Hiru gorputzen problema (grabitazioa)
Hiru gorputzen problema planteatzen da Newtonen grabitazio unibertsalaren legea hiru gorputzeko sistema batean aplikatzen denean. Sistema bat hiru gorputzez osatuta dagoenean (Eguzkia-Lurra-Ilargia, esaterako), ebatzi beharreko problema oso konplexua bihurtzen da eta, orokorrean, ez dago modurik hiruren mugimenduen soluzioa kalkulatzeko.[1]
Gorputz bakoitzaren gaineko indarra beste biek eragindako indarraren batura bektoriala baino ez denez, erraz idatz ditzakegu higidura-ekuazioak. Baina, ekuazio horiek linealak ez direnez, ez dira ebazteko errazak: hiru gorputzeko sistemaren dinamika kaotikoa da, eta ez da soluzio analitiko orokor bat existitzen hori deskribatzen duenik. Soluzio orokorraren ezintasuna frogatu zuen Heinrich Brunsek XIX. mendean.
Soluzio espezifikoak
aldatuProblemak soluzio orokorrik ez duen arren, kasu berezietan problema ebazteko metodo numerikoak egon badaude. Eulerrek planteatu zuen bat problemaren bertsio sinple baterako.[2] Lagrangek ere, Eulerren bidetik, ebatzi zuen soluzioa hiru gorputzetako batek oso masa txikia duen kasurako eta zirkunferentzia baten gaineko higidura kontuan hartuta. 1970eko hamarkadan, Roger Brouke matematikariak eta Michel Henon astronomoak beste kasu-mota baterako soluzioa kalkulatu zuten: hiru gorputzetako bat beste bien inguruko orbitan mugitzen ari denerako. Eta 1993an, Cristopher Moore fisikariak hirugarren soluzio-mota bat topatu zuen zortzi-itxurako mugimenduen kasurako.
21. mendean, soluzio espezifiko hauek ugariak direla demostratu da, eta 13 familiatan sailkatu dituzte Beldragoko Unibertsitateko fisikariek, zeinak aurreko 3 soluzio motei gehitzen zaizkien.[1]
Kulturan
aldatuHiru Gorputzen Problema 21. mendeko zientzia-fikziozko eleberri txinatar ezagun bat da, Liu Cixin-ek idatzia, trilogia baten lehen alea dena eta telesail bati ere izena eman diona. Hiru eguzki dituen sistema bateko estralurtarrak dira tarteko, eta beren sistema ez-egonkor aurreikusi ezinezko horretatik ihes egin nahi dute beren zibilizazioa salbatzeko.[3]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Roa Zubia, Guillermo. (2013-03-15). «Hamahiru soluzio berri hiru gorputzen problemari» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
- ↑ «Euler-en hiru gorputzen problema» www.sc.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
- ↑ «Lurraren eta Alpha Centauriren arteko bidaiak: zientzia-fikzioan eta agian urte batzuk barru» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).