Guaixe
Guaixe Sakanako (Nafarroa Garaia) eskualdean astean behin argitaratzen den euskarazko herri aldizkaria da.
Guaixe | |
---|---|
Mota | komunikabide eta euskara elkarte |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | euskara |
Argitaratze lekua | Altsasu |
Argitaletxea | Bierrik Elkartea |
Banaketa | |
Maiztasuna | 1 aste |
Identifikadoreak | |
ISSN | 1577-1210 |
guaixe.eus |
1994. urtean sortu zen Bierrik elkartea, argitalpenaren arduraduna, eta ordutik kalean dago hedabidea. Altsasun egoitza nagusia daukate eta gaur egun interneten irakurtzeko aukera dago.
4.500 aleko argitalpena eta 15.000 irakurle inguru ditu (CIES 2009).
Sorrera
aldatu1990eko hamarkadan bizi-bizian zegoen herri komunikabideen gaia eta Euskal Herriko eskualde zein herri askotan sortzen ari ziren herri aldizkariak. Sakanan bitartean, noizean behin kaleratzen ziren euskarazko aldizkari pare bat-edo zeuden. Sakanako euskaldunek bertako informazioa euskaraz jasotzerik ez zutela ikusita, herri aldizkari bat sortzeko proiektua lantzen hasi ziren kazetaritza ikasten ari ziren hiru sakandar.
Herri aldizkaria izango zenaren izaera eta ezaugarriak zehazteari ekitearekin batera, ordea, egitasmoari izaera juridikoa emango zion kultur elkarte baten beharra ikusi zuten, komunikabidearen babeslea izango zena. Horrela jarri zen Bierrik elkartea martxan bi helburu nagusirekin:
1. Euskarazko hedabideak uztartu eta bultzatzea (Guaixe aldizkaria, Beleixe irratia)
2. Euskal kultura jorratu:
- Kultur programazioa (kultur errota)
- Liburu, joko eta diskoen argitalpena
- Ikastaroen antolaketa (euskara, euskalkiak,...)
Sakanako hedabideak
aldatuGuaixe hilabetekaria (1994-2002)
aldatuElkartearen nondik norakoak finkatuta, 1994ko udazkenerako Guaixe izeneko Sakanako hilabetekaria jaio zen, azken batean, hori baitzen asmo nagusia, tokian tokiko aldizkaria sortzea, bertako euskaldunei zuzendutakoa. Sakanako euskaltzaleen artean piztutako ilusioak hauen laguntza ekarri zien proiektuan bete-betean murgilduta zaudenei eta kolaboratzaileen sare bat sortu zen. Komunitate sentimendua oso garrantzitsua izan zen Bierrik elkartea sortu eta garatzeko.
Lehenengo hiru urteetan hori izan zen proiektu bakarra, Bierrik elkarteari esker Sakanako euskaltzaleek beren etxeetan doan jasotzen zutena. Guaixe hilabetekaria, hortaz, bi hutsune garrantzitsu bete asmoz sortu zen: Sakana bertako berriak lantzeko, batetik, eta berri horiek euskara hutsean argitara emateko, bestetik. Aldizkariaren egitasmoa landu zuten kazetariek kohesio soziala euskaraz bultzatu nahi zuten, baina, batez ere, herri kultura indartuko zuen tresna sortu nahi zuten. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin eta eskualdeko zenbait laguni eta euskara taldetako kideei esker, Sakanako hilabetekariak argia ikusi zuen.
Beleixe Irratia (1999tik)
aldatuDena dela, Guaixe kaleratzen bazen ere euskarazko beste hedabide batzuk sortzeko beharra ikusi zuen elkarteak, soilik idatzizko alorrera ez mugatzeko. Bierrik Elkarteak hasiera-hasieratik zuen euskara hutsean emitituko zuen irrati bat sortzeko asmoa, jende gehiagorengana iristeaz gain, azken orduko albisteak lantzeko parada ona zelako. Guaixen zaharkituta geldi zitekeen informazioa berritzeko aukera zegoen eta, gainera, musika programazioaren bidez aisialdiak ere bere lekua izango zuen. Horrela, 1997an gogoz hasitako lanak bi urte behar izan zituen errealitate bihurtzeko, 1999ko udaberrirako Beleixe Irratia sortua zen eta.
Oixe astekaria (2001-2003)
aldatuGuaixe eta Beleixerekin batera, ordea, Bierrik Elkarteak astekari bat ere landu izan du, Oixe kazeta. 2001eko udazkenaz geroztik ostiralero kaleratzen zen gaurkotasunezko berriak landu eta Sakanako kiosko guztietan doan banatzen zena.
