Muhammed Ufqir
Muhammed Ufqir edo Mohamed Oufkir (arabieraz: محمد أوفقير; Ain Chair, 1920ko maiatzaren 14a - Skhirat, 1972ko abuztuaren 16a) Marokoko armadako jenerala eta politikaria izan zen. Marokok independentzia lortu zuenean, Mohammed V.a erregearen ondoan egon zen, eta, ondoren, haren seme Hassan II.a erregearen garaiko Barne Ministro. Errepresio gogorraren eta militante askoren desagertzeen eta heriotzaren erantzuletzat daukate, batez ere Mehdi Ben Barkaren bahiketa eta hilketa leporatzen dizkiote. Errege haren kontrako estatu-kolpea antolatu zuen, baina ahalegin hartan hil zen; inoiz ez da argitu bere buruaz beste eginda edo erailda hil zen.
Muhammed Ufqir | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bouarfa (en) , 1920ko maiatzaren 14a |
Herrialdea | Maroko |
Heriotza | Rabat, 1972ko abuztuaren 16a (52 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Meknes Royal Military Academy (en) |
Hizkuntzak | frantsesa Amazigera marokoar arabiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta militarra |
Jasotako sariak | |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | dibisio-jeneral |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Istiqlal Alderdia |
Frantziako armadan
aldatuAin-Chair-en sortu zen, Maroko hego-ekialdean, amazigh herriko Tafilalet eskualdean. Azrou-ko ikastetxe amazigh-ean ikasi ondoren, 1939an Dar El Beida-ko eskola militarrean hasi zen, eta 1941ean Frantziako armadan sartu zen, teniente-orde gisa. Bigarren Mundu Gerran borroka egin zuen, Frantziako armadarekin, Italiako frontean. Hori dela-eta Frantziak saritu zuen. Horrez gain, Frantziaren alde borrokatu zen Indotxinako gerran, 1947tik 1949ra, eta hainbat sari eman zizkioten. Frantziako armadako kapitain eta komandante izan zen 1949tik aitzina[1][2][3].
Jarraian, Frantziaren zerbitzuko jarraitu zuen Marokon, betiere Frantziako armadan. Informazio zerbitzuko espezialista bihurtu zen.
Independentziatik landa
aldatu1955ean Marokok independentzia lortu ondoren, Mohammed V.a erregearen zerbitzura jarri zen. Haren lana zen Marokoko Askapen Nazionalerako Armadaren (ALN) kontra aritzea eta Errege Armadaren Indarrak (FAR) sortzea. Armadako graduak azkar igo zituen, jeneral bihurtu arte.
Errepresio gogorra egitearen fama izan zuen. 1957tik 1959ra, Rif-eko altxamenduaren kontra oldartu zen gogor[4]. 1959an, Mohamed Lahrizi ekintzaile marokoarraren bahiketa agindu zuela salatu zuten Lahriziren lagunek. 1965eko martxoaren 23an, Casablancako liskarren kontra oldartu zen, eta helikoptero batetik tiro egin zuen jende-oldearen kontra[5]. Dar el-Mokri espetxean, erregimenaren aurkako militanteak torturatzen ibili zen[6].
Mehdi Ben Barkaren bahiketa
aldatu1965eko urrian Mehdi Ben Barka-ren bahiketa antolatu zuen. Hari egozten diote bahiketa agindu izana eta baita Ben Barka torturatu eta hil izana. Frantziako auzitegiak bizitza osorako kartzela zigorrera kondenatu zuen, baina epaiketa garaian Marokon zegoenez, ez zuten atxilotu eta preso sartu ahal izan.
Marokoko gobernuan
aldatuFrantzian bizitza osorako kondenatua izan arren, Marokoko errege Hassan II-ak babestu zuen. Are gehiago, bahiketa baino hilabete gutxiago hartua zuen bere gobernuan, Barne Ministro gisa, eta hurrengo gobernuan ere jarraitu zuen kargu horrekin, 1967tik 1971ra. Urte hartan, Erregearen Indar Armatuetako eta Defentsa Ministro bihurtu zen.
