[go: up one dir, main page]

Ramon Cabrera

gudari espainiarra

Ramon Cabrera i Grinyó (Tortosa, 1806ko abenduaren 27a – Wentworth, Ingalaterra, 1877ko maiatzaren 24a), izengoitiz Maestrazgoko tigrea deitua, kataluniar militarra eta politikaria izan zen, karlisten buruzagia Lehen Karlistaldian eta Matinerren Gerran.

Ramon Cabrera

Bizitza
JaiotzaTortosa1806ko abenduaren 27a
Herrialdea Katalunia
HeriotzaVirginia Water1877ko maiatzaren 24a (70 urte)
Familia
AmaMaría Griñó
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakkatalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmilitarra
Zerbitzu militarra
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakLehen Karlistaldia
Matinerren Gerra

Bizitza

aldatu

Ramon Cabrera i Grinyó Tortosan jaio zen 1806ko abenduaren 27an. Fraide trinitarioekin ikasi zuen baina, Lehen Karlistaldia piztu zelarik, apaizgaitegia utzi eta Morellan aurkeztu zen Rafael Ram de Víu koronelaren aurrean, boluntario aritzeko.

1834an, Ram de Víu menderatu eta fusilatu zutenean, Cabrerak berehala erakutsi zituen bere dohain militarrak. 1835eko apirilean, Karlos erregenahiak Aragoiko eta Valentziako indar karlisten buruzagi izendatu zuen, Manuel Carniceren ordez. Bultzada handia eman zion gerrari, batetik bestera ibiltzeko zuen ahalmen bikainari esker. Maestrazgo eskualdeko Zumalakarregi izan zen, eta Maestrazgoko tigrea ezizena jarri zioten bere ankerkeriagatik.

 
Cabreraren amaren fusilamendua, Fernando Mirandaren irudia.

Alcañizko eskualdeko bi alkate kristinatarren heriotzari erantzuteko, Agustín Nogueras jeneralak Cabreraren ama, Ana Maria Grinyó, fusilatu zuen Tortosan, 1836ko otsailaren 16an. Ekintza hark izugarrizko oihartzuna izan zuen Europan, eta Maestrazgoko gerra areago gogortzea ekarri zuen. 1836ko udazkenean, Miguel Gómez Damasekin batera ibili zen haren espedizioan Mantxan, Andaluzian eta Extremaduran barrena. Hurrengo urtean, Iparraldetik abiatutako tropekin bat egin eta erregearen espedizioan sartu zen.

1838ko urrian, Maellan lortutako garaipenaren ondoren, teniente jeneral eta Morellako konde izendatu zuten. Karlisten jardueraren erdigunea izango zen estatutxo bat antolatu zuen, hiriburua Morellan jarrita. 1839an ez zuen Bergarako Hitzarmena onartu, eta Katalunia iparraldera jo zuen bere armadarekin. Bergan azken erresistentzia ekintza egin ondoren, Frantziara igaro zen 1840ko uztailean, Lehen Gerra Karlistari amaiera emanez.

Handik sei urtera, Matinerren Gerra hastean, Aragoiko, Kataluniako, Valentziako eta Murtziako indar karlisten buruzagi gorena izendatu zuen Karlos Luis Borboikoak. 1848an, Katalunian sartu zen, tropa karlisten buruzagitzaz arduratzeko, eta 9.000 bat soldaduz osatutako armada antolatu zuen. 1849an Terko markes titulua eman zioten, Amerko eta El Pasteralgo guduetan egindako lanarengatik. Zauritu egin zuten han. Handik hiru hilabetera, Frantziara itzuli behar izan zuen, Kataluniatik kanpo gerra errotu ez zelako eta gobernuaren tropak askoz indartsuago zebiltzalako. Handik Ingalaterrara jo zuen bizitzera.

1850ean Marian Katherine Richards goi mailako dama ingeles anglikano aberatsarekin ezkondu zen. Karlista erbesteratuengandik aldendu ahala, ideia moderatu eta liberalagoak barneratuz joan zen.

Karlos VII.ak bigarren altxamendu karlista handiaren buruzagi militar gorena izatea eskaini zion, baina uko egin zion eskaintza hari, ez zuelako beste gerra zibil batean parte hartu nahi. 1875ean, errege legitimotzat onartu zuen Alfontso XII.a. Hark armadako kapitain jeneral izendatu zuen Cabrera, eta gudu zelaian lortutako titulu eta ohore guztiak onartu zizkion.

Ingalaterran hil zen 1877ko maiatzaren 24an.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • Ramon Cabrera, XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian, CC-BY-SA, zm.gipuzkoakultura.net