Petrogenesi
Petrogenesia petrologiaren adar bat da, arroken jatorria eta eraketa aztergai dituena.[1] Sarritan petrogenesia arroka magmatikoen sortze prozesua izendatzeko erabiltzen den arren, arroka metamorfiko eta sedimentarioen sortze prozesuak ere bere gain hartzen dituen terminoa da. Diagenesia eta erreakzio metamorfikoak ere petrogenesiak azaltzen ditu.
Historia
aldatuZientziaren adar honetako lehen ikerketak XVIII. mendean hasi ziren egiten. Garai hartako zientzialariak, gai honi zegokionean, bi taldetan banatuta zeudela esan dezakegu: Neptuniar eta Plutoniarretan. Neptuniarrek uste zuten arroka mota guztiak uretan sedimentatzetik sortzen zirela, izenak ere zerikusia du haien usteekin, izan ere, antzinako erromatar mitologian Neptuno (greziar mitologian Poseidon) itsasoaren jainkoa da. Plutoniarrek berriz, arroka mota guztiak lurpetik irteten den magmatik sortuak zirela uste zuten, horregatik zuten izen hori, Pluton erromatar mitologian (greziarrean Hades) azpimunduko jainkoa baitzen.[2]
XIX. mendean ikerketa sakonagoak egiten hasi ziren eta azkenean, arroka mota guztiak, haien adin eta jatorriaren arabera, hiru taldeetan sailkatu zitezkeela ondorioztatu zuten:
- Arroka igneo edo magmatikoak: laba edo magma solidotzearen ondorioz sortutako arrokak.
- Arroka sedimentarioak: diagenesi izeneko prozesuari esker sortzen diren arrokak. Sedimentuak arro sedimentariotan pilatzen dira, eragile geologikoek haraino garraiatzen dituztenean. Bertan, milaka metrotako sedimentu multzoak pilatu eta hango presio eta tenperaturagatik arroka sedimentario bihurtzen hasten dira. Diagenesian zehar, arrokak osatuko dituzten partikulak trinkotu egiten dira, zementazioa jazoko da eta mineralen artean erreakzio kimikoak gertatuko dira. Jarduera biologikoak ere asko laguntzen du prozesu honetan.
- Arroka metamorfikoak: metamorfismoa jasan duten arrokak dira, hau da, presio eta tenperatura altuengatik haien osaera kimikoak aldaketak jasan ditu, baina ez dira urtzera iritsi. Aipatzekoa da, arroka metamorfiko oro arroka magmatiko eta sedimentario izan zela garai batean.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Petrogenesia» www.euskara.euskadi.eus (Kultura Saila) 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2019-04-23).
- ↑ (Ingelesez) «Earth sciences - Paleontology and stratigraphy» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-04-23).