[go: up one dir, main page]

Maastrichteko Ituna edo Europar Batasunaren Tratatua nazioarteko itun bat izan zen, Europako Erkidegoko 12 estatu kideek[oh 1] 1992ko otsailaren 7an Herbehereetako Maastricht hirian izenpetu zutena.[1] Europako instituzioen erreforma sakona ekarri zuen: Europako Batasunak ordeztu zuen ordura arteko Europako Ekonomia Erkidegoa, eta batasun monetario erabatekoa eta moneta bakarra ezarrarazi zituen pixkanaka. Indartu egin zituen kohesio ekonomikoa eta soziala, orobat Europako hiritartasunaren kontzeptua, eta ugaldu egin ziituen Batasunaren jardun-eremuak.[2]

Maastrichteko Ituna.

Hitzarmenaren edukia Maastrichten bertan adostua zuten 1991ko abenduaren 9 eta 10ean.[1] Itunak zekartzan aldaketa handiak medio, 1993ko amaierara arte ez zuten berretsi Europako Erkidegoko herrialdeetako parlamentu guztiek, Europa osoan barrena zabaldu ziren aldeko eta kontrako eztabaiden artean. 1993ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. 1997an Amsterdamen egindako goi-bileran aldatu zen, ekialderako zabalkundera begira.

Eduki nagusiak

aldatu
  • Herritarren Europa eraikitzeko nahia modu argiagoan azaldu zen, ordura arte nagusi zen batasun ekonomiko soilaren aurrean. Herritarren mugimendu-askatasuna bermatu zuen Batasunaren baitan, baita edozein estatutan botoa eman edo jasotzeko eskubidea ere (beti ere udal hauteskundeetan eta Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan).
  • Europako Arartekoa sortu zen.
  • Atzerri, segurtasun eta defentsa politiko bateratu baterako nahia.
  • Aurrerakuntza ekonomiko eta soziala bultzatzeko beharra.
  • Estatuen arteko lankidetza estua.
  • Parlamentuari botere handiagoa eman zitzaion.
  • Herritarren babesa Batasunetik kanpora edozein estatu kideren enbaxada edo kontsulaturen bidez egin zitekeen.
  • Moneta-batasunerako aurrerapauso garrantzitsua izan zen: 1994an Europako Moneta Institutua ezarri zen, eta horrek 2002an euroa sartzea ekarri zuen.

Ezaugarriak eta iruzkinak

aldatu

Maastrichteko Itunak aldaketa kualitatiboa ekarri zion Europaren bateratze-prozesuari; 1957. (Erromako Ituna) eta 1987. (Europako Agiri Bakuna) urteez geroztik egindako urrats nagusia izan zen. Itun horren bidez, lehenengo aldiz, Europako Erkidegoa sortu zenean ezarri zen helburu nagusitik (alegia, merkatu bateratu bat sortzea) haratago joatea erabaki zen; batasun ekonomikoa ez ezik, batasun politikoa ere lortu nahi zuen, Itunaren hitzetan "Europako herrien arteko batasuna areagotzea".

Europar Batasunaren Tratatuak hiru gai nagusi jorratu zituen: ekonomia; atzerri-politika eta segurtasuna; eta barne-politika eta justizia. Horien artean, dena den, gai ekonomikoa azpimarratzekoa da, oinarri ekonomiko sendoa jarri baitzion Itunak Europar Batasunaren proiektuari: Europako ekonomia eta diru batasuna lortzea.

Egiturari buruz, zazpi atal eta hogeita hemeretzi artikulu dauzka, eta hiru zutabe nagusi ditu oinarri (Itunaren beraren hizkera juridikoan). Bata komunitarioa da; bertan, Erkidegoaren itunak eta erreformak, eta nazioz gaindiko eskumenak dituzten erakundeak jasotzen dira (besteak beste, Merkatu Bateratua, Ekonomia eta Diru Batasuna, Nekazaritza Politika Bateratua eta Egiturazko eta Kohesio funtsak). Beste biak, berriz, Atzerri eta Segurtasun Politika Bateratua, eta Justizia eta Barne Gaiak dira. Bi zutabe horiek Gobernuen arteko elkarlana dute oinarri, eta ez nazioz gaindiko agintea. Aldea erabakiak hartzeko moduan eta, horren ondorioz, erakunde komunitarioek izango dituzten eskumen desberdinetan datza. Izan ere, Gobernuen arteko elkarlanean oinarrituriko bi esparru horietan erabakiak adostasunez hartu behar baitira, eta Europako Batzordearen, Parlamentuaren edo Justizia Epaitegiaren eskumenak oso mugatuak dira. Zutabe komunitarioari dagokionez, berriz, erabakiak gehiengoz hartzen dira, eta horietan, berriz, erakunde komunitarioen eginkizuna nahitaezkoa da. Itunaren zutabe komunitarioa delakoan jasotzen den berrikuntza nagusia Ekonomia eta Diru Batasunari buruzkoa da. Halaber, azpimarratzekoa da Europar Hiritartasun kontzeptuaren sorrera.

Indarrean sartu zen unetik, lau eskubide horiek egozten zizkion esplizituki eta zehazki Batasuneko hiritar orori:

  • Europar Batasunean zehar leku batetik bestera joateko eta edozein herrialdetan bizitzeko erabateko askatasuna;
  • Hiritarra bizi den herrialdean Europako Parlamenturako eta herrialde horretarako udal hauteskundeetara bere burua aurkezteko eta botoa emateko eskubidea;
  • Europako Parlamentuari eta Europako Arartekoari (Itunak erakunde-sisteman ezarri duen irudia) zuzenean eskakizunak egiteko eskubidea; eta
  • Hiritarra Europar Batasunetik kanpora denean beste herrialde kideetako ordezkari diplomatikoen laguntza jasotzeko eskubidea.