Estatu kolpea
aldatuMuhammed Ufqir estatu kolpe bat egiten ahalegindu zenean hil zen 1972an. Baina aurrez beste estatu kolpe batean parte hartu zuen.
Skhirateko estatu kolpea
aldatu1971ko uztailaren 10ean, M’hamed Ababou teniente-koronelak Skhirateko jauregiko estatu kolpe militarra egin zuen. Eskola militarreko zuzendaria zen. Hassan II.a erregearen urtebetetze besta antolatuta zegoen Skhirateko jauregian. Ababouk eta haren laguntzaileek aukera hura baliatu nahi izan zuten estatu-kolpea egiteko.
Zenbait iturriren arabera, Ufqir estatu-kolpe haren antolatzaileetako bat zen. Baina, azken unean, atzera egin zuen eta erregea salbatu zuen. Ondoren, estatu-kolpea antolatu zuten bere laguntzaileen kontra ekin zuen.
Abiadoreen estatu kolpea
aldatuLehen-estatu kolpe ahalegin horren ondoren, Ufqir Marokoko Defentsa ministro eta armadako buru bihurtu zen. Horrekin, armadako agintari andana baten babesa lortu zuen, bigarren estatu-kolpe ahalegin bat antolatzeko, besteak beste Mohamed Amekrane abiazio militarreko teniente-koronelarena. Hassan II.a erregearen erailketa antolatu zuten. 1972ko abuztuaren 16an, erregea hegazkinez Frantziatik itzultzen ari zenean, armadako hiru hegazkinek tiro egin zuten haren hegazkinaren kontra. Ez zuten helburua lortu, ordea, eta Hassan II.aren hegazkinak Rabat-eko aireportuan lur hartu zuen.
Abuztuaren 23an, Marokoko Barne Ministro Mohamed Benhimak prentsaurrekoa eman zuen, jakinarazteko Ufqir izan zela estatu-kolpearen antolatzaileetako bat, Mohamed Amekrane militarrak berak aitortuta.
Ufqirren heriotza
aldatuUfqirren heriotzari buruzko hiru bertsio daude: ofizialki bere buruaz beste egin zuen, baina haren ingurukoek diote erail zutela. Mohamed Benhimak Ufqir Abiadoreen estatu-kolpearen arduraduna zela jakinarazi zuen egunean egin omen zuen bere buruaz beste, bertsio ofizialaren arabera. Buruan tiro egin zuela dio bertsio horrek.
Ufqirren familiak, aldiz, Mendebaldeko diplomatikari batek emandako informazioaren arabera, salatu du exekutatu egin zutela. Alabaina hiru bala zeuzkan bizkarrean eta beste bat garunean[7]. Hilketa hura ez omen zen abuztuaren 23an gertatu, baizik eta 16an, estatu-kolpea izan zen arratsean bertan. Hiltzailea Ahmed Dlimi izan zen (Mehdi Ben Barkaren bahiketan konplize izan zuena).
Erreferentziak
aldatu- ↑ Oufkir, Raouf. (2003). Les Invités, 20 ans dans les prisons du Roi. Flammarion.
- ↑ Smith, Stephen. (2002). Oufkir, un destin marocain. Hachette Littératures.
- ↑ Ewing, Steve. (2004). Thach weave: the life of Jimmie Thach. Naval Institute Press.
- ↑ Meurtre de Abbès Massaâdi : départ de l'insurrection du Rif. (Noiz kontsultatua: 2020/1/24).
- ↑ «Le nom maudit d'Oufkir» L'Express 2006/3/2 (Noiz kontsultatua: 2020/1/24).
- ↑ Diouri, Moumen. (1972). Réquisitoire contre un despote. Éditions Albatros.
- ↑ Perrault, Gilles, 1931-. (1992, ©1990). Notre ami, le roi. (Nouv. éd. rev. et augm. argitaraldia) Gallimard ISBN 2-07-032695-0. PMC 184969386. (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).