Frederick Grant Banting
Frederick Grant Banting (Ontario, Kanada, 1891ko azaroaren 14a - Ternua, Kanada, 1941eko otsailaren 21a) fisiologoa izan zen. Diabetesa ikertzen aritu zen, batez ere; Bantingen garaian, heriotza zekarren eritasun horrek. Intsulina bakartzeko saio ugari egin zituen; azkenik, intsulina txertatu, eta ondorio onak lortu zituzten. Harrezkero, diabetesa dutenek aukera izan dute intsulina gorputzean sartuz gaixotasunari aurre egiteko. 1923an, Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen, John James Rickard Macleodekin batera.
Biografia
aldatuFrederick Banting azaroaren 14an jaio zen, etxalde batean Allistonetik hurbil. Bost haurridetan gazteena zen; William Thompson Banting zuen aita eta Margaret Grant ama. Allistongo herri ikastetxe eta institutuan ikasi ondoren, Armadara sartu nahi izan zuen, baina ez zioten utzi bista txarra zuelako. Torontora joan zen unibertsitatera Teologia ikastera, baina Medikuntzako fakultatera igaro zen, azkenean. 1916an lizentziatu eta Kanadako Armadako Medikuntzako atalera sartu zen; izan ere, I. Gerra Mundialaren eraginez medikuak behar zituzten. Zauritu egin zuten Mundu Gerran 1918ko irailean beso batean, baina, nahiz eta zaurituta egon, 16 orduan egon zen guda-zelaian beste zauritu batzuk artatzen. Hori dela eta, Gurutze Militarra aitortu zioten. Torontora itzuli eta haur erien ospitalean egon zen kirurgilari egoiliar gisa. 1920tik 1921era irakasle jardun zuen Ontario mendebaldeko Unibertsitatean. Urtebete geroago farmakologia irakatsi zuen Torontoko Unibertsitatean; gradua eta urrezko domina 1922an lortu zuen.
Diabetesari buruzko ikerketa
aldatuBantingek bere ikerkuntzen hasieratik interesgune nagusia ipini zuen diabetesean. Naunyn, Minkowski, Opie, Schafer eta beste batzuen lanak erakutsi zuen diabetesa pankreako hormona baten gabeziak eragiten zuela, hots, intsulinaren faltak. Intsulinak azukrearen metabolismoa kontrolatzen zuela argi gelditu zenean eta haren faltak pilarazten zuela azukrea odolean eta gernuan, tratamenduen saiakuntzak hasi ziren. Hala ere, intsulinaren aterakinak pazienteei emateko ahaleginek huts egin zuten 1922ra arte. Bantingek 1921 hasi zituen Torontoko Unbertsitatean intsulinari buruzko ikerketak Charles Best medikuntzako ikaslearen laguntzarekin Macleodek utzitako gunean (Macleok intsulina araztearen ardura hartu zuen Collip-ekin batera). Urte bat geroago Leonard Thompson 14 urteko gazte kanadiarrari lehenengo intsulina-injekzio arrakastatsuak jarri zizkioten eta urte horretan bertan hasi zen ekoizten eskala handian hainbeste diabetikori bizia salbatuko zion intsulina.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatu