Petako
Petakoak, pinball edo flipperra arkade joko mota bat da. Joko horretan pinball makina deritzon beirazko kabinete estali baten barruko joko zelai batean bola metaliko bat edo gehiago manipulatuz jokalari batek puntuak lortzen ditu. Jokoaren helburu nagusia ahalik eta puntu gehien lortzea da. Pinball makina moderno askok "historia" bat dute, non jokalariak nolabaiteko helburuak bete behar dituen istorioa osatzeko, normalean puntu altuak lortuz jokoa osatzeko metodo ezberdinen bidez. Puntu kopuru ezberdinak irabazten dira bolak joko zelaian helburu ezberdinak jotzen dituenean. Joko-zelaiaren hondoan hustubide bat dago, flipper izeneko pala batzuen bidez erdi-babestua; pala horiek jokalariak mugitzen ditu, bola eror ez dadin. Bola guztiak hustubidean eroritakoan, jokoa amaitzen da. Bigarren mailako helburuak dira jolasteko denbora maximizatzea ("bola gehigarriak" irabaziz eta bola jokoan ahalik eta denbora gehien mantenduz), eta hobari-kredituak irabaztea puntuazio behar bezain altua lortzean edo beste bitarteko batzuen bidez.
Etimologia
aldatuJatorriz, Petaco espainiar pinball jokoen marka bat izan zen. 1962n sortu zen eta arrakasta handia izan zuen sektorean[1]. Metonimiaz, makina horiek petako hitzarekin ezagutu ziren, bereziki Hego Euskal Herrian[2].
Nazioartean, pinball ingelesetiko izena da ohikoena da. Pinballak bola ez erortzeko erabiltzen duen palari flipper izena ematen zaio, eta horregatik herrialde batzuetan izen horixe izaten du. Lehenengo Musuak frantziar telesaila euskaraz eskaintzen zenean, flipper izena erabiltzen zuten, eta ez petako.
Historia
aldatuModernitatearen aurretik
aldatuPinballaren jatorria beste jolas askoren istorioarekin lotuta dago. Belarrezko zelai batean bolak edo harriak errodatuz aire zabalean jolasten ziren jolasek, petankak edo boloak kasu, denborarekin tokiko lurreko billar-jokoetara eboluzionatu zuten, bolak makilekin joz eta helburuetarantz bultzatuz jokatzen zirenak, askotan oztopoen inguruan. Croqueta, golfa, jeu de mail eta pall-malla, azken finean, lurreko billarraren aldaeretatik eratorriak izan ziren[3][4].
Aire zabaleko jokoen bilakaerak, azkenean, mahai batean joka zitezkeen barneko bertsioetara eraman zuen, billarra edo pub baten lurrean, boloak eta shuffleboarda kasu. Joko hauetako mahai bertsioak, pinball modernoaren arbasoak bihurtu ziren.
XVIII. mendearen amaiera: jaurtigailuaren asmakuntza
aldatuFrantzian, Luis XIV.aren erregealdi luzean (1643-1715), bilar-mahaiak estutu egin ziren, mahaiaren mutur batean egurrezko bolak edo pinak zituztela, eta jokalariek, beste muturretik, makila edo tako batekin bolak jaurtitzen zituzten, boloetan zein billarrean inspiratutako joko batean. Hala ere, enbora gehiegi behar izaten zuten boloak lurrera botatzen zituztenean berriro zutik jartzeko, eta, beraz, azkenean mahaian finkatzen ziren, eta mahaiko zuloak bihurtu ziren helburu. Jokalariek bolak boloetan errebotarazi zitzaketen, saskiratzeko zailenak ziren zuloak lortzeko. Jokoaren bertsio estandarizatu bat bagatela bezala ezagutu zen[5].
1750 eta 1770 artean, billard japonais (japoniar billarra) izeneko bagatelaren aldaera asmatu zen Mendebaldeko Europan. Metalezko orratz finak erabiltzen zituen eta jaurtigailua jokalariaren mahaiaren muturrean jartzen zuen malguki kiribil eta enbolo batekin. Jokalariak bolak jaurtitzen zituen puntuazio-helburuetarantz makurtutako joko-zelaitik enbolo hau erabiliz, gaur egun arte pinballean erabiltzen jarraitzen duen gailu bat, eta jokoa ere zuzenean pachinkoaren antzinakoa zen.
1869an Montague Redgrave britainiar asmatzailea Ameriketako Estatu Batuetara joan zen eta Cincinnatin bagatela taulak sortzen hasi zen. 1871an #115.357 patentea eskuratu zuen, "Bagatelan Hobekuntzak" izenekoa[6], jada japoniar billarrean sartzen zen malguki bidezko jaurtigailua jarrita. Jokoa ere txikiago egin zuen, taberna bateko barrara egokitu ahal izateko. Bolen ordez kanikak jarri zituen, eta metalezko oztopoak finagoak egin zituen. Redgravek sortutako hobekuntzak, eta bereziki berak sartutako jaurtigailua petakoen sorrera gisa hartzen dira.
1931: txanpon bidezko funtzionamendua
aldatu1930ko hamarkadan txanpon bat sartuz funtzionatzen zuten bagatelen bertsioak sortzen hasi ziren. Taula kristal batean azpian sartzen zen, eta M. Redgravek asmatutako sistema erabiltzen zuten bola goraino eramateko. 1931an David Gottliebek Baffle Ball sortu zuen, txanpon bidezko aroaren lehen arrakasta handia. $17,5 dolar balio zituen eta bost edo zazpi bola ematen zituen penike baten truke. Jokoak arrakasta lortu zuen Depresio Handian, oso merke ematen zuelako entretenimendua. Garai horretan, AEBko taberna eta alkohola saltzen zen denda gehienetan makina bat jarri zen, oso erraza zelako makinaren kostea berreskuratzea. Baffle Ball jokoaren 50.000 unitate sladu ziren, eta Gottlieb bilakatu zen petako makinen fabrikatzaile nagusi.
1932n Gottlieben banatzailea zen Raymond Moloneyk zailtasunak izan zituen Baffle Ball jokoaren unitate gehiago saltzeko. Ondorioz, Lion Manufacturing sortu zuen bere diseinu propioa zuen jokoa sortzeko, Ballyhoo izenekoa, garai horretako aldizkari famatu bat bezala. Mahaia handiagoa zen eta hamar zulo zituen, arrakasta handiko aldaketak: 50.000 unitate saldu zituen zazpi hilabetean[7]. Moloneyk enpresaren izena aldatu zuen eta Bally izena jarrio zion, jokoaren arrakastaz profitatzeko. Makina hauek gaur egungoak baino txikiagoak ziren, mekanikoki sinpleagoak eta taberna bateko barran kokatzeko pentsatuta zeuden.
1933: elektrifikazioa eta bumper automatikoak
aldatu1930eko hamarkadan aurrerapen handiak egin ziren pinballen diseinuan, elektrifikazioa sartu zenean. Los Angelesen, Kalifornian, Pacific Amusements izeneko konpainia batek Contact izeneko joko bat sortu zuen 1933an. Contactek, elektrikoki elikatutako solenoide bat zuen, bola joko zelaiaren erdian zegoen zulo batetik kanpora bultzatzeko. Beste solenoide batek kanpai bat jotzen zuen jokalaria saritzeko[8]. Contacten diseinatzaileak, Harry Williamsek, bere konpainia propioa sortu zuen, Williams Manufacturing, 1944an. Beste fabrikatzaile batzuek berehala jarraitu zioten ereduari antzeko ezaugarriekin. Argi elektrikoak, laster, jokalariak erakartzeko diseinatutako ondorengo pinball joko guztien ezaugarri estandar bihurtu ziren.
