James Ensor
James Sydney Ensor (Ostende, Belgika, 1860ko apirilaren 13a - 1949ko azaroaren 19a) margolaria, marrazkigilea eta grabatzailea izan zen. Bruselako Arte Ederretako Akademian egin zituen Margolaritza ikasketak, eta erretratuak, izadi hilak eta barne-pinturak eginez hasi zen lanean. Gai irrigarriak zituen gogoko. Ezaguna da bere lanen fantasia xelebreagatik eta bere garaiko gizartearen kronika sarkastikoa egiteagatik. Margolan txundigarri eta, bitxiaren bitxiaz irrigarri horiekin, Europako espresionismoaren aitzindarietako bat izan zen.
James Ensor | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | James Sidney Edouard Ensor |
Jaiotza | Ostende, 1860ko apirilaren 13a |
Herrialdea | Belgika |
Bizilekua | Ostende Ensor House (en) |
Talde etnikoa | Belgikarra |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Ostende, 1949ko azaroaren 19a (89 urte) |
Hobiratze lekua | Q124518923 |
Hezkuntza | |
Heziketa | Académie royale des Beaux-Arts (en) |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, grabatzailea, artista grafikoa, arkitektura proiektuen marrazkilaria, artista bisuala, artista eta autorea |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | Brusela eta Ostende |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | |
Kidetza | Les XX Kunst van Heden (en) Vie et Lumière (en) |
Mugimendua | espresionismoa sinbolismoa |
Genero artistikoa | Christian art (en) izadi hila genero-artea erretratua hiri-paisaia |
Bizitza
aldatuGaztetan Rembrandt eta Rubensen zale amorratua izan zen, baina frantses inpresionisten pintzel-ukitu bizia bereganatu zuen gero.
Pixkana-pixkana, ordea, bere lehenengo paisaia eta izadi hilen estetika inpresionistatik, Flandriako margolaritza-tradiziotik oinordetu zuen espresionismo originalerantz aldatu zen haren margokera.
1883an Bruselako Erakusketan ez zizkioten lanak onartu. Ensor Les Vingt izeneko abangoardiazko taldeko kide egin zen, eta fantasia barregarrizko irudiak margotzen hasi zen. Halako inauteri-mundu ametsezko bat sortu zuen, itxura makabroko eskeleto, mamu eta maskara ikaragarri eta irrikorrez betea. Mundu hori da, hain zuzen, Maskara eskandalizatuak izeneko lanean azaldu zuena (1883, Belgikako Arte Ederretako Errege Museoa, Brusela). Bere margolanetako pertsonaien fisonomia barregarri hori, kolore deigarriko margo-gama gorri, berde eta horia erabiliz areagotzen zuen.
1888an Kristo Bruselan sartzen egin zuen, kolore bizi-bizitan margotua eta inauteri-maskarez betea. Kritikak oso harrera txarra egin zion lanari, eta Les Vingt taldeko kideei ere hain gaitzesgarria iruditu zitzaien ezen taldetik bota baitzuten. Margolanak Kristo Jerusalemen sartu zenekoaren parodia ematen zuen –karikaturetakoak bezalako pertsona itxuragabetuez inguratua agertzen da Kristo, eta kolore bizi-bizitan margotuak guztiak–, baina gizartearen hipokrisiaren isekazko kritika baizik ez zen. Hala ere, Ensorrek amesgaiztoetatik atereak ziruditen irudi eta ikuskariak margotzen jarraitu zuen: adibidez, Azpikeria (1890) eta Eskeletoak gizon urkatu bategatik borrokan (1891).
Haren lanaren aurkako kritikak gehitu ahala zinikoago eta misantropoago agertu zen bera. Berrogei urtetik gora igaro ziren haren lanak lehenengo aldiz jendearen onespena jaso zuen arte. Bien bitartean, bakarturik eta jendartetik urrun bizi izan zen, bere unibertso partikularra aztertuz eta eraikiz. Azkenik, surrealistek haren obrarekiko mirespena agertu zuten eta 1929an jendartean erakutsi ahal izan zuen, lehengo aldiz, Kristo Bruselan sartzen.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: James Ensor |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.