Maitasunaz (1822), Racine eta Shakespeare (1823), Rossiniren bizitza (1823), Ibilaldiak Erroman (1829), Henry Brularden bizitza (1835-36, bukatugabea eta 1890ean argitaratutakoa), Turista baten oroitzapenak (1838)…

Hauexek dira Stendhalen eleberri garrantzitsuenak:

  • Armance (1826). Aurreneko eleberri honetan, maitasun-kontuak dira hizpide eta ardatz, eta garaiko gizartearen pentsamoldearen ispilu bidenabar.
  • Gorria eta beltza (1830). Frantziako Berrezarkuntza garaiko gizartea irudikatua da lan honetan. Protagonistaren anbizio eta frustrazioek sasoi hartako gorabeheren berri ematen digute.
  • Parmako kartusia (1839). Lan onena. 52 egunen buruan osatua, diktatua ia bere osotasunean, berezkoa da estiloa, nahiz eta bere luzean pertsonaia eta istorio andana bildu testuan. Italian bizi izandako epe batean gauzatu zuen. Balzacen gustuko lana izan zen. 2007an euskaraz argitaratua izan zen Literatura Unibertsala Bilduman. Itzulpena Jon Muñozek osatu zuen (Parmako kartusia, Alberdania-Elkar, Literatura Unibertsala Bilduma, 131. zb., 711 orr., 2007).
  • Lucien Leuwen (bukatzeke, 1894an argitaratua). Frantziako monarkiaren gainbehera azaltzen du, Orleans familiaren porrota.


Idazlearen beste lan batzuk hauek dira, haietako asko hildakoan argitara emanak:

  • Chroniques italiennes: Vittoria Accoramboni, Les Cenci, La Duchesse de Palliano, L'Abesse de Castro, Trop de faveur tue, Suora Scolastica, San Francesco a Ripa, Vanina Vanini, Paris, 18371839
  • Idées italiennes sur quelques tableaux célèbres, Paris, 1840
  • Correspondance
  • Journal (1801-1817)
  • Filosofia nova (1931)
  • Théâtre (1931)
  • Molière, Shakespeare, la Comédie et le Rire (1930)
  • Écoles italiennes de peinture (1932)
  • Pages d'Italie (1932)
  • Mélanges de politique et d'histoire (1933)
  • Courrier anglais (1935-1936)
  • Mélanges d'art (1867 et 1932)
  • Romans et nouvelles (1854 et 1928)
  • Souvenirs d'égotisme 1892 et 1950)
  • Voyage dans le Midi de la France (1930)
  • Lamiel, inachevé (1889 et 1928)
  • Mélanges intimes et Marginalia (1936)
  • Le Rose et le Vert (1937)

Euskaratuak

aldatu
  • Parmako kartusia (La chartreuse de Parme). Gasteiz, 2016. eLiburutegia , Euskadiko Liburutegi Digitala. Itzultzailea: Jon Muñoz[3]

Erreferentziak

aldatu
  1. Bilketa, Euskal Funtsen Ataria: Donibane Lohitzune,Sthendal, 1838. (Noiz kontsultatua: 2017-02-02).
  2. Aldekoa, Iñaki ... [et al.]. (2016). Literatura unibertsala, Batxilergoa 1. Erein, 166-167 or. ISBN 978-84-9109-057-1..
  3. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-13).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu