[go: up one dir, main page]

Industria-diseinu

Industria-diseinatzaile» orritik birbideratua)

Industria-diseinua produktu eta zerbitzuak sortu, eta hauen funtzioa, balioa eta itxura optimizatzen dituen zerbitzu profesionala da. Erabiltzaile/kontsumitzaile nahiz fabrikatzailearen onura izan dezake xede. Argi utzi behar da Diseinu Industriala ez dela arlo estetikoetara mugatzen, baizik eta funtzionalitatea eta fabrikazio-prozesua ere bere hartzen dituela.

Diseinatzaile industrialek produktu eta sistema berriak garatzen dituzte datuen analisi eta horien sintesi-lanak eginez, bezero eta enpresaren baldintzez baliatuta. Sortu nahiz hobetu egin dezakete, eta talde diziplina anitzekoetan egiten dute lan, produktu edo zerbitzu batek behar dituen xehetasun guztiak zehaztu ahal izateko. Izan ere, arlo oso ezberdinak hartu behar dira kontuan, hala nola materialak, formak, ergonomia, fabrikazio-prozesuak…

Hain zuzen ere, diziplina anitzekotasuna da diseinatzaile baten arrakastaren gakoa. Diseinatzaileak ezagutzak izan behar ditu arlo humanistikoan eta teknologikoan, artistikoan eta teknikoan, soziologikoan eta marketin-munduan.

Historia

aldatu

Diseinu Industrialaren hasiera Industria-Iraultzan finka dezakegu, orduan hasi baitziren produktuak era industrialean fabrikatzen. Dena den, gizakiak betidanik landu du diseinua eta produktuen fabrikazioa. Izan ere, Antzinaroan ere ehizarako tresnak, arropak edota beste hainbat produktu fabrikatzen ziren, baina artisau-era batean, eta ez industrialki.

Industria-Iraultzaren aurretik, produktu baten diseinua eta produkzioa pertsona berean zentratzen zen, artisaua baitzen hasieratik bukaerara produktua sortzen zuena. Makinen garapenarekin batera hasten dira bereizten bi esparru horiek, produkzioa eta diseinua; lanaren mekanizazioarekin batera hain zuzen.

Lan-bereizketa honen eraginez, edozein produkzioren aurretik produktuaren xehetasun guztiak definituak egon behar dira. Produktuaren definizioaren aurretiko etapari Diseinua deritzo, eta, produktuak era industrialean produzituko badira, berriz, Diseinu Industriala. Inprenta hartu dezakegu Diseinu Industrialaren aurrekaritzat (1040. urtea). Hain zuzen ere, inprentan inprimatzen hasi aurretik xehetasun guztiak finkatuak egon behar dira.

Industria-produkzioaren gorakadak objektuak egiteko era aldatu zuen, urbanizazioak kontsumoa aldatu zuen, eta erdi mailako klasearen hazkundeak moda-estilo zabalago baten eskaria sortu zuen. Horrela, jendarte handiago eta heterogeneo batentzako izango den estiloa garatu zen, “estandar” kontzeptua sortuz. Azkar produzitu beharra zegoen, eta makinek, lan-banaketak eta produkzio-kateek behar berri horri erantzuna eman zioten.

Diseinu Industrialaren inflexio-puntua 1851eko Londreseko Erakusketa Unibertsalean eman zen. Bertan, zenbait produktu industrialen aurkezpena egin zen, kalitate estetiko oso baxua zutenak. Orduan konturatu ziren produkzioaren aurretiko fase bat beharrezkoa zela, Diseinua, alegia. Honek, estetika eta teknologiaren arteko lotura ekarri zuen. Ikusten denez, lotura honen kontzientzia ez zen XIX. [mende]ra arte sortu, diseinatzaileak lotura honen beharraz konturatu ziren arte, alegia. Puntu hau iritsi arte, artisautzara bueltatzen saiatu ziren asko, arazo estetiko hauek konpontzeko helburuarekin.

Diseinu-korronteak

aldatu

Historian zehar hainbat diseinu-korronte egon dira, Diseinu Industrialean ere eragin dutenak. Korronte hauek garai eta testuinguru sozio-kultural ezberdinetan eman dira, eta ezaugarri ezberdinak dituzte.

Arts and Crafts (1851-1914)

aldatu
Fitxategi:Wiiliam.jpg
William Morris-en Arts and Crafts estiloko "Trellis" diseinua (1862).

Arts and Crafts mugimendua XIX. mendearen bukaeran sortu zen. Mende horretan Ingalaterran lehen estilo industrialaren garatu zen, victoriar estiloa deiturikoa, eta estilo horren kontrako erreakzio gisa sortu zen mugimendu hau. 1851eko Londreseko Erakusketa Unibertsala hartzen da sorkuntza datatzat. Orduan hasi ziren produktuei dimentsio estetikoa bueltatu behar zitzaiela kontzientziatzen.
Estilo honek bere hartzen dituen ezaugarrien artean honakoak dira garrantzitsuenak:

  • Arte eta artisautzaren arteko bereizketaren ukapena.
  • Lan egiteko metodo industrialen ukapena, langilea eta egiten duen lana bereizten dituena.
  • Artisauak gilda eta lantegietan batzeko proposamena, Erdi Aroko modeloaren lan kolektiboa jarraituz.
  • Ondo eginiko lanaren indartzea, bai artista eta baita bezeroarentzako ere egokia izango dena.

Korronte honetako diseinatzaile nagusiak:

  • William Benson
  • Walter Crane
  • William R. Lethaby
  • Charles RennieMackintosh
  • Arthur HeygateMackmurdo
  • William Morris
  • Charles Voysey
  • Philip Webb
  • Simon Ortiz

Art Nouveau (1880-1905)

aldatu

Art Nouveau (arte berria euskaraz) la Belle Époque bitartean garatu zen estilo dekoratiboa da, Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan garatu zena. Espainian modernismo izenez ezagutzen da. Lerro okerrak eta konposizio asimetrikoak erabiltzen zituen. Erabiltzen zituen elementu ohikoenak loreak, hostoak eta emakumeen irudiak ziren. Barnealdeko diseinuan, bitxietan, beiran, zeramikan, oihaletan, eta batez ere ilustrazioan aplikatu zen. Produkzio industrialarekin lotura handia duenez, honen bi esparrutan garatu zen batez ere: arkitektura eta diseinu grafikoa.

Art Nouveau-aren ezaugarri orokorrak:

  • Aurreko estiloez ia guztiz bereizten den lehenengo mugimendua da. Identitate urbano eta modernoa bilatzen du, mende berriaren hasierarekin lotuta.
  • Teknika propioak erabiltzen ditu: xilografia, kartelgintza, inpresioa…
  • Estetikoki irudi lau, lineal eta apaingarriak dira. Baliabide urritasunari esker, edertasun singular bat lortzen dute. Figuraziotik urruntzen dira apaingarri hutsean zentratzeko.
  • Arts and Crafts mugimenduarekin lotura estetiko gutxi batzuk aurki dakizkioke.

Korronte honetako diseinatzaile nagusiak:

  • Wiener Werkstätte
  • Charles Robert Ashbee
  • Louis Majorelle
  • Henry van de Velde

De Stijl (1917-1928)

aldatu

De Stijl (estiloa euskaraz) neoplastizismoaren printzipioak zabaltzeko helburua zuen mugimendua izan zen. Piet Mondrian eta Theo Van Doesburg margolariek sortu zuten. Hauek, korronte honen espiritua esaldi batean laburtu zuten: “biluztu dezagun natura dituen forma guztiez, eta estiloa bakarrik geratuko da”.

Fitxategi:De Stijl (Silla roja y azul disenada por Gerrit Rietveld en 1917.JPG
Gerrit Rietveld-ek 1917an diseinatutako aulkia.

Ezaugarri nagusiak:

  • Berrikuntza estetiko baten bilaketa eta ordena harmoniko berri baten konfigurazioa, funtsezkoa ez den guztia ezabatuz eta elementala dena lehenetsiz.
  • Formen sinplifikazioa oinarrizko osagaietara iritsi arte: lerroak, planoak eta kuboak.
  • Planteamendu guztiz arrazionalista.
  • Lerro eta lauki koloredunen egituraketa, proportzio ezberdinetan banatuak.
  • Kolore lau aseak (lehenak: horia, urdina eta gorria ) edo tonalak (zuria, beltza eta grisak).
  • Hondo argien erabilera.