Elkartearen baitan eztabaida ugari izan zen Guaixeko berrien tratamenduaren inguruan, hilabetekaria etxeetara iristen zenerako berri asko zaharturik gelditzen zirelako. Aldizkariaren maiztasunak biziki kaltetzen zuen informazioaren egunerokotasuna eta, beste gauzen artean, horri aurre egiteko egin zen irratia. Hala ere, Beleixe martxan egonagatik, idatzizko albiste eguneratuen auziak bere horretan zirauen. Guaixe hilabetekaria hamabostekari bihurtzea izan zen proposaturiko irtenbideetako bat, baina, oso garestia zenez, ez zegoen hori aurrera ateratzeko modurik.
Ondorioz beste aukera baten alde egin zen: Astero-astero zuri-beltzean eta egunkari formatuan doan banatuko zen kazeta: Oixe. Guaixeko berriak aukeratzen zituen Erredakzio Batzordea indartu eta irratiko langile bat kazetako arduradun gisa jarriz lortu zen Oixe kaleratzea. Gainontzeko egunkariak saltzen diren kioskoetan doan banatzen zen, bertatik etxe guztietara iristeko.
Beste batzuen artean, eginbehar hauetan murgildurik ibili da elkartea 2003. urtera arte. Orduan ikusi zen 8 orrialdetako astekari bat eta hilabetekaria egiteko bitarteko eta gaiak baldin bazeuden, zergatik ez egin orri gehiago eta gaiak sakonago landuko zituen astekari indartsuago bat?
Guaixe astekaria (2004tik)
aldatuBerriro ere beldur, zalantza eta oztopo guztiei aurre egin eta pauso garrantzitsua oso eman zen 2004. urtarriletik aurrera: Guaixe astekaria, formatu berria eta erabat itxuraldaturik.
Bi komunikabideen lan eremua Sakanako eskualde osora zabaltzen da; hau da, Irurtzundik Ziordira. Bai Guaixek eta bai Beleixek eskualde mailako berriak lantzen dituzte eta zabalkundea ere eskualde mailakoa da.
Guaixe eta Beleixe Interneten (2007tik)
aldatuBierrik elkartearen Guaixe astekaria eta Beleixe irratia Internetetik jarraitu ahal izan dira 2007az geroztik. [2][3]
Bilakaeraren beste mugarri batzuk
aldatuIrakurle eta iritziak. Aztikerren azterketa (2011)
aldatuJendarteko azterketak egiten dituen Aztiker erakundeak 2011ko martxoa eta apirilean Sakanako etxeetan telefono bidezko inkesta bat egin zuen, irakurlearen perfila jakiteko eta bere iritziak jasotzeko.[4]
Kinka larrian diru-laguntzarik gabe (2012)
aldatuNafarroako Gobernuak 2012an diru-laguntzak kendu zizkien euskarazko hedabideei. Nafarroako Gobernua bere araudiaren aurka joan dela salatu zuten. Protesta gisa, Guaixe aldizkariaren azken zenbakia argazkirik gabe joan da.[5]
25. urteurrenaren hemeroteka (2019)
aldatu2019an Guaixe hilabetekaria argitaratzen hasi zela 25 urte betetzerakoan Guaixe hilabetekariaren eta Oixe astekariaren ale zaharrak ikusteko aukera egon da urtean zehar Sakanako liburutegietan eta Iruñeko Geltoki gunean, autobus geltoki zaharrean antolatutako erakusketa ibiltarian. 1994 eta 2002. urteen artean argitaratu zen Guaixe hilabetekariaren eta 2001 eta 2003. urteen artean publikatu zen Oixe astekariaren aleak kontsulta daitezke. [7]
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Iturmendiko maiatza jasota - Iturmendi» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
- ↑ «Guaixe.net eta Beleixe.com: Sakanako berriak sarean» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
- ↑ «'Guaixe' astekaria eta 'Beleixe' irratia orain Interneten ere bai» Argia 2007-11-30 (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
- ↑ «GUAIXE astekaria / BELEIXE irratia 2011 - Topagunea | Euskaltzaleen Topagunea» Topagunea (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
- ↑ «'Guaixe' aldizkaria eta Beleixe irratia, kinka larrian» Argia 2012-01-03 (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
- ↑ «Momoxarro handiak Urdiainen! - Urdiain» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
- ↑ «Sakanako euskarazko hemeroteka Iruñean - Sakana - 2019-05-13» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).