Pearse Hutchinson
Pearse Hutchinson (Glasgow, 1927a - 2012ko urtarrilaren 14a) eskoziar-irlandar poeta, itzultzaile eta esataria izan zen.
Pearse Hutchinson | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Glasgow, 1927ko otsailaren 16a |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Heriotza | 2012ko urtarrilaren 14a (84 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | University College Dublin |
Hizkuntzak | italiera ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | hizkuntzalaria, poeta eta itzultzailea |
Kidetza | Aosdána (en) |
Biografia
aldatuHaurtzaroa eta ikasketak
aldatuBere aita Harry Hutchinson margolari eskoziarra zen. Harryren aita Dublindik Eskoziara joandakoa zen lan bila. Harry Frongochen preso egon zen 1919 eta 1921 artean Sinn Féingo Glasgowko diruzaina izateagatik. Bere ama Cathleen Sara Cowcaddens, Glasgow inguruan jaiotakoa zen. Cathleenen gurasoak Irlandarrak ziren, Donegaldik Eskoziara joandakoak ziren. Cathleen Constance Markievicz Sinn Féingo politikariaren laguna zen. Cathleenek Constanceri zuzendu zion gutunagatik, Éamon de Valerak Harryri lana aurkitu zion lan-burtsa bateko enplegatu bezala.
Pearsek 5 urte zituenean, familia Dublinera joan zen bizitzera. St. Enda's School eskolan ikasi zuen itxi zuten arte, ondoren Christian Brothers, Synge Street eskolara joan zen. Bertan irlandera eta latina ikasi zituen. 1948an University College Dublinen ikasi zuen, non urte eta erdi eman zuen gaztelania eta italiera ikasten.
Bidaiak
aldatu1950ean Espainia eta Portugalen eman zituen oporrak eragina izan zuen bere olerkietan. Vigon Galiziako kulturarekin harremanetan sartu zen. Andaluzian, bertako paisaiekin eta Federico Garcia Lorca, Emilio Prados eta Luis Cernuda poeten lanekin liluraturik geratu zen.
1951an Irlandatik joan zen Espainian bizitzeko asmoarekin. Madrilen lanik aurkitu ez zuenez, Genevara (Suitza) joan zen eta Lanaren Nazioarteko Erakundean (LANE) itzultzaile lanetan aritu zen. Bertan, erbesteratutako kataluniarrekin harremanetan jarri zen. Ondoren, Herbeheretara joan zen hango lagun batek gonbidatu zuen-eta nederlandera ikasteko.
1953an Irlandara bueltatu zen eta Piaras Feiritéar eta Aonghus Fionn Ó Dálaigh idazleen gaelerazko poesian interesatu zen. 1954an poema sorta argitara eman zuen Comhar aldizkarian.
Urte berean Espainiara bueltatu zen, Bartzelonara hain zuzen. Han galiziera eta katalana ikasteaz gain, Salvador Espriu eta Carles Riba poeta kataluniarrak ezagutu zituen. P. J. Kavanagh poeta britainiarrarekin katalanezko poesiazko irakurraldia antolatu zuten British Institute-n.
1957an Irlandara itzuli zen, baina 1961ean Bartzelonara bueltatu zen poeta katalanei elkartasuna adierazteko. Joan Gili argitaratzaileak Josep Carner poetaren olerkiak itzultzea eskatu zion. Ondorioz, Pearsek bere lehenengo liburua argitaratu zuen ingelesez eta katalanez, Carnerren 30 olerki biltzen zituena.
Irlandara itzulera
aldatu1963an Tongue Without Hands bere ingelesezko olerki bilduma argitaratu zuen Irlandan, Dolmen Press argitaletxean. 1967an Irlandara itzuli zen, poeta eta kazetari lanak egin zituen gaeleraz zein ingelesez. 1968an Faoistin Bhacach gaelerazko olerki bilduma argitara eman zuen. Urte bat geroago, Expansions argitaratua izan zen. 1970ean Friend Songs argitaratu zuen, galaikoportugesez idatzitako poemen itzulpena izanik. 1972an Watching the Morning Grow eta 1975ean The Frost Is All Over olerki bildumak argitaratu zituzten.
1977 eta 1978 artean Oró Domhnaigh irratsaioa aurkeztu zuen RTÉ irratian. Bertan Irlandako poesiaz, musikaz eta folkloreaz hitz egiten zuen. Horrez gain, RTÉ Guide aldizkarian zutabe bat idatzi zuen astero 10 urte baino gehiagotan zehar. 1981ean Melita Cataldirekin kolaboratu zuen gaelera zaharrean idatzitako olerkiak italierara itzultzeko. 1985ean Climbing the Light bilduma argitara eman zuen, eta 1989an Le Cead na Gréine. 1990ean, berak idatzitako gaelerazko olerkien selekzioa egin, ingelerara itzuli eta The Soul that Kissed the Body bilduman argitaratu zituen. 1995ean Barnsley Main Seam bilduma argitaratu zuen.
2002an, bere 75. urteurrena ospatzeko Collected Poems, argitara eman zuten. 2003an Done Into English etorri zen. Azken liburu honek 12 hizkuntza baino gehiagoko 60 poeta baino gehiagoren itzulpenak jasotzen ditu.
Cyphers aldizkari literarioaren koeditore eta sortzailea izan zen. 1969an Butler saria irabazi zuen gaeleraz idazteagatik. Aosdaná artisten elkarteko kide izan zen.
Lanak
aldatu- Josep Carner: Poems (Oxford, The Dolphin Press, 1962)
- Tongue Without Hands (Dublin, The Dolmen Press, 1963)
- Faoistin Bhacach (Baile Átha Cliath, An Clóchomhar, 1968)
- Expansions (The Dolmen Press, 1969)
- Watching the Morning Grow (Dublin, The Gallery Press, 1972) ISBN 0-904011-00-3
- The Frost is all Over (The Gallery Press, 1975) ISBN 0-902996-34-7
- Selected Poems (Oldcastle, Co Meath, The Gallery Press, 1980) ISBN 0-904011-28-3
- Climbing the Light (The Gallery Press, 1985) ISBN 0-904011-86-0
- The Soul that Kissed the Body: Selected Poems in Irish with translations into English (Dublin, The Gallery Press, 1990) ISBN 1-85235-060-1
- Le Cead na Gréine, (An Clóchomhar, 1992)
- Barnsley Main seam (The Gallery Press, 1995) ISBN 1-85235-155-1
- Collected Poems (The Gallery Press, 2002) ISBN 1-85235-312-0
- Done Into English: Collected Translations (Dublin, The Gallery Press, 2003) ISBN 1-85235-315-5