Korronte honetako diseinatzaile nagusiak:

  • Le Corbusier
  • Eileen Gray
  • Gerrit Rietveld
  • MartStam
  • Theo van Doesburg
  • Robert van'tHoff
  • Van Doesburg

Bauhaus (1920-1930)

aldatu

Bauhaus izenez Walter Gropius-ek 1919an sortu zuen diseinu-, arkitektura- eta industria-eskola ezagutzen da. Bere ideiak mundu osora zabaldu ziren. Ordura arte, artista eta artisauek bakarka egiten zuten lan. Gropiusek artistak eta arkitektoak artisauak ere izan behar zirela sinesten zuen.

Horretarako, honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Artistak landuko dituen materialak ezagutu behar ditu.
  • Modelazioa ondo ezagutu behar du.
  • Artistak makinak erabiltzera bultzatzen zituen.
  • Objektuen arrazionalizazioa, erabilera klase-sozial guztietara hedatzeko.
  • Elementu plano eta geometrikoen erabilera.

Korronte honetako diseinatzaile nagusiak:

Art Déco (1925-1940)

aldatu

Gerra artean garatu zen, 1920 eta 1939 urteen artean hain zuzen, Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan. Laburpen bezala esan daiteke dekorazioa bilatu zuela funtzionalitatearen gainetik. Apaingarrien ugaritasuna, materialen luxua eta geometria eta landare motiboak erabiltzen ditu.

Honakoak dira Art Déco estiloaren ezaugarri orokorrak, dekorazio eta arkitekturan aplikatu zirenak:

  • Kuboa, esfera eta lerro zuzenen erabilera nagusia.
  • Naturan aurki daitezkeen hainbat elementu irudikatzen saiatzen dira, hala nola tximista argitsu, fluido akuatiko, hodei uhinduak, …
  • Faunaren eta florako elementuen isla beraien ezaugarriei erreferentzia egiteko. Adibidez, abiadura adierazteko gazelak, galgoak edota panterak erabiltzen ziren.
  • Kultura azteka, maia, inka, eta abarretako motiboetan inspiratzen da.

Korronte honetako diseinatzaile nagusiak:

  • Raymond Hood
  • William Van Alen
  • Henry Hohauser
  • L. Murray Dixon
  • T. L. Pflueger
  • Manuel J. Raspall i Mayol
  • Octavio Pérez Picó
  • Miguel Zurita Quispe
  • Francisco Salamone

Streamline moderne (1925-1950)

aldatu

Streamline estiloa Art Déco-aren adar bat da, aerodinamismoa zuena ardatz. 1920. hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan jazo zen krisi garaian sortu zen. Horretarako, arkitekturan eta diseinuan aldaketa formal bat egiten zen, sortzen ari zen mundu berrira egokituta. Ikuspuntu berri honek futurismoaren influentzia handia izan zuen, abiadura goresten zuena. Zientziaren arloan erresistentzia gutxiko gainazalak bilatzen zituen, eta ingeniaritzan asko landu zen.

Estiloa definitzen zuten ezaugarriak:

  • Forma kurboak eta lerro horizontal luzeak.
  • Elementu nautikoak.
  • Aerodinamismoaren ezaugarriak eguneroko objektuei ezarriak.

Korronte honetako diseinatzaile nagusiak:

  • Alvar Aalto
  • Maurice Ascalon
  • Norman Bel Geddes
  • Hugo Blomberg
  • George Carwardine
  • Donald Deskey
  • Henry Dreyfuss
  • Charles eta Ray Eames]
  • BuckminsterFuller
  • Jean Heiberg
  • PoulHenningsen
  • Gerard Kiljan
  • Raymond Loewy
  • Ralph Lysell
  • MarcelloNizzoli
  • Ferdinand Porsche
  • ViktorSchreckengost
  • Walter DorwinTeague
  • GöstaThames
  • Russel Wright
  • Harold van Doren

Pop art (1960-1980)

aldatu

Pop art mugimendua, aditu askoren iritziz, mugimendu modernoaren izaera aldatu eta eraldatu zuen mugimendua da. Espresionismo abstraktuarekin bukatzeko sortu zen, jendearentzako ulergaitza zena. Produkzio masiboko tekniketan oinarritu zen, publizitatea edota komikietan batik bat.

