Kayak surf
Kayak surfa itsasoko olatuetan egiten den kirola da, piraguismoren modalitatea, surfaren antza duena, eta bereziki waveski-ski surf modalitatearen antza duen. Uhinetan irristatzea da koska, sufean bezala baina kayak batekin.
Euskal Herriko selekzioa nazioartean ofizialki lehiatzen diren kiroletako bat da. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez Kayak surf terminoa erabiltzen da, eta ingelesez Surf kayak edo Surf kayaking.
Lehiatzeko modua
aldatuTxapelketak bakarka jokatzen dira, baina talde edo selekzioen sailkapenak ere egiten dira, horietako kideek lortutako emaitzak batuta. Bi kategoria daude[1][2]:
- piragua laburrekoa edo HP (High Performance), 2,70 metrotik beherako kayakarekin egiten dena. Kayak hauek gila daukate, eta surf taula txikiekin ibiltzea bezalakoa da, konparaziorako.
- piragua luzekoa edo IC (International Classic). 2,70 metrotik gora daudenak, gilarik gabeak, surfeko longboard-aren modukoak dira, klasikoagoak.
15 eta 20 minutuko txandak dituzten kanporaketak lehiatzen dira lehendabizi, horietan lau palistak parte hartzen dute, eta bi hoberenak sailkatzen dira. Partaideek txanda bakoitzean hamar olatu bitarte hartu ditzakete, eta bi olaturik onenetan lortutako puntuazioa hartzen da kontutan.
Surfaren maniobra berdintsuak egiten lehiatzen dira kayakistak kirol honetan. Saio batean olatu gehiago errazago hartu ohi dituzte arraun palek lagunduta egiten baitute: abiadura handiko ariketa azkarra da, beraz. Aldiz, aireko maniobrak egitea zailagoa da, kayakaren pisuagatik[2].
Munduko txapelketa eta euskal partaidetza
aldatuMunduko txapelketak antolatzen dituen erakunde bat dago, World Surf Kayak Association (WSKA), zeinak Euskal Herria federazio partaide gisa ezagutzen duen. Honako herrialdeen partaidetza du erakundeak 2019an[3]:
- Argentina
- Australia
- Costa Rica
- Danimarka
- Eskozia
- Estatu Batuak - Mendebaldea
- Estatu Batuak - Ekialdea
- Euskal Herria
- Frantzia
- Gales
- Galizia
- Ingalaterra
- Ipar Irlanda
- Irlanda
- Jersey / Kanaleko uharteak
- Kanada
- Man uhartea
- Peru
- Portugal
- Suedia
Munduko txapelketak bi urtean behin egiten dira, eta ospatu izan dira honako tokietan[4]:
- 2019 - Peru
- 2017 – Portrush, Ipar Irlanda
- 2015 – Pantin, Galizia
- 2013 – Sunshine Coast, Australia
- 2011 – Nags Head, Ipar Karolina, AEB
- 2009 – Ocean Spirit, Portugal
- 2007 – Mundaka eta Bakio, Euskal Herria
- 2005 – Esterillos Oeste, Costa Rica
- 2003 – Easky, Irlanda
- 2001 – Santa Cruz, Kalifornia, AEB
- 1999 – Barra da Tijuca, Rio de Janeiro, Brasil
- 1997 – Thurso, Eskozia
- 1995 – Boca Barranca, Costa Rica
- 1993 – Santa Cruz, Kalifornia, AEB
- 1991 – Thurso, Eskozia
Banakako zein taldekako domina ugari lortu ditu euskal selekzioak lehiaketa horietan[5]. Euskal kayakistak Euskal Kanoe Federazioko partaideak dira[6], eta modalitate honetan 50 lagunetik gora daude federatuta[1]. Euskal kayakisten ordezkaria Edu Etxeberria da WSKA erakundean, bertako zuzendaritzakoa izanik[3]. Munduko txapeldun izan da Etxeberria zenbait aldiz[1].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c «Mundua olatu gainean» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2019-06-23).
- ↑ a b «Ainhoa Tolosa, kayak surf: "Dena daukagu surfetik eta dena piraguismotik"» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2019-06-23).
- ↑ a b (Ingelesez) How the WSKA Works – World Surf Kayak Association. (Noiz kontsultatua: 2019-06-23).
- ↑ (Ingelesez) World Surf Kayak Association. (Noiz kontsultatua: 2019-06-23).
- ↑ «Euskal Herriko kayak-surf selekzioa, munduko txapeldun bosgarrenez - Usurbil» Noaua.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-23).
- ↑ «Hasi» www.euskalkanoe.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-23).
Kanpo estekak
aldatu- World Surf Kayak Association (WSKA)
- Euskal Herriko Kayak Surf Selekzioa (Facebook-en, 2013tik eguneratu gabea, 2019-06-23a bitartean)