Rumer Godden
Rumer Godden (Sussex, 1907ko abenduaren 10a - Dumfries, 1998ko azaroaren 8a) britainiar idazlea izan zen.
Rumer Godden | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Eastbourne, 1907ko abenduaren 10a |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Moniaive, 1998ko azaroaren 8a (90 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, eleberrigilea, gidoilaria, haur literaturaren idazlea eta poeta |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
rumergodden.com | |
|
Britainia Handian jaioa zen, baina haurtzaroa Indian igaro zuen, aitak han lan egiten baitzuen; urte haietan bizi izandako esperientziak jaso zituen, hain zuzen ere, bere ahizpa nagusiarekin idatzitako Two Under the Indian Sun (1966, Bi Indiako eguzkipean) liburuan. Harrezkero idatzitako liburu gehienetan ere antzematen da bere bizitzako gertaeren eragina; gertaera autobiografikoak aurkezteko joera nabarmentzen da, esaterako, A Time to Dance, No Time to Weep (1987, Dantzarako garaia, ez negar egitekoa) eta A House with Four Rooms (1989, Lau gelako etxea) eleberrietan. Literaturan buru-belarri murgildu aurretik, dantzarako zaletasuna erakutsi zuen, eta zaletasun haren erreferentzia agertu zuen hainbat liburutan, adibidez, Thursday's Children (1984, Ostegunen seme), Listen to the Nightingale (1992, Entzun urretxindorra), Black Narcissus (1948, Nartziso beltza) eta Pippa Passes (1994) bere azken obran. 1953an Kingfishers Catch Fire (Martin arrantzaleak su ehizean) eman zuen argitara, bere lehenengo senar Laurence Fosteren berarengandik banandu ondoren, bere bi alabekin Himalaiako mendietan bizi izandako esperientzia lazgarria kontagai duena. Bere kontakizunetan, baita haur-literaturakoetan ere, estilo konplexua erabiltzen zuen Goddenek, iragana eta oraina nahasten baitzituen etengabe. Joera horri jarraituz idatziak dira, esaterako, The Battle of the Villa Fiorita (1963, Villa Fioritako gudua) eta In This House of Brede (1969, Klausurako etxe honetan) eleberriak. Gaiei dagokienez, berriz, baztertuen eta beren inguruko komunitatearen arteko gatazka islatu zuen, eta katolizismoa ere sarritan izan zuen aipagai. Haur-literaturan idatzitako lanak sailkatzen zailak dira, gaien konplexutasuna dela-eta, baina, oro har, helduen munduaren konplexutasuna islatzen ahalegindu ohi zen, haurren adinari eta munduari egokiturik. Aipagarriak dira The Peacock Spring (1975), The Doll's House (1947, Panpin-etxea), The Diddakoi (Diddakoia, ijitoei buruzko haur-liburua; liburu horrekin eskuratu zuen, 1972an, Whitbread saria).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.