Korronte honetako diseinatzaile nagusiak:

  • Harry Bertoia
  • Anna Castelli-Ferrieri
  • Joe Colombo
  • Niels Diffrient
  • Tom Dixon
  • Frank Gehry
  • Arata Isozaki
  • Isamu Kenmochi
  • Shiro Kuramata
  • Olivier Mourgue
  • GioPonti
  • Karim Rashid
  • Eero Saarinen
  • Riki Watanabe
  • Syd Mead
  • Isamu Noguchi


Diseinu-prozesua

aldatu

Diseinu-prozesua prozesu sortzaile bezala kontsidera daitekeen arren, zenbait azterketa-prozesuk ere parte hartzen dute. Izan ere, industria-diseinatzaile askok euren sormen prozesuan hainbat metodologia erabili izan ohi dituzte. Metodologia ezberdinak egon arren, prozesu berdinak aurki ditzakegu, esaterako: erabiltzailearen analisia, marrazketa, antzeko produktuen ikerketa eta prototipoen sormena. Erabili ohi diren prozesuak diseinatzaileengatik edota diseinatzaile-taldekideengatik hobeto definituak izaten dira.

Industria diseinatzaileek askotan software programak, ordenagailu bidezko diseinu industriala eta 3D CAD erabiltzen dituzte kontzeptualizaziotik produktuaren ekoizpenera arte. Prototipoak ere egiten dituzte, ondoren CT industriala erabiliz, arazoak bilatu eta CAD eredua sortzeko. Fabrikazio-prozesu honetatik abiatuta, produktua hobetzeko aldaketak egin ahal izango dira.

Diseinatzaile industrialek zehaztutako ezaugarriak produktuaren forma orokorrean txertatuak izan daitezke. Gainera, ekoizpen-prozesuaren aspektuak, materialen hautaketa, eta produktuaren promozio zein publizitatea zehaztu ahal izango dira. Produktu baten garapenean diseinatzaileen parte-hartzeak balio gehigarriak eman ditzake produktuaren erabileraren hobekuntzan, ekoizpen-kostuak murriztuz eta produktu erakargarriagoak garatzen.

Industri diseinua, kontzeptu, produktu eta prozesu teknikoetan zentratu daiteke. Estetika, erabilgarritasuna eta ergonomiaz gain, ingeniaritza ere bere baitan hartzen ditu Industria diseinuak. Horrez gain, produktu nahiz zerbitzuen merkaturatzeaz ere arduratu behar da diseinatzaile industriala. Hori gutxi balitz, beste zenbait faktore kontuan hartzen dituzte. Esaterako, faktore psikologikoak eta erabiltzaileen desio eta emozioak. Diseinu industrial oinarria osatzen duten balioa eta erantsitako alderdi hauek, eskola ezberdinen zein diseinatzaileen artean alda daitezke, bakoitzak garrantzitsuak ikusten dituen arloetan sakonduz.

Diseinu industrialaren babesa

aldatu

Zentzu zabalean, industria diseinuaren sortzailearen eskubideak bi modutara babestu ohi dira; egilearen eskubideak eta jabetza industriala. Herrialde bakoitzeko politikaren arabera, aurreko bi babesak elkartu daitezke ala ez. Adibidez, Espainian elkarketa onartzen den bitartean, Frantzian ez da onartzen.

Babesa jabetza industrial gisa

Babes zehatzagoa da, baina iraupen laburragoa du. Nazioarteko hitzarmenen arabera, merkataritzara lotutako jabetza intelektual aspektuei buruzko akordioaren (TRIPS) arabera gutxieneko iraupena 10 urtekoa dela dio. Herrialde gehienek 25 urte eskaintzen dute gehienez. Diseinu industrial bat babestuta egon ahal izateko jabetza industrial bat bezala, TRIPSek ezarritako baldintza zehatz batzuk bete behar ditu. Baldintza hauek normalean, gauza berria izatea eta besteekiko antzik ez izatea dira. Lege gehienen arabera, diseinuak ez du funtzio tekniko bat izan behar, baizik eta bere helburua estetikoa izan behar du. Funtzio tekniko bat izanez gero, patente edo erabilgarritasun-eredu bat bezala babestuko da. Beste baldintza ez hain orokorra, ikusgaitasunarena da. Hau da, diseinua aplikatzen den zatia produktuaren erabilera normalean ikustea da.

Babesa eta Copyright

Diseinu industrial batek egilearen eskubide bezala babestu ahal izateko, originaltasunaren baldintza beharrezkoa bete behar du. Diseinatzailearen egitekoa erabiltzailearen beharrei erantzun asetzaile bat ematea da. Babes honen iraupena diseinatzailearen bizitza osoan zehar iraun izan ohi du, nahiz eta legeen arabera urte batzuen gorabehera izan (normalean, 60-70 urtekoa).

Kanpo estekak

aldatu