[go: up one dir, main page]

Laurogei Urteko Gerra

Laurogei Urteko Gerra edo Herbehereetako Matxinada (1568-1648) Herbehereetako Hamazazpi Probintziek Espainiako habsburgotarren inperioaren aurka egindako matxinada izan zen.

Laurogei Urteko Gerra
Data15681648
LekuaHerbehereak
EmaitzaHerbehereen independentzia
Gudulariak
Herbehereak Espainiar Inperioa

Espainiako Filipe II.aren hegemonia politikoaren eta kulturalaren aurka hasi zen, hura baitzen hango erregea. Espainiarrek hasieran arrakasta izan arren, iparraldeko probintziek, Gilen Isila buru zutela, erresistentziari eutsi zioten eta, 1572an Brielle hartzean, altxamendua berpiztu zen. 1581ean Zazpi Probintzietako Errepublika ezartzea lortu zuten. Izan ere, gatazkako lehendabiziko fasean (1568-1609), helburua independentzia eskuratzea izan zen. Hamabi urteko meniaren ondoren, bigarren fasean (1621-1648), berriz, independentzia horren aitortza. Gisa horretan, iparraldeko probintziek independentzia de jure 1648an erdietsi zuten, Münsterko Bakearekin (Wesfaliako Bakearen parte zen). Hegoaldeko probintziek (egungo Belgika, Frantziako iparraldea eta Luxenburgo) espainiarren agindupean jarraitu zuten.

Gatazkak aurrera egin ahala, Herbehereetako probintzia independienteak Europako botere nagusienetakoa bilakatu ziren, haren hazkunde ekonomiko, zientifiko eta kulturalari esker.

Gerraren arrazoiak

aldatu
 
Gilen Orangekoa

1555eko urrian, Karlos V.a enperadoreak abdikatu zuen. Filipe II.a semeak hartu zuen Habsburgo familiaren menpeko Herbehereen gaineko subiranotasuna. Garai hartan, hamazazpi probintzia horiek ezer gutxi zuten elkarrekin, subiranotasuna eta legeen sare bat izan ezik, aurreko Borgoina eta Habsburgo leinuen agintaldietan ezarririk. Lege sistema hartan, tokian tokiko udalek eta gobernuek botere handia zuten.

Filipek Savoiako dukea izendatu zuen gobernadore nagusi, probintzia horietako gobernu zentraleko buru. 1559an, Margarita Parmakoa, bere arrebaordea, erreginaorde izendatu zuen. Hori elkarlanean aritu zen bertako zenbait noblerekin (Gilen, Orange-ko printzea; Filipe Montmorency-koa, Hoorn-go kondea; eta Lamoral, Egmont-eko kondea). Filipek bere kontseilari batzuk sartu zien Estatuko Kontseiluan, denentan nabarmenena Antoine Perrenot de Granvelle, Frantzian jaiotako kardinal bat, Kontseiluan ospe handia lortu zuena, Herbehereetako kontseilarien kalterako.

Erlijioak nahigabe politikoa areagotu zuen. Karlos V.a aitaren jarrera irekia ments izanik, Filipek etsaitzat zituen mugimendu protestanteak (Martin Luther, Jean Calvin eta anabaptistak). Karlosek ezarri zuen heresiak heriotza zigorra zekarrela, eta 1.300 lagun baino gehiago hil zituen Herbereetako Inkisizio moduko batek 1523tik 1566ra bitarte. Hala ere, Karlosen agintaldiaren amaieran, arau horren betearazpena laxatu zen. Filipek, ordea, berriz zorrotz jokatzea nahi zuen, eta horrek nahigabea zabaldu zuen. Kontrarreforma bultzatzeko, Herbehereetako Eliza Katolikoa berrantolatzeari ekin zion 1559an, eta, horren ondorioz, 14 diozesi sortu ziren, aurreko 3ren ordez. Hierarkia berrian, Granvelle izanen zen burua. Granvelle, hortaz, admnistrazio egitura berrien kontrako oposizioaren jomuga bihurtu zen, eta nobleek, Orange buru, lortu zuten 1564an kargutik kentzea.