1932. urtearen amaieran, gutxi gorabehera 150 konpainia zeuden pinball makinak egiten zituztenak, gehienak Chicagon, Illinoisen. Chicago izan da ordutik pinballen fabrikazioaren erdigunea. Konpainien arteko lehia indartsua zen, eta 1934rako 14 konpainia geratzen ziren.
Bigarren Mundu Gerran, txanpon-jokoen fabrikatzaile handi guztiek euren makinen sorrera albo batera utzi eta gerra-esfortzuan hartu zuten parte. Konpainia batzuek, Williams kasu, operadoreen joko zaharrak erosi eta berritu egin zituzten, gai patriotikoak zituzten marrazki berriak gehituz. Gerraren amaieran, amerikar belaunaldi batek dibertsioa bilatu zuen taberna eta malta-dendetan, eta pinballak urrezko beste aro bat ikusi zuen. Hobekuntzak agertu ziren, hala nola falta-mekanismoa eta doako jokoak (replay bezala ezagutzen direnak).
1947: fliperren sorrera
aldatuGottlieben Humpty Dumpty, 1947an sortua, jokalariak kontrolatutako fliperrak gehitu zituen lehen jokoa izan zen (pala edo hegal moduko palanka bat) bola denbora gehiagoz jokoan mantentzeko, jokoari trebetasun faktore bat gehituz. Potentzia txikiko hegalek hiru pare behar zituzten zelaiaren inguruan bola goraino eramateko.
Triple Action izan zen lehen jokoa non bi hegal baino ez ziren erabili zelaiaren behealdean[9]. Makina modernoak ez bezala, flipperrak kanporantz begira zeuden. Fipper hauek indartsuagoak bihurtu ziren korronte zuzeneko elikadura-iturri bat gehitzean, aurrekoen zuten korronte-alternoko iturriaren ordez. Berrikuntza hauek Steve Kordek diseinatzailearen lanetako batzuk izan ziren[10].
Barrurantz begirako flipperraren diseinu familiarrak aurkeztu zuen lehen jokoa Gottliebeko Just 21 izan zen, 1950eko urtarrilean aurkeztua, hegalak nahiko banatuta zeuden arren, joko zelaiaren behealdeko erdian zegoen dorretxo tiro bat egiteko. Spot Bowler, hau ere Gottliebek egina eta 1950eko urrian aureztua, oso elkartuta zeuden hegatsekin egindako lehen jokoa izan zen[11].
Gerraosteko garaia Gottliebek menderatu zuen. Wayne Neyens eta Ed Krynski joko diseinatzaileek, Leroy Parker artistarekin batera, bildumagileek pinballs klasikorik hoberenetakotzat jotzen dituzten jokoak ekoitzi zituzten.
1970ko hamarkada: egoera-solidoko elektronika eta markagailuak
aldatuMikroprozesadoreak sartzeak, pinballa, joko elektronikoen erresumara eraman zuen. 50eko eta 60ko hamarkadetan jokoak bultzatu zituzten errele elektromekanikoak eta puntuazio-orgak 70eko hamarkadan zirkuitu-plakekin eta pantaila digitalekin ordeztu ziren. Mikroprozesadore bat erabili zuen lehen pinball makina Flicker izan zen, Ballyk 1974an egindako prototipoa. Ballyk berehala jarraitu zuen urte berean Bow and Arrowren egoera solidoko bertsio batekin, 1978ra arte beste zortzi makinetan erabiliko zen taula mikroprozesatzaile batekin, Eight Ballek barne hartu zuena, 1977tik 1993ra salmenta errekorra mantendu zuen makina. Batzuen ustez, egoera solidoko lehen pinballa Mirco Gamesen The Spirit of '76 (1976) izan zen, korronte nagusiko lehen egoera solidoko jokoa Hot Tip de Williams (1977) izan zen arren. Teknologia berri horrek Williams eta Ballyren boom-a ekarri zuen, eta joko konplexuagoak, soinu digitaleko efektuak eta ahotsa zituzten jokalari gehiago erakarri zituen.