Hiritartasun kontzeptua ezartzeaz gainera, aipagarriak dira, besteak beste, ingurumen-politika, garraio-politika, kontsumitzaileen babesa, edota hezkuntza eta lanbide-heziketa arloei buruz Itunak egin zituen ekarpenak. Gobernuen arteko elkarlanean oinarrituriko Atzerri eta Segurtasun Politika Bateratua, izenak berak dioen bezala, atzerri-politikaren arloan Europar Batasunak ekintza bateratuak aurrera eramateko asmoz ezarri zen. Hala, Itunean jaso zenaren arabera, Europako Kontseiluak aho batez ezarri beharko zituzkeen politika horien oinarriak eta norabide nagusiak. Tamalez, Kroaziako, Bosniako eta Kosovoko gatazkek laster asko azaleratu zuten politika bateratu horren ahultasuna. Batasunaren baitan Atzerri eta Segurtasun Politika Bateratua eraikitzea epe luzerako helburua zela ikusi ahal izan zen. Gobernuen arteko elkarlanean oinarrituriko hirugarren zutabean, Justizia eta Barne Gaiei buruzkoan alegia, terrorismoa, legez kanpoko immigrazioa, babes-politika, droga trafikoa, nazioarteko delinkuentzia, aduanak eta elkarlan betearazlea jorratzen dira, besteak beste. Aipagarria da, alor horretan, Europol erakundearen sorkuntza, etorkizuneko Europako poliziaren lehen urratsa.

Esan bezala, Ituna berresteko eztabaida sakonak ez ezik, arazo handiak ere izan ziren zenbait herrialdetan. Kontuan izatekoa da urte haietan (1991-1993) Europak bizi zuen garai latza. Alde batetik, krisi ekonomikoa zabaldu zen: ekonomia-hazkundea erabat moteldu zen, eta langabezia-tasak indartsu areagotu ziren. Hori dela eta, gobernuek ardura nagusia batasun-arazoetan baino, krisi latzetik irtetean ipini zuten. Era berean, dibisa-merkatuetan ere tentsio larriak izan ziren: Europako Diru Sisteman gorabehera handiak izan ziren eta, horien ondorioz, libra esterlina eta lira truke-mekanismotik irten ziren, eta pezetak, besteak beste, baliogabetze handiak jasan zituen. Gorabehera horiek, Europako Diru Sistema ez ezik, Ekonomia eta Diru Batasunaren helburua bera ere zalantza larrian jarri zuten. Eta gutxi ez balitz, Balkanetako sarraski bortitzaren aurrean Europar Batasuna ez zen gai izan gutxieneko atzerri- eta segurtasun-politika bateratu bat ezartzeko.

Egoera horretan, Danimarkak erreferenduma deitu zuen Ituna berresteko 1992ko ekainaren 2an. Botoen % 50,7 ezezkoa izan zen, eta ezetza atera zen garaile 50.000 botoren alde txikiarekin. Horren ondorioz, Danimarkarekin negoziazioak izan ziren eta "opting out" ahalmena eman zitzaion (baztertze-klausula, alegia, Erresuma Batuak Ituna sinatu zuenean lortu zuenaren antzekoa, Ekonomia eta Diru Batasunean eta defentsa gaiei buruz nahi izanez gero kanpoan gelditzeko aukera). 1993. urteko maiatzean, aldaketa horiek egin eta gero, daniarrek baietz esan zioten Europar Batasunaren Itunari (botoen % 53,8 alde zelarik). Frantzian ere, 1992ko irailaren 20an, erreferenduma egin zen, eta Itunaren aurka zeudenek irabazi ez bazuten ere, % 51ko gehiengo eskasa besterik ez zen atera Europako egitasmoaren alde. Gertakari horien argitara, Europan barrena euroeszeptizismoak indarra hartu zuen, eta batasun-prozesuan aurrera egiteko asmoa hoztu egin zen.

Europar Batasunak zituen zailtasunak nabarmenak ziren arren, bertan sartzeko hautagai berriak aurkeztu ziren. Hala, aipagarriak dira, Austriak 1989. urtean egindako eskaeraz gainera, Maltak eta Txiprek 1991ean, eta Finlandiak, Norvegiak eta Suitzak 1992an aurkeztutakoak (nahiz eta azken horrek erreferendum baten ondoren bertan behera utzi zuen proposamena). Austria, Suedia, Finlandia eta Norvegiarekin negoziazioak 1993. urtean hasi ziren, eta ez ziren oso zailak izan, herrialde horien garapen-maila handia zela eta. Hartutako hitzarmenak 1994. urtean berretsi zituzten lekuan lekuko hiritarrek, Norvegian ezik, botoen % 52az Europar Batasunaren proiektuari ez atxikitzea erabaki baitzuten. 1990eko hamarkadaren erdialdera egoera hori bazen ere, gauzak gogotik aldatu ziren gero. Krisi ekonomikoa uxatu zen, eta ekonomia hazkunde-tasa handitzen hasi zen. 1997. urtean Amsterdameko Ituna sinatu zen, Europar Batasun prozesuan beste urrats garrantzitsua. 1998. urtean Europako Batzordeak Ekonomia eta Diru Batasunean parte hartuko zuten herrialdeak aukeratu zituen. Eta 1999. urteko urtarrilean euroa sortu zen, Europar Batasuneko diru bateratua.

Oharrak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b EK-ko hamabi estatuek atzo sinatu zuten Europako Batasun Hitzarmena. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko otsailak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-19).
  2. Europako Batasunaren historia. Argia astekaria, 2004ko apirilak 4, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-19).

Kanpo estekak

aldatu