Ondoren, Orangek Margarita eta Kontseilua konbentzitu zituen erregeari eska ziezaiotela moderazioz jokatzeko heresiaren kontra. Filipek erantzuna atzeratu zuen, eta, tartean, politika erlijiosoaren kontrako oposizioa zabaldu zen. Erantzun zuenean, 1565eko urrian, Filipek uko egin zion moderazioz jokatzeari eta, arrapostu gisa, 400 noblek, protestanteek zein katolikoek, Inkisizioa kentzeko eskaera egin zuten. Eskaeraren sostengua ikusita, Margaritak eten zuen heresiaren kontrako politika, Filiperen azken erabakiaren zain.

Lehenengo etapak (1566-1572)

aldatu
 
Albako dukea

Herbehereetan liskar giroa zegoen matxinadagatik, prediku kalbinistagatik, 1565ko uzta txarraren ondoko goseteagatik eta gerraren ondoriozko estutasun ekonomikoengatik. 1566ko abuztuan, jendetza batek monasterio bat arpilatu zuen Steenvoorden (egun Frantziako iparraldea), Sebastian Matte predikalari buru zuela. Ondoren, antzeko istiluak izan ziren beste toki askotan, arte eta apaindura erlijiosoa suntsitzeko, kalbinistek sustatutako mugimendu ikonoklasta batean (Beeldenstorm). Oro har, tokian tokiko agintariek ez zuten esku hartu bandalismoa gelditzeko. Noblezia erdibitu zen, Orange eta beste noble handi batzuk mugimendu iskabilatsuaren kontra agertu baitziren, eta beste batzuk, batik bat Henrike Bredoredekoa, berriz, alde. Herbehereak berriz mendean izateko, Filipe erregeak armada bat igortzea beste irtenbiderik ez zuen ikusi, eta, hortaz, 1567ko abuztuan, Bruselara abiatu zen 10.000 laguneko tropa bat, Fernando Álvarez de Toledo, Albako dukea, buru zuela.

Albak auzitegi berezi bat ezarri zuen (Raad van Beroerten, Arazoen Kontseilua) erregearen kontra zegoen oro epaitzeko. Albak Filiperen ordezkaritzat zuen bere burua, eta Margaritaren Parmakoaren gainetik pasatzen zen. Gainera, erregeordeaz baliatu zen besteak beste Egmonteko eta Horneko kondeak harrapatzeko. Horrek ekarri zuen Margaritak karguari uko egitea. Egmont eta Horne, katolikoak eta erregearekiko leialak izan arren, traizioa leporatuta epaitu eta hiltzera zigortu zituzten, epelak izan zirelakoan protestantismoaren kontra. Bruselako plaza nagusian egindako exekuzio horiek sumina sortu zuten. Mila lagun baino gehiago exekutatu zituzten hurrengo hilabeteetan. Bakea ekarri beharrean, neurri zorrotz horiek atsekabea areagotu zuten.

Askok ihes egin zuten, tartean Holanda, Zeelanda eta Utrecht probintzietako buru (stadtholder) zen Gilen Orangekoak. Bere lurrak eta tituluak Espainiako erregearen esku gelditu ziren. 1568an bere armadak Herbeheretara eraman zituen. Espainiakoak apirilaren 23an gailendu zitzaizkion Roermonden, baina maiatzaren 23an, Heiligerleeko gudua, Laurogei Urteko Gerraren hasieratzat jotzen dena, matxinatuen garaipena izan zen. Hala ere, Gilen dirurik gabe geldituta, bere armada desegin zen eta bere aliatuena garaitu zuen Albako dukeak.

Gerraren berpiztea (1572-1585)

aldatu

Matxinada

aldatu

1570erako, matxinada kontrolpean zegoen Herbeheretan. Hala ere, tropak pagatu nahian, Albak zerga berriak proposatu zituen. Herbehereetako Estatuek uko egin zuten, Baina, 1571n, Albak erabaki zuen zerga hor ibiltzea Estatuak kontra egonda ere. Horrek katolikoen zein protestanteen oposizioa ekarri zuen.

1572ko apirilaren 1ean, matxinatutako nobleen talde batek (Watergeuzen) [Brill] hiria hartu zuen ustekabean. Matxinoek Brill gotorleku eta ikur gisa hartu zuten. Seinale bat izan zen Herbehereetako protestanteak beste behin altxa zitezen. Amsterdam eta Middelburg salbu, Holanda eta Zeelanda probintzietako hiririk inportanteenek bate gin zuten matxinoekin. Gilen Orangekoa matxinadaren burutzan jarri zuten, Holandako, Zeelandako, Frieslandako eta Utrechteko gobernatzaile nagusi eta Stadholder gisa. Adostu zen Orangek eta Estatuek partekatuko zutela boterea. Orangek fede kalbinistari heldu zion 1573an.