80ko hamarkadako bideojokoen gorakadak pinballaren boomaren amaiera ekarri zuen. Jolas aretoek, pinball makinen lerroak ordezkatu zituzten, Space Invaders (1978), Asteroids (1979), Pac-Man (1980) eta Galaga (1981) bezalako bideojokoekin. Hauek, garaiko pinball makinek baino askoz onura gehiago lortu zituzten, aldi berean, mantenu gutxiago behar zuten bitartean. Ballyk, Williamsek eta Gottliebek pinball makinak egiten jarraitu zuten, eta bideojokoak ere egiten zituzten, askoz zenbaki altuagoetan. Konpainia handienetako asko erosi edo beste konpainia batzuekin elkartu ziren. Chicago Coin Stern familiak erosi zuen, enpresa aro digitalera eraman zuena, Stern Enterprises bezala, 1980ko hamarkadaren erdialdean ateak itxi zituena. Bally 1988an irten zen pinballen negoziotik eta bere aktiboak Williamsi saldu zizkion, honek, ordutik, Bally marka erabili zuelarik bere pinballen jaurtiketen erdia ingururako.
70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako bideo-jokoen eromena pinballaren diru-sarrerentzat kolpe gogorra izan zen arren, industriaren talentu sortzaileak agerian utzi zituen. Konpainia guztiak saiatu ziren egoera solidoko teknologia berria baliatzen pinballaren erakargarritasuna hobetzeko eta bideojokoetako jokalari ohiak berreskuratzeko. Sormen horren zati bat gaur egun oraindik existitzen diren diseinu eta ezaugarrietan gertatu zen. Horietako batzuek diskurtsoa barne hartzen dute, hala nola Williamsen Gorgarra; bolak inguruan bidaiatzeko aldapak, Williamsen Espazio Transbordadorea, adibidez; "multiball", Williamsen Firepowerrean erabilia; hainbat mailatako jokoak, Gottlieben Black Hole eta Williamsen Black Knight, adibidez; eta pertsekuzio-argi kliskatzaileak, Ballyren Xenonen erabilitakoak bezalakoak. Ezaugarri berritzaile hauek, jokalariei, fabrikatzaileek espero zuten bezala irabazi ez zieten arren, pinballeko jokalarien pertzepzioa aldatu zuten hurrengo hamarkadetan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Petaco, S.A, Procedimientos Electromagnéticos de Tanteo y Color.. (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ Blogak.eus. «Petako-makinak desagertzeko zorian» blogak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ Stein, Victor.. (1996). The billiard encyclopedia : an illustrated history of the sport. The billiard encyclopedia ISBN 1-886768-06-4. PMC 632339840. (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
- ↑ Shamos, Michael Ian.. (1999). The new illustrated encyclopedia of billiards. Lyons Press ISBN 1-55821-797-5. PMC 42953103. (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
- ↑ Encyclopedia of play in today's society. SAGE 2009 ISBN 978-1-4522-6610-7. PMC 831625599. (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
- ↑ «Internet Pinball Machine Database: M. Redgrave Bagatelle Company '1871 Redgrave Parlor Bagatelle' Images» www.ipdb.org (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
- ↑ «BALLYHOO» www.scholzroland.de (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ «Espacenet - Bibliographic data» worldwide.espacenet.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ (Ingelesez) «Pinball game "Triple Action" the first game to feature two flippers at the bottom of the table. The flipper style was invented by … | Pinball, Juguetes, Recreativos» Pinterest (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ (Ingelesez) Hevesi, Dennis. (2012-02-23). «Steve Kordek, a Pinball Innovator, Dies at 100» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
- ↑ «The History Of Pinball Machines | Worldwide Pinball Machine Delivery From From BMIGaming.com» www.bmigaming.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).