[go: up one dir, main page]

Pink Floyd britainiar rock talde bat izan zen, 1965ean Londresen sortua. XX. mendeko ikono kulturaltzat hartua eta herri musikaren historian eragin, arrakasta eta txalorik handiena izan zuten taldeetako bat. Ospe handia lortu zuen bere musika psikodelikoari esker: denboraren poderioz, rock progresibo eta rock sinfonikora eboluzionatu zuen. Eduki filosofiko handiko abestiengatik, soinu esperimentazioagatik, diskoetako azal berritzaileengatik eta zuzeneko ikuskizun landuengatik ezaguna da. Mundu osoan 280 milioi albumetik gorako salmentak dituzte, horietatik 97,5 milioi soilik Estatu Batuetan. Haien The Dark Side of the Moon albuma (1973) urte askotan salduenetariko bat izan zen, eta bere ibilbide musikalean zehar, taldeak 300 milioi album baino gehiago saldu ditu egun arte.

Pink Floyd
Goialdean: Roger Waters eta David Gilmour.
Behealdean: Nick Mason eta Richard Wright.
Datuak
JatorriaLondon (Erresuma Batua)
Musika motaRock
Urteak1965-1995 · 2012-2014
(2005an bildu ziren)
Produkzioa
Diskoetxea(k)Capitol, Columbia, EMI
Taldekideak
David Gilmour
Nick Mason
Lehengo taldekideak
Roger Waters
Syd Barrett
Richard Wright
Sariak
Jasotako sariak
Nominazioak
Informazio gehigarria
http://www.pinkfloyd.com/
IMDB: nm0969139 Allocine: 51356 Rottentomatoes: celebrity/pink_floyd Metacritic: person/pink-floyd TV.com: people/pink-floyd
Facebook: pinkfloyd Twitter: pinkfloyd Instagram: pinkfloyd MySpace: pinkfloyd Youtube: UCY2qt3dw2TQJxvBrDiYGHdQ TikTok: pinkfloyd Souncloud: officialpinkfloyd Spotify: 0k17h0D3J5VfsdmQ1iZtE9 iTunes: 487143 Last fm: Pink+Floyd Musicbrainz: 83d91898-7763-47d7-b03b-b92132375c47 Songkick: 400904 Discogs: 45467 Allmusic: mn0000346336 Deezer: 860 Edit the value on Wikidata

Historia

aldatu

Taldea Londresen sortu zen 1965ean: lehen partaideak Syd Barrett (gitarra), Richard Wright (teklatuak), Roger Waters (baxua) eta Nick Mason (bateria) ziren. 1966 eta 1968ren artean lehen bi diskoak plazaratu zituzten: The Piper at the Gates of Dawn eta A Saucerful of Secrets, estilo psikodelikoa eta underground nagusi dutenak. Zuzeneko emanaldietan oso giro berezia sortzen zuten garai hartan, ikus-efektu liluragarriak eta baliabide tekniko txundigarriak (light-show) erabiliz, denboraren poderioz sofistikatuak. Syd Barrett taldearen liderra da hasierako urteetan, musika eta hitzen egilea lan gehienetan.

Baina LSDarekin zituen arazoak direla eta, Barrettek buruko osasuna galdu zuen eta 1968an lekua David Gilmourri utzi zion. Taldea fase berri batean sartu zen, Roger Watersen gidaritzapean, psikodelismotik rock sinfoniko eta esperimentalagorantz aldatuz. Hurrengo lan Ummagumma (1969) aldaketa horren adierazle garbia da.

1969 eta 1972ren artean, gogor lan egin zuten, Europa eta Amerikan zehar hamaika emanaldi eskainiz, 5 LP argitaratuz eta hainbat pelikularen soinu-banda eginez (More, Oscured by Clouds...); musika estiloa sendotu zuen, rock sinfoniko-espaziala, urteetako saio eta soinu esperimentuak egin ostean, Ummagumma (1969) eta Atom Heart Mother (1970) lanetan soma daitezkeenak.

Meddle (1971) bilakaera horren gailurra da. Diskoaren gai nagusia, Echoes, taldearen lanik gorena da, ordura arte bandak grabatu zuen piezarik onena, agian. Albuma mugarria izan zen haien historian, eta hurrengo lanetarako joera markatu zuen (The Dark Side of the Moon, Wish you were here...)

1972an, Adrian Mabenen zuzendaritzapean, laukoteak Pink Floyd Live at Pompeii filma egin zuen, Vesubiok estalitako erromatar hiri zaharrean. Ummagumma eta Meddleko lanak, besteak beste, antzinako anfiteatro batean jo zituzten. Filmazioak inguru klasikoa musika abangoardista batekin biziki ongi elkartzen du, atmosfera onirikoa eta liluragarria sortuz eta ikuslea sorginduz.

The Dark Side of the Moonek (1973) ospea ez ezik, sormenaren gailurra ere adierazi zuen. Salmenta arrakasta (40 milioi ale salduta) eta musika kalitatea batzen ditu, oso ohikoa ez dena. Alan Parsons soinu ingeniaria barne, iraultza teknikoa eta soinuduna izan zen; horrek, musika gaien xarmarekin batera, britainiar taldearen lan onenetariko bat bihurtzen du.