Albak, Frantziako erasoari eusten ziola hegoaldean, Fadrique semea igorri zuen iparraldera probintzia matxinoan mendean hartzeko. Bidean, besteak beste, Naarden hiria errenditu zitzaion, baina Fadriquek, halere, etsenplua emateko, biztanleak (katolikoak barne) elizan sartu eta su eman zion. Horrek kemena eman zien matxinoei, ikusita amore emateak ez zuela onurarik ekartzen. Ondoren, espainiarrek Haarlem hartzea lortu zuten, hiriaren erresistentzia gorabehera, baina ez Alkmaar edo Delft. Gainera, matxinoek Zuiderzee eta Middelburg hartu zituzten 1574an.

Utrecht-eko Batasuna

aldatu
 
Utrechteko Batasuna urdinez eta Arrasko Batasuna horiz

Matxinadari eutsi ezinik, Albaren tokia Luis de Requesens-ek hartu zuen, baina 1576an hil zen. Espainia krisian zegoen eta bankarrot egin zuen 1575ean. Soldaduek hilabete asko ematen zituzten deus kobratu gabe, eta horrek soldaduen beraien matxinadak ekartzen zituen. Halako batean, Antwerp arpilatu zuten 1576ko azaroan, eta 8.000 bat pertsona hil.

Hamazazpi Probintziek barneko ituna sinatu zuten 1576an, Ghent-eko Bakea, non erlijio tolerantzia bermatu eta elkarrekin Espainiaren kontra borrokatzeko hitzartu baitzuten. Hala ere, 1579an, Alexandro Farnese Espainiako gobernadore berriaren ekimenez eta kalbinismo oldarkorraren beldurrez, Hegoaldeko estatu batzuek (oraingo Frantziako iparraldekoak eta Valoniakoak) aliantza utzi eta Arrasko Batasuna sinatu zuten, Espainiako erregeari leialtasuna agertuz.

Horri erantzunez, Gilen Orangekoak Holanda, Zeelanda, Utrecht, Guelders eta Groningen probintziak batu zituen Utrecht-eko Batasunean. Brabant eta Flandria geroago batu ziren. Monarka bat estatu buru izan nahian, koroa Ingalaterrako Elizabeth protestanteari eskaini zioten, eta, horrek uko egin ondoren, Frantziako erregearen anaia zen Anjou-ko dukeari (1581). Hortaz, Espainiako erregeaz arnegatu zuten.

Anjou 1582ko otsailean ailegatu zen. Ongietorria eman zioten zenbait hiritan, baina katolikoa izanik, Holandan eta Zeelandan, ez. Anjou, Frantziatik eramandako arrmadarekin, saiatu zen Antwerp indarrez hartzen. Porrot egindakoan, Herbehereak utzi zituen. Ondoren, Estatu Orokorrek erabaki zuten errepublika baten gisa gobernatzea.

Farneseren aurrerapenak

aldatu
 
Alexandro Farnese

Arneguaren ondoren, Espainiak armada bat igorri zuen Probintzia Batuak hartzeko. Hurrengo urteetan, Flandriako eta Brabanteko gehiena hartu zuen Farnesek, eta haietan katolizismoa berrezarri zen.

Gilen Orangekoa hil zuten 1584an. Maurizio Nassaukoa semea bihurtu zen matxinoen buru. 1585ean, Antwerp, garaiko Herbehereetako hiririk handietan, espainiarren esku gelditu zen, baina populazioaren erdiak iparraldera jo zuen. 1560tik 1590era, 100.000 biztanletik 42.000ra pasa zen.

Herbehereak, hortaz, bitan banaturik gelditu ziren: iparraldea, beregain eta, kalbinismoaren papera zela eta, gero eta protestanteagoa denboraka urrera egina hala; eta hegoaldea, Espainiaren menpe, katolikoa, protestante gehienek iparraldera jo zuten eta.

Kanpo estekak

aldatu