Hurrengo LPa arte (Wish you were here, 1975) bi urte igaro ziren. Diskoak aurreko lanen kutsu sinfoniko eta elektronikoari eusten dio, baina giro espazial lasaigarri batekin, esperimentazioari muga gehiago jarriz. The Dark Side of the Moonez geroztik, taldea ospetsu bihurtu zen mundu osoan, eta hortik aurrera emanaldiak eta lan berriak gutxitu ziren, sorkuntza lanari denbora gehiago eskainiz.

Animals LPak (1977) aurrekoak baino askoz ere tonu gogorragoa izan zuen, batez ere Waters jada taldearen lidergo osoa hartzen hasi zelako. Lan horretan, gizakia hiru animaliatan banatzen dute George Orwellek Animal Farm liburuan egin zuenaren antzera: Watersek txakur, txerri eta ardietan zatitzen du gizateria, bakoitza bere ezaugarriekin. Animalia bakoitzari abesti bat dagokio (denak 8 minututik gorakoak dira, eta Dogs, luzeena), eta hasi eta bukatzeko, balada kutsuko kanta labur akustiko bana, Watersek bere garaiko neska lagunari idatzitakoak omen direnak. LP horrek ez zuen aurreko biek beste arrakasta izan, baina talde britainiarraren jarraitzaileek euren lan nagusitzat hartzen dute, bai eta rock orogresibotik hurbilen daudenetakotzat ere. Richard Wright teklatu joleak apenas izan zuen zer esanik albun horretan, jada liderra oso zehaztuta baitzegoen.

Ondoren, The Wall albuma iritsi zen (1979), eta bertan Watersen lidergoa erabatekoa da: taldearen salduenetakoa da, eta zinemara eraman zuten hiru urte geroago. Waters eta gainontzeko taldekideen artean lehen liskarrak agertu ziren, Watersen sormen gaitasunak (diskoa ia berak bakarrik egina da) beste partaideak baztertu baitzituen. Grabazioan zehar, Watersek Wright taldetik baztertu zuen arren, ondorengo mundu biran parte hartu ahal izan zuen, nahiz eta ordainduriko musikari gisan agertu, taldearen muinetik at.

The Final Cut (1983) azken lan amankomuna dute, nahiz eta Michael Kamenek Wrighten tokia hartu. Gero, partaideak banandu ziren eta taldearen izena bereganatzeko borroka legalari ekin. Borroka horren protagonistak Roger Waters eta David Gilmour izan ziren: Watersek taldearen amaiera nahi zuen ("Talde mitiko bati amaiera duina emateko"), baina Gilmourrek, beste partaideekin batera, haren ibilbidea luzatu. Watersek taldea utzi zuen, eta epaitegiko borroka luzea Gilmour eta Masonen alde bukatu zen, Pink Floyd izenaren gaineko eskubideak azken haiek lortuta.

Indarberrituta, Pink Floyd berriak munduko bira bat hasi zuen —lehen aldiz, sei urtean— eta 1987an, A Momentary Lapse of Reason albuma argitaratu, Wright berriz ere taldera ekarri ondoren. Waters gabeko lehen album horrek iritzi kontrajarriak eragiten ditu: jarraitzaile askoren ustez, taldeak bere betiko estiloari bikain eutsi zion, lider zaharrik gabe, baina kritikak ihes egindakoaren hutsunea sumatzen du eta talde berriari etorkizun iluna iragarri. Nolanahi ere, herrialde askotan salmenta markak apurtu zituen, eta gauza bera egin zuen hurrengo diskoak ere, artean atera zuten azkenaurrekoak (The Division Bell, 1994).

Banandu ziren egunetik milaka zurrumurru egon baziren ere, lau kideak berriz elkartuko ote ziren, 2005eko uztailaren 2an laurak elkarrekin —azken aldiz— agertu ziren taula gainean, pobreziaren aurkako Live 8 ekitaldien barnean, Londoneko Hyde Parken lau abestiko emanaldian.

2008an, Wright hil zen: 2014an, hogei urteko etenaldiaren ondoren, taldeak The Endless River azken albuma kaleratu zuen, The Division Bellen (1994) agertu ez ziren gai batzuk berreskuratuta.

Taldeak kontzertu bakarra eman du Euskal Herrian: 1994an, Donostiako Anoeta estadioan.

XX. mendeko azken hamarkadetan musika arloari —eta, orokorrean, mendebaldeko kulturari— Pink Floydek egin dion ekarpena egundokoa izan zen. Haien azken lanetan ekarpen hori urriagoa izanik ere (aspalditik galdu baitzuen esperimentazio elektronikoarekiko grina hura), taldea ezinbesteko erreferentzia da musika komertzialaren historian, bere arrakastarengatik eta beste talde eta musikariengan duen eraginarengatik ere bai.

Diskografia

aldatu

Estudioko diskoak

aldatu

Soinu bandak

aldatu
  • Tonite Let's all make Love in London - 1967
  • Zabriskie Point - 1970

Zuzeneko diskoak

aldatu
  • Delicate Sound of Thunder (1988)
  • P*U*L*S*E (1995)
  • Is There Anybody Out There? The Wall Live 1980-1981 (2000)

Bildumak

aldatu
  • Relics (1971)
  • A Nice Pair (1973)
  • Masters of Rock (1974)
  • A Collection of Great Dance Songs (1981)
  • Works (1983)
  • Shine On (1992, Box Set)
  • The Early Singles (1992)
  • Echoes: The Best of Pink Floyd (2001)

Kanpo estekak

aldatu